Erreportajeak

Lizarrustiko Parketxetik Aralarko San Migel santutegira, paisaia harritsuan barrena

Aralarko San Migel santutegia nabarmentzen da Aralarko Itzuliaren ibilbidean, eta panoramika ikusgarria dauka.

GR-20 zeharkaldiaren aurreneko etapa osatuko du Mendiriz Mendik irailaren 25ean, Lizarrustin hasi eta Aralarko San Migel santutegian bukatuta, 15 kilometroko ibilbidearekin. Haran, leize eta kobazuloak dituen paisaia harritsua ikusteko aukera ematen du Aralarko Itzuliak.

Aralar mendilerroan barrena egingo dugu ikasturte berriko aurreneko irteera. GR-20 zeharkaldiari hasiera emango diogu, eta Lizarrustitik Aralarko San Migel santutegira osatuko dugu aurreneko etapa, 15 kilometroko ibilbidearekin, irailaren 25ean.

Azken urte hauetan berreskuratutako GR-etako bat da GR-20. Ibilbide luze bezain eder honek, Gipuzkoa eta Nafarroako probintziek partekatzen duten Aralarko mendilerroari itzulia ematen dio, bere inguruan kokatzen diren herri eta herrixkak bisitatuz. Ibilbide osoaren distantzia 96 kilometrokoa da, eta normalean zazpi etapatan egiten da. Itzulia hainbat tokitatik hasi daiteke; adibidez, Sakanako Arbizu, Uharte Arakil edo Etxeberri herrietatik, edo Gipuzkoako beste herri batzuetatik. Baina guk Lizarrustiko Parketxean, garai batean arbitrio etxea zen horretan, emango diogu hasiera. Arbitrio etxe hauetan, zergak kobratzen zitzaizkien bertatik igarotzen ziren merkantzia garraiatzaileei.

Aralarko Itzuliak haranak, leizeak eta kobazuloak dituen paisaia harritsua ikusteko aukera ematen du, baita urtaroen arabera aldatzen diren belardiak eta pagadiak ere. Mendilerroa, gainera, estazio megalitikoetan aberatsa da. Gipuzkoako aldean 17 trikuharri daude eta Nafarroan, aldiz, 44. Ibilbidean Aralarko San Migel santutegia nabarmentzen da, non Aralarko aingerua dagoen.

Aralarko San Migel santutegiak panoramika ikusgarria du. Horrez gain, bertan Europako esmaltegintzako obra gorentzat jotzen den erretaula erromaniko bat dauka. Nafarroako iparraldeko espiritualtasun-zentro ezagunenetako bat da.

 

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA

Ibilbidea zutoin adierazleen ondotik hasiko dugu, eta errepidetik metro batzuk ekialdera egin ondoren, baserri batera iritsiko gara. Hortik gora egin behar da, Iturrasaitu parajera iritsi arte. Bertan ezkerrera biratu, eta ekialdera eginez, dorre elektrikoen albotik zati luze bat egiten da pista lau batetik. Basotik tarte batean gora egin ondoren, bideak beherantz jotzen du, eta NA-120 errepidera hurbiltzen gaitu.

Errepidea zeharkatu eta gorantz egin behar da, Pipuletako lepora iritsi arte. Tarte honetan 250 metroko desnibela igotzen da. Lasai hartuta berehala egiten dira. Lepotik Artabakarreko bordara iritsi arte nahiko laua da, gorabehera txikiekin. Borda igaro ondoren, berriro gora egiten du, Arangun izeneko parajera iritsi arte. Igoera guzti hau nahiko erosoa da, zati handi bat pistatik egiten baita. Azken zatia pagadian eta gune karstiko baten barrutik egiten da.

Bidea pagadi eta orbel artean sartzen da, eta berriro emeki gora egiten du, bi masa harritsuen arteko mendi-lepo zabal baten gainera iritsi arte. Ondoren, bideak behera egiten du, ganadu eta pista bidezidorren artean, Uztokiko zelaietara iritsi arte.

Ataka bat igaro ondoren, bidezidorrak amildegiaren gainean bira bat egiten du, eta berriro gora egiten da, Saldisgain gailurrera igo arte. Behera egin eta eremu erosotik jaisten da, Uhartera doan bidearekin bat egiten duen arte. Tarte honetan, trikuharri baten albotik pasako gara. Beheraxeago, ezkerrera biratuta, haran txiki batean sartu eta gora egin behar da, bide zabaletik. Azken igoera da. Bide hau Uhartetik santutegira igotzen den ohiko bidearekin elkartzen da, eta azken metroak bide horretatik egiten dira.

 

GR-20 ZEHARKALDIAREN 1go ETAPA: Lizarrusti-Aralarko San Migel Santutegia

DATU INTERESGARRIAK

Kokalekua: Nafarroa

Eguna: irailaren 25a

Luzera: 15 kilometro

Iraupena: 5-6 ordu

Desnibela: 600 metro inguru gorantz

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!