Erreportajeak

«Opera honen muina da euskal kultura hackeatzea, eta etorkizun desiragarri bat irudikatzea»

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Zinkunegi 2024ko mar. 9a, 00:00

Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Ines Osinaga eta Marina Suarez, oholtzan. Argazkia: Badon

‘Badon’ opera postdramatikoa ikusteko parada izango da bihar, Astigarragako Erribera Kulturgunean,
arratsaldeko 19:00etan. 23. Korrikaren ekitaldi kultural nagusia da, disziplina anitzeko proiektua, eta Amaia Irazabal aktorea izango da oholtzan, dantzan, kantari, edota antzezten arituko den bost aktoreetako bat. Euskal Kultura eta haren «totemak» jarriko dituzte zalantzan, eta santurtziarrak azaldu du «inpaktua eta sorpresa» eragingo dituen ikuskizuna izango dutela prest Erriberara bertaratzen diren herritarrentzat.

Zer da Badon?

Badon opera postdramatiko bat da. Esperientzia bat antzoki batean gertatzen dena, dispziplina anitzekoa, zentzumen guztiak hartzen dituena… Opera klasikoaren forman eraikitako zorakeria bat da, baina zentzu onean: zorakeria eder bat. Igandean etorri zen Marina, zuzendaria, obra ikustera kanpotik. Lehen aldia zen kanpotik ikusten zuena, eta esan zuen zela aldaketari gorazarrea. 

 

Operaren bigarren koadroa, landareen erreinua. Argazkia: Badon
 

Noiz eta nola otu zitzaizuen halako proiektua martxan jartzea?

Duela bi urte esango nuke izan zela hasiera. Proiektu hau dator ‘Mauriziak ez du inor hil’ kolektibotik. Ines Osinagaren kolektiboa da, eta horren gogoa zen sorkuntza beste era batera egitea; hainbat disziplinatako euskal emakume sortzaileak elkartu, eta hortik, kolektibotasun horretatik eta feminismotik, oholtzara eramango zen ikuskizun bat sortzea. Pixka bat euskal kultura errepasatuz, genealogiari errepaso bat eginez, eta aldaketa baten bidean.

 

Ikuskizuna bost koadrotan banatu duzue. 

Bai, opera klasiko baten egitura horrelakoa da. Badonen kasuan, badago hasierako preludio bat, non ahots batek hitz egiten duen, eta gero daude bost koadro: bakoitzak kolore eta usain desberdin bat dauka, eta hirugarrenaren eta laugarrenaren artean dago interludioa, opera klasiko batean aurkitu dezakegun deskantsu hori. 

Lehenengo koadroa, obertu­rarena, da koadro urdina, eta mundu kosmikoaz hitz egiten du, sorreraz. Bigarrena, landare erreinua litzateke, berdearekin irudikatzen dena, eta hirugarrena, animali erreinua, horiarekin. Gero interludioa dator, eta, jarraian, laugarren koadroa, giza mundua, gorriarekin, eta bosgarrena, mundu espirituala, morearekin.

 

Zer ikusiko dute bihar Astigarragako Erribera Kulturgunera hurbiltzen diren herritarrek?

Ikusiko dute ikuskizun disziplina anitz bat: irudiak, gorputzak oholtzan mugitzen, dantzatzen, kantatzen, antzerkia… Ezin da definitu ez antzerki bezala, ez kontzertu bezala, baina elemen­tu horiek guztiak daude. Proiekzioak, soinua, irudi asko, eta sen­tsazio pila bat. Azkenean esperientzia bat da, zentzumen guz­tiak hartzen dituen esperientzia bat.

 

Publikoak zer sentitzea edo ikastea nahiko zenukete?

Sentitzea sentitu behar duena. Uztea bidaia hori gurekin egiten, gozatzea... Eta beno, barruan zerbait mugitzen edo askatzen bada, ongietorria izan dadila. Batzuetan, agian, zerbait ez da ulertzen, baina guk esaten dugu normala dela, guk ere ez dugula ulertzen oso ondo. Azkenean nahi duguna da inpaktu hori sortzea eta esperientzia bizitzea, jendea irekita etortzea bizitzeko modu desberdin batera.

 

Bost lagun izango zarete oholtzan. Proiektuaren atzean, ordea, lantalde haundia dago.

Bai, hori da. Giran goazenak gara bederatzi pertsona: bost lagun gaude oholtzan; gero, dago Amaia, produkziokoa eta errejidorea; badago Itziar proiekzioarekin eta irudiarekin; Ander soi­nuarekin eta Beñat argiekin. Ho­riek gara mugitzen garenak, baina proiektu honen atzean dago jende gehiago: jantziak egin dituztenak; musika egin duena, Patxi; Xerra kolektiboa, irudia eta teaserra egin diguna. Eta proiektuaren hasiera-hasieran, bildu ziren Mauriziako kolektiboko pertsonak… jende pila bat.

 

Eta zure parte hartzea zein da zehazki?

Ni aktoreetako bat naiz, oholtzan dagoen aktoreetako bat. Otsailetik nago, Marina zuendariak oholtzan egiten zuena egiten, bere partez, haurdun dagoelako.

Badon operaren laugarren koadroa: giza mundua. Argazkia: Badon

 

Nola heldu zitzaizun Badonen parte hartzeko gonbitea?

Iritsi zitzaidan abenduan, mezu baten bidez, egun zoragarri batean. Azkenean, ezagunak gara gehienak, nahiz eta ez dugun elkarrekin lan egin askotan. Izan zen sekulako sorpresa, zeren proiektua atera zenean eta ikusi nuenean zein taldek hartuko zuen parte, gogo haundia neukan ikusteko zer egiten zuten. Eta obra ikusi aurretik, Marinak esan zidanean ea gustatuko litzaidaken bera ordezkatzea… Ilusio handia egin zidan, opari bat izan zen, eta ari da izaten. Asko disfrutatzen dugu eta taldekideekin oso gustura, eskertuta eta pozik nago.

 

Erraza egin zaizu taldean integratzea? Zeren gainontzekoek jada emanaldi batzuk eginak zituzten.

Ba egia esan entsegu bat egin genuen, serioa, zeren obrak baditu gauza teknikoak eta aldaketak. Baina, gero, nahiko erraza da, eta nire zatia ere nahiko erraza zen egiteko eta prestatzeko nire kabuz. Nire lehen emanaldia izan zen Tuteran eta taldekideek asko lagundu ninduten, batzuek elkar ezagutzen genuen. Egia da beraiek beste ibilbide bat dutela eta ni ez naizela hasieratik egon hor, baina oso ondo hartu eta animatu naute.

«Inpaktua eta sorpresa eragingo dituen ikuskizuna da. Desberdina, oso bisuala, eta baditu elementu pila bat. 
Uste dut oso esperientzia polita dela bizitzeko»

 

Bazenuen obraren berri, baina taldean sartu aurretik izan zenuen aukera obra osoa ikusteko?

Bai. Niri proposamena iritsi zitzaidanean baneukan Donostiarako sarrera hartuta. Bertan ikusi nuen lehen aldiz, baina jada beste begi batzuekin, pixka bat begiratuz zer egin beharko nukeen eta hori guztia. 

 

Zer sentitu zenuen lehenengo aldiz publiko aurrean obra hori egin zenuenean?

Niretzat nahiko berria zen kantuan aritzea, baina sentsazio oso polita izan zen. Ikusi nuenean obra asko gustatu zitzaidan, eta gero egitea ere da gozada bat, egia esan, oso obra eskertua da egiteko.

 

Azpeitin egin zuten zure taldekideek aurreestreinaldia, iazko azaroan. Gauza asko aldatu dira ordutik?

Nik Azpeitikoa ez nuen ikusi, baina egia da aurreestreinaldi batera iristen zarela daukazunarekin. Ez nago ziur… Uste dut zerbait aldatu zela bukaeran, eta, azkenean, nahiz eta gauza berriak ez gehitu edo kendu, obra joaten da osotasun bat hartzen. Taldea obra ezagutzen joaten da publikoarekin partekatzen duenean, eta ikusten duenean zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Eta, noski, orain oso oso desberdina da. Aurrestreinaldian izan zen jendeak, orain ikusi duenean bai komentatu duela zerikusirik ez duela.

«Badonen parte hartzeko gonbiteak Ilusio handia egin zidan, opari bat izan zen, eta ari da izaten. Asko disfrutatzen dugu eta taldekideekin oso gustura, eskertuta eta pozik nago»

 

Hamaika herritan izan zarete orain arte. Nolako harrera izan du operak? Proiektuak nahiko abstraktua dirudi.

Berezia da. Egia da koadro bakoitza mundu desberdin bat dela, baina badago off ahots bat ere dena haritzen, publikoari hitz egiten dion ahots bat. Ez da istorio bat, baditu elementu desberdin asko, baina publikoa normalean sartzen da eta ondo pasatzen du, hunkitzen da, barre egiten du…. Berezia denez, hor dago, baita ere, publikoa zenbateraino uzten den eramaten…

 

Amaieran zer esaten dizue publikoko jendeak. Nolako kritikak izan ditu?

Kritika onak izan ditu, Agus Perezena adibidez. Baina sentsazioa oholtzatik bai dela publikoak errakzionatzen duela. Gero denetik egongo da, baina orokorrean harrera ona izan du eta jendea etortzen ari da ikustera, kuriosidadea badago ikusteko.

 

Opera honekin AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka irabazi zenuten 2022an.

Proiektu hau horri esker sortu da. Hasierako ideia hori zen, baina bekarik gabe, ezingo litzateke posible izan. Beka jasota hasi zen benetako sorkuntza, eta egon ziren bi fase: hasieran, ez zegoen talde artistikoa, bazegoen maurizia kolektiboa, eta beraiek une horri deitzen zioten prototipazio fasea; sorkuntzarekin eta eszenifikatze horrekin hasi aurretik espekulatzeko aurre fase bat bezala. Azkenean opera honen muina eta funtsa da euskal kultura hackeatzea, eta etorkizun desiragarri bat irudikatzea. Eta, gero, izan da hori nola gorpuztu. Bi fase horien artean erabaki zen, edo iritsi ziren, opera izateko nahi horretara, eta hori izan da forma eman diona, lurra, ideia nahiko abstraktu bati. Zeren argi zeukaten antzerkia egongo zela, musika, irudia… eta horrela opera postdramatiko garaikide bat izan zitekela.

 

 

Presioa da zuentzat 23. Korrikaren ekitaldi kultural nagusia izatea?

Nire ikuspuntutik, beka bat ematen dizutenean beti daukazu erantzukizuna, edo bai nahi duzula ondo egin. Baina, batez ere, erronka proiektu honetan izan da espektatiba horien edo azken emaitza horren bila joan gabe, jakin gabe zer izango den, bidaia hori egitea eta prozesuan zehar etortzen zena egitea. Hori azpimarratuko nuke. Orduan, Korrika Kulturalaren emanaldi nagusia izatea da ospakizun bat presioa baino gehiago. 

 

«Beka bat ematen dizutenean beti daukazu erantzukizuna, baina Korrika Kulturalaren emanaldi nagusia izatea ospakizun bat da presioa baino gehiago»

 

Luzatu gonbitea astigarrtarrei emanaldia ikustera etortzeko... Zergatik bertaratu behar dira Erriberrara?

Inpaktua eta sorpresa eragingo dituen ikuskizuna da, desberdina, oso bisuala, eta baditu elementu pila bat. Nik uste esperientzia oso polita dela bizitzeko, antzoki batean… Hemen ez da gehiegi ikusi formatu hori, nik behintzat ez. Uste dut hori guztia badela arrazoi nahiko. Animatu daitezela! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!