Zinema atzo, gaur...eta bihar!

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2018ko ira. 29a, 02:00

Era honetako kronikak osatzerakoan, lehenik pelikula potoloak aipatzeko joera izaten da. Beno, potoloak baino, atzerriko izenburu esanguratsuenak, ama­ieran, agurtzeko eta ga­rrantziarik apenas eman gabe,  euskal ekoizpenei tartetxo txiki bat eskainiz. Ez da ba nire gaur­ko kasua izango, hogei euskal ekoizpen aurkeztu baitira 66ga­rren Donostiako Zinemaldian, zein baino zein interesgarriagoa; Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan eusko labela daramaten altxorrak topatu ditut. Oparoena, normala den bezala, Zinemira saila. Ana Schulz eta Cristobal Fernández zuzendarien Mudar la piel lan bikainak eman zion hasiera, eta itxierakoa berriz Fermin Mu­guruzaren Black is Beltza izan zen. Tartean, hamabi ekoizpen hartu ditu, fikziokoak nahiz ez-fikziokoak, animaziokoak eta hala zuzendari be­rrien nola ibilbide luzeko zinemagileen filmak. Nabarme­ne­nak, nire ustez, Oreina, Margo­laria, Jainkoak ez dit barkatzen, Black is Beltza eta Another Day of Life. Zergatik? Lehena, Koldo Almandozen lan berria (Oreina), arrazoi askorengatik iruditu zait bikaina, baina batez ere, gertatzen diren gauza garran­tzitsu guztiak ez direlako esaten. Pertsonaiak A puntutik B puntura nola edo zergatik iritsi diren azaltzeko adibidez, ez da hitza erabiltzen, irudia baizik, eta hori eskertzekoa da. Alman­dozek nahiago izan du ikuslea pertsona inteligentetzat hartu, eta ikusitako guztiaren batuketa, behin filma amaituta, norberak bere etxean egin dezala. 
Oier Arantzabalen debuta su­po­satu duen Margolaria ere edizio honetako sorpresa bilakatu da. Zuri-beltzean errodaturiko lan polita eta txukuna iruditu zait. Mikel Urdanga­rinen doinu­ez baliatuz, artista izateak zer suposatzen duen plantea­tzen du, oso interesgarria.  Erre­ali­ta­teak fikzioa gainditzen duenaren adibide harrigarri bat ere aurkeztu digu Josu Martinez zi­negileak:  Jain­koak ez dit bar­­katzen. Lezo de Urreiztietaren bi­zitza txundigarrian oinarrituriko dokumentala eta hau benetan gertatu al da? esaldia garunean txertatuko dizuen lan oso entretenigarria. Baina animaziorako tartea ere egon da. Lehena, Fermin Muguruzak zu­zenduriko Black is Beltza; Mu­gu­ruzak orain dela ia ha­mar urte erabaki zuen kontatu egin behar zuela Iruñeko erraldoiak 1965ean New Yorken desfilatu zuteneko istorioa. Nola, lege arrazisten ondorioz, konpar­tsako erraldoi beltzek ezin izan zuten dantza egin Bosga­rren Etorbidean. Eta azkenik, Raul de la Fuente nafarraren harribitxia. Aurtengo edizioko Ikus­le­aren saria eraman duen animazioko lan txundigarria: Ano­ther Day of Life. Ryzszard Ka­pus­cinski kazetari poloniar ospe­tsuak idatzitako izen bereko eleberrian oinarritzen da ekoiz­tetxe donostiarrak garatu­tako istorioa, eta Kapuscinski beraren irudi biziduna da filmaren protagonista. Ezinbestekoa.

Sail Ofizialeko polemika: ‘In Fabric’ eta ‘High Life’
Baina azkenerako uzten baditut ere, atzerriko ezinbestezkoak ere aipatu nahi nituzke. Sail guztietan kanabera jaurti ostean, arrain ugari harrapatu ditudala esan dezaket bai, baina dastatu ostean, Getariko bisiguaren adinako zaporea dutenak ez dira asko izan. Apuntatu ongi izen hauek, datozen hilabeteetan Euskal Herriko zinema aretoetara iristeko aukera asko baitituzte. Sail Ofizialetik guztien gainetik bi izen goraipatuko ditudan arren, hasieran aipatu dudan polemika bi filmekin lotu da zuzenean; lehena inor epel utzi ez duen proposamen deskribaezina: In Fabric. Zinta pop, bortitz, gordina, lotsagabe eta ustekabekoa. Argi dago Peter Strickland zuzendariaren zinema ez dela ikusle guztien gustukoa izango, ez baitagoelako publiko guztietarako diseinatua, baina proposamen ausartak eta desberdinak gustuko badituzu, hau izan liteke zure aukeratua. Eta bigarrena, Clai­re Denis zuzendari bikainaren High Life, bitxia (oso), deserosoa (oso), perbertitua (oso) eta beldurgarria (oso), baina orain­­dik ez dakit gustatu zaidan ala ez...

Bereziki apuntatzekoak: ‘Quién te cantará’ eta ‘El Reino’
Polemika alde batera utziz eta bitxia badirudi ere, Sail Ofi­zia­letik zeharo liluratu nauten bi izenak estatu espainiarretik datoz. Lehena, Carlos Vermut zinegilearen Quien te cantará zoragarria. Bere aurreko lanarekin (Magical Girl) txunditua utzi baninduen, hemen ere ez da atzean geratu, Almodovar, Bergman eta Hitchcocken estiloa uztartu dituen zinta liluragarria estreinatu baitu. Biga­rre­na, aldiz, El Reino, Soro­go­yen zuzendariaren lan berria. Antonio de la Torre eta beste hainbat aktoreren lan paregabeaz baliatuz, Espainia ustelenaren erradiografia oso entretenigarria eta frenetikoa egitea lortu du. Urteko pelikuletako bat zalantzarik gabe.

Gainerako sailetan, maila oso orekatua (eta altua) antzeman badut ere, udazken-negurako etxeko-lanak izan ditzazun, derrigorrez ikusi behar dituzun beste hiru izen jaurtiko dizkizut: Joaquin Phoenix eta John C. Reilly protagonista dituen Sisters Brothers western mamitsua; maisulan izatetik oso gertu geratu den Alfonso Cuarónen Roma (baietz aurtengo sari gehienak eraman) eta Girl drama lazgarria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!