Erreportajeak

«Talde hau salbazioa izan da niretzat, kontrolik gabeko pertsona nintzen»

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Zinkunegi 2025eko azaroaren 14a

Asteartea da. Azaroak 4 ditu gaur eta astero lez, Hernaniko Jokalari Anonimoen taldeko kideak beren lokalean bildu dira talde terapia egiteko. Hamar bat lagun batu gara guztira; tartean dira Jokin elkarteko arduraduna (izen faltsu

Jokalari Anonimoak taldeak 36 urte baino gehiago daramatza jokoarekin arazoak dituzten pertsonak laguntzen. Astero, astearteetan, talde terapiak egiten dituzte arratsaldeko 19:00etan, eta familia eta lagunen talde terapiak ere eskaintzen dituzte hileko lehen astearteetan.

 

Asteartea da. Azaroak 4 ditu gaur eta astero lez, Hernaniko Jokalari Anonimoen taldeko kideak beren lokalean bildu dira talde terapia egiteko. Hamar bat lagun batu gara guztira; tartean dira Jokin elkarteko arduraduna (izen faltsua da), Karmele Gurrutxaga psikologoa, eta ni neu, Kronikako kolaboratzaile gisa.

1990. urteko urtarrilaren 10ean sortu zen Jokalari Anonimoak taldea. Helburua hasiera-hasieratik izan dute argi: joko adikzioak dituzten pertsonak laguntzea, eta geroztik, hamaika pertsonen sostengu izan dira euren bizitzako unerik kritikoenetan.

Nork bere burua aurkeztu du, erreportaje honen helburua zein den adierazi eta berehala hasi gara solasean. «Ludopatia gaixotasun bat da. Jokatzeko bulkada kontrolatu ezin duzunean gertatzen da», azaldu du Gurrutxaga psikologoak. Hasieratik egin dute jokalari sozial eta ludopaten arteko bereizketa: «Jokalari sozialak saria irabazten badu poltsikoan sartu eta alde egiteko gaitasuna du, baina ludopatok diru hori makinan sartuko dugu behin eta berriz», adierazi du elkarteko kide batek. «Jokatzeko gogoa izatea ez da berez arazoa, baizik eta jokatzeari ezin uztea», argitu du Karmelek.

Jokatzen zergatik hasi ziren galdetuta, gehienek ez dute erantzun argirik: kuriositatea aipatu dute batzuk, garai txarra pasatu izana beste batek edota dirua irabazteko nahia. Jokinek, ordea, ahobizarrik gabe bota du ondorengoa: «Nori eragiten dio adikzio batek? Emozionalki heldugabea den pertsona bati. Nik heldugabetzat dut nire burua, eta heldutasuna pixkanaka lortu dut, terapiara etortzeari esker». Ludopatak mentalki gainontzeko pertsonak baina ahulagoak direla uste du Jokinek, horregatik erortzen direla eurak adikzioan eta ez beren ingurukoak.

 

Taldearen sorrera eta oinarriak

90. hamarkadan, txanpon makinen eta joko aretoen loraldia gertatu zen Euskal Herrian. Geroz eta gehiago ziren arazo ekonomikoak eta joko adikzioa zituzten herritarrak, eta horri erantzun bat emateko asmotan, Hernaniko Udaleko Drogomenpekotasun Sailak Jokalari Anonimoen taldea jarri zuen martxan. Txus Congil udal langilea izan zen taldearen bultzatzailea: Ameriketatik heldu zen ludopatia terapia programa baten berri izan zuen, eta hori bera herrian aplikatzen saiatu zen. Nazioarteko terapia mota horrek 'Jokalari Anonimoak' zuen izena eta Alkoholiko Anonimoak programaren printzipio eta metodologia berdinak zituen. Ludopatiari aurre egiteko, hambi urrats edo gomendio zituen oinarrian, eta, egun, horiekin funtzionatzen dute taldean.

Halaxe azaldu du lehen urratsa Jokinek: «Hasteko, gaixo zaudela onartu behar duzu, onartzen ez baduzu, ez baitiozu tratamenduari ekingo». Eman beharreko beste pausuetako bat jokatzeari uko egitea dela esan du, eta hari eskaintzen zenizkion orduak beste nolabait ‘bete’ behar direla: irakurketaren bidez, musikarekin, kirola eginez… Behin jokatzeari uzten diozunean 'kontsolidazio' fase batean sartzen zara eta fase honetan talde terapietara joan eta zure esperientzia gainontzekoekin partekatzen duzu. Azkenik, jokatu gabe denbora zoazenean eta zure burua gai ikusten duzunean, norbaitek laguntza eskatzen badizu esku bat botatzeko prest egon behar zara.

 

Bakarra Gipuzkoa osoan

«Programak gauza bat du ona: dohainik da», jakinarazi du Jokinek. Gipuzkoan badaude joko arazoak dituzten pertsonak laguntzeko elkarte gehiago, baina hara joateagatik tarifa bat ordaindu behar dela azaldu du elkarteko arduradunak: «Horrek erakartzen du jendea. Dirurik gabe gelditu den pertsona bati hona etortzeagatik ordaindu behar duela esango bagenio, kontrako efektua lortuko genuke». Hala probintzia osotik jasotzen dituzte bisitak: Debatik, Zumarragatik… eta badago gizon bat ere, egun kanarietan bizi dena, Euskal Herrira etortzen den bakoitzean talde terapietan parte hartzen duena.

Karmele Gurrutxaga psikologoak azpimarratu du, eskertzekoa dela Hernaniko Gizarte Zerbitzuek euren lokala mantentzeko egiten duten apustua. Izan ere Jokalari Anonimoak taldearen bilera gelak Zerbitzu Sozialen gunearen barnean egiten dira, Sandiusterri Kalean: «Halako espazioak sortzeko interesa dutela ikusten da», jakinarazi du.

Bi terapia mota eskaintzen dituzte. Astero, astearteetan, talde terapia bilerak egiten dituzte arratsaldeko 19:00etan, baina horrez gain senide eta lagunen talde terapiak ere eskaintzen dituzte hileko lehen astearteetan. Horrela dio Gurrutxagak: «Normalean bi espaziotan banatzen gara: jokoarekin arazoak dituzten pertsonak alde batetik, askatasuna izan dezaten lasai hitz egiteko etxekoaren presio hori gabe; eta familiakide eta lagunak bestetik, elkarbizitza nola daramaten partekatu ahal izateko ulertuak sentituko den espazio batean». Bi kasuetan laguntza profesionala eskaintzen da.

Jokalari Anonimoak elkartearekin harremanetan jarri nahi duenak bi aukera dauzka: 636 361 453 telefonora deitzea da bat eta bestea email bat idaztea jugadoresanonimoshernani@gmail.com helbidera: «Normalean laguntza eske deitzen duena familiakide bat izaten da, eta beren egoeraren berri ematen digu». Elkarteko arduradunek beren egoitzara etortzeko zitatzen dituzte; bai familiakidea eta bai joko arazoak dituen pertsona, eta bertan ezagutzen dute elkar.

Lehen bilera horretan, talde terapiekin hasi aurretik, dena jartzen da mahai gainean: «Nola funtzionatzen dugun azaltzen diegu eta haiek euren adikzioaren berri ematen digute: denbora hau daramat jolasean, nire modalitatea kirol apustuak dira, edo bingoa, ruleta…» azaldu du Jokinek. Zita horretan, dituzten zorrak ere izaten dituzte hizpide eta gaineratu du hor sartzen dela «krisian» jokalaria, guztiaren berri izango dutela dakitelako: «Jendeak zorrak ezkutatzen ditu baina alperrik. Izan ere momentu bat iritsiko da horiek argitara aterako direna, zeren bankuek edo kreditu entitateek ez dituzte zor horiek barkatuko».

Momentu horretatik aurrera, joko adikzioak dituen pertsonaren diru sarrerak familiakide horren esku gelditzen dira. 'Paga' moduko bat ezartzen dio jokatzen duen pertsonari eta dituen gastu eta beharretarako, dirua familiakideari eskatu beharko dio. Zorrei dagokienez, azterketa arrazional bat egiten da, gastu horiei aurre nola egin diezaieketen jakiteko: «Banketxeekin eta senideekin hitz egin behar da, kreditu hori birfinantzatu daitekeen jakiteko», eman du jakitera Jokinek. Izan ere, haren esanetan: «Ezin da urte luzez izan duzun arazo hori hilabete batean konpondu. Soldatak eta pentsioak direnak direlako».

 

Hogeita bost, bi bost: bingo!

Elkartearen funtzionamenduaz hitz egin ostean, bertaratu diren kideek, euren istorio pertsonalak kontatu dituzte. Zazpi pertsona inguru izan dira, bi emakume eta gainontzekoak gizonezkoak, eta emakume horietako bat izan da lehena hitz egiten: «Nituen arazo batzuetatik ihes egin nahi nuelako hasi nintzen jokatzen. Familia afera batzuk izan nituen eta gaizki sentitzen nintzenenez lagun batek bingora joateko gonbitea egin zidan». Emakumeak argi utzi du bere laguna ez zela ludopata, biak bingora joateko ohitura hartu zutela, baina berak ezin izan ziola joateari utzi. Bi seme alaba dauzka eta euren laguntza izan du une oro: «Gertatzen zitzaidanaren berri eman nien, eurek gaixotasun bat zela esan zidaten eta lagundu egingo nindutela. Primeran nago beraiekin».

Alboan daukan emakumea ere bingoaren mende erori zen. Hala adierazi du: «Talde hau salbazioa izan da niretzat, kontrolik gabeko pertsona nintzen. Lanetik atera eta berdin zidan seme-alabak uztea. Bingoa zen nire obsesioa eta hona etorri nintzen nire alaba zaharrenak harrapatu ninduelako».

 

«Elkarteko kide bat: Niretzat garrantzitsuagoa zen jokatzea lagunekin edo familliarekin erlazionatzea baino»

 

Izan ere, joko adikzioak dituzten pertsona askok amankomunean gauza bat dute: gezurrak esateko beharra, etxetik kanpo igarotzen dituzten orduak nolabait justifikatu behar baitituzte. «Egun batean galtza batzuen bila joan behar nuela eta entrentenitu egin nintzela esaten nuen, beste batean bajua hartu behar zidatela, baina hurrengoan zer esango nuen? Eta hurrengoan?».

Lanean asteburuetan ordu gehigarriak sartzen hasi zen, astean zehar ordu batzuk libratu eta jokatzera joan ahal izateko. Hala, alaba hurbildu zitzaion egun batean eta ondorengoa esan zion: «Ama zuk arazo bat duzu. Arratsaldero etxetik alde egiten duzu, ez dakit nora joaten zaren baina, hemen uzten gaituzu eta bost axola dizu». Eta hor onartu zion jokoarekin arazo bat zuela: «Hasieran ez nuen senarra enteratzerik nahi, asko bidaiatzen zuen eta momentu horretan ez zegoen etxean». Baina senarra ere jakinaren gainean jarri zuten eta beti izan du familia osoa alboan.

Jokalari anonimoak taldea berehala egin zitzaion lagungarri: «Jokinek egin zidan ongietorria eta niretzat ikaragarria izan zen. Gastatu nituen diru guztien berri eman nien, irabazten nuen guztia xahutzen bainuen, seme alabak zaintzeko behar nuena izan ezik». Hasieran lotsa handia pasa zuela aitortu du, berak ez baitzekien ludopatia gaixotasuna existitzen zenik ere eta nekez pentsatuko zuen bera bezalako jendea zegoenik. Baina terapian hasi eta berehala egin zion klik buruak eta urte mordoa egon zen jokatu gabe: «Berriz erori nintzen arte», adierazi du. Talderi etortzeari utzi zion eta hortik denbora batera, gaixotasun bat tarteko, berriz hasi zen jokatzen. «Bigarren aldiz etortzea askoz gogorragoa izan zen. Nekien guztia jakin ostean, berriz erori nintzelako». Orain taldearen eta familiaren babesari esker ondo dago, baina argi du noizbehinka terapietara etortzen jarraitu nahi duela: «Buruak behin huts egin zidan eta badakit berriz gertatzea dagoela», adierazi du.

 

Txanpon makinak eta kirol apustuak

Taldeko gizonek ere kontatu dituzten euren bizipenak. Gehienek izan duten adikzioa txanpon makinekin loturikoa izan da, eta ez edonolakoa gainera. Hala azaldu du haietako batek: «Lanera 6:30ean sartzen banintzen hirurak eta zerbait gehiago esna nengoen, eta lauak eta piku dutxara sartzen nintzen. Zergatik? taberna bat zegoelako txanpon makina zuena eta 4:45ean irekitzen zen». Hara iristen lehena izan behar zuela adierazi du, izan ere, tabernara iritsi eta makinan norbait zegoela ikusten bazuen, lanera sutan iristen zen. Gero laneko arazoak heldu zitzaizkion, lapurretak etab. eta dinamika itsusi batean sartu zela aitortu du: familiari gezurrak esanez eta bizitza bikoitz bat ematen: «Gogoratu egin behar zara aurretik zer esan duzun gero gauza berdina esateko. Gezurren fenomenoak bihurtzen gara».

Beste kide batek aditzera eman du jokatzeko behar psikologiko handia sentitzen zuela: «Niretzat garrantzitsuagoa zen jokatzea lagunekin edo familiarekin erlazionatzea baino». Eta beste batek, berriz, gaineratu du bankuan kredituak eskatzen hasi zela eta amaren dirua berak administratzen zuenez, hari ere lapurtzera ailegatu zela: «Gaur egun pentsatzen jartzen zara eta zeure buruari esaten diozu. Nola izan nintzen hori egiteko gai?».

«Elkartearekin harremanetan jarri nahi duenak bi aukera dauzka: 636 361 453 telefonora deitzea da bat eta bestea email bat idaztea jugadoresanonimoshernani@gmail.com helbidera»

 

Solasean ari ginela, bertaratutakoei ondorengo galdera ere egin diet: «Zein dira adikzio bat duen pertsona batek erakutsi ditzakeen lehen seinaleak?». Eta hor taldeko gazteenak hartu du hitza: «Hemen ni naiz kirol apustuen adikzioa izan duen bakarra. Nik bizitza normala egiten nuen eta plan guztietan parte hartzen nuen, futbolera joaten nintzen, lagunekin egoten nintzen, etxean ere bai…». Bere kasuan, inor konturatu gabe jokatzen zuen, mugikorrari esker: «Gaur egun oso zaila da detektatzea nor ari den jokatzen, lehen agian makina baten aurrean harrapatu ziezazuketen, baina egun…». Gazte honen ustetan, albokoak arazo bat duzula konturatzerako sekulako zorra egina izan dezakezu.

 

Lo dagoen zomorroa

Hizketan ia ordu bete generamatzala elkarrizketa borobildu nahi izan du ondorengoa azalduz: Zer da berriz bizitzara itzultzea? Hala dio berak: «Askotan esaten dugu, adikzio bat izan duten pertsonek barruan lo dagoen zomorro bat dutela, eta inportantea dela terapiara etortzen jarraitzea, zomorro hori barruan duzula bizitzen ikasteko». Nola egin daiteke hori, ordea? Gurrutxagak argi du bizitzari beste zentzu bat eman behar zaiola eta beste bide batzuk bilatu behar ditugula arazoetatik ihes egin nahi dugunerako.

Elkarteko kide batek gaineratu du terapiara bueltatzen denean, nor den gogoratzen duela eta indarrak hartzen dituela borrokan jarraitzeko. «Jaikitzen zaren bakoitzean gaur ez dut jokatuko pentsatu behar duzu eta pixkanaka aurrera segi. Hain gaizki pasa dugu… Orain mendira joateko ohitura hartu dut eta asko ari naiz disfrutatzen. Funtsean hori baita politena. Aldaketaz gozatu ahal izatea!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!