Aurreko kronika batean azaldu genuen bezala, Gipuzkoako bira ematen dion GR-121 Ibilbidearen hainbat etapa egiteko asmoa du elkarteak. Oraingo honetan Eibar eta Elgeta bitartean ibiliko gara. Barnealdeko etapek mendi, zelai, baso eta landa-herriak zeharkatzen dituztenez, etapa politak dira eta bidea arina egiten da. Ibilbideak ez du inolako zailtasun teknikorik, eta forma fisiko oneko edozein mendizaleak gozatu ahal izango du.
Bidean San Salbatore baselizaren albotik pasatuko gara. Itsasotik 430 metro inguruko altueran kokatuta dagen baseliza da, Eibar Elgetarekin lotzen zuen bide zaharrean. Ermita txikia da, baina polita. Ataria dauka kanpoaldean babesleku bezala erabili daitekeena. Bertako jaiak abuztuaren 6an eta hurrengo igandean ospatzen dira eta garai batean erromeria oso jendetsuak izaten ziren.
Ibilbidearen erdi aldera Elgeta herritik pasatzen da. Herri hori euskal mendizaletasunarentzat garrantzi handikoa da bertan sortu baitzen Euskal Mendizale Federazioa 1924ean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Mendi Elkarteek sustatuta, “Federación Vasco-Navarra de Alpinismo” izenarekin. Maiatzak 18an, eraketa egunean, ehundaka mendizale euskaldun hurbildu ziren bertara Mendizale Federazioak eginiko deiari erantzunez.
Elgeta atzean utzi eta berehala, bi kilometro ingurura, “Intxortako atea” eskultura dagoen tokitik pasatuko gara. Gerra Zibilean Eusko Jaurlaritza eta demokratikoki ezarritako errepublika defendatu zuten gudari eta milizianoen balentria oroitzeko eraikitako monolitoa da. Bizkaia hartu nahi zuten indar kolpista eta faxisten aurka baldintza kaxkarragoetan borroka egin behar izan zuten gure gudariek eta milizianoek. Beraien ideia eta jatorriak ezberdinak izanagatik etsai bakarraren aurka borrokatu zuten, eta askatasunaren biziraupenerako, sektore estrategiko hau irmoki defendatu zuten. Inguru hauetan askatasunaren eta demokraziaren defentsan 230 pertsona baino gehiagok bizia eman zutela estimatzen da. Eskultura Juan Jose Arangurenek diseinatu zuen eta 2007ko urtarrilaren 25ean inauguratu zuten.
Ibilbidearen amaiera aldera Meatzerreka auzotik igaroko gara. Eremu hori Arrasateko meatze-barrutia da, meatze-kataz eta barrunbez betea dago, eta burdin minerala erauzteko Erdi Arotik erabilitako hainbat haitzulok osatzen dute. Auzo horretan bi kobazulo eder eta zailtasunik gabekoak daude. Lehena Monzon baserritik oso gertu dagoen Montxon kobazuloa da. Inguruko urak bildu eta hustubide bezala funtzionatzen duen kobazuloa da. Kilometro inguruko garapena du eta oso malda txikia duenez ibilbidearen zati askotan hustubidearen eta ubidearen gainean ibiltzen da. Inguruko burdin ekarpen mineralaren ondorioz kolore gorri bitxi batez tindatutako formazioak eta espeleo-egitura ditu. Bigarren kobazuloa Galarra edo San Valerio izenekoa da. Aurrekoa baino handiagoa da sei kilometro baino gehiagoko garapena duelako. Espeleo-egitura politak ditu, baina antzinako meatzaritzako aztarnengatik nabarmentzen da. Areto erraldoi bat du, Galeria Nagusia izenekoa, zeinaren erdian estalagmita handi bat dagoen, eta, mutur batean, Sala Regia deritzon galerian, plaka bat dago jarrita Isabel erreginak 1845. urtean egindako bisita oroitarazten duena.
Espainiako erreginak 15 urte zituen 1845eko abuztuaren 21ean, bere ama Maria Cristina erregina erregeordearekin batera haitzuloa bisitatzeko txango batean parte hartu zuenean. Biak Santa Agedako bainuetxean zeuden, erreginaren ahizpa gaztearekin batera, Mª Luisa Fernanda infantarekin. Garaiko kronikek kontatzen dutenez, Isabel erregina gazteak zuloaren aho ikusi bezain laster, berehala barrura sartzeko gogoa adierazi omen zuen eta, inori itxaron gabe, lehena sartzen izan omen zen honako hitz hauek esanez: 'Ni barrura noa, bakarrik bada ere '». Monterrongo kondea sartu zen berarekin, eta atzetik errege-segizio osoa. Kobazulo barruan erreginaren zain zeuden inguruko baserri haietako praktiko batzuk, kandela eta faroltxoekin. Dirudienez erreginari asko gustatu omen zitzaion bisita.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Eibartik irten eta berehala gora egin behar da. Aizbakar gailurra eskuinetik inguratu eta Salbatore baseliza dagoen lekura hurbilduko gara. Hona iritsi arte aldapa gogorra da eta tarte labur batean desnibel handia egiten da.
Pista bati jarraituz, pinuen itzalpean, Azurtza mendiaren azpian dagoen Done Jakue baselizara hurbilduko gara. Bertan atsedena hartzeko lekua dago. Guk aurrera jarraituko dugu eta, ia altuera irabazi edo galdu gabe, Azkonabieta gailurra bere eskuinetik inguratuz, Karabieta mendatera jaitsiko gara. Errepidea gurutzatu eta, Lepazoro lepotik pasa ondoren, Elgetara jaitsiko gara. Elgeta iristeak, gutxi gorabehera ibilbidearen erdia egina dagoela suposatzen du.
Bideari jarraituz Asentzio putzura igoko gara. Zertxobait aurrerago “Intxortako atea” eskultura dagoen tokitik pasatuko gara. Errepidea gurutzatu eta Intxorta Txiki eta Gaztelu Aitz gailurren artean dagoen lepora igo behar da. Igoera laburra da eta berehala egiten da. Lepotik pista batera jaitsiko gara eta, pista horri jarraituz, Kanueta gailur aldera egingo dugu. Kanueta bere ezkerretik inguratu ondoren Kanpazar mendatera jaitsiko gara. Errepidearen beste aldera pasa eta Udalaitzen azpian dagoen Kanpazar harrobira hurbildu behar da. Bertan dagoen pista bati jarraituz, Udalaitz mendia bere oinarritik inguratuz, Meatzerreka auzora hurbilduko gara. Bertatik, 200 metroko desnibela duen igoera batetik, ibilbidea amaiera den Udala auzora igotzea geratzen zaigu bakarrik.
GR-121 – EIBAR - UDALA AUZOA
Noiz: Irailak 14
Kokapena: Nafarroaren eta Arabaren arteko mugan
Luzera: 21 kilometro
Denbora: 6-7 ordu
Desnibela: 650m inguru gorantz eta 400 beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide luzea.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
Izenematea: Elkartearen egoitzan (Iturregi plaza), astelehen, ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara.