Noiz eta nola hasi zinen Pablo Hermoso de Mendozarentzat lanean?
Orain dela lau urte inguru, goi mailako ziklo bat hasi nuen Iruñean, “Abeltzatzaintza eta animalien osasuna” izenekoa. Zikloaren lehen urtea abeltzaintzan oinarritzen zen eta praktikak egin behar genituen. Nik banekien zaldien inguruan egin nahi nituela eta ekitazio irakasgaiko irakasleak esan zidan ezagutzen zuela leku bat praktikak egin nitzazkeena, hemen, Pablorekin. Hasieran ez nuen ezagutzen, ez nekien nor zen, baina Interneten begiratu eta gero, ikusi nuen toreatzailea zela, burtzikaria (zezen plazan zaldi gainean joan ohi den toreatzailea) eta hona etortzeko gogo handia sartu zitzaidan.
Gogoan duzu zure lehenengo eguna?
Bai, klaseko beste bi eta ni etorri ginen. Oso urduri nengoen, lotsa handiarekin. Hasieran ez nuen esperientzia askorik eta lankideei jarraitzen nien, zer egin nezakeen galdetu eta haiek esaten zidatena egiten nuen. Gutxinaka-gutxinaka joan naiz ikasten.
Asko ikasiko zenuen, praktikak amaitu ostean nagusiak lana eskaini zizun eta.
Bai. Nik momentu horretan, gradua amaitu gabe nuen, eta arratsaldetan eta asteburu batzuetan etortzen hasi nintzen. Hilabeteak egon nintzen hala, eta, gero, lanaldi osoan hasi nintzen. Hemen etxe bat dugu lankide guztientzat, eta norberak bere gela du.
Nolakoa da zure egun bat Zaraputz Finkan?
Txandak dauzkagu, aste batean goizez eta bestea, arratsaldez. Lana goizez dudanean, egiten dudan lehen gauza da zaldiei gosaria ematea. Gero, ikuiluak garbitzen ditut, lastoa bota… eta, jarraian, Pablo eta haren semea, Guillermo, jaisten dira zaldi gainera. Guk zaldiak prestatzen dizkiegu, dutxatu, zaindu… horrela goiz guztian zehar. Eta arratsaldean, nire denbora librean, zaldi gainean ibiltzen naiz.
Eta arratsaldeko txanda duzunean?
Berdin. 15:00etan sartzen gara, 16:00etan ematen diegu jaten, eta goizeko lanik geratu bada pendiente, hori ere egiten dugu. Segidan, Pablo eta Guillermo jaisten dira eta hortik aurrera dena da berdina. Albaitari lanak ere egiten ditugu, animalien medikamenduak kontrolatu, beraien tratamenduak jarraitu… zaldiei oso adi egon behar dugu, ezer gertatzen ez zaiela ikusteko, baina beti badugu zeozer, hainbeste zaldi daude!
Asteburu askotan, berriz, zezenketak izaten dituzue.
Hori da. Gauza bat da hemen, ikuiluan egiten dugun lana eta bestea zezenketetakoa. Zezenketetan kanpora ateratzen gara, Pablo eta Guillermorentzat lanean aritzeko. Hor egun osoa pasatzen dugu zaldiak zaintzen, orrazten… eta plazara irteteko ordua iristen denean zaldiek prest egon behar dute. Ordu askoko lana da.
Noiztik datorkizu zaldiekiko zaletasuna?
Txikitatik. Txikitan Zizurkilgo hipikara joaten nintzen, zortzi urterekin. Baina joateari utzi nion, oso kirol garestia delako, eta beste afizio bat bilatu behar izan nuen: futbola. Hortik urte batzuetara, ordea, gogoa sartu zitzaidan berriz zaldian ibiltzeko, eta amak apuntatzen utzi zidan. Urte bete bakarrik egon nintzen, arrazoi berdina dela eta. Gero, hona heldu nintzenean, jada denbora bat neramala, Pablori esan nion mesedez uzteko zaldi gainean ibiltzen, gutxinaka hasteko. Eta hortik, zaldi bat, gero bestea, bestea… esperientzia hartzen joan naiz. Oso eskertuta nago Pablorekin, oso eskuzabala izan da nirekin.
Nola eboluzionatu du zure parte hartzeak finkan?
Momentu honetan egiten dudana hasieran egiten nuenaren antzekoa da. Kontua da hasieran ez nuela esperientziarik. Tratu pixka bat baneukan zaldiekin, baserrian beti izan baititugu zaldiak, eta txikitan, esan bezala, zaldian ibiltzen nintzen, baina… orain dena segurtasun haundiagoarekin egiten dut.
Zer da zure lanetik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana zaldian ibiltzea da. Berez ez da nire lana, baina hemen nagoela aprobetxatzen dut denbora librean aritzeko. Eta gutxiena, esango nuke, zezenketetara joatea. Gogorra izaten da, zaldien pendiente egon behar dugu denbora guztian, juxtu-juxtu deskantsatzen dugu, eta lo ere, askotan, bidaian bakarrik egiten dugu. Hala ere, oso ondo pasatzen dut.
Noiz izan ohi da zezenketa denboraldia?
Neguan ez da zezenketarik izaten, orain hasten dira, udaberrian. Martxoaren 15ean izan genuen aurtengo lehenengoa eta azkena iraila erdialdean izango dugu. Espainia guztitik aritzen gara, Portugalen, Frantzian… eta aurreko denboraldia Mexikon egin genuen, sei hilabetez.
Euskal Herrian, zein plazetan aritu zarete?
Bilboko, Donostiako eta Iruñeako plazetan.
Hainbat nazionalitateko jendea ari zarete lanean Lizarrako finkan.
Bai. Portugaldarrak, mexikarrak…. Mexikoko langileek denboraldi erdia han egiten dute, eta beste erdia hemen, hango denboraldia amaitzen denean, hemengoa hasten delako. Espainia osoko hainbat lankide ere badaude: Andaluziako jendea adibidez, baita bertako jendea, nafarrak, ere.
«Diziplina batean enfokatu nahi nuke eta horretan izan ona. Doma klasikoa gustatzen zait gehien: pista batean ariketak egitea da, epaile baten aurrean».
Nola ikusten duzu emakumeen presentzia zure lanbidean eta tauromakian?
Ondo ikusten dut. Ez dut ezberdintasun handirik nabaritzen emakumeen eta gizonen artean, egia esan. Nire lanean bai neskak eta bai mutilak gabiltza eta denok lan berdinak egiten ditugu. Eta emakume toreatzaileei dagokienez, ez dut diskriminaziorik ikusten, gizonak bezala errespetatzen dituztela iruditzen zait. Hori da nik ikusi dudana behintzat.
Mexikon izan zara lanean sei hilabetez eta Lizarrako zaldiak ere zuekin batera bidaiatu zuten.
Hegazkinean joan ginen, 2023ko iraila amaieran, merkantzia garraiatzeko hegazkin batean. Zaldiek atoi batzuetan bidaiatu zuten, hiru zaldi sartzen ziren horietako bakoitzean. Ciudad de Mexikora iritsi eta gero bertatik San Miguel de Allendera kamioiean joan ginen, han baitu nagusiak bere ‘rantxoa’. Hara ailegatu eta berehala zezenketekin hasi ginen, alde batetik bestera, eta denbora gutxi genuen beste ezertarako. Hemen egiten ditudan gauza berdinak egiten nituen han, baina bertako ohiturak ezagutzeko aukera izan nuen: kultura erabat desberdina, baina polita da Mexikokoa.
«Mexikora, Pabloren rantxora, merkantzia garraiatzeko hegazkin batean joan ginen. Zaldiek atoi batzuetan bidaiatu zuten, hiru zaldi sartzen ziren horietako bakoitzean»
Zer ikusi eta ikasi zenuen bertan? Zerk inpaktatu zizun?
Han, esaterako, rodeo izeneko diziplina bat ikusi nuen eta haren barnean ‘jinete de toros’-a, zezen basati baten gainean jartzen zen pertsona eta erori arte mantendu behar zuen gainean. Nire kasuan 'cala de caballon' aritu nintzen, zaldiak atzeko hanka bat altxatu gabe, bere buruaren inguruan bueltaka.
Inpaktatu zidan gauza bat izan zen zein emoziorekin bizitzen zituzten zezenketak: ohiuka, txaloka… Hemen baino gehiago sentitzen da han.
Sare sozialetan burtzikari lanetan ere ikusi zaitugu, zaldi baten gainean behia aurrean duzula.
Bai gustatzen zait. Noizean behin sartzen naiz behi tartean. Nagusiak hala entrenatzen du eta probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Hemen nagoela baliatu nahi dut zaldiari buruz ahalik eta gehien ikasteko. Ibiltzen hasteko gakoa konfiantza da, zaldiak zugan konfiatzea eta zuk harengan. Gero base bat izan behar duzu: trotea, galopea… hainbat ariketa ikasi behar dituzu, eta jada oinarri hori lortzen duzunean, diziplina batean enfokatu zaitezke. Zezenketetarako entrenatzeko karretoiarekin aritzen dira hasieran, gurdi moduko bat da zezen baten buruarekin, eta zaldi gazteak horrekin entrenatzen dira. Hurrengo pausoa zezen mantsoarekin aritzea izango litzateke: zezen hauek jaio direnetik hezi dira jende artean, eta helburua da zaldi gazteak horien presentziara ohitzea. Hortik aurrera basabehiekin ibiltzen dira.
Behiak ere badauzkazue orduan finkan.
Bai. Pablok bere ganadutegia dauka hemen: zaldiak dauzka, behorrak, potroak, behiak eta zezenak.
Etorkizunera begira zein da zure asmoa?
Irailean, zezenketen, denboraldia amaitzean, Ekitazioko Kirol Teknikari titulua atera nahi dut Kantabrian, Castro de Urdialeseko hipika batean. Erdi eta goi mailako ziklo bat da, bi urtetan egiten duzuna eta horrek ate gehiago irekiko dizkit, beste diziplina batzuk ikasi eta ikusiko ditut.
«Txikitan Zizurkilgo hipikara joaten nintzen, zortzi urterekin. Baina joateari utzi nion oso kirol garestia delako, eta beste afizio bat bilatu behar izan nuen: futbola»
Zein izango litzateke zure ametsa?
Diziplina batean enfokatzea, horretan izatea ona eta horretarako entrenatzea zaldiak. Doma klasikoa gustaten zait gehien: pista batean ariketak egitea da, epaile baten aurrean. Oso argi dudana da zaldiak heztera dedikatu nahi dudala, besteen zaldiak edo nireak. Pertsona asko daude txapelketatan parte hartu nahi dutenak eta nik haien zaldiak hezi nitzazke. Hipika propio bat izatea ere asko gustatuko litzaidake, baina hipika izateko aipatu dizudan gradu hori izan behar dut, bestela ezin ditut klaseak eman. Graduarekin dudan asmoa da ahal dudan informazio eta esperientzi gehien hartzea sektore honetan, eta gainontzekoa iritsiko da iritsi behar duenean.
Urte guzti hauetan bizi duzun momentu batekin geratu beharko bazenu, zein une hautatuko zenuke?
Hemen hartu dudan esperientziarekin geldituko nintzateke. Finkara heldu aurretik ez nuen ezer ikasteko gogorik, ez neukan motibaziorik, eta Iruñeko graduan sartu nintzen ikusi nuelako ekitazioko irakasgaia ematen zela, baina, zerbait egiteagatik. Zaldiek begiak ireki dizkidate eta orain argi dut zertara dedikatu nahi dudan.