2023ko ezinbesteko telesailak

Urtea amaitzear da eta pantaila txikiaren arloan errepasoa egiteko unea iritsi da. Zoritxarrez, aurtengoan ere ezin izango dut euskarazko telesailik nabarmendu. Primeran iritsi da, eta zinez pozgarria da, baina oraindik herren dagoela iruditzen zait eta batez ere euskarazko ekoizpen propio berrien falta larria dagoela. Tira, plataforma nagusi bakoitzetik gehien gustatu zaizkidanak aletzen hasiko naiz:

Netflix

Hego Euskal Herrian harpidedun gehien dituen Netflix-ekin hasiko naiz. Edukiak gainezka egiten duen arren, geroz eta zailagoa iruditzen zait fundamentuzko edukiak topatzea. Beef, The Diplomat, División Palermo, Bodies eta The Fall of the House of Usher iruditu zaizkit nabarmenenak. Ez dira biribilak, inondik inora ere,  baina denek dute zerbait berezia; bai jorratzen den gaiarengatik, edukia eta forma oso orekatua dutelako edota besterik gabe oso gustura ikusteaz gain entretenigarriak direlako. Animazioaren arloan aldiz bi harribitxi Zerocalcare komikigile italiarraren Questo mondo non mi renderà cattivo eta Edo dinastiaren garaian girotzen den Blue Eye Samurai txundigarria. N gorriaren leihoa itxi aurretik, muturreko proposamenak maite dituztenentzat Copenhagen Cowboy; onerako zein txarrerako, ez zarete axolagabe geratuko.

Disney +

Gatozen orain Mickey saguaren plataformara: Disney +. Guztien -oso- gainetik The Bear zoragarriaren bigarren denboraldia izan dugu. Nortasun ikaragarria duen eszeneratzea erabiliz,  auzoko sukaldaritzaren aldeko apologia bikaina egiten duen harribitxia da. Horrekin batera podiumean Le buone madri eta Fleishman Is in Trouble. Lehenengoak, mafiaren mundu ezaguna beharrezkoa den beste ikuspegi batetik aztertzeko aukera ematen du:  femeninoa eta feminista. Bigarrena sorpresa oso atsegina iruditu zait, eta asko pentsarazi nauen errealitate-zaplastekoa jaso dut. Toby eta Rachel izeneko bikotearen dibortzioari buruzko istorio korapilatsua.  Drama eta umorearen artean mugitzen den arren, azken zati nahiko iluna duena. Mrs. Davis zoroa, Gannibal beldurrezko thriller dramatiko japoniarra, Extraordinary fresko eta dibertigarria eta A Murder at the End of the World ere ikusi beharrekoen zerrendan sar itzazue.

HBO Max

Kalitatearekin lotzen den plataformara egingo dut jauzi orain: HBO Max. Better Call Saul-ekin batera azken urteotan egon den telesailik onena bertan topatuko duzue: Succession. Aurten eman diote amaiera maisulan honi. Pantaila txikiak gutxitan aztertu ditu halako talentuz shakespearetar drama klasikoetan ageri diren obsesio horiek guztiak: familia, ohorea, boterea, odola, traizioa, tentazioa, errua... Denok jada ezagutzen duzuen arren, despistatuen taldean bazaudete edota oraindik ikustera animatu ez bazarete honatx beste gomendioa: The Last of Us. Bideo-joko ezagunaren moldaketa hau bikaina iruditu baitzait. Urteko fenomenoa zalantza izpirik gabe. Steven Soderbergh zinegilearen Full Circle eta David E. Kelley-ren Love & Death ere, ahulguneak dituzten arren, txukunak iruditu zaizkit.

Filmin

Filmin; proposamen independenteagoak edota egile zinema maite dugunon txokoa. Baita proposamen europarrak deskubritzeko tokia ere. Aurten ere hala izan da. Erresuma Batutik Somewhere Boy, The Walk-In, Nolly eta Stonehouse gustatu zaizkit bereziki.  Joana eta Mireia Vilapuig ahizpa kataluniarrek ere lan polita eta interesgarria egin dute Selftape-ekin. Amaiera oso askea, beharrezkoa, originala eta apurtzailea iruditu zait. Eta azkenik Arkitekten norvegiarra. Hiri-bizitza errotik aldatu den gizarte bat aurkezten du; ia inork ezin du etxebizitza bat erosi, eta dirudunek salbu, gainerakoek kalean edo zokoetan bizi beharko dute. Tonu satirikoa erabiliz gizartea hartzen ari den norabideari kezkagarriari buruzko galdera sakonak egiten ditu eta gustatuko litzaigukeena baino gertuago dagoen etorkizun beldurgarria islatzen du.

Movistar

Kantitateari eta kalitateari erreparatuz gero oso urte emankorra izan du plataforma honek; La Mesias horren adibide argia da, Javier Calvok eta Javier Ambrossik sekulako lana egin dute. Thriller familiarra, drama, beldurra eta komedia apur bat uztartzen dituen proposamen deserosoa eta xurgatzailea da. Kataluniara joango naiz orain, Berto Romeroren El Otro Lado gomendatzeko, bikaina iruditu zait;  antzezpen lana, giropena eta oro har tonua kontuan izanda, umorea eta beldurraren arteko oreka perfektua lortu du. Eguneroko egoera txikiak oinarri hartzen dituen Poquita Fe ere dibertigarria iruditu zait. Ingalaterratik Time-en bigarren denboraldi gogorra, Happy Valley-en hirugarrena eta Blue Lights bikainak ere ekarri dituzte. Hain kutuna dudan Fargo aldiz, bosgarren denboraldiarekin itzuli da. Hirugarren eta laugarren denboraldi irregular eta gorabeheratsuen ostean azken honi lehenengoen kutsua antzeman diot; bahiketa bitxi bat, familia boteretsuen arteko liskarrak, txikikeria batetik jaiotzen den gertaera korapilatsua,  trakets hutsak diren kriminalak eta politikari ustelak adibidez.

PrimeVideo, Apple Tv+, SkyShowtime eta beste batzuk

Ia denok dugu harpidetza PrimeVideo-ra baina oso jende gutxik erabiltzen duela iruditzen zait. Swarm bizarroa eta The Lost Flowers of Alice bitxia gomendatzen dizkuet, baina batez ere Jury Duty. Errealitatearen eta fikzioaren arteko hibrido bat da, eta planteatzen den jokoa eta batez ere horrekin lortzen den emaitza,  zoragarria iruditu zait. Sagar hozkatuaren plataforman aldiz, Apple TV+-n, Silo zientzia fikziozko proposamen distopikoa eta Lessons in Chemistry gustatu zaizkit gehien. Aurten iritsi zaigun SkyShowtime-etik, benetako gertaeratan oinarritzen den A Friend of the Family iluna eta Poker Face frenetikoa; Rian Johnson-ek sortua eta Russian Doll telesailari esker bereziki ezagun egin den Natasha Lyonne protagonista duena. Eta azkenik ikaragarri gustatu zaizkidan hiru izenburu: Oraindik inongo plataformatan ez dagoen Best Interests, 2023an gehien hunkitu nauen proposamena. Dejate Ver (A3player) komedia dramatiko surrealista eta, jakina, Això no és Suècia (RTVE) aparta. Komedia dramatiko honetan, hazkuntza perfektua lortzen saiatzen diren guraso batzuen beldurrak eta kontraesanak aztertzen dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!