Erreportajeak

Donostiako Zinemaldiak 70 urte betetzen ditu

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Garcia Gonzalez 2022ko ira. 13a, 00:00

'Argentina 1985' diktaduraren ondorengo ikerketa lanen arriskua erakusten digun filma da.

Ostiralean emango zaio hasiera Donostiako 70garren Zinemaldiari, eta irailaren 24ra arte hainbat estreinaldi ikusteko aukera izango da, Donostiako antzokian eta zine aretoetan.

Ostiral honetan, irailaren 16an, Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa hasiko da. Hilaren 24ra arte zine berritasun anitz ikusteko aukera egongo da Donostiako antzoki eta zine aretoetan. Donostia Saria Juliette Binoche aktore frantsesari eta David Cronenberg zuzendari eta gidoigile kanadarrari emango diote. Aktore frantsesaren irudia edizio honen kartelean ikusteko aukera ere izango dugu. 

Zenbaki borobila ospatzen da aurtengo edizioan. Horrelakoetan, Zinemaldiak ekimen bereziak prestatzen ditu. Besteak beste, Tabakaleran “Imajinatu Zinemaldia” erakusketa ikusgai dago. Bertan, zinemaldiaren historia jasotzen da eta publikoaren laguntzari esker hiritarrek zinemaldia nola bizi duten ikusteko aukera dago. Uztailean zabaldu zen erakusketa eta zinemaldiaren amaiera arte ikusgai egongo da. 

Filmen artean aukera anitz daude. Sail Ofizialean lehian egongo diren filmez gain, beste jaialdietan ikusgai egon diren filmak ekarriko dizkigu “Perlak” atariak. Euskal zinemaz gozatzeko aukera “Zinemira” sailak eskainiko digu eta Latinoamerikako zine berritasunak ezagutzeko “Horizontes Latinos” sailera joan beharko gara. Zinemaldian zer ikusteko aukeraketa egitea oso zaila izaten da. 178 film ikusteko parada izango da ostiraletik aurrera. Horien artean, ezinbestekoen aukeraketa bat egin dut.

 

SAIL OFIZIALA 

 

Girasoles silvestres (Irailaren 16an, 17an eta 18an ikusgai) 

Juliak 22 urte ditu eta bi umeren ama da. Bere bizitza nahiko ezegonkorra da eta bere semeen aitarekin utzi ostean, Oscarrekin maiteminduko da. Erlazioa aurrera egin ahala, Juliak zalantza handiak izango ditu Oscarrekiko. Jaime Rosalez zuzendariak Anna Castillo eta Oriol Pla aktoreak aukeratu ditu Julia eta Oscarren paperak egin ditzaten. Julia zoriontasunaren bila abiatuko da, bai beretzat eta baita bere familiarentzat ere. 

 

La Maternal (Irailaren 20an, 21ean eta 22an ikusgai) 

Pilar Palomero zuzendariaren lehenengo lana “Las niñas” izan zen. Lan horren ostean, beste nerabe baten istorioa erakutsiko digu. Carlak 14 urte ditu eta bere amarekin bizi da errepide batetik gertu dagoen jatetxe zahar batean. Ez da eskolara joaten eta bere egunak lagun batekin ematen ditu. Bere familiaren gizarte-laguntzailea, Carla haurdun dagoela konturatuko da eta adin txikiko amentzako “La Maternal” zentrora eramango dute. Bertan, bere egoera berdinean dauden beste nerabe batzuk ezagutuko ditu. 

 

Los Reyes del Mundo (Irailaren 21ean, 22an eta 23an ikusgai) 

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere hirira eramango gaitu film honen bitartez. Medellingo kaleetan bizi dira Rá, Culebro, Sere, Winny eta Nano. Bost gazteak ahal duten bezala bizi dira, baina bostak batera doaz beti. Ipuin baten bitartez Kolombiako gizartearen errealitatea erakutsiko digu Morak: biolentzia, pobrezia eta biziraupena, besteak beste. 

 

La consagración de la primavera (Irailaren 20an, 21ean eta 22an ikusgai) 

Fernando Franco zuzendariak Lauraren bizitzan sartu nahi gaitu bere azken lanarekin. “La herida” eta “Morir” lanen ostean, unibertsitate garaian dagoen gazte baten bizitzan sartuko da. Laura Madrilera doa ikastera eta bertan garun-paralisia duen mutil bat ezagutuko du. Mutilarekin eta haren amarekin izango duen harremanari esker, Laurak alde batera utziko ditu konplexuak eta segurtasun ezak, etapa berri bati konfiantzaz aurre egiteko. Aktoreen artean, Telmo Irureta aktore euskalduna dago. 

 

Sparta (Irailaren 18an eta 19an ikusgai) 

Ulrich Seidl zuzendari austriarraren zinea oso berezia da. Lan honen bitartez Errumaniara joan da Ewald protagonistaren bitartez. Ewaldek urte asko daramatza Errumanian eta bizitza berri bat hasi nahi du.  Neskalaguna utzi eta barnealdera joango da bizitzera. Inguruko gazteen laguntzarekin, eskola bat gotorleku bihurtuko du. Hasieran herrian ondo egongo da, baina herrikoen artean zalantzak piztuko dira. Seidlek iraganetik ihes egiteko ezintasunari eta nork bere burua aurkitzeko minari buruz jardungo du film honetan. 

 

PERLAK 

Santiago Mitrek Venezian aurkeztutako filma da 'Argentina 1985'. Bertan, txalo zaparrada jaso zuen.

 

Argentina 1985 (Irailaren 17an, 18an, 19an eta 20ean ikusgai) 

Santiago Mitrek Venezian aurkeztutako filma da, bertan txalo zaparrada jaso zuen. Ricardo Darín aktorea filmaren protagonista da. Izenburuak dioen bezala 1985.urtean Argentinan gertatutakoa erakutsiko digu filmak. Julio Strassera eta Luis Moreno Ocampo fiskalek Argentinako diktadura militarra ikertzera ausartu ziren garai hartan. Demokrazia berriaren garai hartan indar militarrak eragin handia zuen oraindik, baina horrek ez zituen Strassera eta Moreno Ocampo beldurtu. Biak mehatxatuak bizi izan ziren, baina beraien lana biktimen alde justizia lortzea izan zen. 

 

As Bestas (Irailaren 17an, 18an eta 19an ikusgai) 

Rodrigo Sorogoyenen azken lana Galizian gertatzen da. Gidoi lanetan berriro ere Isabel Peñarekin egon da. Filma Canneseko jaialdian aurkeztu zen. Gainera, Espainiako Zine Akademiak, gaur jakinaraziko du filma Oscar sarietarako espainiar hautagaia izango den ala ez. Protagonistak Antoine eta Olga dira, Frantziako bikote hau aspalditik bizi da Galiziako herri batean. Anta anaiak beraien bizilagunak dira eta beraiekin izango duten gatazka baten ondorioz, tentsioa handituko da herrian eta egoera itzulezina izango da. 

 

Broker (Irailaren 16an, 17an, 18an eta 19an ikusgai) 

Hirokazu Koreeda zuzendari japoniarra zinemaldian izatea beti da eskertzekoa. Bere azken filmak neska gazte baten gertaera nahiko latz bat azalduko digu. Neska honek eliza baten atarian utziko du duela gutxi izan duen haurra. Neska damutu egingo da eta elizara itzuliko da. Bertan bi gizon aurkituko ditu haurra hartzen. Gizon hauek haurrak lapurtzen dituzte gurasoak izan nahi duten pertsonei haurrak saltzeko. Canneseko jaialdian aurkeztutako filma honen bitartez, neska honek bi gizon hauei bere negozioan laguntzen saiatuko da bere haurrari adopziozko guraso aproposenak aurkitzeko. Bidaia zaila izango du protagonistak. 

 

En los márgenes (Irailaren 16an eta 17an ikusgai) 

Juan Diego Botto aktoreak, zuzendari moduan bere lehen lana aurkeztu du Veneziako jaialdian. Lan hau Donostian ikusteko aukera izango dugu eta bertan Penelope Cruz, Luis Tosar eta Juan Diego Botto bera egongo dira. Filmak etxegabetzeen inguruko istorio bat kontatzen digu; Hiru pertsonen bizipenak erakutsiz. 24 ordutan hiruen bizitza behin betiko aldatzeko aukera egongo da. Juan Diego Bottok, Olga Rodríguez kazetariarekin bat thriller sozial bat idatzi du eta pantaila handira ekarri digu. 

 

Triangle of sadness (Irailaren 21ean, 22an, 23an eta 24ean ikusgai) 

Canneseko jaialdian Urrezko Palmorria irabazi duen filma da Triangle os sadness.
 

Canneseko jaialdian Urrezko Palmorria irabazi duen filma da. Ruben Östlunden filma influencerren inguruko satira bat da. Filmeko protagonistak luxuzko bi modelo dira. Biak itsas bidai batera gonbidatu dituzte. Luxuzko bidai bat izan behar duena, guztiz aldatuko da eta ustez boterea eta dirua zutenek ezerezean gera daitezke. Film honek harrabots handia sortu zuen Cannesen egon zen kritikaren artean. 

 

ZINEMIRA

 

Karpeta urdinak (Irailaren 17an, 18an eta 19an ikusgai) 

Ander Iriarte zuzendariak Euskal Herrian gauzatutako tortura kasuak ikertzen hasi zen. Bere aitak komisarian tortura jasan zuela susmatzen zuen eta horregatik, Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten datuak irakurtzen hasi zen. Bertan irakurritako emaitzak ikusi ostean, ikerketan parte hartu zuten medikuekin, psikologoekin, psikiatrekin eta abokatuekin elkartuko zen. Ikerketa eta elkarrizketa horiek dokumental formatuan ikusgai izango dira bere azken lanean. 

 

My way out (Irailaren 21ean, 22an eta 23an ikusgai) 

2018an Londreseko The Way Out trans pertsonentzako klub ospetsuak 25. urteurrena ospatu zuen. Izaskun Arandia zuzendariak Londreseko areto honen historia jaso du dokumental honen bitartez. Elkarrizketa eta artxiboko grabazioen bidez, klubak komunitate transean izan duen eragina erakusten digu. 2020ko martxoan, Covid-19ak sortutako pandemiaren ondorioz, klubak bere ateak itxi zituen lehen aldiz bere 28 urteko historia osoan. Lokal honen garrantzia azpimarratuko dute trans komunitateko pertsonek, beraientzat klub bat baino gehiago delako. Bertan etxean bezala sentitzen direlako.

 

Gesto  (Irailaren 17an, 18an eta 19an ikusgai) 

Xuban Intxausti zuzendariak Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeko historia jaso du dokumental honen bitartez. 30 urtez bakearen alde lan egin zuten pertsonen irudi eta bizipenak jaso ditu Intxaustik. Koordinakundeko protagonistek iraganeko irudiak ikusiz bidaia bat egingo dute lan honen bitartez. Honek proposamen bat egiten dio ikusleari: erakunde bakezalearen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak gaur egun indarrean jarraitzen dutela deskubritzea, hain zuzen. Indarkeriaren aurka modu baketsuan agertu ziren eta  filmaren xedea da, pertsona guztien Giza Eskubideen errespetua defendatu zuten herritar guztiak omentzea. 

 

918 gau (Irailaren 20an eta 21ean ikusgai) 

2007ko urriaren 4an, Arantza Santesteban zuzendaria atxilotu eta espetxeratu zuten. Zuzendariak bizipen hori pantaila handira ekarri du lan honen bitartez. 918 gau espetxean egon ostean, bertan bizitakoak grabagailu batean jaso zituen. Artxiboko irudiekin bat, kartzelan bizitako guztia kontatzen du Arantza Santestebanek dokumental berezi honetan. 

 

 

HORIZONTES LATINOS 

 

Mi país imaginario (Irailaren 16an, 17an eta 18an ikusgai) 

Txileko politika asko aldatu da azken urteetan. Patricio Guzmán zuzendari txiletarrak bere herrialdeko eztanda soziala jaso du bere azken dokumentalean. 2019ko urrian txileko gizartea kalera atera zen eta hortik aurrera Konstituzio Berri bat egiteko prozesua sortu zen. Aste honetan Txiletarrek Konstituzio berria errefusatu dute, baina iraultza honek ez du etenik izango. Dokumentalean Santiagoko kaleak bizi zutena jasotzen da eta Guzmanen begirada bereziaren bitartez Txile hobeto ulertuko dugu. 

 

Ruido (Irailaren 19an, 20an, 21ean eta 22an ikusgai) 

Natalia Beristain zuzendari mexikarrak, herrialde bereko desagertuen drama kontatzen du film honetan. Julia bere alabaren bila dabil. Bilaketa horretan emakume asko ezagutuko ditu. Emakume horiek istorio eta borroka desberdinak izango ditu eta guztien bizipen horiek eragina izango dute bere bilaketan. Feminizidioen errealitatea ezagutzeko aukera interesgarria da Beristainen lana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!