Bi eguneko irteera antolatu du Mendiriz Mendik Pirinioetan, uztailaren 18 eta 19rako; eta paraje zoragarrietan barrena ibiliko gara, Balaitus mendia beti aurrean dugula, Musales menditik Respomusoko haranera eta Arremoulit aterpera.
Musales
Musales mendia Sallent de Gállego inguruko mendi irisgarri eta ezagunenetako bat da. Respomuso urtegiaren arroa eta Aguas Limpias ibaiaren harana bereizten dituen gailurra da, eta Tena bailarako zati handi bat menderatzen du.
Zailtasun tekniko handirik gabeko igoera da, eta paisaia oso politak zeharkatzen ditu. Desnibel handia burutu behar da eta nahiko modu jarraian, baina lasai hartuta ondo egiten da. Egingo dugun bidea neguan Respomuso aterpera joateko gomendatutako bidea da, Aguas Limpias bailarako bidea baino askoz seguruagoa delako elur-jausien aurrean. XX. mendearen erdira arte Sallent de Gállego eta Respomusoko harana lotzeko erabiltzen zen bidea zen, baina Respomusoko urtegia eraikitzeko behetik zabaldutako bideak baztertu egin du. Garai haietako oroigarri gisa oraindik obren aztarna batzuk aurki daitezke mendian sakabanatuta.
Musales tontorretik gozatzen den paisaiak harrituta utziko gaitu. Gure oinean Respomuso harana, bere aterpe eta urtegiarekin, aurrean Frondiellas eta Balaitus eta alboan Infiernos gandor ikusgarria, eskuinean Facha gailurra eta horiek inguratuz hainbat eta hainbat gailur.
Arremoulit
Pirinioetako babesleku gehienen eraikuntza XIX. mendearen amaieran hasi zen, mendizale askok bide normalak alde batera utzi eta bide zailagoak irekitzen hasi zirenean. Askoz zailagoak ziren bideak irekitzeak, mendian egun bat baino gehiago igarotzea behartzen zien, garai hartan artzainen txaboletan edo inolako erosotasunik gabeko zuloetan lo eginez.
1886an inauguratu zen gaur egun Arremoulit den aterpea. Balaitusen ipar aldean 2.300 metrotara dagoen etxola txiki bat da. 1881 eta 1886 artean Russellek Vignemalen eraiki zituen lehen kobak aterpetzat ez baditugu hartzen, Pirinioetako aterperik zaharrena Arremoulit da. Gaur egungo aterpe ugarien aurrekariak antzinako mendi-ospitaleak izan ziren (frantsesez hospices). Hospices delako horiek haranen arteko komunikaziorako bide gisa erabiltzen ziren mendate batzuetatik oso gertu egindako eraikin sendoak ziren eta bere funtzioa merkataritza edo erlijio arrazoiengatik Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten bidaiari eta erromes nekatuei aterpea eta janaria ematea zen. Hospital de Benasque, Anetora sarbidea ematen duen haranaren hasieran dagoen hiru izarreko hotel modernoa, horren adibide argia da.
IBILBIDEEN DESKRIBAPENA
Lehen eguna
Bidai luzearen ondoren ibiltzen hasi baino lehen, hamaiketako koxkor bat egiteko aukera izango da. Denok prest gaudenean La Sarra (1.500 m) urtegiko hormaren ezkerraldean jaiotzen den pista hartu eta gora egingo dugu. Zertxobait aurrerago bidezidor bat hartuko dugu, pistak ematen dituen bira zabalak laburtzeko. Pixkanaka-pixkanaka basotik irten eta pistarekin bat egingo dugu (1.900 m). Pixka bat aurrerago, beste bidexka bat hartu eta, belarrez osatutako zelaien arteko bide eroso batetik, Ibonciechoko iboira iritsiko gara. Ibonciecho Musales lepoaren azpian dagoen goi-mendiko aintzira txiki bat da (2.200 m). Bideak sigi-saga egiten du hartxingadi eroso batetik hasieran eta ondoren belar-mazeletatik, Musales lepora erraz iristeko. Lepotik gailurrera igotzen den bide estu bat irteten da. Bidea ertzetik igotzen da, baina ez du zailtasunik.
Minutu gutxiren buruan gailurrera iritsiko gara. Paisaiaz gozatu ondoren berriro lepora jaitsiko gara eta hortik iparralderantz. Lehenengo metroetan arreta jarri behar da, destrepe txiki bat baitago, baina erraza da. Gero, hartxingadi zabal batetik eta zelaietan barrena behera egin behar da bide eroso bati jarraituz Respomuso urtegiaren ertzera iritsi arte. Hortik aterpera iristeko bi aukera daude. Lehenengoa eskuinetik, urtegiari buelta osoa ematea da. Bigarrena ezkerretik, urtegiaren horma zeharkatzea da.
Bigarren eguna
Gosaldu ondoren Arrieleko iboietara hurbilduko gara urtegia hornitzen duen kanal baten gainetik ia bide gehiena eginez. Arrieleko iboietan Palas, Balaitus eta Frondiellaseko 3000 metroko gailurrez inguratuta egongo gara. Bertatik, 250 metroko desnibela eginez, Arremouliteko lepora igoko gara. Bertatik izen bereko aterpe eta lakura jaitsiko gara. Indarrak berritzeko leku aproposa.
Aterpetik aurrera jarraitzeko bi aukera daude. Lehena Orteg-eko pasagunea zeharkatzea da. Ez da oso pasagune zaila, baina bai estua eta altuera sentsazio handikoa. Pasagunea kate batez hornituta dago modu seguruan pasatu ahal izateko, baina bertigoa duenarentzat edo harrien artean modu erosoan mugitzen ez denarentzat ez da aproposa.
Bigarren aukerak pasagunea ekiditen du. Bide eroso bat da, baina 200 m-ko desnibel gehigarri bat egiteak suposatzen du.
Aukera bat edo bestea eginez, Arriouseko lepoan elkartuko gara denok eta hortik 900 metroko desnibela duen jaitsiera batetik autobusa dagoen tokira jaitsiko gara, bide eroso batetik. Azken metroak baso barrutik egiten dira.
MUSALES - RESPOMUSO - ARREMOULIT
DATU INTERESGARRIAK:
Kokalekua: Pirinioak
Egunak: Uztailak 18 eta 19
Irteera: Goizeko 06:00etan, Atsegindegitik
Prezioa: Bazkideentzat 90 euro, bazkide ez direnentzat 110 euro. Izena ematean 40 euro aurreratu beharko dira.
IBILBIDEAK
LEHENENGO EGUNA
Luzera: 11 kilometro
Denbora: 5 ordu
Desnibela: 1.150 metro inguru gorantz (gailurrera iritsiz gero 150 metro gehiago) eta 500 metro inguru beherantz.
Zailtasuna: Desnibel handia. Lepotik jaisteko destrepe txiki bat.
BIGARREN EGUNA
Luzera: 14 kilometro
Denbora: 6 ordu
Desnibela: 400 metro inguru gorantz (200 metro gehiago Ortegetik pasatzen ez denarentzat) eta 1.000 metro inguru beherantz.
Zailtasuna: Ortegeko pasagunea. Bertigoa dutenentzat ez da egokia. Horiek, 200 metroko desnibel gehigarri batekin, bide eroso batetik egingo dute ibilbidea.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
Oharra: Aterpeetarako lo-zakua edota maindirea eta toalla eraman behar dira.
