Erreportajeak

Lau egun Huescako Pineta bailaran, Santioko asteburu luzean

Barrosako zirkua bisitatuko dugu irteeraren bigarren egunean.

Mendiriz Mendik antolatuta, Lo Entremon mehargunea, Barrosako zirkua, Comodoto gailurra eta Cincako ubidearen ibilbidea bisitatuko ditugu uztailaren 25etik 28ra.

Ia urtero egiten dugun bezala, aurten ere Santioko asteburu luzea Piriniotara hurbiltzeko aprobetxatuko dugu. Kasu honetan, Pineta bailararen inguruetan ibiliko gara.  Bertako aterpea oinarri gisa erabiliz, inguruko parajeak ezagutzeko aukera izango dugu. Joateko eta etortzeko bidai-egunetan irteera erraz, baina oso politak antolatu ditugu.

Lo Entremon mehargunea Sobrarbe zaharreko ibaiak sortutako pasagune estu bat da, harkaitzezko pareta altuez mugatua. El Grado urtegia Mediano urtegiko presarekin elkartzen den tokian dago. XIX. mendeko bidaiariak haren beldur ziren, baina, aldi berean, haren ederta­sunagatik miresten zuten.

Me­­hargunea zaintzen, Tozal de Co­ro­na mendiak osatzen duen gan­dorrean, Samitier gaztelua dago. Gaztelua XI. mendearen hasieran eraiki zen, Antso III Nagusiak Sobrarbe Iruñeko Erresumarako bereganatu zuenean. Nahiz eta musulmanei goi-Aragoiko lurralde horiek birkonkistatu, Barbastro, Graus edo Monzonen musulmanek jarraitzen zutenez, bere muga berriak etsaien balizko eraso batetik babesteko defentsa puntuak sortu zituen. Horietako batzuk Fueva haranean kokatu zituen, harana gune estrategiko bihurtuz. Gaztelu horietako bat dugu Samitier gaztelua. Gaztelu horrek, Rodako Harresiaren konplexu militarrarekin eta Troncedoko gazteluarekin batera, Fueva haraneko ibilbide erromanikoa deritzona osatzen dute.

Samitier gazteluaren aztarnak, argazkiaren eskuineko aldean.
 

Barrosa zirkua Ordesako Par­ke Nazionalaren inguruko haran glaziar eder bat da. Robiñera eta La Munia tontorrek mugatzen dute, eta bertako arroka kareharria izan beharrean (Ordesako Perdido inguruko gailur guztiena bezala), granitoa da. Barrosako zirkua, oso ederra izan arren, oraindik ez da oso ezaguna. Leku malkartsua, erraldoia, oso garbia eta bakartia da, ur-jauzi eta ibaien ura besterik entzuten ez den tokia.

Barrosako haranaren sarre­ran inguru horretako meatze-jarduera zaharraren berri ema­ten duten aztarnak daude, hala nola eraikuntzak, hodiak edo aireko kablearen estazio baten hondakinak. Guzti horiek erabiltzen ziren Luisa meategitik lortzen zen minerala jaisteko eta tratatzeko. Meategia ia 2000 metroko altueran zegoen, eta beta batetik zilar argentiarreko minerala (galena) ustiatzen zen. Hortik jaisten zen minerala bailararen sarreran zegoen garbitokira. Gero, beste kable batek igotzen zuen minerala Salcorz mugaraino, eta hortik Frantziara jaisten zuten. Meatzea 1912an sortutako Minas de Parzán izeneko elkarte franko-belgikar batek ustiatu zuen. Ustiategia martxotik azarora zegoen martxan, eta 230 langile izatera iritsi zen unerik onenetan. Ustiapena 1928an amaitu zuen errentagarritasun faltagatik.

Comodoto gailurra ez da oso gailur altua, baina bere kokapena ezin hobea da. Pineta eta Chisagües bailaren artean kokatuta dago. Hori dela eta, gailurretik ikusten diren bistak zoragarriak dira. Seguruenik Piriniotako begiratoki ikusgarriena da. Bertatik gertu, ia eskuarekin ukitzeko moduan, ikusten dira Perdido eta bere inguruko gailurrak, Astazu gailurrak, Pinetako zirkua, La Munia, Robiñera eta beste hainbat gailur eta haran. Bista horiengatik soilik merezi du igotzea.

Pinetako zirkua, Comodoto aldetik.
 

Cincako ubidearen bidea Cin­ca kanala eraikitzeko eta ondoren mantentzeko erabili zen bidea da. Kanal hori joan den mendeko 20ko hamarkadan eraiki zen, eta Pinetako urtegian bildutako ura biltzen du, eta Tellaraino eramaten du. Han, Lafortunadako zentral hidroelektrikoraino eroriko da. Bidezidorrak Bielsa bailara goitik behera zeharkatzen du mendi-hegalaren erdi­aldetik, ubidearen trazadurari jarraituz. Bielsa haraneko mendilerroen ikuspegi interesgarria eskaintzen du. Bideak harkaitzean zizelkatutako zatiak ditu, tunelak eta guzti. Toki batzuetan nahiko airekoa da, baina, zati horietan pasabidea ziurtatzeko, paretan jarritako kableekin babestuta daude. Hala ere, erraz ibiltzeko moduko bidea da.

 

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA 

Uztailak 25

Atsegindegitik irten, eta eguer­di­an Ainsa inguruan dagoen Lo Entremon mehargunea ze­­har­katuko dugu oinez. Mesón de Ligüerre eta Palo herria lotzen dituen A138 errepidean da­goen zubia igarota hasten da bidea, eta Medianoko urtegian amaitu. Oso desnibel txikia du­e­­nez, oso eroso egiten den bidea da. Ibilbidean sai arreak ikus­­teko aukera izango dugu.

Urte­gitik Samitier gazteluaren aztarnetara igotzeko aukera izan­go da, denboraz ongi bagabiltza. Jarduera hori aukerakoa da, nahi duenarentzat. Gaztelura igotzeak 300 metroko desnibela suposatzen du, eta ibilbidea beste ordu eta erdi luzatzen du.

Medianoko urtegia, Lo Entremon mehargunean.


Uztailak 26

Hegoalderantz abiatzen den pis­tari jarraitu behar zaio. Pixkanaka-pixkanaka gora eginez, bideak biratu egiten du hasieran iparralderantz, eta gero mendebalderantz Barrosako haranean sartzen den bitartean. Pistako lehen zati hori basoaren barrutik igarotzen da, eta goranzko joera du; ondoren, igoera leunagoa eta progresiboagoa da. Basotik irte­tean Barrosako zirkua aurrez aurre agertuko zaigu. Zirkua Liena eta Pelada mendilerroetako haitzezko hormek ixten dute alboetatik, eta, atzealdean, Robiñera eta La Muniako gailurren ekialdeko hormek. Hormetatik askatzen dira Barrosa ibaia elikatzen duten ur-jauzi ikusgarriak. Paisaia benetan bikaina da, eta are bikainagoa zirkuaren hondora hurbildu ahala.

Pista bidezidor bihurtzen da. Bidezidorrari jarraituz, Barrosa ibaia zeharkatu eta, igoera txiki baten ostean, Barrosako aterpe librera iritsiko gara. Ondo zain­dutako aterpea da, eta 10 per­tsona inguru har ditzake. Lite­rak eta tximinia ere baditu.

Ber­tatik Barrosako mendate al­dera egin behar da. Ibilbideko desnibel handiena hemen egi­ten da. Ia 800 metroko desni­bela igo ondoren, Barrosako mendatera iritsiko gara. Berta­tik, 150 metro inguruko desnibela jaitsiz, Lacs de Barroude lakuetara jaitsi behar da, eta hortik ezkerrera eginez Hourquette de Chermentas lepora igo (100 metroko desnibela duen igoera laburra). Bertatik Piau-Engaly eski-estaziora jaistea soilik geratuko zaigu (600 metroko desnibela; ordubete inguruko jaitsiera).


Uztailak 27

Aterpetik irten eta ipar aldera eginez, basoan sartu eta gora egin behar da, Espierba herritik datorren pistarekin topo egin arte. Ezker aldera egin eta pistari jarraituz Estiva aterpera igo behar da. Pistak La Estiva gailurra bere ezkerretik inguratzen du aterpera iritsi baino lehen. Ordurako, basoa atzean utzi eta goi-soroetan sartuko gara. Aterpetik, ipar-ekialdera dagoen bailarari jarraituz, ageriko bidezidorretik Collado de Coronetas lepora igo behar da. Bertan bidea utzi eta, soro eta harrien artean, azken 200 metroko desnibela eginez, Comodoto gailurrera igo behar da. Itzulia toki beretik egingo dugu.

Uztailak 28  

Cinca ubidearen bidea egiteko, PR-HU-137 ibilbidearen markei jarraitu behar zaie. Ibilbidearen hasierako puntua Bielsako sarreran dagoen aparkalekua da. Aparkalekuan PR-HU-137ra igotzeko seinaleak daude. Herritik irten eta metro batzuk gora egin behar da. Igoera erraza da, eta desnibel txikikoa (150 metro inguru). Behin ubidean, bideak ez du galerarik, bidezidorrari jarraitzea besterik ez da geratzen. Bidea nahiko laua da, eta ia ez du desnibelik. Hamaika kilometro inguru egitean bidegurutze batekin egingo dugu topo. Eskuinera eginez Tella herrira igotzen da. Ezkerretik aldiz, Salinas herrira, ibilbidearen amaierara, jaisten da. Jaitsiera nahiko erosoa da baso barrutik egiten baita.

Cincako ubidearen ibilbideko irudia.
 

SANTIOKO ASTEBURU LUZEA PIRINIOTAN

Noiz: Uztailak 25-28

Kokapena: Huescan

Uztailak 25 - Lo Entremon mehargunea:
3 km, 1-2 ordu, 100 metro inguru gorantz. 

Uztailak 26 - Barrosako zirkua:
24 km, 7-8 ordu, 1.200 metro inguru gorantz eta 900 metro inguru beherantz.

Uztailak 27 - Comodoto:
17 km, 5-6 ordu, 1.100 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.

Uztailak 28 - Cincako ubidearen ibilbidea:
14 km, 4 ordu, 150 metro inguru gorantz eta 300 metro inguru beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoak. Lo Entremon meharguneko ibilbidea eta Cincako ubidearena ez dira aproposak bertigoa dutenentzat.

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

Oharrak: Aterpeetarako beharrezkoa da maindirea edota lo-zakua eta toalla eramatea.

Izenematea: Uztailaren 8tik, elkartearen egoitzan (Iturregi plaza). 25 lagunentzako tokia. 100 euro aurreratu beharko dira izena ematean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!