Ez daukat modarekiko interes berezirik eta Cristóbal Balenciaga-ren bizitza edo ibilbidea ere ez da sekula gauez loa kendu didan zerbait. Hori argituta, zenbat gozatu dudan Cristóbal Balenciaga telesailarekin. Urtarrila atzean utzi eta otsailari hasiera emateko telesail honetan bereziki sakonduko dudan arren, gaurko tartea, modaren inguruko ikus-entzunezkoei eskainiko diet. Telesail bat, film bat eta dokumental bat.
Telesaila: 'Cristóbal Balenciaga’
Dakizuen moduan jostunaren buruzkoa da -tira, Parisen egin zituen 30 urteak kontatu dituzte bereziki- eta bere bizitzako hainbat pasarte izango ditu hizpide: 36ko gerratik, jostunak modaren industrian egin zituen lehen urratsetara. Askorentzat goi-joskintzaren eremuan maisuen artean maisu, eta ondorengo diseinatzaileengan eragin handia izan zuena. Zuzendari lanetan, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Lourdes Iglesiasen ideia bati jarraituz. Alberto San Juan aktoreak gorpuzten du getariarra eta egiten duen lana hain txundigarria iruditu zait, ezen beherago sakonduko dudala gehiago. Nagusiki bere bizitzako bi etapatan banatua dago telesaila: orainaldia, bere zahartzaroan girotua dagoena eta Gemma Whelan aktoreak gorpuzten duen Prudence Glynn The Times egunkariko kazetariaren elkarrizketa da abiapuntua. Elkarrizketa hori baliabide narratibo gisa erabiliko dute jostunaren ibilbidea gogoratu eta flashback formatuan pasarte garrantzitsu batzuk errepasatzeko. Balenciagak, bizitzako alderdi guztiak kontrolatzeko zuen obsesioa eta komunikabideekiko mantentzen zuen distantzia, bereziki nabarmentzen den zerbait da. Ezagutzen ez nuen alde hori erakutsi izana asko gustatu zait, eta batez ere formalki nola landu den. Beti itzalpean, gortina atzean -telesailaren posterrerako aukeratu den irudia bikaina eta erakusgarria-, foku mediatikoetatik kanpo… Alderdi hori pantailaratzeko sortu duten atmosfera hamarrekoa iruditu zait eta esentzia misteriotsu hori elikatzeko, Alberto Iglesiasen musika eta Javi Agirre argazki zuzendariaren lana gorenak iruditu zaizkit, ezinbestekoak. Espero moduan, soinekoek, eta jantzitegiak oro har, berebiziko garrantzia dute atal guztietan. Desfileetako sekuentzietan eta soinekoak josten dituzten uneetan, musika, argazkia eta jantzitegiarekin joko dotorea osatu dute. Elementu hauen guztien artean sartzen diren kamera-mugimendu zein planoen konposizio ederrek ere pisu nabarmena dute.
Garai horietan beretzat garrantzitsuak izan ziren zenbait pertsona ere aipatzen dira, ezinbestekoak pertsonaiaren arku dramatikoa garatu eta hornitzeko. Wladzio-ren pertsonaia izan liteke ziurrenik garrantzitsuenetarikoa, baina Josean Bengoetxeak eta Cecilia Solagurenek gorpuzten dituzten Nicolás Bizkarrondo eta Virgilia Mendizabal ere funtsezkoak izan ziren. Bi aktore hauek egiten duten lana ere txapela kentzeko modukoa iruditu zait. Modaren barruan Coco Chanel, Christian Dior eta Hubert de Givenchy adibidez, arrazoi desberdinak tarteko, Balenciagarentzat garrantzitsuak izan zirela argi uzten du telesailak. Givenchy aipatuta, ze polita Audrey Hepburn-en pertsonaia azaltzen den une hori; Billy Wilderren film berrian parte hartu behar duela eta soinekoa egiteko eskatzen dio Balenciagari, baina honek Hubert de Givenchy diseinatzailearengana bideratzen dio. Portzierto, Trivialerako galdera, ze filmetaz ari da Hepburn? (Sabrina noski). Amaierarako Alberto San Juan utziko dut. Lan miresgarria egiten duela iruditu zait, ñabarduraz josia. Asko haserretuko naiz aurtengo sari guztiak irabazten ez baditu. Lehenagotik menderatzen ez zituen hizkuntzekin egin duen lana txalogarria iruditu zait; frantsesez eta gaztelaniaz hitz egiten da nagusiki telesailean baina euskarazko zenbait pasarte ere badaude. Azken hauek bereziki deigarriak iruditu zaizkit, oso ongi idatziak egoteaz gain sinesgarriak iruditu zaizkidalako. Zeinen ongi esaten eta ahoskatzen dituen San Juanek euskarazko esaldiak, harrituta.
Azken urteotan telesail ugari estreinatzen dira baina, gutxitan nabarmentzen da egilea; promozioetarako nahiago izaten dute «Disney-en telesail berria» erako lerroburuak aukeratu. Kasu honetan ez da hala izan, Arregi, Garaño eta Goenagaren egiletza oso presente egon baita proiektua iragarri zenetik. Erabaki hori oso positiboa eta logikoa iruditzen zait: Balentziagak egileen defentsa sutsua egiten bazuen, nola ez dugu bada sortzaile euskaldun horien egiletasuna goraipatuko? Beren zigilua eta aztarna beren proiektu guztietan antzematen den zerbait da, eta horrek nortasun ikaragarria ematen dio lanari. Dotorezia telesail bihurturik. Ez galdu.
Pelikula: ‘Phantom Thread’ (2017)
Skyshowtime plataforman eta Movistarren ikusgai daukazuen Paul Thomas Anderson zinegile handiaren maisulana. 1950eko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerra ostean, Londres hirian girotzen da filma. Reynolds Woodcock jostun ospetsua eta haren arreba Cyril britainiar modaren buru dira; zinemako izarrak, errege-erreginak eta garai hartako pertsona garrantzitsu ugari janztearen arduradun nagusiak dira. Alma gaztearekin gurutzatuko den unean guztia aldatu egingo da. Izan ere, musa eta maitale bilakatuko du berehala, eta maitasunak bere jostura-patroietako bat balitz bezala kontrolatua eta planifikatua duen errutina aztoratuko dio. Daniel Day-Lewis, Lesley Manville eta Vicky Krieps aktoreak ditu protagonista eta harribitxia iruditzen zait.
Dokumentala: ‘McQueen’ (2018)
Aukeratu dudan izenburuan sakondu aurretik, jakin ezazue Filmin plataforman gaiari eskainitako azpi-atal bat dutela: filmin.es/catalogo/tema/moda; bertan proposamen interesgarri ugari topa ditzakezue. Plataforma berean McQueen dokumentala dago, Alexander McQueen moda diseinatzaileari buruzkoa. «Alexander McQueen» marka sortu zuen 1992an eta Givenchy-ko diseinatzaile burua izan zen 1996tik 2001era. 40 urterekin bere buruaz beste egin zuen, ama hil eta gutxira. Bideo pertsonalez osaturiko material ugariz baliatuta, lan honek, izan zuen ibilbide azkarra azaltzen du, baita gurasoekin zuen harremana, arrakastaren argi-ilunak, drogak eta jakina baita bere barne-gatazkak ere. Bere desfile eta bilduma guztietan arrastoa utzi zuen diseinatzaile transgresorea zalantza izpirik gabe. Moda gustuko ala ez, dokumental gomendagarria da.
HERNANI ZINEKLUBA: ‘VERTIGO’ Zer esan Alfred Hitchcocken maisulan honi buruz? Sight and Sound aldizkari entzutetsuak zinemaren historiako film onena izendatu zuen 2012an, 846 zinema adituren bozek hala ebatzita. Hernani Zineklubean eskaintzea ohorea da guretzat. Garai horretako filmak ikustera ohituak ez daudenentzat, zinema klasikora gerturatzeko aitzakia paregabea duzue honakoa. 1958. urteko artelan honen nazioarteko estreinaldia Donostiako Zinemaldian burutu zen. AEBtako San Frantzisko hirian girotua dago eta protagonista nagusia Scottie Fergusson (James Stewart) detektibea dugu. Harribitxia. |