Erreportajeak

Irailerako bi tontor, Burgosko Demanda mendilerroan

Irailaren 21ean abiatuko dira Mendiriz Mendiko kideak Burgosko inguruetara. Bi egunez Sierra de la Demanda natur gunea bisitatuko dute, bertako Mencilla eta San Millan tontorrak helburu izanda. 

 

La Sierra de la Demanda Iberiar Mendikatean kokatutako natur gune babestua da, Burgos, Errioxa eta Soria probintzien mugetan. Artea eta natura ezagutzeko eta balioesteko lekua da. Historiaz betetako eskualdea da eta paisaia eta habitat natural ugari ditu, kontserbazio-egoera bikainean daudenak.

Denboran zehar mendizerra honek izen ezberdinak jaso ditu. Erdi Aroan Arandio mendilerroa bezala ezagutzen zen, XII. mendean Cogollanos mendia bezala eta XVIII. mendean «Sierra de la Demanda» izendatu zuten, eta izen horrek gaur arte iraun du. Fresneda de la Sierra Tirón eta Ezkarai herrien arteko lursail eta larreen erabilerari buruzko auzi zahar eta luze baten ondorioz hartzen du izena. Auzia XVI. mendean hasi zen. Valladolideko Errege Kantzilertzak parte hartu zuen epaiketan, eta XIX. mendera arte luzatu zen. Mundu guztiak «Nola doa demandaren kontua?» galdetzen zuenez, hortik datorkio izena eta horrela geratu da.

 

Pineda de la Sierra Demanda mendilerroan dago, Burgosko probintziako bi mendi garaienen artean: San MIllan (2131 m) eta Mencilla (1932 m) gailurrak. Itsas mailatik 1205 metrora dago, eta mendiko klima du. Neguan tenperatura baxuak izaten dira (askotan zero azpitik) eta prezipitazioak ugariak (askotan elur moduan). Uda leunak eta lehorrak izaten dira, oro har. Udalerria herritik kilometro gutxira jaiotzen den Arlanzón ibaiak zeharkatzen du.

Mencilla mendiaren magalean, Valle del Sol izeneko eski-estazioaren instalazio arrastoak daude. Gaur egun, estazio hori ez dago erabilgarri, baina oraindik ikus daitezke 2005era arte martxan izan zituen erremonteak eta instalazioak. Estazioa 1975 (irekiera urtea) eta 1999 bitartean egon zen martxan, eta garai horretan Burgosko biztanle askok eskiatzen eta elurraz gozatzen ikasi zuten hemen, Burgosko hiriburutik 50 kilometro exkaxera.

 

IBILBIDEAREN 
DESKRIBAPENA

 Irailak 21

Goizean Hernanitik irten eta bidean bazkaltzeko aukera izan ondoren Pineda de la Sierra herrira eguerdi aldera iristeko asmoa dago. Aterpera igo behar diren gauzak autobusean utzi eta motxila txikiarekin bideari ekingo zaio.

Ibilbidea herrian bertan hasten da. Demanda mendilerroko bide berdearen bila joan behar da eta San Cristo baseliza albotik igaro. Zertxobait aurrerago eskuinera egin eta pagoen eta haritzen arteko igoerari ekin behar zaio. Baso barrutik pistari jarraituz Majadas de las Llanadas izeneko soroetaraino igoko gara. Bertan norabidea aldatuko dugu, eta hego aldera eginez ibilbideko igoera gogorrenari ekingo diogu. Tarte laburra da, baina aldapa gogorrekoa; izan ere, 1,7 km exkaxetan 400 metro baino pixka bat gehiagoko desnibela igotzen da. Igoerak Plantizo gailur-lerroan uzten gaitu. Hortik gailurrera mendilerroari jarraitzea soilik geratzen da (Mencilla, 1932 m).

 

Gailurretik, egun onarekin, bista zoragarriak daude. Ipar-ekialdean, San Millan, Trigaza eta Zapatera tontorrak. Hego-ekialderantz, Neila mendilerroa, Urbion mendilerroa eta Castejon mendilerroa. Hegoalderantz, Burgosko lautada eta mendebalderantz, mendilerroaren jarraipena.

Jaisteko, atzera egin eta gandorrari jarraituz Campo de los Corros gailurrera itzuliko gara. Bertan ipar aldera eginez, mendiak sortzen duen gandorrari jarraituz behera egin behar da. Soroak atzean utzi eta pixkanaka harizti batean eta gero pagadi batean sartuko gara. Baso barrutik Esteralvo aterpera iritsiko gara. Bertan, hainbat mahai, barbakoak eta atseden hartzeko iturri bat daude. Eskuinera egiten duen pistari jarraituz, berehala gara ibilbidearen amaiera den Valle del Sol aterpean.

 

Irailak 22

Gosaldu ondoren Pineda de la Sierra herrira autobusean jaitsiko gara eguneko ibilbidea hasteko.

Herriko irteeran pista bat hartu behar da, mendebalderantz igotzen dena. Gandorrari jarraituz, galdu gabe eta 900 metroko desnibel positiboa egin ondoren, San Millan gailurrera iritsiko gara. Igoera nahiko progresiboa da eta nahiko ongi egiten da. Tontorretik panoramika ederra dago, eta egindako ibilbidea eta aurretik geratzen dena ikusteko aukera dago.

Ipar-ekialderantz jarraituz, Flecho-ko lepora jaitsiko gara. Hortik, bideak igotzeko joera hartzen du berriro. Mendilerroari jarraituz, berehala iritsiko gara eguneko bigarren helburura, Trigaza tontorrera (2032 m).

Ipar-ekialderantz jarraituz jaitsierari ekingo diogu. Soroetatik jaitsiz GR-82 bidera iritsiko gara. Horri jarraituz, pista batetik, basoan sartuko gara. Baso barrutik azken kilometroak eginez, ibilbidearen amaiera den Alarcia herri txikira iritsiko gara. Herriak taberna dauka. Jaitsiera gehiena pistaz egiten da, baso barrutik.

 

SIERRA DE LA DEMANDA
PICO MENCILLA ETA
SAN MILLAN

Noiz: Irailak 21 eta 22

Kokapena: Burgosen

PICO MENCILLA

Luzeera: 12 km 
Denbora: 4 ordu
Desnibela: 850 metro gorantz eta 350 metro beherantz.

PICO DE SAN MILLAN

Luzeera: 21 km 
Denbora: 6-7 ordu
Desnibela: 1.200 metro gorantz eta 900 metro beherantz.

Beharrezko materiala:
Aterpeetarako beharrezkoa da maindirea edota lo-zakua eta toalla eramatea

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!