Artikutza leku enblematikoa da, bertan egiten duen euri kantitateagatik ez ezik, inguruak duen biodibertsitate oparoagatik eta izandako balio estrategikoagatik. Europan, orain arte hustu den urtegi handiena da 2019tik (2016tik erabileraz kanpo zegoen) eta, orain, kapitulu berri bat gehituko zaio zonaldearen historiari: Enobietako presaren eraisketa. Egin dezagun urarekin batera bide.
Geldi dagoen urak, salto handia
Urtegiak funtsezko azpiegiturak dira gizarte modernoentzat. Horiek baliatzen ditugu eta horiekiko mendekotasuna dugu, besteak beste, edateko urez hornitzeko eta energia hidroelektrikoa ekoizteko. Horiek sailka ditzakegu Urumea bailaran dituzten funtzio nagusitzat, baina, beste eremu batzuetara begira jarriz gero, urtegi askok ureztatzeko ez ezik, emariak erregulatzeko balio dute, uholde-arriskua murriztuz eta lehorteen inpaktua arinduz. Funtsean, urtegi batek egiten duena baita urari eutsi, ura pilatu, gerora, nahi den erabilerara bideratu ahal izateko hala desio denean.
Funtzionamenduaren oinarrizko ulertzea ez da konplexua, baina ingeniaritza lan handiak dira eta eragiten dituzten gizarte- eta ingurumen-inpaktuak ere ez dira nolanahikoak. Presaren altuera zenbatekoa, horrenbesteraino igotzen da ur-maila eta, ondorioz, batetik, urpean uzten ditu zenbait eremu (eraikuntza handienetan, baita herriak ere) eta tokiko biztanleen desplazamendua eragiten du. Gainera, ibaien sekzioak ekosistema artifizial bihurtzen dituzte, begi bistako bat aipatzearren, urloa eragiten dute. Urloa da geldi dagoen ura eta, kasu honetan, habitata erabat aldatzen du, sakonera gutxiko korrontedun urak geldotzen baititu. Presa gaineko eremu horiek, aintzira itxura izan arren, kontserbazio-balio txikia dute eta espezie exotiko inbaditzaileen haztegi dira, hala nola, perka amerikarrarenak edo siluruarenak.
Bestalde, urtegiek ibaiek garraiatzen dituzten sedimentuak atxikitzen dituzte, eta, ondorioz, uretan behera urritzen dira (Sedimentuak, bai, baina ez presarenak. Ibaiak berez garraiatzen dituen askotariko sedimentuez ari gara: hondarra, harriak, enborrak, hostoak… ibaiak eremu bizi gisa ulertzen dira eta bere izatearen parte dira handitze eta txikitzeak, 'bidetik ateratzeak', sakonera aldaketak, eta abar). Zona batzuetan, sedimentu eskasia horrek itsasoak kostaldea higatzea errazten du, balio natural eta, zergatik ez esan, ekonomiko handiko ingurunea mehatxatuz. Beste eremu batzuetan, sedimenturik ez dagoenez, ibai-irlak, hondarrezko barrak eta horiei lotutako landaredia galtzen dira.
Giza azpiegitura guztiek bezala, urtegiek bizitza mugatua dute, bai eraiki zireneko helburuek egun justifikaziorik ez dutelako, bai zaharkituta geratu direlako, bai beste irizpide batzuk hobetsi direlako. Kasu horietan, erabaki egin behar da egitura horri eustea, eguneratzeko inbertitzea edo, besterik gabe, ezabatzea den egokiena. Horrela, zuri edo beltz esatea zail den esparruan, erabileraz kanpo dauden presa txiki asko kentzen ari dira, baita Urumea bailaran ere, Pikoagako eta Urdinolako presen eraiste proiektuak, kasu.
Artikutza ez da edozein leku
XIII. mendekoak dira Artikutzako barrutiaren lehen aipamenak eta, egun Kantauriko kostaldean ondoen kontserbatutako lekuetako bat bada ere, ez da esku-hartze faltagatik izan. Mendetan zehar izandako bilakaera eta jabetzak ez ditugu aipatuko, bai, ordea, bertako aktibitate nagusi izan zirela burdinolak, ikatz-ekoizteak, meatzeak, basoak eta larreak. 1919an erosi zuen Donostiako Udalak, 'Belle Époque' garaian, hiriaren hazkunde erritmoa izugarria zelako eta inguruko iturburuak ez zirelako nahikoa hiria hornitzeko. Uraren edangarritasuna bermatzeko berau kutsatzeko moduko jarduera guztiak galarazi zituen eta, mende batez, modu kontserbazionistan kudeatu du eremua. Horri esker, Artikutza kontserbazio balio handiko basoa da ia erabat, bioaniztasun handikoa. EHU/UPV-ko biologia saileko ibai-ekologia ikerketa taldeak ziurtatzen du azpimarragarria dela gainberan dauden zenbait espezieren biziraupenerako duen funtzioa, adibidez, muturluze piriniotarraren biziraupenerako. Balioa aintzat hartuz eta bermatu asmoz, 2004tik, Artikutza Kontserbatzeko Eremu Berezia da Natura 2000 Sarearen barruan.
Artikutzako finkan dago Enobieta urtegia (Enobietako errekan dagoelako deitzen zaio horrela. Artikulu honetan, Enobietako presa eta Artikutzako urtegia bereiziko ditugu bi izenak ager daitezen, baina, leku beraz ariko gara). Donostiako ur hornikuntza bermatzeko 1947 eta 1953 urteen artean eraiki zuten eta, orain, partzialki eraisteko lanak abiatuko dituzte. Edukierari dagokionez, 1,63 hm3 zituen, eta 42 metro altu den hormigoizko presa bat du. Presa eraikitzean ezkerraldeko horman hainbat egonkortasun arazo izan ziren, eta, ondorioz, presaren eraikuntza moldatu zuten. Hala ere, ez zen lortu Artikutzako urtegiaren egonkortasun arazoak konpontzea. Gainera, sarritan uraren metal edukiak legean ezarritako mugak gainditzen zituen, beraz, egoera horri aurre egiteko, 1976. urtean, ibaian hamar bat kilometro behera, Añarbe urtegia eraiki zuten, 44 hm3-koa, eta Artikutzako urtegia erabileraz kanpo utzi. Hasierako arazo haiekin eta ondorengo mantentze lan ezarekin, Enobietako presa Presen eta Urtegien Segurtasunari buruzko Erregelamendu Teknikoaren arabera A kategoriakoa da, hau da, segurtasun maila txikienekoa.
Zaharkituta gelditu diren eta erabiltzen ez diren presa ugari daude, eta gero eta ohikoagoa da haiek kentzea. Ikerketa taldearen arabera, presa txikiak desmuntatzea erraz samarra da; presa handiak deuseztatzea, ordea, teknikoki konplexuagoa da eta lan horiei buruzko informazio gutxiago dago. Oraingoz, Enobietako presa da Europan zerbitzuz kanpo utzi den presarik handiena. Horregatik, uste dute honakoa aukera paregabea dela halako jarduera batek biodibertsitatean eta Kantauriko kostaldean ondoen kontserbatutako ibaietako bateko funtzionamenduan izango dituen eraginak balioan jartzeko. Hain zuzen ere, urtegia hustu zenetik inguruak agertutako leheneratze ahalmena nabarmendu izan dute, eta Artikutzara joan besterik ez dago erreka berreskuratzeak atzetik zer ekarri duen ikusteko.
Ingeniaritza obra bat
Helburu eta eragin ekologikoa, bai, baina ezin da ahaztu honakoa ingeniaritza obra bat dela, edo, zenbait komunikabidetan aurkeztu duten bezala: «ingeniaritza erronka bat».
Aurrerago xehetuko dugun 'Life Kantauribai' egitasmoaren barruan kokatzen da Enobietako presaren eraiste partziala eta, gainera, bat dator Europa mailako ibaien leheneratze politikarekin, non 2030a baino lehen 25.000 km ibai leheneratzeko konpromisoa hartu den. Atal hau ere aurrerago landuko dugu.
Ibaien arteko konexioa, arrainen migrazioa, sedimentuen mugikortasuna eta ibai arroen morfologia hobetu asmoz, oztopoak eraisteko eta iragazkortzeko 6,5 milioi euro inbertituko dira; zati handi bat, Artikutzara bideratuko da. Gainera, Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izanik, «irtenbide iraunkorra» bilatzea ezinbestekoa da, Uraren Euskal Agentziako (URA) obra hidraulikoen arduradun Aitziber Urquijok Efe agentziari azpimarratu dionez.
Donostiako Udalak hiru aukera aztertu ditu: esku ez hartzea eta presa eraiki zen moduan uztea; egituran zulo bat irekitzea (eraiste partziala); eta erabateko eraistea.
Hiru aukerek gune horretan babestutako espezie eta habitatengan dituzten eraginak aztertu ondoren, eta horiek minimizatzeko helburuarekin, Donostiako Udalak zatika eraistea erabaki du, ingurumenaren aldetik aukerarik egokiena dela iritzita.
Efek aipatutako Udaleko iturrien arabera, Udalak dagoeneko bidali dio bere proposamena Trantsizio Ekologikorako Espainiako Ministerioari, eta hark oniritzia eman behar dio lanak hasi ahal izateko.
Ikusteke dago, egitekotan, nola egingo diren lan horiek, ingeniaritza-erronka handia izango baitira. Hain zuzen ere, presaren ezkerreko gainezkabidean 7 metroko zabalera izango lukeen pasabidea irekitzea aurreikusten da, gailurretik lurraren kotatik metro batera, gutxienez, baita moteltzeko ontzitik ibaian behera dagoen irtengunea eraistea ere.
Hondakinak tonaka
Kalkuluen arabera, jarduera horiekin, 3.930 m3 hormigoi eraitsiko dira, eta Udalak aurkeztutako planean agertzen denez, ia osorik berrerabiliko lirateke urtegiaren perimetro-pistaren zorua hobetzeko. Hondakin kopuru hori presa erabat kentzeak ekarriko lukeena baino ia hamar aldiz txikiagoa da: 39.374 m3 hormigoi. Pisten zorua hobetzeko 3.600m3 inguru erabil daitezkeela aurreikusten dute, beraz, presa osoa eraitsiko balute, gainerako guztia kamioikadaka atera beharko lukete tratamendu instalazio batera. Gutxi gora-behera, 3.000 kamioi-bidaia dira horiek; halako eremu baterako, asko.
Teknikarien arabera, zati bat eraistea da aukerarik onena, ibaien iragazkortasuna bermatzen duelako, eraispenetik datorren materiala hustu behar ez delako, exekuzio-epea askoz laburragoa delako eta, ez eraistearen aldean, biodibertsitatearen eta ekosistema naturalen gaineko inpaktuak murrizten dituelako. Erabat eraistearekin alderatuta, berriz, leheneratze ekologikoan ez omen dago halako alderik.
Enobietako kasuan hala ote den argitu ez badute ere, zenbait presa ondare industrialtzat katalogatzen dira eta alboko zati batzuk mantentzen dira iraganaren testigu gisa. Askoa Ibisate geografia fisikoko ikerlariak esan izan duen bezala, ordea, kontuan hartu behar dugu horrelako asko ditugula mailakatuta beren balio historiko, arkeologiko eta kulturalaren arabera eta, ibaien naturaltasuna ere ondare bat den heinean, berreskuratu egin behar dela berezko bere funtzionamendua.
Lehengoratuz berreskuratu
Artikutzako urtegia deusezteaz Bego Zubia zuzendariak egindako Urak Aske dokumentalean ederki islatzen da neurri honetako urtegi bat errekara leheneratzeak zer eragin ekologiko dituen. Ez dokumentalak hala dioelako bakarrik, gaian adituak direnen arabera ere, sedimentuak eta mantenugaiak garraiatzeko erregimen hidrologikoa eta dinamika naturala bermatuko da, baita uretako organismoen goranzko zein beheranzko mugimenduak ere. Gainera, muturluze piriniotarraren joan-etorrietarako habitata are gehiago hobetuko da, eta presa handiek igaraban eta bisoi europarrean eragiten duten hesi-efektua konponduko du. Aldi berean, saguzar arruntaren eta presaren galerietan babesten diren beste saguzar batzuen populazioa mantentzea ahalbidetuko du.
Landarediari dagokionez, urtegiko ontzia beraganatu duen landaredia mantentzea ahalbidetzen du. Landaretza horrek zeregin baliotsua du hainbat norabidetan; batetik, faktore abiotikoei egiten die mesede (bizidunak ez diren osagai fisiko-kimikoak), baita biotikoei ere (fotosintesia egiten dutenak); bestalde, paisaia-baliabideentzat urtegiak eskaini ezin dituen baldintzak garatu ditzake landarediak eta, azkenik, klima aldaketaren aurrean tokiko bioaniztasunak egin dezakeen ekarpena azpimarratu dute.
Zalantzarik ez dago eraikuntza artifizialik gabeko eremuen funtzionamendua, oro har, aberatsagoa eta onuragarriagoa dela. Hori da Artikutzako urtegia deuseztearen arrazoi bateratuena, eraikinari, aurrera begira, ez baitzaio bestelako erabilerarik eta onurarik aurreikusten.
Artikutzako urak Añarben
Ondorioetara heldu aurreko prozedura garaia da honakoa, baina. Eta, urak zerbait mugitzekotan, errekan behera mugituko du. Lehenago aipatu bezala, Artikutzako urtegiaren ezegonkortasunak medio, Añarbeko urtegia eraiki zen 60ko hamarkadan. Artikutza eta Añarbe arroa berdinean daude: Añarbe errekaren goialdean lehena eta beheraxeago bigarrena. Iban Zubeldia Añarbeko komunikazio arduradunak azaldu digunez, Artikutzak Donostiari bakarrik ematen zion zerbitzua eta, aldiz, Añarbeko urtegia eraikitzearekin batera Añarbeko mankomunitatea sortu zuten Donostiak eta inguruko 9 herrik (Astigarraga, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil). Horrela, ur beharrari erantzun bateratua eman nahi izan zitzaion.
Urumeako Kronikaren zenbait irakurlek, agian, oroituko dute nola izan ziren aldi berean lanean bi urtegiak lehen urteetan. Donostiako eremu batzuetara Artikutzako ura eramaten zen eta, beste batzuetara, Añarbekoa. Baina, hori, 90eko hamarkada hasierararte izan zen. Ordutik hona, Artikutzako urtegiak ez du inolako helbururik izan hornikuntzari dagokionez eta, agian, horrexen poderioz, zaharkituta geratu da.
Behin kentzeko erabakia hartu ondoren, Zubeldiak argitu du hainbat gauza hartu zirela kontuan, tartean Añarbeko urtegiari zer eragin dakioken; esaterako, uholde arriskuetan zer eragin izan dezakeen ibaian goraxeago presarik ez izateak. Egindako azterketetan ikusi da ez diola inolako kalterik egingo Añarberi ez eta bertako urei ere. Era berean, Zubeldiak argitu du Añarbek ez duela Enobietako presaren eraistearekin zerikusik, Donostiako Udalak Espainiako trantsizio Ekologikoko Ministeritzari aurkeztu baitio proiektua eta honek erabakitzen baitu zer den kontuan hartu beharrekoa. Ikerketek eta entitateek diotenaz gain, Artikutzako urtegia hustu zenetik hona Añarbek sumatutakoa dago; Zubeldiaren hitzetan, batere ez. Artikutzako urtegia 2016an hasi ziren husten, jada desagertu da, ibaia berregin da eta etor zitezkeen lohiak etorri izango dira. Aldiz, distantziagatik edo bigarren urtegiaren kapazitateagatik, ez da arazorik egon.
Aurrez aipatu ditugun leheneratze ekologikoak direla eta, uste izatekoa da Añarbeko uraren kalitateak hobera egingo duela, baina, Zubeldiak hemen ere ezetz dio, uraren kalitatean ez duela eraginik izango, gaur egun, dagoeneko, kalitatea oso-oso altua delako. Bere esanetan, arrazoia argia eta ulerterraza da; izan ere, ez Artikutzan eta ez Añarben ez dago inolako herririk, industriarik ez abeltzaintzarik.
Mankomunitateko ura jasotzen dutenei, beraz, lasaitasuna transmititu die: ur kalitateak orain bezain gorena izaten jarraituko du.
Artikutza, askoren artean
Life Kantauribai Europako proiektua da eta helburu nagusi du Bizkaiko golkoan itsasoratzen diren ibaien eta ibaiadarren ibai-ekosistemari lotutako espezie eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzea, Natura 2000 Sareko Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitania eskualdeen artean partekaturiko 15 babesgunetan.
Ekimen honek 25 oztopo eraistea aurreikusten du, horien artean Artikutzako presa eta bost ibai-arro partekatutan zehar 85 kilometro ibilgu askatzea: Oria eta Urumea, Errobi eta Urdazuri, eta Bidasoa.
Itziar Gómez Nafarroako Gobernuko Ingurumen sailburuak adierazi duenez, «ibai-biodibertsitatea babesteko eta ibaien arteko lotura berreskuratzeko beharrezkoa den ekimena da, gaur egun zaharkituta dauden azpiegitura eta obra hidraulikoekin gehiegi zatituta eta gaizki tratatuta daudelako».
Ibaien Leheneratze Estrategia 2022-2030 ere azaltzeke utzi dugu. 2000n onartu zen uraren arteztarauan aipatzen zen Europako ur masak kalitate onean egon behar zirela. Diagnostikoak egin eta, bete ezean, eremuak leheneratu behar ziren. Horrez gain, momentu honetan, Europar Batasuna Naturaren Errestaurazioaren Legearen tramitazioarekin dabil eta bertan esaten da 2030erako 25.000 km egon behar direla aske Europan. Horren baitan, gehien aplikatu izan den leheneratze neurria izan da presen eraistea.
Eraisteaz gain, jakina, badaude beste neurri batzuk, esaterako, ibaiaren esparrua berreskuratzea eta funtzionamendua hobetzea, zeren, gero eta presenteago dugun bezala, ezin da ibai bat ulertu ibai arroari begiratu gabe. Hala ere, gisa honetako kasuetan sarri ahazten den eta kontuan izateko modukoa den arloa da eraiste asmoa dagoen presa gehienak erabileraz kanpo daudela eta asko ia ezin direla berriz martxan jarri, besteak beste, egungo legedia eta kostu ekonomikoa dela eta. Martxan daudenekin edo martxan jartzeko moduan daudenekin zer egin? Hori beste bailara bateko erreka-soinua da.