Erreportajeak

Ibilbide ederra, Orreagako guduan parte hartu zuten arbasoek erabili zituzten bideetatik

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendiko kideek hilabetean egingo duten irteera baten inguruko xehetasunez osatutako atala 2023ko urt. 31a, 00:00

Roldani eskainitako harrizko monolitoa, IbaƱetako mendatean. Orreagako gudan hil zen Roldan.

Aurizberritik Orreagara egingo du ibilbidea Mendiriz Mendik, otsailaren 12an. Zapalduko ditugun bideak eta zeharkatuko ditugun basoak, arbasoek erabiliko zituzten zelata prestatu edo Orreagako gudua amaitzean ihes egiteko.

Nafarroako Pirinioetara egingo dugu irteera Mendiriz Mendiko kideok, otsailaren 12an, larunbatarekin. Goizeko 07:30etan ate­rako gara Atsegindegitik, eta Aurizberrira joango gara, bertatik Orreagara ibilbidea osatzeko.

Irteera honetan, Orreagako guduan parte hartu zuten gure arbasoek erabili zituzten bideetatik ibiliko gara. Seguru gaude guk zapaldutako ditugun bideak eta zeharkatuko ditugun basoak, arbaso haiek zelata prestatzeko edo gudua amaitzerakoan ihes egiteko erabili zituztela.

 

Lindus gailurraren ingurutik pasako gara, ibilbidean.
 

AURIZBERRI

 Aurizberri XIII. mendearen erdialdera Teobaldi II.ak fundatutako herria da. Soldadu frantsesek XVIII. mendearen amaieran erre zuten. Herria aberatsa da trikuharrietan, eta horietatik lau oso egoera onean daude eta bisitatu daitezke. Duela gutxi, aire zabalean dagoen hilarrien museo bat ere sortu dute. Hilarriak, etxe bakoitzeko hilobiak identifikatzen dituzten arte herrikoiaren sorkuntzak dira. Museoan jasotakoak XVII. eta XVIII. mendekoak dira.

 

ORREAGA ETA BERTAKO GUDUA

 Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondoren, Frantzia eta Mendebaldeko Europaren zati handi bat gobernatzen zituen karolingiar dinastia gailendu zen. Bere helburuetako bat Europaren batasuna lortzea zen. Dinastia horretako errege ospetsu eta boteretsuena Karlomagno izan zen. Bere erregealdia hasi baino urte batzuk lehenago, 711n, musulmanak penintsulan sartu ziren, eta bisigodoak eraitsi ondoren, ia penintsula oso bereganatu zuten, erresistentzia handia erakutsi zuten iparraldeko lurralde gune txiki batzuk izan ezik.

777an, penintsulako ipar aldeko gobernadorea zen Sulayman Ibn Yaqzanek babesa eskatu zion Karlomagnori, Cordobako emirra zen Abderraman I.ak  ezarri zien zapalkuntzaren aurrean.

Karlomagnok bere lurraldeak zabaltzeko eta Ebroko harana menderatzeko aukera ikusi zuen orduan. Gainera, musulmanekin zegoen muga, Pirinioak baino haratago ezartzeko aukera zegoen. Horretarako, 778ko udaberrian bi zutabetan banatutako gudaroste handi bat martxan jarri zuen, Pirinioak zeharkatu zituen, eta gaur egungo Zaragoza den hiri musulmana bereganatzen saiatu zen. Bertako hiritarrak, Sulayman gobernadorearen iritzia kontrajarriz, ez ziren makurtu, eta hasieran erraza izango zen ekintza militarra korapilatu egin zen.

Hiriaren setioa luzea eta zaila izango zela aurreikusi zuen. Gainera, bere erresumako ipar aldean saxoien matxinada hasi zen. Bere nahien kontra, itzuli egin behar izan zuen. Espedizioak setioa altxatu eta itzulera hasi zuen. Tropa oso desmoralizatuta zegoen. 

Iruñetik igarotzean, Frantziako bidean azken gotorlekua zena, matxinadak saihesteko eta bere agintepean jartzeko, Karlomagnok hiria suntsitzea agindu zuen. Erretiratzen ari zen armada presarekin zijoanez, kalteak arrakalak irekitzean eta elementu esanguratsuenak ezabatzean zetzan, horiek nahikoak baitziren hiriaren defentsa-gaitasuna baliogabetzeko. Euskaldunak asko haserretu ziren ekintza horrekin.

Armada karolinjioa Iruñetik abiatu zen bi gorputzetan, egun bateko edo biko distantziaz bananduta, ura eta hornidura bermatzeko. Lehena, ugariena, Karlomagnok zuzendua; eta bigarrena, apur bat motelagoa, atzeguardia, Roldanek gidatua. 778ko abuztuaren 15ean, abangoardiak Pirinioak zeharkatu zituen Orreagatik. Atzeguardia menditar baskoiek erasotu zuten, zeinek, harriduraz, posizio estrategikoaz eta indarren arintasunaz baliatuz, sekulako hondamena eragin zieten. Atzeguardia osoa suntsitu zuten, eta Roldan hil zuten. Erasotzaileek ahal zuten guztia arpilatu, eta azkar sakabanatu ziren mendikateko baso itxietan zehar. Porrota erabatekoa zen. Aurretik zijoan armada atzeguardiari laguntzera itzuli zenean, hilotzak besterik ez zituen aurkitu, eta mendekua hartzeko etsaiaren arrastorik ez zegoen.

Gertaera historiko horretan oinarrituta idatzi zuten Roldanen abestia. Europako hizkuntza erromantzean idatzitako lehen gesta-kanta da. Orreagan gertatutakoa kontatzen du edertasun literario handiarekin, baina zorroztasun historikorik gabe. Baskoien aurkako porrota izan zena, Roldan sarrazeno multzo baten aurrean adorez erortzen den Erdi Aroko heroi modura agertzen du. Orreagako bataila bertso bihurtua, ahozko tradizioaren bidez transmititzen da juglareen bidez, plazetan, ebakiduretan eta merkatuetan abestua.

Orreagako monastegiko Espiritu Santuaren Kapera «Karlomagnoren siloa» bezala ere ezagutzen da; tradizioak dioenez, errege frankoak Roldan bere lagun handiaren eta Orreagako guduan hildako beste zaldunen omenez eraikiarazi zuen, ehorzketa lekuan eraikia dagoela pentsatzen delako.

  

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

 Aurizberri herriko sarreran, Sorogain aldera doan pista hartu behar da. Zertxobait aurrerago, bidea bitan banatzen da. Ezkerreko pista jarraitu eta markek gidatuta pagadi batean sartuko gara. Erreka ezkerrean dugula, bideak mendiari buelta handi bat ematen dio, eta Sorogain izeneko eremura eramaten gaitu. Bertan aterpea eta eremu megalitiko bat daude. GR-11ko marka zuri eta gorriei jarraituz ,maldan gora egiten hasiko gara. Hesia beti eskuinean dugula, Txasperro (1.175 m) gailurreraino igo behar da. Gailurretik, ibilbide hasiera izan den Aurizberri ederki ikusten da.

Gure ezkerrean Mendiaundi gailurra ikusten da. Hesia zeharkatu eta bi gailurren arteko lepora jaitsi behar da. Bertatik Mendiaundiko gailurrera igo behar da. Bertan ipar aldera eginez, Aldaparriko lepora jaitsi behar da, eta hemendik, ipar-eki aldera eginez, mendi gandorra jarraituz Lindus gailur aldera egin behar da. Frantzia eta Espainia arteko mugara iristerakoan, errepideari jarraituz Ibañetako mendatera jaitsi behar da. Bertan Orreagako guda oroitzeko Roldani eskainitako harrizko monolitoa dago.

Santiagorako bideari jarraituz, marka horiz adierazita, Orre­agaraino jaitsiko gara.

 

AURIZBERRI-ORREAGA

DATU INTERESGARRIAK

Eguna: Otsailak 12

Luzera: 21 kilometro

Denbora: 6 ordu

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!