Inguru guztiek nortasuna ematen dioten hainbat ezaugarri dituzte, eta Euskal Herrian lasterketek oihartzun eta sona handia dute. Buruntzaldean hainbat urtetan zehar ospatu izan da Azeri Bila entzutetsua, Hernanin ikur den azeria erdigunean jartzen duen kirol ekitaldia. Azken bi urtetan, ordea, ez da ospatu, eta aurten ekainaren 21ean egingo da San Joan jaiak hasi baino bi egun lehenago. Horren falta sumatuta martxan jarri ziren Mikel Von Wichmann eta Xabier Jauregi hernaniarrak. Elkarrekin hitz egin ostean, lasterketa antolatzea erabaki zuten.
Hasiera batean, bakoitzak bere kabuz ekin zion lanari, eta Jauregik elkarren asmoen berri nola eduki zuten azaldu du: «Mikel eta biok norbanako gisa aldi berean baina era bereizian hasi ginen antolatzen, eta biek Denontzat Gimnasioko arduraduna den Ismael Mateorekin jarri ginen harremanetan, eta hark eman zigun elkarren asmoen berri». Behin elkartu ostean, biek ideia «oso antzekoak» zituztela azaldu dute, baina horren erdigunea zein zen oso argi izan zuten; pena da Azeri Bila lasterketa galdu izana, eta Buruntzaldean erreferentziala den lasterketa baten beharra dago.
Ibilbideari dagokionez, aldaketa batzuk egin dituzte, eta horren arrazoiak azaldu ditu Jauregik: «Lasterketa honek buelta bat behar zuela iruditzen zitzaigun, izan ere, iraganeko lasterketak oso jendetsuak izan ziren, baina azken urteetan beheranzko joera izan zen». Zirkuituaren aldaketa honen barruan ere, desadostasunak izan dituzte beraien artean; Mikelek bide «laua eta bihurgune itxirik gabea» nahiago zuen bitartean, Xabierrek Hernaniko kaleetan kokatu nahi zuen lasterketa jendea eta festa giroa nabarmenduz lasterketari kutsu herrikoiagoa eman nahian. Bien ideiak uztartu, eta Hernani eta Astigarraga artean egingo den lasterketa oso laua eta azkarra izango da, baina era berean irteera eta helmuga Hernaniren bihotzean, Plaza Berrin kokatuko dira.
«Modu horretan, edonork disfrutatu ahalko duen ibilbide bat diseinatu dugu; azkarrenek marka txukunak egiteko beta izango dute, eta hain azkar ez doazenek ibilbide eroso batetaz, eta Hernaniko zein Astigarragako kale eta jendeaz gozatu ahal izango dute. Lasterketa bukaeran jana eta edana izango da»
3 urtetik aurrera
Lasterketa lau zatitan banatuko da. Guztiek Urbieta kalean kokatzen den Adarraga Gozotegiaren parea izango dute erreferentzia, eta 6 urtetik gorako orok izango du horretaz gozatzeko beta. Lasterketa nagusian aritzeko aukera 14 urtetik gorakoek izango dute, eta hauek Hernani eta Astigarraga herriak batzen dituen 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Aurretik baina, 6-8 urte bitartekoek 200 metroko ibilbide laburraz gozatzeko aukera izango dute, eta 9-10 eta 11-13 urte bitartekoek apur bat gehiago estutu beharko dituzte zangoak hurrenez hurren, 500 metroko eta 1,2 kilometroko lasterkaldia osatu beharko dute.
Ibilbidean ez bezala, kategoriak antolatzerako garaian aurreko lasterketetako irizpideak erabili dituzte, eta Jauregik lasterketan umeen parte-hartzeaz hitz egin du: «Argi genuen umeei ere euren tartea eskaini behar geniela, eskola amaitu berri eta festa giroan udari hasiera emateko bidea izango da eurentzat ere Azeri Bila».
Erreportaje hasieran esan bezala, lasterketek badute zerbait berezia, eta xarma handia ematen die egiten diren inguruei. Jauregiren ustez, hainbat dira Azeri Bila lasterketa berezi egiten duten faktoreak; batetik, «festa giroan» eta «jendez inguratuta» San Joan jaiei zein udarari sarrera emango dien ekitaldia izango da, eta bestetik, lasterketaz gain hainbat gutizi ere ezarriko dituzte helmugako eremuan antolatzaileek: «Lasterketa izango da ekitaldiaren erdigunea, baina amaieran lasterkariek paella erraldoi batez zein txotxaz gozatzeko aukera izango dute, eta gainera, lasterketako kamiseta bat zein zozketak ere izango dira».
Antolatzaileek hala ere «faktore bereizgarri» moduan ibilbidea aipatu dute: «10 kilometroko lasterketa neurtua izango da, Urbieta kalean hasiko dena. Lasterkariek Hernani eta Astigarraga artean ibilbide laua eta ikusgarria burutuko dute, Hernani erdigunera itzuli eta Plaza Berrin amaituko da». Profila diseinatzerako garaian, lasterkariei ere begiratu dietela adierazi dute antolatzaileek, eta mota ezberdinetako korrikalarientzat egindako ibilbidea dela iruzkindu dute: «Modu horretan, edonork disfrutatu ahal izango duen bide bat diseinatu dugu; azkarrenek marka txukunak egiteko beta izango dute, eta hain azkar ez doazenek ibilbide eroso batetaz, eta Hernani zein Astigarragako kale eta jendeaz gozatu ahal izango dute».
Lasterketa nagusiko dortsalak, agortuta
Izenemateak sekulako arrakasta izan du, eta lasterketa baino astebete lehenago amaitu dira dortsal guztiak. Jauregik eta Von Wichmannek lehen aldiz lasterketaren ardura hartu dutenez, modu «kontrolatuan» egin nahi izan dute dortsalen eskaintza, eta 300 dortsaleko muga jarri dute, eta izena eman nahi duen orori abisua eman: «Aurten ibilbide berria izanik, lasterketa behar bezala atera dadin 300 pertsonako muga jarri behar izan dugu, datozen urteetara begira handitzeko asmoarekin. Dagoeneko agortu dira lasterketa nagusiko dortsal guztiak». Hori bai, lasterketaren egunean bertan boluntario lanetan jarduteko jendea behar da oraindik.
Umeen lasterketan izena emateko berriz, galdetegi bat dago prestatuta, eta bi aukera daude horren eskaera egiteko; batetik, posta elektroniko bat azeribilahernani@gmail.com-era bidaliz edo bestela @azeribilalasterketa Instagram kontura mezu bat bidalita. Herri ekimenetan ere oso garrantzitsua izan ohi da boluntariotza, eta antolakuntzatik dei egiten dute egunean bertan laguntzera joateko bai hasieran, amaieran bideko hainbat puntutan… Horretarako interesa duenak azeribilahernani@gmail.com-era bidali beharko du mezua izen abizenak eta telefono mugikorraren zenbakia ezarriz.
«10 kilometroko lasterketa izango da, Urbieta kalean hasiko dena. Lasterkariek Hernani eta Astigarraga artean ibilbide laua eta ikusgarria osatuko dute, Hernanira itzuli eta Plaza Berrin amaituko da»
Iraganeko antolatzaileei aitortza
Arestian aipatu moduan, lehenengo aldiz ari dira antolatzen Xabier Jauregi eta Mikel Von Wichmann Azeri bila lasterketa, eta azpimarratu dute aurreko antolakuntzan aritu zirenek «izugarrizko lana» egin zutela, eta «zalantzarik gabe» horrek bidea asko erraztu diela. Gaineratu dute, izan direla batzuk lasterketaren izena berriro entzun, eta «begiak itxita» izena eman dutenak, eta diote hori aurreko lasterketetan lehen lerroan aritu zirenen meritua izan zela. Parte- hartzaileen artean geratzen ari den egitura polita dela iritzi diote, izan ere, «maila altuko» korrikalariek izena eman badute ere, korrikalari gehienak herrikoiak dira. Azpimarragarria da baita ere emakumeen parte- hartzea, izena eman dutenen artean %45etik hurbil baitaude.
Horietako bi dira Maitane Guerrero eta Hoki Guerrero hernaniar korrikalariak. Hokiren hitzetan, Azeri Bila «hernaniarren lasterketa» da, eta oso giro popularra duena, eta San Joan jaien aurreko giroan ospatzen dena. Hokik gaineratu du, lasterketak Hernaniko kaleak «jendez lepo» egotera eramaten duela, eta hori dela beretzat Azeri Bila. Guerrerok gaineratu du, normalean «lagunartean» lasterka egiteko proba ere badela, familia ere inguruan egoten dena, eta gertuko lasterkari ugarik parte hartzen duten egun bat dela. Lasterketaren itzulera Hokik, «pozez eta ezustean» hartu zuela adierazi du, izan ere, gaur egun lasterketen eskaintza oso zabala da, eta lasterketa askotan ibiltzen direnek hautatzerako garaian «zerbait gehiago» eskaintzen duen proba bat lehenesten dutela uste du, eta beretzat Azeri Bila horretarako «primerakoa» da.
Hernani eta Astigarraga arteko ibilbidea egin behar izatea Guerrerorentzat aproposa da, eta haientzako ere ezaguna bertan entrenatzen baitute. Gainera, lasterka hasten den jendea Hernani eta Astigarraga artean hasi ohi da, ibilbide guztia laua eta erraza delako. Horren ondorioz, bere ustez «inguruko jendea» animatuko da bertan parte hartzera. Horri lotuta, Hokik alderaketa egin du aurreko eta oraingo ibilbideen artean, eta oraingo ibilbidea «askoz lauagoa» dela irizten dio. Horrekin batera, uste du ibilbide mota honek jendeari «erraztu» egin diola parte hartzera animatzea. Emakumeen parte hartzeak gora egin duela sumatu dute, Hokiren hitzetan, eurek ohitura dute goizean goiz entrenatzera joateko, eta arreta deitu die gurutzatzen diren beste korrikalarietako asko emakumezkoak direla.
Guerrerori ere arreta deitu dio %40a emakumezkoak izateak, eta bere hitzetan hori «izugarria» da, eta euren xedea betetzen ari dela diote, izan ere, gero eta emakume gehiago nahi dituzte bai kirolean bai eta lasterketetan ere. Hokik badu ekitaldia lehen izan zenera bueltatuko denaren esperantza, bere ustez gero eta kirolari ikusten dira, eta jendeak gero eta garrantzia gehiago ematen dio alor horri, eta garai batean zuen 'xarma' horri eusten bazaio egun oparo baten moduan ikusten du. Guerreroren ustez, lasterketa ugari badaude ere honek bere «xarma» du, eta gazteak ere kirolean denbora «luzeagoan» irauten dute.
Hokik ez du gogoan zenbat aldiz parte hartu duen, baina dioenez lehenengoz bertan aritu zenean oraindik eskuzko kronometroa erabiltzen zen, eta ez zegoen gaur egun dagoen baliabide teknologikorik, baina kopuru zehatza oroitzen ez badu ere posible izan duen bakoitzean «beti» egon dela aipatu du. Guerrerok berriz gogoan du nola «erdi engainatuta» lankideekin irten zen lehen aldiz enpresen arteko lasterketa batean, eta gerora «erdi ezkutuan» ekin zion orduko Azeri Bilako lasterketaren bideari.
«Lasterketa honek buelta bat behar zuela iruditzen zitzaigun, izan ere, iraganekoak oso jendetsuak izan ziren, baina azken urteetan beheranzko joera izan zen. Horregatik erabaki dugu ibilbidea aldatzea»
Hokik eta Guerrerok aurtengo edizioan dituzten helburuei buruz ere hitz egin dute; Hokirentzat une honetan kirola «gozatzeko» une bat da, eta hark bere burua korrikalaritzat baino gehiago «kirolaritzat» du asko gustatu eta hala laguntzen baitio egunerokoan aurrera egiten. Guerrerok dio oraindik ere zalantzak dituela lasterketara nola iritsiko den pentsatzen duenean, eta aitortu du distantziek ere orain batzuetan beldurra ere sortzen diotela. Hala ere, 10 kilometroko ibilbide hau «gustora» egiten den ibilbidea dela irizten dio, eta maratoi erdiari begira ere dagoen honetan lehiatzeko gogoz irtengo dela gaineratu du.
Itzuli da Azeri bila Hernani eta Astigarragara, Buruntzaldeak badu berriro ere erreferente izango duen lasterketa bat. Hernani zein Astigarragako kaleak korrikalarien hankapausoen eta inguratuko direnen animoen soinuekin nahastuko dira. Azeria eta korrikalariak prest daude, eta jendea ere gogoz dago.