Konturatu gabe iritsi gara Otsailaren amaierara, eta berriz ere hemen nauzue, hilabeteak ekarri dituen nobedadeei begirada emateko. Iruditu zait, eta esango nuke denoi gertatu zaigun gauza bat dela, azkar asko pasa den hilabetea dela. Ia konturatu gabe, martxoan sartu garela, eguneroko errutinara bueltatzeak denbora arintzea ekarri izan balu bezela.
Telesailen munduan ere, bazirudien estreinu gutxi izango zirela, kateek eta plataformek egindako zarata edo iragartze bajua dela eta. Baina tantaka, sorpresa txiki ugari izan ditugu.
Ederki hasi genuen hila, BAFTA sari ingelesetan irabazle izan zen Three Girls (gurera La infamia izenez iritsi dena) telesail laburra Filminen estreinatu zela jakitean, otsailaren 2an. 2017an eginiko telesail honek, merezi zuen gurera iristea, eta kosta bazaio ere, biziki gomendatzen dizuet. Bai aipatu nahi dudala, benetako gertaeratan oinarritutako hiru nexka gazteek jasandako abusu istoria kontatzen duela; beraz, tentuz hartzeko istorioa da, gogoz eta indartsu.
Modu berean iritsi zitzaidan, lehengo urteko telesail hoberenen zerrendan sartu nuen Little Birds produkzioaren estreinaldia. Starzplay plataforma, oraindik indar gutxi badu ere, bere katalogoa gutxinaka potente betetzen doan horietakoa dugu, gaur egun Prime Video zerbitzuaren barruan sortutako kanal sekzioan ere ikusgai dagoelarik, hau ikusteko plus txiki bat ordaindu behar bada ere. Little Birds telesailak, Anaïs Nin idazlearen testu erotiko batzuk ditu oinarri, eta gorabeherak baditu ere, gustura asko ikusi daitekeen produkzio desberdina dugu. Estetika eta narrazio bereziak, aktore plantel bikainarekin. Hilaren 14an estreinatu zen.
Otsailaren 17an, berriz, etorri zen jada ohikoa den Netflix plataformaren estreinu sorpresa: Behind her eyes (Detrás de sus ojos gurean), Sarah Pinborough idazle bikainaren izen bereko liburuaren adaptazioa. Haurtzainaren eta zaintzen duen umearen gurasoen artean sortzen den amodio triangelua kontatuko digu telesailak. Berezitasuna, idazle hau thriller eta beldurrezko istorioak idazten maisua dugula. Amoranteen narrazioak, azkar erakutsiko digu, ikusten ez den asko dagoela horren atzean.
HBOk, bere aldetik, Snowfall telesailaren laugarren denboraldiari ere hasiera eman dio aste honetan. Los Angeles hiriko 80ko hamarkadako droga munduaren eboluzioa kontatzen duen telesail hau, askok ezagutzen ez baduzue ere, gustura ikusten den horietakoa dugu. Eta telesail luzeak gustuko dituztenentzat, momentu aproposa da horrelako bati heltzeko.
Apple TV+ ere ez da atzean geratu. For all mankind telesailaren bigarren denboraldia ere estreinatu zuen otsailaren 19an. Ronald D. Moore, azken urteetan izan dugun telesail sortzaile eta produktore nagusienetako bat (Battlestar Galactica, Outlander) dugu honen atzean. Espazioko lehiaren historia alternatiboa kontatzen duen telesaila da. Sobietarrak ilargira lehenak iritsi ostean, honek Estatu Batuekin ekarritako norgehiagokaren eboluzio berria kontatzen diguna. Gutxinaka eraikitzen den narratiba. Kapitulu pausatuak, pieza guztiak ahoratuz hasi zen lehenengo denboraldia. Bigarren honetan, amaieran utzi ziguten momentu kritikoaren ondorioekin hasiko gara. Ea nora garamatzaten, oso gustura ikusten ari naizen telesaila da eta.
Eta bukaerarako utzi dut niretzako hileko estreinu garrantzitsuena izan dena: Movistar + zerbitzuaren Hierro telesailaren bigarren eta azken denboraldiaren estreinaldia. Coira anaiek sortutako telesailak, izen bereko irlara iritsi berri den epailea (Candela Peña) aurkeztu zigun. Bertan gertatutako hilketa baten ikerketa kontatu zuten lehenengo denboraldian. Honen atzean egon zitekeen enpresariarekin (Dario Grandinetti) eta irla txiki horretako idiosinkrasiarekin kanpotar honek egiten zuen talkak, telesailaren erritmoa eta nondik norakoak guztiz moldatzen zituelarik. Zortzi kapituluz osatutako lehenengo denboraldia 2019an iritsi zitzaigun, eta orduan ere bikaina iruditu bazitzaidan, bigarren denboraldi txiki honekin, bukaera borobildu dutela iruditu zait. Lehenenego denboraldian trama sortzeko erabilitako pertsonaia, aurkezpen eta berezitasunak bereganatuta dauzkagula, guztiz murgiltzen da tramaren jorrapenean. Sei kapituluz osaturik, azkar batean ikusten den istorio adiktiboa da. Ez dut tramaren kontakizunean asko sartu nahi, spoilerrik ez egitearren telesail hau ikusi ez duenari. Baina bai esan, biziki gomendatuko dizuedala hau ikustea. Aktore nagusi bikainak (Candela Peña izugarri dago, azken urteetan egiten ari den guztian bezala), trataera, irudia, irlaren beraren protagonismoa. Trama galanta eta luzatzen ez den kontakizun labur eta potentea. Benetan esaten dizuet ikusi ez duzuenoi, aukera bat eman. Ederki pasako duzue.
Eta hauxe ere azkar batean, hilabete labur eta azeleratu honetan ikusi daitekeena. Hemendik aurrera, zuen kontu erabakitzea zein bidetik jorratu. Hurrengora arte!