Erreportajeak

«Satisfakzio haundia sentitu dugu karilloia martxan jartzean, lan gogorra eta luzea izan baita»

Erabiltzailearen aurpegia Lierni Zinkunegi 2024ko ots. 10a, 00:00

Ezkerretik eskuinera Aitor Villa eta Joxan Goikoetxea, Hernaniko Kanpandorre dendan.

Donostiako Sabadell Bankuko karilloia urte luzetan egon da isilpean, eta, orain, instrumentuak 100 urte bete berritan, dantzan dira berriz hamahiru kanpaiak. Zerikusi zuzena izan du horretan bi hernaniarren elkarlanak: Joxan Goikoetxea musikariari eta Aitor Villa erlojugileari esker, bankuko teilatutik entzun daitezke ‘Maritxu nora zoaz’ eta ‘Agur jaunak’ abestiak, eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 19:00etan, hurrenez hurren.

Nola jaso zenuten Sabadell bankuko karilloia berriz martxan jartzeko gonbitea?

Aitor Villa: Internet bidez izan zuten nire berri. Momentu horretan eraikina zaharberritzeko lanetan ari ziren eta iruditu zitzaien karilloia martxan jartzeko momentua zela. Gainera, aurten, 100 urte bete dira karilloia jarri zenetik, eta proposatu egin zidaten. Orduan, hausnartu egin genuen zer egin behar zen eta nola.

Joxan Goikoetxea: Eraikina za­harberritze orokorra egiten ari zirela, ohartu ziren goiko ganbaran karilloia zegoela, eta norbaitek esan zuen: ‘Honekin zerbait egin behar dugu’. Ez zegoen bereziki hura konpontzeko asmorik. Prozesu orokorraren barruan ohartu ziren horretaz.

A.V: Aldi berean, kalean dauden bi erloju monumental konpontzeko ere eskatu zidaten. Metro bateko diametroa duten bi erloju. Batak, Hondarribia Kalera ematen du, eta, besteak, Askatasunaren Hiribidera.

 

Eta Aitor zurekin jarri zen harremanetan lana aurrera eramateko, Joxan?

J.G: Bai. Aurretik bageneukan esperientzia, 2015ean Hernaniko Plaza Berriko karilloia jarri genuen martxan eta nirekin oroitu zen. Karilloiak automatizatu egiten dira, musika automatizatzen da. Hortaz, horrelakoetan, musikari batengana jotzea ohikoa izaten da, kriterio bat eduki behar baita: zein musika jarriko dugun, zein tokatzen den garai honetan…. Eta gero programatu egiten da. Nik azkenean ‘hobby’ gisa ikusten dut, izugarri gustatzen zait mundu hori eta bidaiatzen ari naizenean argazkiak bidaltzen dizkiot Aitorri. Azkenekoa, Zamoratik. Kontzertu bat ematera joan ginen, eta han ikusi nuen hilabete batez programatu zutela karilloia Europe taldearen ‘The final countdown’ abestiarekin, talde horrek Zamoran jo behar zuelako. Bere ofizioa eta nire afizioa pixka bat uztartzen dira halako enkarguetan, eta plazerra ematen du halako tramankuluak berriz martxan jartzeak.

 

Aitor Villa karilloia automatizatzeko lanetan, Sabadell bankuan.

 

Nola definituko zenituzkete karilloiak?

J.G: Karilloia musika instrumentu bat da, kanpai multzo bat. Izan daitezke lau kanpai, izan daitezke hamahiru kasu honetan bezala, edo 120, Mafrako monastegian bezalaxe. Azken hau izugarria da, sinfoniak jotzen ditu. Kanpai multzo hori afinaturik eta ordenaturik egoten da, eta instrumentua izanik, eskuz jo daiteke, mailuekin... Gertatzen dena da pertsona batek ezin duela han egon orduro instrumentu hori jotzeko. Orduan, instrumentu hori automatizatu egiten da, behar diren momentu edo orduetan jotzeko. Automatizazio hori duela 100 urte guztiz mekanikoa zen, eta, gaur egun, mailuak eta horiek guztiak elektronikoki eta digitalki maneiatzen dira.

A.V: Kontzertuak ere eskaintzen dira. Badago karilloi portatil bat, 50 bat kanpai dauzkana, eta hori jotzen da teklatu batekin eta ukabilkadez.

J.G: Bai. Teklatu moduko bat da, organo bat ematen du. Frantziako kultura ministerioak trailer bat dauka, irekitzen da eta izugarrizko karilloia da. Nik Parisen ikusi nuen, baina Frantzia osoan ibiltzen da.

 

Nola automatizatzen dira?

A.V: Horrela sinple-sinple esanda, kanpai bakoitzeko behar da mailu bat. Orduan, mailu berezi batzuk daude aktibatzen direnak elektrikoki programadore edo automata baten bitartez. Hor programatzen duzu mailu bakoitzak nola egin behar duen bere exekuzioa, eta gero egiten duzu melodia bat programatu, aparte. Nota bakoitzari dagokio kanpai bat eta kanpai bakoitzak badaki nola jo behar duen mailua.

 

J.G: Noizbait ikusiko zenuen ordenagailuan nola egiten diren partiturak: notak sartzen dituzu pentagraman, ezta? Bada, imajinatu hori, eta nota horrek digitalki aktibatzen du mailua. Noski, behar dira bitartekariak, 'interface'ak deitzen direnak; aparagailu bereziak dira, eta horrek nota hori jaso eta bihurtzen du mugimendu batean.

 

Noiztik daramazu honetan lanean, Aitor?

A.V: Hau gauza puntual bat izan da, baina orokorrean nire lanak izaten dira erlojuen zaharberritze lanak egitea, edo automatizazioak eta instalazioak: erloju urbanoenak, elizetako erlojuenak…

J.V: Bere ofizioa bakarra da Hernanin: ‘Kanpandorre erlojuak’ izena du enpresak. Lehen egon ziren bi edo hiru, baina…

A.V: Oso gutxi gelditzen gara.

 

Karilloiaren 13 kanpaiak.
 
 

Noiz zabaldu zenuen zuk erloju denda?

A.V: Orain dela 10 urte inguru. Kale Nagusian hasi nintzen, hor 8 urte eman nituen eta orain dela bi urte Nafar Kalera pasa nintzen. Hala eta guztiz ere, 34 urte daramatzat erlojuekin lanean. Hainbat espezialitatetan jardun dut, eta orain denetik egiten dut.

 

Nola antolatu eta koordinatu zineten proiektu hau aurrera eramateko?

A.V: Aldez aurretik izan zen ikerketa bat: karilloiak zer doinu jotzen zituen lehen, zer gehiago nahi zitzaion erantsi, nola…

J.G: Horren ostean, estudio bat egiten da, sistema zaharra kendu eta berria jartzeko. ‘Berriak hala behar du izan’. Ni doinuen ikerketa egiten hasi nintzenean, jakin nuen, garai batean, bankuko karilloiak kaldereroetako musika ere jotzen zuela. Eta hor balorazio bat egiten hasten zara: Gaur egun, kaldereroak Hernanin, esaterako, desagertu egin dira, eta pentsatzen duzu: ‘Agian gaur egun ospakizun hori ez dago hain errotuta karilloiak doinu hori jotzeko moduan…’. Donostian hainbat pertsona konkreturi ere aholkua eskatu nien, Jose Ignacio Ansorenari adibidez, bera oso donostiarra da eta Donostiaren ezagutza zabala du.

 


Eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 19:00etan entzuten da karilloia.

J.G: Gero eta kontzientziazio haundiagoa dago kontaminazio akustikoarekin, jendea dago jada ‘ezaiguzu jarri soinu gehiago’ esaten. Asteartean Euskadi Irratirako grabatzen aritu ginen han goitik, eta entzuten zen Foru Aldundikoa, hasi zen gero Artzai Onakoa, Relojeria Internacionaleko sirena, eta gurea amaieran: ‘Hau da hau festibala!’ Eta kontzientziazio hori badago. Aholkua eskatzen duzu ez bakarrik musikala, baizik eta koiunturala. Hori Hernanikoarekin ere gertatu zitzaigun, Plaza Berrikoarekin. Beste sistema bat da, bozgorailu batzuk ditu eta hor ere erregulatu egin behar da bolumena. Probaldi moduko bat egiten duzu bost hilabetez, ea jendeak zer dioen.

 

Aurten bete ditu 100 urte Sabadell Bankuko karilloiak, baina urte luzez egon da isilean. Argi zenuten San Sebastian egunean jarri behar zenutela berriz martxan?

J.G: Enkargua atzeratu egin da asko. Aitorrek arazoak izan zituen 'interface' sistema horrekin. Baina hor betikoa, nagusiak esaten dizu: «Aizu, San Sebastian eguna gainean dugu, egun horretarako izango dugu, ezta?»; orduan, azeleragailua zapaldu genuen.

A.V: San Sebastian egunean martxan baldin bazegoen zugatik izan da, Joxan. Zu ibili zara hor buru belarri egun horretarako egon behar zela eta egon behar zela. Bai genuela ideia hori, baina luzatu egin zen kontua.

J.G: Eta sare sozialetan karilloiaren berri eman genuen, eta donostiarrismo haundia agertu zen: ‘Bueltan dira kanpaiak’, eta jende askok esan dit: ‘Orain zer zara, kanpai-jolea?’. Seriotasun pixka bat, niri unibertso hau asko gustatzen zait, musikarekin zerikusi zuzena du eta serio hartzen dut. Ondare musikala zaintzen gabiltza, eta ezin dugu edozein musika jarri. Hernaniko karilloia da adibiderik zehatzena, melodiak berriro jarri genituenean aprobetxatu genuen, joaldietan; hau da, laurdenetan, laurden gutxitan.. Soinu berriak sartzeko, Axeri Dantzatik dekonstrukzioa eginda.

A.V: Oso bitxia, pertsonala eta egokia.

J.G: 9 urte igaro dira… Jendea jada ohitu da eta horiek tradizio bihurtzen dira. Hala ere, honen guztiaren gauzarik inportanteena da UNESCO ari dela kanpaien soinua kultura ondare ukiezin gisa katalogatzen. Babestuta dau­de joaldiak. Eta kanpaiak ere dagoeneko badira interes kulturaleko ondasunak. Londresko Big Bena dugu adibide.

 

Zer sentitu zenuten hainbeste urte eta gero berriz kanpai soinuak aditzean?

A.V: Satisfakzio pertsonal haundia. Izan delako lan gogorra, luzea eta gainera oso gutxik egin dezaketena. Izan ere, karilloiak Gipuzkoan zenbat daude? Oso oso gutxi, eta edozein ez da hor sartzen. Eta dena perfekto ateratzea… pentsa.

J.G: Hernanikoaren kasuan, Karmen Egunean egin zen aurkezpena, 2015eko uztailaren 14an. Bazkari herrikoia egiten da Plaza Berrin, eta aurkezpena egin genuenean bazkariko talde osoa isildu zen ni entzuteko, berrehun pertsona; oso hunkigarria izan zen.

 

Donostiakoari dagokionez, eraikin historiko baten sabaian kokatuta dago.

J.G: Avenidako lehendabiziko erai­kina izan zen, 1874an eraiki zuten, beste guztia egin baino lehen. Eraikina hotel bilakatu zen: Hotel Dupalais, eta jarraian Hotel Londres. Gero, ordea, eraikin osoa erosi zuen Banco Guipuzcoanok, eta albo batean bankua jartzea erabaki zuen, 1898an. 126 urte ditu eraikinak, eta kanpaiek 100. Kuriositate moduan, argazkitan ikusi daiteke, eraikinak albo batean termometro bat eduki zuela, baina izugarria e! ‘Gipuzcoanoko termometroa’ Donostiako ikur bat zen; noski, garai hartan ez zegoen mugikorrik.

 

Nolako harrera izan du hirian?

J.G: Progresiboa izaten da. Guk oso hurbiletik bizi dugu eta bankuko langileak ere hor daude, bulegotik entzuten dute. Baina Hernanikoarekin gertatu zen bezala, progresiboa izaten da, jendeak geroago irakurtzen du berria, edo gero ohartzen da. Gainera, bertan egon behar zara ordu konkretu horietan, 12:00etan eta 19:00etan. Niri gertatu zait, hau egiten ari ginela, Relojeria Internacionalen sirena hori entzutea. Ez nuen urtetan entzun, eta hor dago egunero.

 

Hainbat abesti prestatu dituzue, urteko egun seinalatuetarako.

A.V: Bai, lau melodia daude programaturik: Eguberrietan ‘Hator hator’; San Sebastian bezperan eta egun batzuk lehenago ‘San sebastian martxa’; eta urteko gainontzeko egunetan, 12:00etan ‘Maritxu nora zoaz’ jotzen du, eta 19:00etan ‘Agur jaunak’.

J.G: Hernaniko karilloiak goizeko 09:00etan egiten dio soa egunari.

 

Eta zein abesti jotzen ditu Hernanikoak?

J.G: ‘Agur jaunak’ eta ‘Haurtxoa sehaskan’ melodiak. Azken hau Hernaniko konpositore baten musika da, eta ez hori bakarrik, konpositore horrek berak oparitu zuen ordulari hori, Gabriel Olaizolak, bankuko zuzendaria zen garai hartan. Horrez gain, lehen esan bezala, Axeri Dantzaren joaldiak laurdenetan eta laurden gutxitan.

A.V: Gabonetan, berriz, 'Hator ha­tor’, eta San Juanetan San Juan martxa.

J.G: Gero, gauza hauek arriskutsuak izaten dira, bankuko nagusiaren kriterioaren eskuetan ere gelditzen baitira. Atzo segituan, Rafa Azurzak, Guipuzcoanokoak [Sabadell bankua egun] galdetu zidan: ‘Apirilean Kopako finala, Reala eta Athletic. Realak irabazten badu badago Txuri Urdin abestia jartzeko aukera?’ Eta nik esan nion: ‘Bai, noski. Baina hori ezin da inprobisatu egunean bertan, prestatu egin behar da’. Eta hori buruan zuela joan zen etxera, oso Realzalea da antza.

Hala ere, nik ondareari buruz hitz egin dut, tradizioari buruz, eta badirudi bakarrik garai bateko abestiak izan daitezkeela. Baina Azkoitiko karilloia lehengo urtean jarri zuten martxan, eta arratsaldeko 20:00etan 'Lau Teilatu' entzuten da. Juan Carlos Perez bertan bizi da, Itoitzeko kantaria eta abestiaren egilea, eta bere omenez 'Lau Teilatu' entzuten da. Abesti horrek 45 urte inguru ditu, tradiziora iristen ari da. Noiz erabakitzen da gauza bat tradizionala dela? Bada begira, 'Lau Teilatu' hor dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!