Erreportajeak

«Adieraziko dugu zer suposatzen duen Gazte Lokalarentzat txupinazoa botatzeak»

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Zinkunegi 2024ko uzt. 24a, 00:00

Idurre eta Mikel hezitzaileak, txupinazoa botako duten nerabeekin.

25 urte bete ditu Astigarragako Gazte Lokalak eta aurten eurak izango dira Santio Jaiei hasiera emateko arduradunak. Mende laurden honetan hamaika belaunaldirentzat izan da espazio seguru eta hezitzailea gaztelekua, eta Idurre eta Mikel aisialdi hezitzaileek Kronikari kontatu dizkiete lokalaren sorreraren, euren egunerokoaren eta txupinazorako prestaketen inguruko xehetasunak.

Noiz eta nola sortu zen Gazte Lokala Astigarragan?
Idurre: 1999an hasi ginen pentsatzen nerabeek zer behar eta zer nahi zuten herrian. Kaleetan zehar hitz egin genuen haiekin eta orduan udalak frontoi azpian leku bat utzi zigun. Lanketa bat egin genuen jakiteko herriko nerabeek  zer espazio nahi zituzte, zertarako, zer gustatuko litzaiekeen… eta ideiak argiago genituenean, Ergobiako poligonoetako lokal haundi bat utzi ziguten. Hor izan zen aisialdi hezitzaile horren alde egiten hasi ginen momentua:  zabalkundea egin zen herrian zehar, eta nerabeekin programazioak, eta hainbat jarduera prestatzen hasi ginen.

Zuk, Idurre, momentu horretan zertan egiten zenuen lan? Nolatan izan zenuen iniziatiba hori?
Idurre: Ni haur eta nerabeekin lanean nintzen dagoeneko beste esparru batzuetan, aisialdi hezitzailea nintzen. Eta hemen, Astigarragan, udalak atera zuen herriko nerabeentzako aisialdi hezitzaile mugimendua sortzeko proiektu bat. Horra aurkeztu ginen eta horren bidez hasi zen guztia.

Frontoitik Ergobiara pasa zineten, hortaz. Zenbat leku gehiagotan kokatu da Astigarragako Gazte Lokala?
Idurre: Ergobiatik kiroldegi azpiko lokalera pasa ginen, orain uste dut ikastolako jangela dela. Han urte dexente pasa genituen, eta oso ondo: gune desberdinak genituen, gauza ugari egin genituen, eta belaunaldi ugari igaro ziren bertatik. Gero pasa ginen Joseba Barandiaranen plazako lokalera. 

Ni bertara joaten nintzen.
Idurre: Bai. Nik uste gehienok Joseba Barandiaran plazakoa ezagutuko zenutela. Hor ere urte dexente egon ginen eta hortik pasa gara Kultur Etxe Zaharrera.

Hau izango da definitiboa?
Berez ez. Orain Kultur Etxe zaharreko goiko pisuan gaude, baina prozesu parte hartzaile bat martxan dago eta eraikin horretan dauden zerbitzuak aldatu nahi dira. Hor badaude udaletxeko bulego batzuk, AEK dago, Sagardun dago… Eraikuntzaren moldaketa berri horretan protagonismoa herriko nerabe eta gazteei eman nahi zaie, baina oraindik prozesua luzera dijoa, zeren bulegoak aldatu behar dira lekuz, eta beste lekuak prest egon behar dira hauek mugitu ahal izateko. Mugitzen direnean erabakiko da eraikin horretan zein zerbitzu eta gauza egongo diren. Asmoa bai dela Gazte Lekua beheko pisuan jartzea, baina ez gara gu bakarrik izango eraikin horretan egongo garenak. Orduan, bidean dago, baina ea nola doan prozesu parte-hartzaile guztia.

Mikel, zu Martutenekoa zara. Noiz sartu zinen Gazte Lokalean? Nolatan?
Mikel: Ni 2019an sartu nintzen, martxoaren 8ko astean. Eta zergatik gaztelekua? Beti aisialdi munduan ibili naizelako eta aukera atera zitzaidalako etxetik gertu pixka bat profesionalagoa izateko, niri gustatzen zaidan lan batean. Hartu ninduten eta aurrera!

Zer da zuentzat Gazte Lekuko hezitzaile izatea. Zer ematen dizue monitoretzak?
Idurre: Ni orain dela urte gutxira arte egon naiz hezitzaile gisa. Momentu honetan nago koordinaketa eta prestaketa lanetan, eta  ez zuzenean nerabeekin. Baina Hainbeste urte igaro ondoren, izugarria da ikustea lehengo garaian ibilitako nerabeak orain bizitzako beste etapa batean.
Mikel: Niretzat deskubrimendu bat izan da. Beti ibili naiz asialdi taldeetan, baina asialdi hezitzaile talde batean ez. Zoragarria da bertan lan egitea, batez ere ikusten duzulako sartzen diren haurrei heldutze prozesu horretan laguntzen diezula, gune seguru bat eskaintzen diezula. Hezitzaileak gara azken  finean.

Nola esango zenukete aldatu direla gazteen ohiturak eta beharrak lehen urteetatik oraingoetara?
Idurre: Ez dakit asko aldatu diren. Egia da Gazte Lekua sortzeko prozesu horretan inplikazioa, ideiak eta mugimendu gehiago egon zela. Orain, berriz, sartzen diren belaunaldiek Gazte Lekua hor dute, egitura hor dute. Gu beti saiatzen gara beraien iritziak eskatzen eta zein interes dituzten galdetzen, pixka bat moldatzeko.  Bestela aldaketak… azkenean nerabeak dira, eta denetik dagoen arren, orokorrean nerabezaroaren ezaugarriak argi ikusten dira. Belaunaldi bakoitzaren arabera da ere. Belaunaldi bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bere ohiturak ditu. Batzuk gehiago inplikatzen dira, beste batzuk gutxiago.
Mikel: Nerabe izate horrek berdin jarraitzen du. Baina bai egia dela gizartea eboluzio baten barruan dagoela, eta nerabeek eboluzio horretan parte hartzen dutela. Mugikorren adibidea aipatu daiteke hemen.
Idurre: Baina lehen ere bazeuden mugikorrak. Pasatzen dena da ez zirela hainbeste erabiltzen.

Nolakoa da egun bat Gazte Lokalean? Nola antolatzen duzue astea?
Mikel: Guk irekitzen dugu asteartetik igandera ikasturtean zehar. Eta gauza da asteartetik ostegunera egiten dugula ‘lagunki’: beraiekin egon, hitz egin, baten batek laguntza behar badu etxeko lanetan lagundu egiten dugu... pixka bat librea da.
Idurre: Eskolaz kanpoko jarduerak dituztelako ere. Batzuk datoz, gero joaten dira eta itzultzen dira. Astean zehar beste ohitura batzuk daude.
Mikel: Eta gero asteburuetan ekintzak proposatzen ditugu, programazio bat egiten dugu. Larunbatetan eta igandetan beti zeozer dago egiteko, baina beharren arabera horiek aurrera ateratzen ditugu edo beste gauza bat egiten dugu. Hori izaten da egunerokoa.
Idurre: Ikasturtean zehar hala izaten da eta gero Gabonetan, Aste Santuan, eta udan, ordutegia aldatu egiten da pixka bat, programazio bereziak egiten direlako. Hor askoz ludikoagoa izaten da eta irteerak eta ekintzak egiten dira.

Eta nola erabakitzen duzue zein ekintza egin? Nerabeei galdetzen diezue? 
Idurre: Denetatik dago. Batzuetan ikusten badugu behar bat dagoela, edo zerbait egokia dela gaztelekuan egiteko, hilabeteko programazioan sartzen dugu. Baina gero ere, norbaitek adierazten badu zerbait egin nahi duela edo gustatuko litzaiokela, halako gauzak ere sartzen ditugu programazioan.

Zenbat nerabe biltzen dira egunerokoan lokalean? Zenbat hezitzaile zaudete hauen kargu?
Hilabete eta belaunaldi bakoitzaren arabera izaten da. Astean zehar, hilabeteak daude… azterketa astean asko nabaritzen da.  Asteburuetan ohikoena da 50-60 elkartzea.

Aurten zuek emango diezue festei hasiera. Nola jaso zenuten berria?
Idurre: Urte dezente daramatzan hezitzaile batek, orain amatasun bajan dagoena, Maider, buruan zeukan laster 25 urte egingo zituela Gazte Lokalak eta zerbait egin behar zela. Festaren bat herri mailan: urtez urte pasa diren nerabe guztiak elkartu eta festa giroan ospatu nahi zen. Gero hortik ez dakit nola bideratu zen udaletxe mailara, Jai Batzordetik edo. Hori jada ez dakit.
Nola plazaratu zenieten 
gazteei?
Mikel: Festetako programazioari begira, kontzertuetarako, adibidez, nerabeen hitza entzun nahi izaten da. Horietako batean tanteatu egin genuen: pregoia botatzeko aukera izango bagenu animatuko zinatekete? Eta batzuk baiezkoa eman ziguten. Orduan, horren ostean proposatu genien bai aurrez aurre, eta bai Sare Sozialetatik. Askok eman zuten izena eta hortik kriba bat egin behar izan genuen.

Zenbatek eman zuten izena zehazki?
Mikel: 20 bat nerabek. Lagun taldeka izan da. Askotan gertatzen da kuadrillako batzuk izena ez badute ematen, gainontzekoak ere ez direla animatzen.

Zuek gazteek, Zer sentitu zenuten zozketaren irabazleak izan zinetela jakitean? 
Nerabea 1: Ni adibidez oporretan nengoen eta nire amak esan zidan Instagramen publikatu zutela zozketa, eta ea nahi nuen izena eman. Nik baietz esan nion, badaezpada ere, eta hurrengo egunean esan zidan tokatu egin zitzaidala, eta oso pozik jarri nintzen.
Nerabea 2: Ni Gazte Lokaleko sofan nengoen eta etorri zen Mikel esanez Gazte Lekuak botako zuela pregoia. Nik broma moduan eman nuen izena, eta azkenean tokatu!
Idurre: Zuek pentsa beste ez dakit zenbat urtetan Gazte Lekuak ez duela aukera edukiko printzipioz txupinazioa botatzeko, eta urte honetan kointziditu du, 25 urte direla eta zuek zaudetela. Nik uste zortea izan duzuela, belaunaldi zaharragoek edo gazteagoek ez dute aukera hori izan.

Hasieratik zenekiten zer zen pregoia botatzea?
Nerabea 2: Nik argi neukan Mikelek azaldu zigulako.
Nerabea 1: Nik hasieran uste nuen zela balkoitik ura eta opariak botatzea, Xaguxarrek egiten duena.

Eta jakin zenuenean zein zen berez egin beharko zenuena? Ondo iruditu zitzaizun.
Nerabea 1: Bai. Hori ere ondo.

Zer kontatuko diguzue pregoian? Jakin daiteke?
Idurre: Udaletxera 15 bat pertsona igotzeko baimena eman digute. Ez dugu bereziki pregoi luzea egingo, baina bertan adierazi egingo dugu zer suposatzen duen Gazte Lokalarentzat 25 urte hauengatik txupinazoa botatzeak. Esan zigutenean guk botako genuela pregoia, hasieran bai pentsatu genuela hainbat belaunaldietako ordezkariak izatea, Gazte Lekutik  pasatakoak, zeren horiek ere beren ibilbidea egin dute gurekin, eta 25 urte horietan parte hartzaileak edo erabiltzaileak izan dira. Baina azkenean konturatu ginen Gazte Lekua izanda nerabeei eman nahi geniela lekua eta ahotsa, haiek igotzea nahi genuela balkoira.

Zenbaten artean irakurriko duzue?
Udaletxera 10 nerabe gehi hezitzaileak igoko gara, baina Pregoia lau pertsonen artean irakurriko dute. Zozketa egin behar izan dugu.

Urduri nabari dituzue?
Oraingoz ez daude urduri. Ez dute ikusten edukiko duten protagonismoa… nik uste oraindik  ez direla kontziente.

Mende laurden beteta, ospakizun berezirik baduzue buruan?
Idurre: Asmoa bazegoen. Oraindik ez dugu ezer jarri martxan, baina lehen esan bezala Maiderren porposamena zen zerbait egitea herri mailan, festa moduan belaunaldi desberdinetako nerabeekin eta nerabe izandakoekin. Gazte Lokaletik igaro diren guztiak elkartzea da nahia. Zerbait nik uste egin beharko dela, baina noiz eta nola, oraindik ez dakigu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!