Erreportajeak

Santioko asteburu luzean antolatu da Kantabria ekialdera irteera

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi elkartea

Hoyón de Sacoren sarrera zaldiak larrean jaten daudela.

Uztailaren 25etik 27ra Kantabriako ekialdera joateko irteera prestatu du Mendiriz Mendik. 28rentzako plaza mugatuak dira eta zerrenda gaur irekiko da. Aterpeetarako beharrezkoa da maindirea edota lo-zakua eta toalla eramatea.

Ohikoa den bezala, aurten ere, Santioko asteburu luzea mendira joateko erabiliko dugu. Normalean Pirinio aldera joan izaten gara, baina oraingoan kontrako aldera bideratuko gara. Oinarri gisa Lanestosa herriko aterpea harturik, Kantabriako ekialdeko eta Bizkaiko mendebaldeko mendiak ezagutuko ditugu. Ez dira mendi garaiak eta klima hemen dugunaren antzekoa denez gure inguruko mendietan gabiltzala irudituk zaigu sarritan.

Lehenengo egunean Bizkaiko lurretan ibiliko gara. Bidaiatu ondoren Ranero herritik gertu dagoen Pozalagua kobazuloa bisitatuko dugu. Edozein norabidetan hazten diren estalaktita eszentrikoen kontzentrazio handiagatik ezaguna da. Bisita hiru ordu laurden ingurukoa izango denez, kobazuloa bisitatu ondoren ibilbide zirkular bat burutuko dugu Ranero mendia igo ondoren.

Bigarren egunean Collados del Asón Parke Naturaleko mendiak ezagutzeko aukera izango dugu. Aterpetik irten eta ordubete inguruko bidaia egin ondoren parkera hurbilduko gara. Collados del Asón Parke Naturala natur ingurune babestua da eta inguruko natura-balioen defentsarako sortu zen. Inguru horretako baliabideen aprobetxamendu jasangarria bultzatu nahi du, baita aisialdi-, kultura- eta zientzia-erabilera osasungarria. Interes handiko eremu berezia da, eta kareharrizko hormak, pagadi-baso txikiak eta artadi kantauriarreko eremu ugari ditu, gizakiak abeltzaintzarako egindako belardiekin batera. Askotariko habitat horiek mendikatearen berezko fauna eta flora garatzea eragin du. Parkea, tradizionalki, jendez oso hutsik egon den eremua izan da, eta horrek inguruaren naturaltasun-maila handia mantentzea ahalbidetu du.

Bertako gaur egungo erliebea nagusi den kareharriaren gain glaziarrek, ibai-dinamikek eta prozesu karstikoek buruturako higadura lanaren ondorioa da. Glaziarrak desagertu dira, baina parkean ohikoa da izotzen ekintzarekin lotutako modelatze-formak aurkitzea. Inguru honetan zirkoen arrastoak, U formako bailarak eta morrena glaziarren arrastoak aurkituko ditugu. Horrek agerian uzten du klima gaur egungoa baino askoz ere zorrotzagoa zela, gaur egun Alpeak bezalako eremuetakoaren antzekoa.

Milaka urtetan kareharriak jasandako higadurak harria disolbatu du eta lapiazak, dolinak, kobazuloak eta haitzuloak sortu ditu. Gainazalean ikusten duguna ikusgarria bada ere lur azpian uraren eraginez burututako paisaia are ikusgarriagoa eta harrigarriagoa da. Bertako lurpeko ur-sarea izugarria da. Orain arte ezagutzen diren barrunbeak ugariak dira eta proportzio handiko sare horizontal konplexu batekin lotzen dira. Konplexu karstiko hori unitate hidrogeologiko bat da, agian Kantabriako sare handiena, 150 km baino gehiagoko garapenarekin, konplexutasun eta bertikaltasun handikoa, 600 m inguruko sakonerarekin. Horrek, gainera, Europako lurpeko sarerik handienetako bat bihurtzen du. Hori dela eta espeleologoen paradisua dela esan daiteke.

Azpitik igarotzen den ur guzti hori nonbaitetik irten behar du. Sarritan ur-jauzi ikusgarri edo iturburu gisa azaleratzen da. Horien adibide dira Ason ibaiaren sorrera den ur-jauzia eta Gandara ibaiaren sorrera den iturburu oparoa. 

 

 

 

IBILBIDEAREN  DESKRIBAPENA 

Uztailak 25: Kobazuloa bisitatu ondoren lehen eguneko ibilaldiari ekingo diogu. Aparkalekutik hasi eta Portillo de Ranero eta bertatik Peña Ranero mendira igoko gara. Kilometro eskaseko tarte batean 200 metro inguruko desnibela igotzen da. Bertatik, ingurune karstiko baten barrutik, Mazerodonda gailurrari bira emango diogu eta Ranero herrira jaitsiko gara. Bertatik, igoera lasai bati jarraituz. Pozalaguako aparkalekura itzuliko gara.

Uztailak 26: Collado del Asón mendatetik mendebaldera aldera irteten den pistari jarraitu behar zaio. Metro batuzk egin ondoren iturria dago (Fuente Bezón; ibilbide osoan bakarra). Txabola batzuen albotik igaro ondoren pista bitan zatitzen da. Eskuineko adarrari, ipar aldera egiten duenari, jarraitu behar zaio. Cabaña Sotio txabolaren albotik igaroko gara eta zertxobait aurrerago, ibilbideak berriro mendebaldera aldera egiten duenean, pagadi eder batean sartuko gara. Pagadia ibilbidea gozarazten horietakoa da. Berau zeharkatu ondoren, estalperik gabeko eremu batera irtengo gara. Igoera labur baino gogor batek larre eta etxola eremu batera eramango gaitu.

Beste pagadi eder batean sartuko gara berriro, bidezidor estu eta oso markatu batetik irteteko. Basotik irtetean Hoyón de Saco izeneko eremura iritsiko gara, eta erraz konturatuko gara izenaren zergatiaz. Dolina erraldoi bat da. Hondorapen handia inguratuz igoerari ekingo diogu eta, bidean dauden markei jarraituz, Colina gailurrera iritsiko gara (1.441 metro). Bertatik 360 graduko ikuspegia ikusgarria da, benetan atsedenaldia hartu eta denboraz gozatzekoa.

Bideari jarraituz, gailurretik lepo batera jaitsiko gara eta goi mendietako zelaietatik barrena, Senderon gailurrera igoko gara. Igoera eta jaitsiera laburrak eginez Cubios, Alto de la Mina eta Porracolina gailurrak zapalduko ditugu.

Porracolinatik aurrera beti beherako joera du bideak. El Pozuco lepotik igaro ondoren, ibilbide amaiera den Machucos mendatean dugu ibilbidea. Bertan inguru honetako behi arraza autoktonoari eginiko monumentua dago, Monumento a la Vaca Pasiega izenekoa.

Uztailak 27: Aterpetik irten eta Peña del Moro mendira igoko gara. Igoera ingurune karstiko batetik barrena egiten da, beraz lapiazak eta dolinak nagusitzen dira, gehien bat Portillo de Sopeña izeneko eremuan.

Gailurra zapaldu ondoren, etorri garen bidetik zertxobait atzera egin eta eskuinera eginez Mirador del Moro lepora igoko gara. Bertatik bideak behera egiten du baso barrutik. Jaitsiera luze horrek Covalanas mendatera eramango gaitu. Hortik, pista bati jarraituz, Ramales de la Victoria herrira jaitsiko gara.

Uztailaren 25ean 08:00etan irtengo dira Atsegindegitik. 140 euroko prezioa du bazkideentzat eta 160 ez bakizdeentzat. Izenematea uztailaren 18an itxiko da eta beharrezkoa da federatua egotea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!