Erreportajeak

«Gizarteak behar duen proiektua da garatzen ari garena: proiektu berdinzale, antiarrazista eta feminista»

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Zinkunegi 2025ko mar. 29a, 00:00

Inge Lekuona Emakumeon Etxeko koordinatzailea, eta Tere Muñoz eta Belen Olaziregi, elkarteko kideak.

Iazko udazkenean, hiru urte bete berritan, bi hausnarketa saio egin zituzten Emakumeon Etxean. Lehen saioan, besteak beste, Emakumeon Etxea zertarako den, norentzat den eta elkarlanaren garrantziari buruz hitz egin zuten, eta bigarren saioan, berriz, hizpide izan zuten nola hurbildu etxea herriari eta herria etxera. Orain, hausnarketa horietatik abiatuta, erronkak eta aurrera begirako ekintzak zehaztu dituzte, eta elkarteko kide diren Inge Lekuona, Belen Olaziregi eta Tere Muñozek Kronikari kontatu dizkiete euren asmoak.

Zein ondorio atera zenituzten saio bakoitzetik? Zein ideia nabarmendu nahi dituzue?

Argi eta garbi, proiektua bizirik dagoela eta aurrera egiten jarraituko duela. Lau urte hauetan lan handia egin dugu eta bide onetik goazela esango genuke. Ez genuen uste honaino iritsiko ginenik. Proiektua martxan jartzeko biltzen hasi ginenean sortu genituen espektatibak bete ditu gure Emakumeon Etxeak. Bete, eta pasa ere bai. Bide motz honetan, motza diogu ia konturatu gabe igaro direlako, gauza asko ikasi ditugu eta irailean egin genituen bi hausnarketa saioak ere ikaspen bezala biltzen ditugu gure lana hobetzeko. Gizarteak behar duen proiektua da garatzen ari garena. Proiektu berdinzale, antiarrazista, eta feminista.

Begirada malgua duen proiektua da Astigarragako Emakumeon Etxearena. Beharretara egokitzen dakiena, ideia eta pertsona berriak integratuz. Herri txikia izanik, modu horretan eta gertutasunez lan egiteko aukera ematen digu.

 

Kritika konstruktiborik jaso zenuten?

Saioetan zehar behin baino gehiagotan aipatu zen ideia “itxitasunarena” izan zen. Baina ez gintuen harritu. Jendeak uste du Emakumeon Etxera etortzeko indarkeria jasan behar izan duzula eta honi aurre egiten laguntzeko zerbitzua dela. Baina elkartea askoz gehiago da. Izenak dioen bezala, etxe bat da, zaintza erdigunean jartzen duen etxe bat. Epairik gabe, eroso egon zaitezke bertan: kafe bat hartzen, liburu bat irakurtzen, ikastaro batean parte hartzen edo militatzen. Gutako askorentzat bigarren etxea dela esaten dugu, izan ere, bizipen ugari biltzen ditu espazioak: barreak, konplizitateak, beldurrak, tristurak… baina, batez ere, babesa. Taldearen indarrean sinesten dugu, bidea elkarrekin egiteko gaitasunean. Une zailetan hor gaudela sentitzeko, baina baita momentu onak elkarbanatu eta bizitza ospatzeko ere.

Ikastaro bat amaitu berri dugu eta azken egunean pikoteo bat antolatu genuen bakoitzak zerbait ekarrita. Mahaiaren bueltan ginela, ikastaroa zer iruditu zitzaien galdetu genuen, eta hona lehen aldiz etorri zirenei Emakumeon Etxeaz zein inpresio hartu zuten kontatzeko eskatu genien. Berriro ere irten zen hasiera batean itxi itxura duelaren ideia. Haien gertuko batek komentatuta, interesa piztu eta parte hartzea erabaki zuten eta sorpresa handia hartu zutela adierazi zuten, izugarri gustura egon direlako. Dudarik gabe ingurukoak etortzera animatuko dituztela esan ziguten.

 

Nola jarriko dituzue saio horietan egindako proposamen eta ideiak martxan?

Saioetan bildutako informazioarekin, taldean elkartu eta zenbait erronka identifikatu genituen, aurten edo datorren urteetan helburutzat izateko. Hala nola, formakuntza feministan sakontzea, emakumeentzako erreferentziazko gune bihurtzea, komunitatea indartzea eta etxeari irudi erakargarria ematea. Erronka horiei erantzuteko hainbat ekintza planteatu ditugu eta hau guztia Jabetze Eskolaren, urteko programaren eta egun esanguratsuak baliatuz egin nahi dugu: Martxoaren 8a, maiatzaren 17a eta ekainaren 28a, edota azaroaren 25a eta agendan kokatu berri den azaroaren 30a.

Herriko elkarte eta eragileekin elkarlana sustatzea ere garrantzizkotzat jotzen dugu, Astigarraga Feminista eraikitzeko guztion artean egin behar baitugu lan. Ahalik eta txoko gehienetan ikuspegi feminista txertatu nahi dugu, herria eraldatu eta jendearen bizi kalitatea hobetzeko gure aletxoa jarri.

 

Martxoaren 8a ere pasa berri dugu. Zer moduz joan zen?

Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat eginez, Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak lemapean antolatu genuen Emakume Langileen Nazioarteko eguna. Herriko gazte feministek protagonismoa hartzea nahi genuen eta haiekin batera lanean aritu ginen martxoaren 8a zertarako eta nola antolatu nahi genuen erabakitzeko. Haien parte hartzea haundia izan zen eta oso pozik gaude sortutako harremanekin, elkarlanerako aukera onak baititugu.

Astigarraga herri gaztea da eta kale mobilizazioak berriak dira oraindik. Ez gaude ohituta manifestazio jendetsu eta aldarrikatzaileetara, baina lanean gabiltza.

Aldarrikapen giroa sortu zen eta aldi berean, gure espazioak umoretik eta zaintzatik ere eraiki nahi ditugula gogorarazi genien gure buruei. Espazio publikoa hartu genuen, hainbat belaunalditako emakumeak elkartu ginen eta eguna elkarrekin igaro genuen. Saretzeko, aldarrikatzeko eta elkarrekin borrokatzeko eguna izatea nahi genuen. Goizean solasaldia, vermut feminista musikatua, bazkalosteko jolasak eta elkarretaratzea. Emakumeen arteko sareak indartzeko balio izan zuen, eta gutaz gain, elkarretaratzera herritarrak gerturatu ziren.

 

Inge, zu dinamizatzaile gisa aritzen zara kontratupean, baina Emakumeon Etxeko sarea, makina bat bolondresek ere osatzen dute.

Bai, Astigarragako Emakumeon Etxeak kogestio eredua du eta beraz, finantziazioaren zati haundi bat udalaren aldetik jasotzen dugu, baina kudeaketa elkartetik daramagu. Udalarekin koordinazioan gaude eta harreman ona dugula ere esan beharra dago.

Nik proiektuaren eta espazioaren koordinatzaile moduan egiten dut lan, baina nirekin batera emakume ugarik hartzen dute parte. Haiek marrazten dute nora eta nola joan nahi duten eta ni baliabideak lortzen saiatzen naiz hori egingarria izan dadin. Uste dut horrela egin behar dela lan, herritik, herriarekin eta herriarentzat. Proiektuak jarraipena eta dedikazioa behar duenez, langilearen figura beharrezkoa da, denbora eta profesionaltasuna eskaintzen baitiote proiektuari. Kogestio ereduak gainera, izaera komunitarioa edukitzea ahalbidetzen du gure kasuan.

 

Proiektua kudeatzeko eta sortzen diren beharrei erantzuteko, lan-taldeka antolatzen zarete.

Programazioa, komunikazioa, finantziazioa, truke eta bigarren eskuko azoka, kafe tertulia, baratza feminista, tuneo tailerra, kale dinamika… Lan-talde batzuk iraunkorrak dira eta esan bezala, beste batzuk momentuan identifikatzen ditugun beharrei erantzuteko sortzen ditugu.

Emakumeen gaitasunak eta jakinduria balioan jartzen ditugu, guztiok dugu proiektuari ekarpena egin eta laguntzeko aukera; gure inguruetan ahoz aho proiektua ezagutarazten, kartelak jartzen, festetako sukaldean parte hartzen, ideiak eta proposamenak egiten… Batzuk erabaki-guneetan gaude, baina laguntza puntuala ere beharrezkoa da. Baita ekintzetan parte hartzea ere. Bazkide eta partaide bakoitzak bizitza ematen diote etxeari. Era autogestionatuan antolatzen diren talde irekiak esaterako, bolondresek kudeatzen dituzte eta hain zuzen, hau sustatzen saiatzen gara. Izaera komunitarioa izan dezatela. Tuneo taldeak dagoeneko egin du bere bidea. Josteko eta ditugun oihalak berrerabiltzeko taldea da, baina bigarren eskuko eta truke azoka taldeko kideek antolatzen dute. Saioetan ez da beti josten, kafea hartzea erritual bihurtu da eta sortzen den giroa askotan “katxondeo” bat da. Asteazken goizak horrela goxatzen ditugu.

 

Nola prestatzen duzue programazioa? Zeri ematen diozue garrantzia?

Programazaioak lau lan-lerro ditu: ahalduntzea; gorputza erdigunean jartzea; umorea eta aisialdia; eta, azkenik, formakuntza feminista. Lau ardatz horien baitan osatzen dugu Jabetze Eskola eta jasotzen ditugun proposamenen eta identifikatzen ditugun beharren arabera ekintza berriak txertatzen ditugu programan. Malgutasunez lan egiten saiatzen gara, eta jendeak behar eta gustoko duena eskaintzen. Akonpainamendua indarkeria kasuetan, aisialdirako sarea sortzen, formakuntza… behar anitzak daude eta hauei ahalik eta ondoen erantzuten saiatzen gara emakumeen ahalduntzea bilatuz eta parte hartzea sustatuz. Konturatu gara ia “a la carta” eginiko eskaintza dugula: indarkeria bikarioa jasaten duten emakumeak daudela herrian? Goazen Kafe Tertulia antolatzera gaia landu eta saretzeko. Emakumeak taldean korrika egiteko talde baten beharra dagoela herrian? Sortu dezagun. Hilekoaren gaia landu nahi dugula? Egin dezagun. Herri txikia izateak gertutasunez eta konfiantzatik lan egiten laguntzen du.

Proposamen ugari jasotzen ditugu eta lekua egiten saiatzen gara, betiere emakumeen ahalduntzea eta genero berdintasuna lortzeko helburua badute.

Jendearen jakinmina eta gogoa hartu eta proiektura txertatzen saiatzen gara, bidea egiten jarraitu edo bide berriak irekitzeko. Eta dauden edo sortu daitezkeen proposamenak zein emakume taldeak biltzeko espazioa izatea nahi genuke. Programazioaz gain, elkargune gisara ere funtziona dezake.

Emakume bakoitzak hemen bere lekua duela sentitzea nahi dugu: izan daiteke kide batek bakarrik egon nahi duela, baina aldi berean akonpainatuta sentitu. Kasu horretan, antolatzen ditugun ekintzetara etorri daiteke, baina ekintza horietan parte hartu beharrean, sofan egon daiteke eserita, adibidez. Bestalde, orain dela hilabete batzuk, Emakumeon Etxeko kide baten bidez, etxeko langile batzuk elkartzen ziren asteburuetan, haien denbora librean batu eta kafetxo bat elkarrekin hartzeko. Kafe baten bueltan aliantza feminista indartsuak bildu daitezke.

 

Emakumeon Etxeko kideak, tuneo tailerrean.

 

Zein dira lau urte hauetan bizi izan dituzuen momenturik kutunenak?

Ez genuke jakingo aukeratzen, bizipen oso politak biltzen ditu etxeak. Lehenengo urteurrena adibidez oso berezia izan zen, akelarre bat egin genuen plazan eta oraindik ere korroaren bueltan sentitutako indar horren berotasuna gogoratzen dugu. Gutako bat haurdun zegoen orduan eta orain, alaba hemendik ikusten dugu bere etxean balego bezala.

Geroztik bizipen ugari konta daitezke, baina batez ere hona etorri eta pixkanaka ahalduntzen doazen emakumeen esker hitzak ekarri nahi genituzke. Izan ere, bizitza hobetzeko proiektuak duen gaitasunean sinesten dugu. Barre egiteko espazioa delako, “katxondeorako”. Gure burua balioan jarri eta indartsu sentitzeko. Harremanak sortzeko, taldean zaintzeko eta baita militatzekoa ere. Ahalduntze indibidualetik ahalduntze kolektiborako saltoa emateko. Gure ideiak garatu eta indartzeko. Herria feminismoz bustitzeko.

Hainbat emakumek, hemen parte hartzen hasteak asko lagundu diela adierazi digute, galduta zeuden momentuan babes hori sentitu eta aurrera egiteko gogoa berreskuratu dutela. Oso eskertuta daude egiten dugun lanarekin eta sortu dugunarekin. Tailerretan autoestima landuz, euren burua balioan jarriz, harreman berriak sortuz, eta zainduak sentituz, bizitzari aurre egiteko indarra sentitu dutela esan digute. Hitz hauek erakusten dute etxeak duen balioa, eta nola ez digu ba lanean jarraitzeko gogoa emango? Hemen beste adierazpen batzuk:

“Nire bizitza aldatzen ari da eta orain etxera noanean badakit lo egingo dudala”- Menopausia tailerrean parte hartu duen emakumea.

“Konturatzen ari naiz ni ere baliotsua naizela” - Autozaintza taktuaren bidez ikastaroan parte hartu duen emakumea.

“Zulo batean sartuta nengoen, ohetik atera gabe asteak eman nituen negarrez. Emakumeon Etxean goxotasuna topatu nuen eta nire bizitzan zer egin nahi nuen ikusi dut. Leku honek nire bidea ikusteko argia eman dit.” - Emakumeon Etxeko erabiltzaile bat.

 

Etorkizunera begira jarrita. Zein dira lortzea gustatuko litzaizkizueken helburuak?

Etxea pixkanaka txikia geratzen ari zaigula sumatu dugu dagoeneko. 27 bazkiderekin hasi ginen eta dagoeneko 320 pasatxo gara. Kopurua gorantz doa egunetik egunera eta gero eta ekintza gehiago antolatzen gabiltza. Bere garaian, udalaren lokal hau anbulategia izan zen eta ondoren gaztelekua. Egun Emakumeon Etxea den arren, ez ditu etxeak behar dituen baldintzak betetzen eta kokaleku ona duen arren, beste leku batera aldatu beharko dugula aurreikusten dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!