2022ko urriaren 8a. Egun handia astigartarrentzat. Besoak zabalik hartu zuen herriak lehen pilotari profesionala. Sumatzen zen festa gosea aurreko asteetan: sagardotegiko erreserba, gaztez beteriko Whatsapp taldea, animoak emateko pankarta, azken orduko kamiseten eskaria… Ez zen askorentzat berehalakoan heldu Expositoren debuta.
2022ko urriaren 8a. Goizean aizkora apustua eta segidan bazkaria Alorrenean. Igaro zen eguerdia, heldu ziren 16:00ak eta abiatu zen 100 lagunez osatutako marea urdina Tolosako Beotibar pilotalekura: «Bat, bat, bat, bat parrandan ibili, bat parrandan ibili…». Marea horren parte zen Ekain Lizeaga, marearen parte Eñaut, haren anaia gaztea.
Gertuko sentitu zuten Lizeaga anaiek Expositoren debuta. Gertuko, Hodeien tankeran, futbola utzi eta pilotaren aldeko apustua egin zutelako txikitan. Gertuko, Txomiñenea pilotalekuko atzeko txokoan makina bat ordu sartu dituztelako haren alboan. Baina, batez ere, hurbileko, haiek ere izan dezaketelako aukera, afizioa ofizio bilakatzeko etorkizun batean.
Hiru urte daramatzate aurrekontrataturik Baiko pilota enpresan: «Gurasoek esan zigutenean, denek bezala poza hartu genuen, poz ederra”, azaldu du Foru Plazatik Eñaut Lizeagak. 14 eta 15 urte zituzten orduan, eta adin txikikoak izaki, Baiko gurasoekin jarri zen harremanetan lehendabizi: “Biak nabarmentzen ari zirelako beren mailetan hartu genituen», adierazi du Aimar Olaizolak.
Baina nola fitxatzen dituzte Aspe eta Baiko enpresetako kideek pilotari afizionatuak? Horra Olaizolaren erantzuna: «Kontrolatzen ditugu pixka bat afizionatu eta gazte mailan nola jokatzen ari diren gazteak, txapelketak ikusi, entrenatzera deitu… eta horren arabera». Eñaut eta Ekainen kasuan, bi enpresek erakutsi zuten haiekiko interesa: “Hilabete berean deitu ziguten Aspe eta Baikotik eta bakoitzak zer eskaintzen zigun ikusi genuen. Baikok eskaintza hobea egin zigula iruditu zitzaigun eta bertan hasi ginen”, azaldu du Ekainek. Olaizolaren esanetan, askotan gertatzen da Aspe eta Baikok pilotari bera fitxatu nahi izatea.
Momentu honetan, enpresa bilbotarrak aurrekontrataturik dituen afizionatuak, 18-19 urte inguru dituzte: «Beno, Oihan Etxeberriak 15 urte ditu, baina gehiengoak gure kintakoak dira», adierazi du anaia gazteak. Jarraian, ondorengoa gaineratu du Ekainek: «Aimarrek esan zigun zazpi gazte zeuzkala gu bezala aurrekontrataturik. Gero tartean ekartzen dituzte gazte gehiago gurekin batera entrenatzera, baina berez aurrekontratuarekin zazpi gara».
Lehen hartu-emanak
«Gogoratzen naiz. Aimarrekin gelditu ginen hitz egiteko Ikatzan eta gero hona, frontoira, igo ginen. Lehendabiziko entrenamendua zen eta… horixe, urduri hasieran, baina oso pozik», azaldu du irribarrez anaia gazteak.
Olaizolak entrenatu dituen lehen gazteak izan dira Lizeagatarrak: «Beraiekin hasi nintzen martxa pixka bat hartzen. Harrituta gelditu nintzen hasieran zuten altuera ikusita, baina bakoitzak bere tokian jokatzeko gauza on asko ditu, lana egin behar dute oraindik gazteak direlako baina gaia asko daukate biek». Ekain atzelari lanetan aritzen da, Eñaut, ordea, aurrelaria da.
Olaizola: «Harrituta gelditu nintzen hasieran zuten altuera ikusita, baina bakoitzak bere tokian jokatzeko gauza on asko ditu, lana egin behar dute oraindik gazteak direlako baina gaia asko daukate biek».
Azaroaren 13an bete da urtebete goizuetarra zuriz azken aldiz jantzi zenetik, eta orain Baiko enpresako kirol arduraduna da. Denbora azkar igaro dela dio: «Oso pozik eta oso gustura nago. Nire aldetik saiatzen naiz dena ahal den hoberen egiten, eta lankideen eta nagusiaren laguntza handia izan dut eta hori ere eskertzen da».
Astearteetan hurbiltzen da Astigarragara, batzuetan bera eta beste batzuetan Unai Apeztegia edo Gorostiza material hautatzailea. Ez da, ordea, Txomiñenea pilotalekua Ekain eta Eñauten trebaleku bakarra. Astelehen eta asteazkenetan, Hernanin egiten dute entrenamendu fisikoa eta orain, ostegunetan, Bilbora joaten hasi dira. Halaxe dio Ekainek: «Hemen entrenatzen dugunean aurrekontrataturik gauden gazteak etortzen gara. Oiartzungoak eta... Bilbon, bigarren mailako profesionalen artean ibiltzen gara, Pablo Berasaluzerekin».
Frontoian aritzen direnean bi eratako entrenamenduak egiten dituzte. Bat teknikoa: «Aimar edo beste edozein entrenatzaile jartzen da pilota botatzen eta gu denbora guztian pilotari ematen, gantxoak jotzen… eta horretan deberdinak dira entrenatzaileak. Batzuk zorrotzagoak dira. Aimar adibidez dezente zorrotza da horretan», adierazi du anaia zaharrenak. Beste entrenamendurako, berriz, lau pilotari elkartu ohi dira eta bikoteka partida bat jokatzen dute. Bitartean, entrenatzaile bat dute haiei so, jakinarazteko zertan huts egin duten edo zertan dabiltzan ondo.
Lehen mailako pilotariekin entrenatzea ez da ohikoena aurrekontratatutako pilotarientzat. Alabaina, badute egungo buruz buruko txapeldunarekin oroimenean gordetzen duten pasarte bat: «Lasorekin behin entrenatu genuen, oso oroitzapen polita dugu. Hemen, Astigarragan, izan zen, Ekain eta ni lau eta erdian bere kontra. Suabe hasi zen, eta pixka bat utzi zigunean gu oso ondo ibili ginen. Baina bera ondo hasi zenean egurtu egin gintuen. Horretaz ondo gogoratzen naiz». adierazi du Eñautek barrez. Lesio batetik bueltan etorri zen Bizkarreta-Gerendiaineko pilotaria Astigarragara, errekuperazio lanetan zuzenean lehen mailako jokalariekin ez hastearren.
Progresiorik ezean, debutik ez
Nola Bilbon, hala Astigarragan edo Hernanin, makina bat ordu eskaini dizkiote Lizeagatarrek pilotari, eta haien lana fruituak ematen hasi da jada. Progresiorik nabaritu ote duten galdetuta hauxe gazteenaren erantzuna: «Bada agian aitak animoak emateko baina… gu fisikoz nahiko baxu egon gara beti eta, Aimarrekin hasi garenetik esan digu progresioa izan dugula, baita jokoan ere». Ondorengoa erantsi du Ekainek: «Guk lehen indarra bakarrik genuen, adin horretan handienak ginen eta. Aimarrek teknika erakutsi digu, pilota manaiatzen».
Olaizolak positiboki baloratu du haien eboluzioa: «Biek asko hobetu dute, pixkanaka asko igotzen ari dira. Oso indartsuak dira eta altuera hori edukitzeko oso koordinatuak. Orain behar dute ordu asko sartu frontoian ez gurekin egiten dituztenak bakarrik, aparte beraien artean ere bai».
Eñaut: «Lasorekin behin entrenatu genuen, oso oroitzapen polita dugu. Ekain eta ni lau eta erdian bere kontra. Suabe hasi zen eta pixka bat utzi zigunean gu oso ondo ibili ginen. Baina ondo hasi zenean egurtu egin gintuen. Horretaz ondo gogoratzen naiz»
Izan ere, ez dute debutatzen profesionaletara heltzen diren pilotari guztiek. Olaizolak dio denei aukera eta laguntza berdinak ematen dizkietela: «Gero pilotariaren esku dago hobetzen joatea edo ez. Batzuk gora egiten dute, baina beste batzuk ez dute segitzen espero den progresio hori», azaldu du.
Aurrekontratuaren luzera pilotariaren adina eta ezaugarrien araberakoa izan ohi da. Eñaut eta Ekainen kasuan, bi urteko eskaintza egin zieten hasieran, eta aurtengo udan amaitu zaie: «Orain egin digute berriz berritu bi urtera. Bi urte horiek pasatzen direnean, hor erabakiko du Baikoren gerenteak, Aimarrek edo ez dakit nork, berriz ere aurrekontratua egin edo gora edo kalera joango garen…», adierazi du gazteenak.
Argi dute edozer gerta dakiekeela eta aitaren hitzak etorri zaizkio gogora Ekaini: «Beti esaten digu aukera dagoela biak igotzekoa, bat igotzekoa edo bat bera ere ez, eta edozer pasata ere berdin-berdin jarraitu behar dugula». Eñautek buruarekin baieztatu eta ondorengoa gehitu du: «Nik beti pentsatzen dut… Ekain igoko balitz enukeela utziko pilota. Segi! Afizionatuetan ibiliko nintzateke, Garfen edo edozein lekutan».
Baiko kirol enpresan, Martxel Iztueta Tolosarra izan da debutatzen azkena. Finean aurrekontratatutako pilotari guztiek egiten dute amets profesional bilakatzearekin, alabaina, plazak mugatuak dira eta ez dago guztientzako tokirik. Iztueta makina bat entrenamendutan izan dute bidelagun eta asko poztu dira harengatik: «Fisikoki egin genuen lehen gauza zoriontzea eta eskua ematea izan zen. Ez zaie meriturik kendu behar besteei», adierazi du segurtasunez Eñautek.
Ekain: «Aitak beti esaten digu aukera dagoela biak igotzekoa, bat igotzekoa edo bat bera ere ez, eta edozer pasata ere berdin-berdin jarraitu behar dugula»
Merezimenduak aipatuta, Hodei Exposito ere izan dute mintzagai. Haien aburuz, afizionatu gisa egin duen ibilbidea oso ona izan da: «Gaztetatik, hemen, atzeko txokoan, Hodeiekin asko ibili gara eta azkenean ikustea hainbeste denbora eta gero debutatu duela… ederra izan da», azaldu du Ekainek. Gazteenak ondorengoa gaineratu du: «10-13 urte genituenean entrenatu gintuen gu, pare bat urtez. Debutak ilusioa egin zigun, gainera herriko lehendabizikoa izanda… Ea, ea, astigartar gehiago heltzen diren profesionaletara».
Beti elkarrekin
Elkarri begira jarri eta barrez hasi dira bi anaiak: «Nik beti esango dut. Ekainek hobetu behar duen lehendabiziko gauza ezkerra da. Txikitan uztai batzuetatik erori zen, besoa hautsi zuen eta gaizki jarri zioten», azaldu du Eñautek anaiari besoa erakusteko keinua eginez. Ekaini pasa dio testigua: «Eta Eñauten txarrena bada… pixka bat burua erabiltzen ikasi behar duela, partidetan sufritzen jakin». Bata-bestearen ahuleziengatik eta indarguneengatik galdetuta, lehendabizi ahultasunei heldu diete biek zalantzarik egin gabe. Alabaina, elkarri loreak botatzeko gai ere badira. Eñautek, Ekainen eskuineko “gatza” goraipatu du, eta zaharrenak berriz, anaiak airez asko laguntzen duela eskertu du, eta denetik kontrolatzen duela pixka bat: gantxoa, sotamanoa, bolea…
Urtebete eta 15 eguneko aldea dute Lizeagatarrek haien artean, urrian jaioak dira biak eta betidanik dabiltza elkarrekin: «Txikitan pilotan eta futbolean aritzen ginen eta urte batean entrenamenduak egun eta ordu berean tokatu zitzaizkigun eta bat aukeratu behar izan genuen», azaldu du Ekainek. Anaia gazteak ondorengoa gehitu du: «Niri futbola ez zait asko gustatzen. Ez ginen batere onak, pakete batzuk ginen… ni behintzat. Hau hobea zen baina…». Anaia seinalatu du eta hark barrez erantzun dio. Pilotan askoz ere giro hobea zegoela adierazi du Ekainek, eta hargatik gusturago aritzen zirela frontoian.
Kirol minoritarioa izaki, hainbat adinetako gazteak elkartu behar izaten zuten entrenatu ahal izateko herrian. Eta, dezentetan tokatu zaie bakarrik entrenatzea ere: «Guk pilotan aritzeko aukera izan dugu elkarrekin ibiltzen ginelako txikitatik, baina bakarrik ibili gara askotan», azaldu du Ekainek. Bi izatea beti dela abantaila dio Eñautek, bakarrik piloteatzen ibili zaitezkeela, baina beste pertsona batekin arituta pikeak izan ditzakezula. Ondorengoa gaineratu du helduenak: «Eta txapelketetarako ere bikotea behar da».
Dagoeneko jokatu dituzte makina bat txapelketa eta beste asko izango dituzte hurrengo hilabeteetan. Norgehiagoka gehienak aparte jokatzen dituzte: «Bikoteka guk biok jokatzen ditugunak dira Gipuzkoakoa eta herri artekoa», adierazi du Eñautek. «Baina txapelketa pribatuetan, normalean, bakoitza beste bikote batekin aritzen gara. Hori beraiek erabakitzen dute, bikoteak parekatzen saiatzen dira partida onak ikusteko», erantsi du Ekainek.
Elkarrekin edo banandurik, afizionatuetan prestigio handiko txapelketetan dabiltza Lizeaga anaiak. Eta, batek daki, akaso etorkizun batean profesional mailan ariko dira nor baino nor gehiago. 2022ko urriaren 8an beso-zabalik hartu zuen herriak lehen pilotari profesionala: «Bat, bat, bat, bat parrandan ibili bat parrandan ibili…», eta era berean hartuko ditu segidan etor daitezkeenak ere. Bitartean goza dezatela ibilbideaz.