Erreportajeak

Lehen sakearen ardura

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Tolaretxipi 2026ko abuztuaren 14a

Goizuetako Fiesta Batzordeko kideek bota zuten txupinazoa iaz.

Alize Sagardui, Aritz Zubiri, Beñat Apezetxea eta Iker Salaberria pelotariek emanen diete hasiera Goizuetako Fiestei. Protagonistek «ilusioz» hartu dute ardura.

Udaletxeko balkoia atonduta eta plaza jendez beteta. Hori izanen da gaur eguerdiko 12:00etan Goizuetako plazaren irudia. Gaur hasiko dira Fiestak, eta hilaren 18ra arte ez da giro faltarik izango herrian. Horretarako ardura, pelotariek izanen dute. Jakina da Goizueta berez herri pelotazalea dela. Bertan jaio diren askok txikitatik jasotzen dute pelotarako grina, eta horren isla da orain urte batzuk eraberritu zuten frontoi ederraren itxura.

Bertan bildu dira jaiei hasiera emateko ardura izanen duten lau pelotariak. Ez, ez dira binakako norgehiagoka jokatzeko bildu, txupinazoa jaurtitzeko aukera edukitzeak zer sentimendu pizten dizkien azaltzeko baizik. Beraiek Beñat Apezetxea (Goizueta, 2005), Alize Sagardui (Goizueta, 2011), Iker Salaberria (Goizueta, 1999) eta Aritz Zubiri (Goizueta, 1987) dira. Eurak dira egun herrian puntan-puntan ari diren pelotariak. Esku huska aritzen dira Apezetxea, Sagardui eta Salaberria, eta Zubiri aldiz, erremontean aritzen da.

Apezetxea eta Salaberria, Pelota Pro Ligako Aspe enpresako pilotari profesionalak dira. Salaberriak, zazpi urte daramatza dagoeneko profesionaletan, eta bigarren mailan hainbat final jokatzeaz gain, maila nagusian buruz buruko txapelketak jokatzeko aukera eduki du. Apezetxeak aldiz, joan den martxoan egin zuen debuta, eta lehen uda bizitzen ari da profesional gisa. Sagarduik berriz, Emakume Masters Cup-eko zirkuituan dihardu. Maila altuan ari da gainera, lehen parte hartzea zuen binakako txapelketan txapeldun izan baitzen Enara Gaminderekin batera.

Zubiri, erremontea bizitzen ari den egoera zailaren une onean dago. Batetik, binakako txapelketa irabazi zuen urtarrilean, eta ekainean Sagardoaren txapelketan nagusitzea lortu zuen. Bi lehiaketak Imanol Ansa Urnietako aurrelariarekin irabazi zituen.

Udako etengabeko jardunaren erdian, jaiei hasiera emateko ardura izanen dute lau pelotariek. Zubirik proposamena nola jaso zuten kontatu du: «Ezustekoa izan zen. Niri deitu zidatenerako, gainontzekoek baiezkoa emana zuten». Herritarrak bere sentitzen ditu herriko festak, eta lauentzat bereziak dira Goizuetakoak. Apezetxeak aukera eurei eman izanak zer sentimendu piztu dizkien esan du: «Lau pelotarioi eman digute honetarako ardura, eta aukera polita da».

Esan gabe doa Goizueta berez herri pelotazalea dela. Pelotari bikainak irten dira bertatik, eta egun Umore Ona klubak ere bikain funtzionatzen darrai. Goizuetako pelotaren ordezkari gisa botako dute suziria, eta Salaberriak eurentzat horrek zer esanahi daukan azaldu du: «Goizuetak pelotari bikainak izan ditu. Txikitatik esku pelotaren arloan Aimar Olaizolaren jarraitzaileak gara. Guztioi ilusioa egiten digu Goizuetako pelotaren ordezkari gisa jaiei hasiera emateak».

Jaien hasiera, egitarau barruko ekitaldi berezietako bat da. Adin guztietako jendearentzat egindako espazio bat da. Zubirik azken urteetan nola ospatu duen kontatu du: «Azken urteetan lasai bizi izan dut. Gazteagoa nintzenean ezberdina zen. Ilusioa pizten duen egun bat da, eta aste polit baten hasiera dela esango nuke». Salaberriak ere bide beretik jo du: «Txikitatik lau egun horiek noiz iritsiko zain egon ohi ginen. Egunerokoan ikusten ez duzun jendea ere etortzen da, eta hori ederra da. Kirolariak garen aldetik, ez gara lehen aina luzatzen, baina hori seinale ona da».

Alize Sagardui, Emakume Masters Cup-eko pelotaria.

Sagarduirentzat ere egun berezia da txupinazoarena: «Beti buruhaundien esperoan egoten gara txupinazo egunean. Batzuetan buruhaundiarekin irtetea tokatzen zait, eta gainontzean haien aurretik lasterka joaten naiz». Apezetxeak Fiesten barruan oro har izaten diren gauza bereziak azpimarratu ditu: «Fiesta aurreko eta ondorengo lau egunak bereziak dira. Ederki pasatzen dugu familiarekin zein lagunekin».

Pelotarien martxak ez du etenik udan. Abuztuan gainera, ia egunero bazter guztietan jokatzen dira norgehiagokak. Goizuetako jaietan ere izanen dira esku huskako pelota jaialdiak, eta bertan ariko dira Sagardui eta Apezetxea. Sagarduik abuztuaren 15ean, Amabirjin egunez jokatuko du 12:30etan. Nora Mendizabal izanen du lagun, eta Zabaleta- Vertiz bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Hurrengo egunean izanen da Apezetxearen txanda. Arkaitz Eskuzarekin osatuko du bikotea eta aurkari berriz Zubizarreta III- Landa bikotea izanen dute.

Beñat Apezetxea, Aspeko pelotaria.

 

Beste modu batera

Pelota jarduna tarteko, pelotariek beste modu batera bizi ohi dituzte jaiak. Apezetxeak eta Sagarduik Goizuetan jokatuko duten moduan, Salaberriak eta Zubirik ere badituzte euren konpromezuak. Apezetxeak gaueko jaiarekin hartzen duten distantziaz hitz egin du: «Abuztuan toki askotan izaten dira jaiak, eta alde batetik bestera aritzen gara pelotan. Horregatik, aurten ez naiz gauean asko ibiliko».

Suziria lehertu eta ondorengo uneetan hasten da festa. Buruhaundi eta erraldoiak irteteaz gain, txoznak ere ordu horretan irekiko dira. Zubirirentzat jaien hasieraz gain, berezia da gaurko eguna: «Semearen urtebetetze eguna da. Haren nahia, txupinazoaren ostean familia guztia elkartzea da. Horregatik, famili giroan bazkari eder bat eginen dugu». Apezetxeak ere zintzo ibiltzeko asmoa du: «Jaitsi eta lagunekin tragoren bat edo beste hartuko dut. Gazte eguna da, eta eurak bazkaltzera joaten direnean ni etxera joanen naiz». Salaberriak egutegiaren arabera erabakiko du zer egin: «Txupinazora ezinbestean irten behar dugu. Ondoren, norgehiagoken arabera ikusiko dut zer egin».

Goizuetako fiesten barruan lau egun daude. Herritarrek guztiez gozatzen dute oro har, baina guztiek euren egun kuttunak dituzte. Zubirik berea zein den kontatu du: «Nire egun gustukoena peñen eguna da. Umea nintzenetik aritu naiz eurei begira. Barrutik bizi behar den ekitaldi bat dela iruditzen zait. Goizuetako herritarrok asko bizitzen dugun eguna da, eta azken eguna izaki geratzen diren indar guztiak hor joaten dira».

Sagarduik ere bat egiten du egun horrekin: «Beti ikusi izan ditut peñak nola ibiltzen diren. Gustatzen zait horiek ikustea. Egun hori da nire ustez politena eta ilusio gehien pizten didana». Salaberriak ere gustuko ditu peñak: «Nik ere umetatik ikusi izan ditut. Sekulako giroa jartzen dute, eta hori izaten dugu gustuko normalean».

Horrez gain, bada Salaberriak gustuko duen beste ekitaldi bat: «Goizueta eta Aranoren arteko norgehiagokak ere politak izaten dira. Umeak ginenetik frontoian egon garenok partidu hori jokatzeko ilusioa edukitzen genuen, eta berezia da». Apezetxea ere umea zela hasi zen pelotan, eta bat egiten du Salaberriarekin: «Goizueta eta Aranoren arteko norgehiagokan pilotalekua jendez lepo egoten da, eta horrek poza ematen du». Hori amaitu eta… «Amaitu ondoren, azkar dutxatu eta bazkaltzera joatea izaten da ohitura. Sekulako giroa egoten da bertan peñen egunean».

Egun horien barruan hainbat ekitaldi izaten dira. Guztiek dituzte ekitaldi batzuk besteak baino kuttunago, eta Salaberriak berea zein den esan du: «Goizeko entzierroa gustatzen zait. Jeiki eta amarekin hori ikustera joateko ohitura izaten nuen». Pilotalekuan partiduak ikusten igarotako orduak ere gogoan ditu: «Pilotalekuan egiten diren ekitaldi guztiak bereziak dira. Beti hemen egoten ginen, eta peñen eguneko bazkaria ere berezia da».

Zubirik ekitaldi guztiak baloratzen ditu: «Gu derrigortuak gaude pilotalekuko ekitaldiak esatera, baina guztiek dute bere xarma. Festa ederrak dira». Sagardui ere goizeko ospakizunen zalea da: «Goizeko entzierroa gustatzen zait niri ere. Lehengusuekin joateko ohitura dugu, eta polita da». Apezetxearentzat ere pilotalekuko jarduna da kuttunena.

Aritz Zubiri, erremontista.

 

Uda betea

Esan daiteke Euskal Herriko jai guztietan pelotak leku esanguratsua betetzen duela. Udan zehar, maila guztietako norgehiagokak jokatzen dira. Horregatik, Goizuetako lau pelotari hauek ere leku guztietan dituzte partiduak. Apezetxeak ez zuen nahi bezala hasi udara: «Lesio txiki batetik irten berri naiz. Ondorioz, udari ez nion hasiera ona eman, baina orain norgehiagoka batzuk jokatuta, pixkanaka erritmoa hartzen joatea izanen da helburua».

Salaberria gustura ari da: «Norgehiagokak jokatu ditut. Ez dut minik hartu, eta hori garrantzitsua da sasoi honetan. Orain ere baditut norgehiagokak, eta ea maila ona emateko aukera dudan». Sagarduik ere betea du agenda: «Partidak jokatzen ari naiz. Abuztuan ere baditut batzuk, eta gustura nabil. Uda sasoia gustatzen zait, eta ondorengo erronkei heltzeko gogoz nago».

Zubiri gustura ari da, baina erremontearen etorkizunaz kezkatuta: «Gustura ari naiz, sekula baino hobeto esango nuke. Gure enpresa itxi egingo da urte amaieran, eta gainontzeko erremontistak bezala kezkatuta nago. Ez dakigu aurrerantzean zer gertatuko den».

Goizuetako pelotari etorkizuna ikusten diote lau pelotariek. Salaberria umeei erakusten aritzen da, eta bere ikuspuntua eman du: «Ikusten da umetatik pelotarako gosea dutela. Hori garrantzitsua da». Gainontzekoek umeek «ilusioa» badutela azpimarratu dute, eta Zubirik erreferenteen garrantzia ere aipatu du. Azken urte honetan, Sagarduik binakako txapela irabazi du, eta Apezetxeak profesionaletan debutatu du. Horrelakoek motibazioa «pizten» dutela nabarmendu dute.

12:00etan lehertuko da festa. Laurek badute esperientzia komunikabideen aurrean hitz egiterakoan. Nork hitz egingo du txupinazoan? Egin apustu, pelotazale!

 
Iker Salaberria, Aspeko pelotaria.
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!