Goizeko 10:00ak emateko Landareko aparkalekuan. Bertan daude iada Sagarreta Natur Taldeko kideak material guztiarekin prest. Pixkanaka jendea agertzen hasi da. «Batzuek, zubiarekin, bestelako planak egingo zituzten», aipatu du batek. Izan da, ordea, auzolan deialdira batzea erabaki duenik eta hogeiko kuadrila ederra osatu da azkenean. Gazte zein helduak mendiko oinetakoekin eta arropa komodoarekin prest daude lanerako. Eskularruak eta lurretik gauzak hartzeko pintza luzea ekarri du batek, ez du lehen aldia.
Oraingoa, ordea, ez da ohiko ibai garbiketa izango. Azkenaldian, ibai bazterrak kanpo landare zein zuhaitz inbaditzailez betetzen ari dira. Oso azkar eta gehiegi ugaritzen direnez kalte egiten diote bertako landareei. Horregatik Sagarreta Natur Taldeak auzolan berezia antolatu du.
Hamarrak pasatxo dagoeneko, korroan bilduta elkarteko kideek plastifikatutako fitxa haundi bana eman diete bertaratutakoei. Bertan, 16 espezie inbaditzaileren argazkiak eta izenak agertzen dira; denak Urumea ibaiaren bazterretan topatzen direnak. Banaka azalpen txikia egin du Esteban Garmendiak, Sagarreta Natur Taldeko kideak; «lehena Krokosmia» ekin dio. «Hara! Hori LIDLen saltzen dute!» esan du azkar bolondres batek. Barre egin dute bildutakoek. Kañaberak ere ageri dira fitxan «ibai bazterrak bete eta bertakoei ez die uzten hazten» azaldu du. Lora moreak dituena Budleia edo Tximeleta zuhaitza deitzen dela esplikatu du Garmendiak: Txinatik datorrela eta tximeletek bertan arrautzak jarri bai baina arrak hil egiten direla, ez daudelako ohituta landare horretara. «Hurrengoa, Topinanbua» segi du Sagarretako kideak, «hori Karabeleko aldean asko dago» aipatu du beste bolondres batek.
Garmendiaren azalpen denak adi-adi entzun ostean Sagarretako kideek 'landareen inbentarioa' dion taula banatu dute. Bertan, ezkerreko zutabean azaldu berri dituzten 16 landareak daude; goitik behera ilaran. Eta bakoitzaren aldamenean, eskubiko zutabeetan, landare bakoitza «zenbat» ikusi duten eta «multzoaren hedadura» nolakoa den zehazteko adierazleak daude. Teoria pixkat eginda, espezie inbaditzaileak bilatzeko ordua heldu da.
Abiatu da taldea Zubiondo aldera ibai bazterretik. Lehen geldiadia; sasiakazia. Mikel Fanegak, Urzain taldeko kideak azaldu du sustrai oso indartsuak dituela: «asfaltoaren apitik gurutzatu eta beste aldean ateratzeko gai da». Zuhaitzetik baina tankerako fruta hartu eta eskutan ireki du. Barruan hazi mordoa ikusten da, hedatzeko gaitasun izugarriaren seinale.
Gazteenek berehala harrapatu dute dinamika: «hemen Karmin-belarra dago» oihukatu du batek baia moreak dituen landarea seinaltuz. Garmendiak landareaz azalpen batzuk eman bitartean, Mikel Fanegak, Urzain taldekoko kideak atsurrarekin landarea atera du: «ikusten ze sustrai potoloak dituen». Aurrera jarraituta «eta hori zein da?» galdegin du Garmendiak. Fitxa begiratu eta «panpa-belarra» erantzun du gazte batek. «Santanderretik hasi da asko honera etortzen, oraindikan Gipuzkoan kontrolatzeko moduan dago baina lan haundia egin behar da, bestela behin ugalduz gero, ezin da geratu», azaldu du Sagarretako kideak.
Egunaren helburua ez bazen ere, bidean zaborra topatu ahala jasotzen joan dira bolondresak. Zakar artean, ordea, izan da ezusteko pozgarririk. Izan ere, tomate txiki eta kalabaza erraldoiak ere aurkitu dituzte, «seguruna ibaiak ekarriko zituen haziak goiko baratzeetatik» aipatu du batek.
Behin paseo txikia eginda Landareko aparkalekura itzuli da taldea. Bertan, atsurrak hartu eta eguneko garbiketa nagusiari ekin diote: ahalik eta Fallopia japonica gehien kentzea. Fanegak azaldu du «Urumea bazter inguruan inbaditzaile nagusienetakoa» dela eta arazoak ematen ari dela «oso azkar ugaltzen den landarea» delako eta, ondorioz, «bertako landare guztiak azpian hartzen» dituelako. Sagarretako taldeko kideek argi dute egindako lana ez dela kristona. Haien helburua, ordea, «gehienbat kontzientzia sortzea» izan dela azpimarratu du Garmendiak.
Behin jasoketa zein garbiketa lanak amaituta, Udalak jarritako kontenedoretan bota dituzte zabor eta landare denak. Kudeaketa ez da besteetan bezalakoa, hain zuzen ere, balorazio gune batera eraman behar baitira landare inbaditzaileak eta bertan erre. Lurretik atera baina bazterrean utzita, oraindik ere ugaltzeko gaitasuna baitute. Horregatik, garrantzizkoa da poltsak ondo itxi eta leku egoki batera eramatea.
Goiza borobiltzeko ederki merezitako hamaiketakoarekin amaitu da auzolana: unea goxatu eta egindako lana zein ikasitakoa balioan jarrita. Sagarreta Natur Taldeko kideek eskerrak eman dizkiete bertaratuei eta ekintzak antolatzen jaraituko dutela iragarri. Ziur izango dela errepikatuko duenik.