Urte hasierako estreinaldiak aletzen

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2024ko urt. 13a, 00:00

2023ko zerrendak eta balorazioak amaitu ostean urte berriari begira jartzea tokatzen da. Estreinaldien gaindosiak bide beretik jarraituko duela dirudi eta baita, filmak, zinema aretoetan estreinatu beharrean zuzenean VoD plataformetan ematearen joera -kezkagarri- hori ere.

Abendua bitarte iragarri dituzten estreinaldi nabarmen guztiak errepasatu ostean, urte oparoa izango dela iragartzen dut. Filmen artean Joker 2 (Todd Phillips), Furiosa (George Miller), Merrily We Roll Along (Richard Linklater), Drive-Away Dolls (Ethan Coen), Mickey 17 (Bong Joon-ho), Nosferatu (Robert Eggers), Challengers (Luca Guadagnino) eta jakina Marco (Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga) iritsiko dira besteak beste. Telesailetan aldiz The White lotus-en hirugarren denboraldia, Severance-en bigarrena, The Penguin edota Game Of Thrones-en sortzaileen lan berria, 3 Body Problem izenekoa. Pantaila txikiko helduentzako euskarazko fikzioari dagokionez basamortuak aurrera darraiela dirudi eta ez da estreinaldirik espero. ETB1ek euskaraz bikoiztua estreinatuko du Toure detektibea telesaila, martxoan, baina TVErekin batera ekoitzi dutenez gaztelaniaz grabatua dago. Umeentzako Makusi plataforma ere abian jarriko du EITBk udaberrian. 

Izango dugu denbora eduki guztia behar bezala aztertzeko baina oraingoan, urtarrileko estreinaldi garrantzitsuenei jarriko diet arreta, badira zeresana emango duten zenbait proposamen eta. 

 

Telesailak

Urtarrilaren 15a. Hori da aspalditik egutegian birbildua dudan eguna. Izan ere True Detective telesail antologikoaren laugarren zatia iritsiko da, Night Country izenekoa. Jodie Foster eta Kali Reis protagonista dituen istorio berri honek Alaska urrunera eramango gaitu. Tsalal izeneko Artikoko Ikerketa Estazioan diharduten zortzi gizon desagertu egingo dira,  arrastorik utzi gabe, eta bi protagonisten lana kasua argitzea izango da. Urtarrilaren 19a aldiz egun garrantzitsua izango da euskal fikzioarentzat. Moriartitarren Cristóbal Balenciaga telesaila estreinatuko da Disney + plataforman. Jostunaren bizitzari buruzkoa da eta bere bizitzako hainbat pasarte izango ditu hizpide: 36ko gerratik, jostunak modaren industria egin zituen lehen urratsetara. Masters of the air, hori da Band of Brothers eta The Pacific miniserie belikoen hirugarren zatirako aukeratu duten izenburua. Zuzendari lanetan Cary Joji Fukunaga, aurrekoetan bezala Steven Spielberg eta Tom Hanks ekoizle eta Bloody Hundredth izeneko bonbardaketa-taldean zentratuko da.  Pantaila txikiaren leihoa itxi aurretik Blossoms Shanghai ere aipatuko dut. Wong Kar-Wai zinegile hongkongdarraren telesaila. Jin Yucheng-en izen bereko eleberriaren egokitzapena da eta bi denbora tartetan, A Bao izeneko negozio-gizon baten istorioa azalduko digu. 1960ko hamarkadatik 1970eko erdialdera, Kultura Iraultzaren amaiera; eta 1980tik XXI. mendearen hasiera arte. Urrian argitaratu nuen ekografiak zutabean aipatu nuen eduki luzeak ikusteko ezgaitasuna gure gizartean nagusitzen ari den zerbait dela.  Dirudienez, hongkongdarrari, bost axola zaizkio gizartearen kontsumo-ohiturak zeintzuk diren–eta txalotu egiten dut horregatik-, telesailak 55 minutuko iraupena duten 30 atal izango baititu, hau da, 25 ordu inguru.

 

Filmak

Urtarrila, otsaila eta martxoa hilabete aproposak izaten dira zinemara joateko, izan ere sarien garaian murgilduak gaude eta izenburu garrantzitsuenak egun hauetan iristen dira normalean. Guztien gainetik hiru izenburu nabarmendu nahi ditut, harribitxiak guztiak. The Zone of interest bikainarekin hasiko naiz. Jonathan Glazer zuzendaria aurretik ezagutzen genuenok -Under the Skin ikaragarria iruditzen zait-  bagenekien The Zone of Interest ez zela ohiko film bat izango. Ez, behintzat, narratiboki edota formalki. 1940 eta 1945 urte bitartean girotzen da eta familia baten egunerokoa erakusten digu. Lanera doazen unea, etxeko lorategian daudenean, lakuan bainatzen, gosaltzen… Ohikoa eta arrunta, baina garrantzitsuena aipatzea falta zait: aita Rudolf Höss komandantea nazia dela, eta familia hori Auschwitz-eko kontzentrazio eta sarraski-esparruari itsatsia bizi dela. Itsatsia diodanean literalki diot. Izan ere lorategiko harresietako bat adibidez, Auschwitzeko gunea bereizten duen horma da, edota etxeko atetik irten eta parean topatzen duten lehen gauza “Arbeit macht frei”  (lanak askeago egingo zaitu) kartel beldurgarria da.  Normaltasun beldurgarri horren baitan, familia horren egunerokoa erakusten du film honek. Osagarri horiek irakurri ostean ez pentsa Schindler's List edota The Pianisterako film bat ikusiko duzunik, inondik inora ere. Osagaiak beldurgarriak izanik ere, irudien bidez ez baita ezer erakusten. Kamera ez da inongo momentutan esparruaren barruan sartuko, ez dira irudi gordinak erakusten. Familiaren egunerokotasuna perfekzio ia itogarriz filmatuta dago, eta irudien atzealdean dagoenarekin sekulako kontrastea sortzen du. Izua eta beldurra soinuaren edota geure irudimenaren bidez soilik iristen zaigu.  Anatomie d'une chute filmarekin jarraituko dut. Sandra, idazle alemaniarra, Samuel senarrarekin eta erdi-itsua den Daniel semearekin bizi da Alpe frantsesen erdian dagoen txalet batean. Egun batean Daniel txakurrarekin paseatzera irten eta itzultzen denean aita hilik topatzen du, etxeko atarian, justu balkoiaren azpian. Zer gertatu da? Istripua, suizidioa edo hilketa? Hasierako planteamendu horretatik abiatuta, Trietek hainbat ardatz lantzen ditu: hala nola bikotearen iraganeko pasarteak, aparatu burokratiko judizialaren ikerketa eta antolaketa eta auzitegietako prozesu luzea. Hasieran film sinplea dirudien arren, zuzendariak, geruzak gehitzen ditu etengabe eta gidoiaren eraikuntza bikaina iruditu zait.  Pelikularen helburua ez da gertatutakoaren egia bilatzea, eta misteriozko thriller bat egitea, bikote baten harreman eta sekretuak disekzionatzea baizik.  Film bikaina da, sendoa, oso neurtua, azken zirrikituraino landua dagoena. Azken gomendioa, eta ziurrenik Oscar sarietan zeresan handia emango duena: Yorgos Lanthimos-en Poor Things. XIX. mendean dago girotuta filma, eta garai hartako eskema sozialetatik libre, plazer, jakintza eta askatasun egarri den emakume baten (Emma Stone) ibilerak ditu kontagai. Harribitxia.

 

HERNANI ZINEKLUBA: 
‘BIZKARSORO’

Urtarrilaren 17an beste saio berezia eta polita izango dugu zineklubean; 'Bizkarsoro' filma estreinatuko dugu, euskarari idatzi zaion eskutitz ederra. Ipar Euskal Herriko fikziozko herri batean kokatuta dago filma, XX. mendean, eta euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna. Hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea. Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Josu Martinez zuzendaria ere egongo da eta amaieran solasaldia izango dugu berarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!