Ez dakit inoiz gertatu zaizuen zuei, errazagoa dela aukeratzea bi koloreren artean, adibidez, hamaika aukera izatea baino. Zailagoa egiten zait beti erabakitzea zer ikusi nire zerrenda luzean, zein telesail berriri emango diodan lehentasuna erabakitzen. Eta kasu egidazue hau esatean, astean 30 ataletik gora ikusteko izaten dituen pertsona batek aipatzen duenean. Pantaila guztiak edukiz eta aukeraz gainezka dauden unean, nola egiten duzue zuek ikusi nahi duzuena hautatzeko? Egunean egunekoa? Umorearen arabera? Edo agian, horiek etxean telebistaren aurrean soilik ikusi ordez, mobilean edo tabletean ikusten dituzue, lanera edo klasera zoaztenean? Edo ordenadorean edonon tarte libreren bat aprobetxatuz? Badakit galdera guzti hauek airean geratuko direla, baina bitxia iruditzen zait eduki multimedia ororekin sortu zaigun lotura. asko ikusten ditugu gaur egun, autobusean, liburutegian edota terrazetan, mobila eta tableta eskuetan, edo portatilarekin. Eta batzuek azkar batean pentsatuko dute lehenak aisian eta sare sozialetan dabiltzala, eta bigarrenen kasuan lan erremintatzat joko dute ziurrenik. Aparatu bakoitzak bere erabilera dauka, eta formatu ezberdinak izan dira beti arau, erabiliko dugun aparatua aukeratzerakoan. Ez al da garaia hau dena alde batera utzi eta tokian tokikoaren ordez nahi duguna edonon egiteko aukera izateko, akaso? Gaur egungo teknologiak ahalbidetzen duen aukeretako bat da hori, interkonektibitatea eta mugikortasuna hobetuz. Beraz, Zer, Non eta Nola? telesailak ikusi nire kasuan. Pelikulak, liburuak edota prentsa, emailak, laneko edozein gai… bakoitzak nahi duena, nahi duen moduan eta tokian.
Onartuko dut erraza dela niretzako planteamendu hau, telesailak ikusten komodidadearen arazoak gutxi eragiten baitu. Etxeko sofan mantarekin, portatilarekin edozein tokitan, edota mobilean autobusean edo trenean mugitzen naizenean ikusi ditzaket askotan, beste edonork liburu bat irakurtzen duen moduan. Beste aldean dago hasierako problema, zer ikustearen erabakia. Eta hau erantzuteko, onartuko dut plataforma eta kate ezberdinak egiten ari diren proposamen berriei kasu egiten hasia nagoela, produzitzeko formatuari begira alegia.
Badira azken urte hauetan, normalean baino luzeagoak edota laburragoak diren hainbat telesail, hau da, ohikoak diren 40-50 minutu inguruko edo 30 minutuko denbora tarteetatik ateratzen diren proposamenak. Batzuk etxean ikusteko pelikulatzat hartu genitzakenak, Small Axe handia kasu. Eta beste batzuk, mugimenduan gaudela, tarte txikietan ikusteko aukera ematen diguten perlatxoak: Love, Death & Robots, State of the Union, Easy, Hora de Aventuras, Paquita Salas edo In Treatment. Zerrenda luzea dugu, nahi izanez gero.
Mugimenduan gaudela, tarte txikiagoetan ikusteko aukera ematen diguten perlatxoen bila aritu naiz azken boladan, eta hala iritsi naiz hilabete honetako proposamenetara
Telesail laburragoen bila, hilabete honetan
Konturatuko zineten bezala, bigarren hauei garrantzia handiagoa eman diet, azken boladan, honelako proposamen gehiago bilatzen ibili naiz eta. Beste hainbat gauzarekin partekatu behar dudan denbora librean, errazagoa egiten zaidalako hauei gogoz eustea eta.
Modu honetan iritsi naiz hilabete hontako proposamenera. Funts guzti hauek beteta, autobusean ikusiko nukeen edo, hobe esanda, entzungo nukeen telesail laburra izango zen eta. Bere kapituluak 15 minutu ingurukoak izanik, Timothée Hochetek Frantziako Canal+ katean orain dela lau urte eginiko formatu bereko telesailean oinarritutakoa dugu, Fede Alvarez uruguayarrak AppleTV+ zerbitzuan estreinatu berri duen CALLS paregabea. Esango nuke, ez bakarrik hilabeteko telesail honena, baizik eta daramagun urteko borobilena dugula, nire uste apalean. Oker nenbilen ni, pentsatuz autobusean erraz ikusteko telesail baten aurrean nengoela. No respires pelikula galantaren zuzendariak aurkeztutako bederatzi ataleko telesail honetan, telefono dei ezberdinen grabazioetara joko dugu. Eta pantailan ikusiko dugun bakarra da, dei hauen transkripzioa, soinu eta interferentzia estatikoek sorturiko irudien plasmazioarekin; edo hala pentsatzen dut nik. Non dago arazoa? Dei hauek ez direla batere arruntak. Lehen kapituluan azkar konturatuko gara, zergatik dugun zuzendari hau, terrorean maisu berrietako bat. Inolako espoilerrik egin gabe esango dizuet, kapitulu hauek sortu didaten zirrara, ikusmina eta larritasuna, ileak puntan mantetzen dituen horietakoa dela. Tentsioan momentu oro mantentzen zaituen lana. Guztiz kokatu ezin ditzakegun gertakari arraroak, askeak diruditen dei edo kapituluen artean ulertzen ez dugun lotura bat badagoenaren susmoa hartuz. Zerk eragiten dituen edo zergatik? Hori bakoitzak espekulatu edo aurkitu beharreko erantzuna izango da. Bidaiak guztiz mereziko duela ziurtatzen dizuet. Ez galdu aukera, hurrengo asteetan besteen ahotan izango den telesail eder honi heltzeko. Izan zaitez zu besteei gomendatuko dien aurrenekoetako zoriontsu horietako bat.