Erreportajeak

«Ez dut estrategietan sinisten, ekintza zuzenean baizik»

Porrumentzio artista hernaniarra, abesten, gitarra eskutan duela

Kultur sorkuntza eta, batez ere, musika kontsumitzeko orduan, jarduteko modu predeterminatu bat dugula dirudi. Asko pentsatu gabe jotzen dugu YouTubeko bideoetara edo Spotifyko playlistetara gure egunerokotasunean; batzuk, agian, disko denda batera joango dira beraien artista kuttunaren azken argitarapena erostera, edo internet bidez jaitsiko dute album bera edizio digitalean. Modu batean edo bestean, ia denok hartzen dugu parte merkatu logikako prozesuetan, non kultura kontsumitzeko prest dauden produktuetan aurki dezakegun, nahi jakin batzuk asetzeko prestatutako formetan. Artistak, produktuen ekoizle. Ba al dago, ordea, kulturan parte hartzeko beste modurik?

Porrumentzio sortzaile hernaniar gaztearentzat badaude alternatibak kontsumo logika kapitalistaz haratago. Musikari, soinu teknikari, itzultzaile, esperantista, begano eta anarkista gisa aurkezten du bere burua, eta beste kontsumo modelo batean sinisten du: «Benetan behar bat duelako sortzen duen jendea badago, baina askok saltzeko sortzen dute. Gaur egungo musika eszenak musika produktu huts bilakatu du eta sorkuntza propioa oso atzean geratu da. Jendearengana iristea bilatzen da, baina ez transmititzea»

Identitate hautu bat

Sortzaile izateak zure burua beste modu batean birpentsatzeko aukera ematen du, zure sorkuntza ikuspegi batetik edo bestetik enfokatzekoa. Izan ere, Porrumentzio -edo Porru, deitu ohi duten bezala- ez da jatorrizko izena. Andoni jaiotzaz, identitate berri bat sortzeko aukera eman dio bere bide artistiko eta kreatiboak. «Porrumentzio ez da nire sorkuntzak plazaratzeko izen huts bat; identitate pertsonal propio bat hautatzeko bide bat baizik. Nik erabaki dudan identitate bat da, izenetik hasita: ez da nire gurasoek emandako izen bat, nirea baizik», dio hernaniarrak, «nortasun hau musikatik haratago doa, izaera bat eta pentsatzeko era bat dira. Nire beste alderdi kreatiboak ere barne hartzen ditu: literatura, software programazioa, itzulpengintza… Sorkuntza asko hartzen ditu barnean. Ez da nire burua plazaratzeko modu soil bat».

Bere proiektuaren hasierari buruz hitz egitean, ez du momentu finko bat gogoratzen: «Nire izaeran dator sormena. Are gehiago, nik uste guztion barnean dugula gaitasun hau, baina askotan ez dugu identifikatzen eta, ondorioz, ez dugu garatzen. Behar mental eta emozional batetik dator nirea: komunikatzeko modu bat da, kanpokoei nola nagoen eta nor naizen esatekoa. Zure burua ulertzeko ere oso lagungarria da». Beharretik jaiotako ibilbidea, zeina talde baten parte izaten hasi zuen, Egiaz Itsuturik talde hernaniarrean. «Garai horretan oraindik ez nuen nire identitate berria sortu, baina jada sorkuntzaren munduan bete-betean sartuta nengoen, bai musikagintzan eta bai testugintzan. Ederra izan zen baina ez nuen oso gustura amaitu: talde batean askotan erritmo desberdinak egoten dira kideen artean, eta horrek frustrazioa sortu zidan. Nire kabuz hasteko erabakia hartu nuen eta hor sortu zen Porrumentzio, ‘Gorabeherak’ albumaren argitarapenarekin».

Hura izan zen Porruren obraren hasiera, zortzi abestiz osatutako abesti bilduma. Sorkuntzaren inertziaz, bigarren lan bat sortu zuen ere kolaborazio berezi baten ondorioz jaiotako proiektu baterako: «Kode irekiko softwareak euskaratzen ditut, eta ezagun batek Bernardo Atxagaren Sara Izeneko Gizona-ren audioliburua egin nahi zuela esan zidan. Libreki argitaratzeko baimena lortu zuen, eta bere hitzak laguntzeko musika egin al nezakeen galdegin zidan. Erdi Aroko musikan inspiratutako kanta sorta bat egin nuen, baita hauek nahastu eta masterizatu ere. Abesti batzuk erabili zituen, eta gero denak argitaratu nituen album propio batean», dio musikariak. Izan ere, software libreen inguruko sorkuntza ere bere obraren zati garrantzitsu bat da. «Nire izaerarekin bat dator programak euskerara itzultzeko zaletasuna. Librezalea zarenean, gauzak partekatzeko grina izatea ohikoa da. Azken finean, euskera hizkuntza “txiki” bat da, eta paradigma horretan enpresa pribatu ugarik ez dute errentagarritasunik ikusten softwareak euskeraz argitaratzean. Aktibismo moduko bat da gauzak euskarara itzultzeko nahia. Gainera, nik neuk egunerokotasunean erabiltzen ditudan programak euskaraz izateak erosotasunez jarduteko aukera ematen dit».

 

Kontsumo askea

Porrumentzio interneten semea da. Oroimena duenetik sarean alde batetik bestera aritu da, eta horrek bere sorkuntza prozesu guztian zehar burujabe izateko aukera eman dio: «Instrumentu guztiak nik interpretatzen ditut normalean, eta ahal dudanean ere nik neuk grabatzen ditut. Nire kabuz ikasi nuen musika ekoizten: Audacity programarekin hasi nintzen, eta gero Ableton softwarea lapurtu nuen. Etxeko ganbaran grabatzen nuen dena, mikrofono batekin eta soinu-txartel batekin. Sortu ditudan azken kantak Urumeako gune autogestionatuan grabatu ditut, bertan estudio apal bat dugu eta gutxi batzuen artean materiala amankomunean jarri dugu. Asko errazten du dena jendearekin batera lantzeak, eta sorkuntza prozesua partekatzea ere polita da».

«Google, Facebook… denak negozio berean sartuta daude: jendea beraien orrialdeetan ahalik eta denbora gehien egotea nahi dute datuak lortzeko, kontsumitzaile-profilak sortzeko eta, azkenik, iragarkiak saltzeko»

Porruren kantak, ordea, ezin dira YouTube edo Spotify bezalako plataformetan aurkitu. Sare sozial konbentzionalei eta streaming-eko zerbitzuei uko egiten die, aktiboki. «Plataforma ofizialtzat jo arren, enpresa kapitalistak dira. Hauen helburua ez da musika zabaltzea eta sortzaileak laguntzea, jendearen datuak biltzea eta sortzaileak produktu bihurtzea baizik. Google, Facebook… denak negozio berean sartuta daude: jendea beraien orrialdeetan ahalik eta denbora gehien egotea nahi dute datuak lortzeko, kontsumitzaile-profilak sortzeko eta, azkenik, iragarkiak saltzeko. Ni honen guztiaren aurka nago, eta ez zaidanez etikoa iruditzen, ez dut parte hartzen. Pentsaera horrekin kontsekuentea izan nahi dut. Ez dut estrategietan sinisten, ekintza zuzenean baizik», hernaniarraren hitzetan. Bere musika ‘plataforma libreetara’ igotzen du, jabetza pribatua ez duten plataforma kolektiboetara. Logika antikapitalista batetik zentzua izan arren, sorkuntzen irismenean eragin zuzena du plataforma nagusietatik at egoteak. «Askotan pentsatu izan dut nire lanek arrakasta handiagoa izango luketela YouTuben edo Spotifyn, baina hauen helburua sorkuntza negozio bihurtzea da soilik. Frustragarria da jendearengana hain erraz ez iristea, baina merezi al du irismen horrek ez badut sisteman sinisten?», dio Porrumentziok.

Musika eta aktibismoa, ondoz ondo

Artista, bere obra eta bere testuingurua ezin dira banandu, elkarri eragiten diote eta. Faktore hauen nahasketak bere abestien zati handi bat esperantoz egitera eraman du Porrumentzio. Ez da nolanahiko erabakia, ideia argi batetik jaiotakoa baizik: «Esperantoa nazioarteko hizkuntza bat izateko sortu zen. Guztion hizkuntza da eta, aldi berean, ez da inorena: azkenean, ingelera eta gaztelera jatorriz pertsona jakin batzuen hizkuntzak dira, eta gainontzekook ikasi behar ditugu. Honek hierarkiak sortzen ditu eta, oro har, hizkuntza txikiagoak jaten ditu; Euskal Herrian aski ezagutzen dugu diglosia. Esperantoak ez dio inori lehentasuna ematen, ez baita ama hizkuntza. Bi hilabetetan ikasi nuen, eta erraztasun honek hizkuntza txikiekin bizikidetza sustatzea lagundu dezakeela uste dut». Izan ere, esperantoaren eta euskararen arteko bizikidetza aldarrikatzen du sortzaile hernaniarrak: «Gazteleraz gauza asko egin dira, sorkuntza handia dago erabilgarri. Euskaraz, ordea, ekoizpena urriagoa izan da, eta ildo honetan nik eman dezakedana ematen saiatzen naiz. Euskaldunak hizkuntza handiak erabiliz sortzen hasten bagara, ez goaz inora. Hala ere, esperantoarena ez da soilik kontu ideologiko bat, nire hizkuntza dela sentitzen dut eta haren bidez adierazteko gai naiz».

Nabaria da autorearen izaeraren eragina bere obraren produkzioan. Pertsonok gure identitatea balore eta ideia jakin batzuen gainean eraikitzen dugu, eta Porrumentzioren nortasunaren eraikuntzan aktibismo politikoa lehen lerroan dago. Hala ere, politikak bere sormenean geroz eta eragin txikiagoa duela dio: «Jada ez dut aktibismo hutsagatik sortzen, baina sorkuntzan nire izaerak nahigabe eragiten du, nik uste. Lehen nire obraren helburua hori zen, baina orain bidea da soilik».

 

Euskal musika industriari uko

Euskal Herrian badugu musika industria propio bat. Ez dugu kanpoko artisten beharrik antzokiak eta festak jendez gainezka betetzeko, hemengo izenek gurpil hau martxan mantentzen baitute. Hala ere, Porruk ez du funtsean desberdintasun handirik ikusten beste eszenekin. «Badago benetan beharra duelako sortzen duen jendea, baina gehienek saltzeko sortzen dute. Chill Mafia atera zenean, esaterako, ilusio haundia egin zidan: jende gaztea, eduki freskoa, estetikoki oso atsegina… Desberdina zela zirudien, baina Donostiako Dabadaban zuzenekoa ikusi ondoren izugarrizko dezepzioa hartu nuen. Betiko gauzak errepikatzen ari ziren berriak zirela esanez: drogen apologia, jarrera oso markatua genero ikuspegitik… Oso irudi ona saldu zuten, baina proposamena ez doa haratago, nire ustez».

Ideologikoki librezalea izateaz gain, musikalki ere bada. Hertzainak taldearen zale deklaratzen da eta, oro har, eraldaketa musikalarena. «Skabidean taldea ere asko gustatzen zait, baina ez dut pentsatzen zer gustatzen zaidan edo zer egiten dudan. Ateratzen zaidana egiten dut, gogoaren arabera. Niretzat, musika sortzean eta interpretatzean helburua musika egitea da, ez musika estilo bat egitea». Ez du indefinizioan erortzeko beldurrik, eta etiketa guztiak haustearen alde posizionatzen da. «Generoetan eta, oro har, industrian sartzean, zure burua produktu bezala tratatzen hasten zara, eta gu ez gara produktuak. Logika horretan ibiltzea oso zaila da niretzat. Sare sozialek eta entzuleek asko zarela sentiarazten zaituzte, baina irudi bat da soilik. Kezkagarria da alderdi emozionalaren ikuspegitik, baina denbora luzea daramat hauetatik urrun».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!