Erreportajeak

Urteko azkena, Hernaniko historian garrantzia handia duten bi puntu lotuz

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi elkartea 2025eko abenduaren 9a

Abenduaren 14an egingo du Mendiriz Mendik urteko azkeneko irteera, Hernani inguruko bi menditan barrena. 19 kilometroko ibilbidean, lotuko ditugu Oriamendiko gotorlekua, eta Santiagomendi eta bertako ermita. 

 

Urteko azken ibilbidea egingo dugu abenduaren 14an, goizeko 08:00etan Atsegindegitik abiatuta. Ibilbide honek lotzen ditu Hernaniko historian garrantzia handia duten bi puntu. Bata Oriamendiko gotorlekua, eta bigarrena Santiagomendi eta bertan dagoen ermita.

1837ko martxoan, armada liberala gerrari amaiera emateko ahaleginetan zebilen, eta horretarako karlisten errege-kuartela konkistatu nahi zuten. Horrela, Bilboko, Iruñako eta Donostiko guarnizioetan zeuden tropek inguratzeko maniobra bat antolatu zuten: Sarsfield jeneralak Iruñetik, Esparterok  Bilbotik eta Lacy Evansek Donostiatik eraso zuten. Britainiar Legio Laguntzailearen arduraduna zen Lacy Evans. Liberalek hiri inguruko muinoak konkistatu zituzten, karlistek gogor aurre egin arren. Hilaren 15ean Oriamendiko gotorlekua menderatzea lortu zuten, eta karlistek Santa Barbarako gotorlekuan eta Hernanin babestu behar izan zuten.

Biharamunean, ordea, Sebastian Infanteak Hernaniraino iristea lortu zuen. Sebastian Infantea Irurtzunen Sarsfield atzera botatzetik zetorren. Handik etorri eta, ibilaldi ezin gogorrago eta luzeago bat egin ondoren, Hernani inguruko karlisten tropak sendotu zituen. Kontraeraso odoltsu baten ondoren, karlistek Oriamendi berreskuratu zuten, hildako eta zauritu ugari utziz Britainiar Legioan. Legioko kideek ozta-ozta lortu zuten Donostian babestea. Atzera zihoazela britainiar itsas armadak babesa eman zien, badian zituen ontzietako gizon eta artilleriaren bidez, eta horri esker hondamendia zertxobait apaltzea lortu zuten.

Nolanahi ere, liberalek 1.500 gizon inguru galdu zituzten ekintza hartan, eta karlistek erdia baino gutxiago. Guztira 2.000 soldadu inguru. Gudu horretan hil ziren ofizial eta soldadu britainiar batzuen gorpuzkiak Donostiako Urgull mendian dagoen 'ingelesen hilerrian' daude lurperatuta.

Donejakue Bideko erreferentzia garrantzitsua da Santiagomendi gailurreko ermita, eta ikuspegi bikainak eskaintzen ditu Donostiako badiara eta Hernaniko bailara aldera.

Barnealdeko Euskal Done Jakue bideak, Irun bide Frantsesarekin lotzeko aukera ematen du, Santo Domingo de la Calzadan, edo Burgosen. Bidea I. mendean eraiki zen, penintsula erromatarren mende zegoen garaian, Inperioko ingeniariek Bordele eta Astorga lotuko zituen galtzada bat egin zutenean. Galtzada hori, hasiera batean tropen joan-etorria eta mineral baliabideen garraioa errazteko sortu zena, Europa eta penintsularen barnealdearen arteko komunikazio bide nagusia bihurtu zen. Horregatik, mende batzuk geroago, Erdi Aroan ondo sarturik, Akitaniatik eta Frantziako mendebaldetik zetozen erromesek ibilbide zahar hori baliatu zuten apostoluaren hilobirako bidea egiteko.

Done Jakue bidean dagoen Santiagomendiko ermita xumea da, oinplano angeluzuzenekoa eta habearte bakarrekoa. XIII. mendekoa izan behar duen arren, ermitaren lehen erreferentzia historikoa 1525ekoa da. 1665eko dokumentu batek dioenez, ermitak lau aldare zituen, baina gaur egun bat bakarrik geratzen da. Aldarean, XVIII. mendeko erretaula xume bat dago, San Sebastian, San Kristobal, Kristo eta, nola ez, Santiago apostoluaren tailuak dituena. Aldarearen buruan tailu bat dago, XIII. mendeko alabastrozko Santiago erromesaren kopia. Originala 1991tik Donostiako Elizbarrutiko Museoan gordetzen da.

Karlistaldietan kalte handiak jaso zituen ermitak, eta 1936-1939ko gerra zibilean errepublikanoek okupatu zuten lehenik, eta gero ejertzito faxistak. 1923an ermita zaharberritu zen, harpidetza herrikoiarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

 

IBILBIDEAREN  DESKRIBAPENA

Atsegindegitik irten eta Latsunbetik Anziolara hurbilduko gara. Antziolako etxeen atzetik doan pista hartu eta gorantz egingo dugu. Lehen bidegurutzean eskuinera hartu eta Balantxa baserriaren albotik igaro ondoren, autobiaren azpitik pasatuko gara. Zertxobait aurrerago, bidea bitan banatzen da. Ezkerreko pistari jarraituz Bidaurreta baserriaren aurretik igaroko gara. Metro batzuk aurrerago pista utzi eta eskuinean jaiotzen den bidezidor bat hartu behar da. Bidezidor horrek Oriamendiko gailurrera eramango gaitu.

Inguruko paisaiaz gozatu ondoren, atzera egin eta Basozabal golf zelaira doan pistara jaitsi behar da. Basozabalera eramaten duen bidegurutzeraino jarraitu behar zaio pistari. Bidegurutzean, eskuinera hartu eta beherantz egingo dugu. Autobia bi alditan igaro ondoren, lehena behetik eta bigarrena goitik, Ergobiko zubira iritsiko gara.

Zamoka industrialdeko poligonotik zehar Oialume aldera egin behar da. Bertara iritsi baino lehen, Eguzkitza baserriaren parean, ezkerrean dagoen pista hartu behar da gorantz. Ibilbidearen zati hau Done Jakue bidearen parte da. Artola baserrira iristerakoan norabidez aldatu eta eskuinera egin behar da. Bidegurutze batera iristerakoan ezkerrera egin behar da, eta zertxobait aurrerago eskuinera. Bidezidorrak Bordaluze baserrira eramango gaitu. Bertatik berehala gara Santiagomendiko gailurrean.

Eki aldera eginez Lurtxa baserrira jaitsiko gara, eta bertatik, pistaz, Karlosenea baserrira. Asfaltatutako pistari jarraituz Mendizabal sagardotegira hurbilduko gara. Bertan pista utzi eta, ezkerrera eginez, bidezidorretik basoan sartuko gara. Bidezidor horrek Lastaolako industrialde gainean dagoen Telleria baserrira eramango gaitu. Bertatik, aurrena asfaltatutako pistatik eta gero zelaien artean dauden bideak jarraituz, Zikuñaga auzora jaitsiko gara. Karabel auzotik igarota herrira itzuliko gara. 

ORIAMENDI - SANTIAGOMENDI

DATU INTERESGARRIAK:

Kokalekua: Gipuzkoa

Eguna: Abenduak 14, igandea

Luzera: 19 kilometro

Denbora: 5-6 ordu

Desnibela: 550 metro inguru 
gorantz eta beste horrenbeste beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.

Beharrezko materiala: 
Mendiko material arrunta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!