Nafarroaren eta Arabaren arteko mugan egingo dugu urriko irteera. 18 kilometroko ibilbidea osatuko dugu, Santikurutze Kanpezutik abiatu eta Meanon bukatuta; eta León Dormido (1244 metro) tontorrera igoko gara, Errioxako lautadaren bista zoragarriez gozatzeko.
León Dormido mendia, La Peña Lapoblación izenez ere ezaguna, beti gailendu da Ebroren beste aldetik ikusita. Bere profil berezia dela eta, oso mendi nabarmena da, erraz identifikatzen dena. Urrutitik, etzanda dagoen lehoi baten itxura du.
Mendiaren oinarrian Lapoblación herria dago. Antzinatik erabili da inguru hori, bere kokagune estrategikoagatik, Erromatarretatik hasita ia gaur arte. Erdi Aroan, Marañongo gaztelu gisa, Nafarroak Gaztelaren aurka zuen defentsa-dispositiboaren pieza izan zen, eta duela gutxi, gerrillariek Independentziako Gerran tropa frantsesen aurka egindako ekintza batez gain, XIX. mendearen amaieran, José María Montoya brigadierrak (Eltziegokoa bera) eta 83 soldadu karlistak mendiko artilleriarekin, munizio ugarirekin eta janariarekin eutsi zioten tropa liberalen setioari, 1876ko otsailaren 28ra arte (III. Karlistaldia ofizialki amaitu eta hiru egun beranduago arte). Horren guztiaren hondarrak gailurretik gertu daude oraindik.
Ibilbidea erraza eta zailtasunik gabekoa da, baina ikusgarria 360 graduko ikuspegi bikainengatik, eta oso didaktikoa, botanika- eta paisaia-aniztasunagatik. Ibilbidean, ikusiko dugu eragin mediterraneoko hegoaldeko isurialdearen eta eragin atlantikoko iparraldearen arteko kontrastea.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Santikurutze Kanpezu herritik irtengo gara, eta GR1 ibilbideari jarraituz, Genevilla herrira hurbilduko gara. Lehenengo 5 kilometro horiek bide zabaletik egiten dira, eta nahiko laua denez, erraz egiten dira. Bidearen zati honetan, tarte luze bat baso barrutik egiten da, baina azkeneko zatian gari-soroak dira nagusi.
Genevilla herritik Cabredo herrira hurbilduko gara. Zati honetan gari-soroen artean ibiliko gara, baina bidean beti dago itzala, bide ertzak zuhaitzez jantzita baitaude. Bigarren zati honek ere 5 kilometro inguru ditu, eta aurrekoaren modukoa da, nahiko leuna eta modu erosoan egiten dena.
Cabredo herritik irtetean, Marañon mendatera igotzen hasiko gara. Bideak gora egiten du, hasieran emeki, gero tenteago. Aldapa gogortzean basoan sartzen da, eta bero egiten badu zuhaitzen itzalpean xumeagoa izaten da igoera. Hiru kilometro inguru egin ondoren, mendatera iritsiko gara. Mendatetik zertxobait igotzen jarraituko dugu, eta jaitsiera txiki batekin mendia inguratu eta bere ipar aldera pasatuko gara.
Mendiaren oinarria jarraituz, gailurraren parean jarri arte, basoaren barrutik igotzen jarraituko dugu. Igoera hori ere ez da gogorra ,eta nahiko erraz egiten da. Azkeneko metroak bai, gogorrak dira. Tarte labur batean 200 metroko desnibela igo behar da. Lasai hartuta, konturatu gabe egiten dira. Igoeran pasabide txiki bat igaroko dugu, kable metaliko batekin bermatuta. Tokiak ez du arriskurik. Harria bustia dagoenean pasabidea errazago gainditzeko jarrita dago soilik.
Gailurretik Errioxako lautadara dauden bistak zoragarriak dira. Ekialdean, Kantabriako mendilerroa (Peña Ata, San Tirso, Peña del León, Cruz del Castillo, Larrasa, Palomares...); eta iparraldean, Gorbeia, Urkiolako mendilerroak, Aizkorri, Urbasa... Egun argia izanez gero, merezi du.
Gailurretik Lapoblación aldera jaitsiko gara. Bideak ez du zailtasun berezirik, baina malkartsua da. Bastoiak eramatea aholkatzen da. Lapoblación herrira iristerakoan, errepidetik beste 700 metro egin beharko dira, ibilbidearen amaiera izango den Meano herrira hurbiltzeko.
SANTIKURUTZE KANPEZU - LEON DORMIDO (1244 m) - MEANO
Noiz: Urriaren 6an
Kokapena: Nafarroaren eta Arabaren arteko mugan
Luzera: 18 kilometro
Denbora: 5-6 ordu
Desnibela: 700 metro inguru gorantz eta 300 metro inguru beherantz
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta. Jaitsierarako bastoiak eramatea gomendatzen da.
Izenematea: Elkartearen egoitzan (Iturregi plaza), astelehen, ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara.