Erreportajeak

Mila konturen kabi

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Tolaretxipi 2024ko ira. 14a, 00:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, Eskoriatzan.

Gaur emango zaio hasiera Gipuzkoako txapelketa nagusiari Urretxun. Guztira 48 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik sei Urumea Bailarakoak izango dira.

Iritsi da 2024ko irailaren 14a, bertsozaleak hainbeste desio zuen egun hori; izan ere, gaur arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera Urretxuko Labeaga aretoan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari. Ohikoa den moduan, Urumea Bailarako bertsolari zein epaileen ordezkaritza zabala izango da; guztira, hamaika kide arituko baitira, sei kantari eta lau epaile lanetan direla.

Txapelketari dagokionez, final zortzirenekin emango zaie hasiera kanporaketei, eta bertan berrogeita bi bertsolari arituko dira zazpi saiotan banatuta; Puntu honetan ekingo diote txapelketari bailarako eta edo Hernaniko Bertso Eskolako kide diren Andoni Rekondok (Hernani, 1999), Eli Pagolak (Ereñotzu, 1995), Eñaut Martikorenak (Hernani, 1995), Andoni Mujika Anatxek (Urnieta, 1999) eta Asier Azpirozek (Zubieta, 1991). Bertatik, saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da final laurdenetara, eta puntuazioz sailkatzen diren beste hamazazpi bertsolarirekin eta 2019ko finalean izan ziren eta izena eman duten gainontzeko sei bertsolariekin osatuko dira final laurdenak.

Final laurdenetan berriz, hogeita hamar bertsolari ariko dira kantuan, eta fase honetan sartuko da Agin Laburu (Astigarraga, 1985) egungo azpitxapelduna. Txapelketaren fase honetan bost saio jokatuko dira, eta final zortzirenetan egin moduan saio bakoitzeko irabazleak zuzenean lortuko du finalerdietarako sailkapena, eta puntuazio altuena eskuratzen duten gainontzeko hamairu parte hartzailerekin egingo da finalerdietarako egutegia.

 

Bi berrikuntza gutxienez

Finalerdietan beraz, hemezortzi bertsolari jardungo dira Illunbeko ohorezko zortzi postuen bila, eta ez litzake harritzekoa izango bailarako maila ikusita jardunaldi horretan bertako bertsolarien presentzia ere zabala izatea. Gainera, Oier Iurramendi, Bertsozale Elkarteko koordinatzaile eta Hernaniko Bertso Eskolako kideak aurtengo berrikuntza bati buruz hitz egin du: «Aurreko txapelketan aritutako bi finalistek izena eman ez dutenez, aurten gutxienez bi berrikuntza izango dira finalean». Horri Iurramendik gaineratu dio Gipuzkoako Txapelketa lau urtez behin egiteak «erdi mailan kopuru izugarri bat» egotea ekartzen duela, eta horrek finalean egoteko hautagaien kopurua «igotzen» duela.

Arestian aipatu moduan, gaur emango zaio hasiera Urretxun txapelketari, eta bertan izango da kantari Andoni Rekondo hernaniarra. Lehen aldiz izango da kantari Rekondo, eta udaberriko fasetik udazkenera igarotzea «poza eta lasaitasuna» izan zela esan du, helburu bezala «batetik bestera sailkatzea» baitzuen. Bestalde, lehenengo txapelketa izateak «gogoa» pizten diola iruzkindu du, eta lehenengo saioan edo hirugarrenean kantatzeak bere ustez «sentsazioak ez lizkiokela aldatuko» aipatu du. Lizardi sariketan bigarren izan da Rekondo, Zarautzen; eta lehia kutsua «erreferentziatzat» hartzen duela dio, baina baita ere azaldu du «kontziente» dela «buruak ez duela beti berdin funtzionatzen», eta gaur nolako eguna edukiko duen jakitea «oso zaila» dela irizten dio.

Rekondok kantatu eta astebetera Eli Pagolaren txanda izango da Elgoibarren. Pagolak hirugarrenez parte hartuko du, eta txapelketa hasteko «gogoz» dagoela adierazi du. Txapelketa honetan, bere bertsokera nola izatea nahi duen definitu du Pagolak: «Nire buruarekin zintzoa eta koherentea izatea gustatuko litzaidake. Beste txapelketetan ez bezala, bilatu dut zer kantatu nahi dudan, eta non kokatu nahi dudan nire burua». Argi Baltza sariketa irabazi zuen uda honetan Pagolak, Muxikan (Bizkaia), eta hori txapelketarako «erreferentzia» moduan hartu daitekela uste du «lanketa handia» egiten delako prestatzen, eta egiten den lan hori «nonbait» beti agertzen delako. Udaberriko fasean «ongi» ikusi zela aipatu du, eta saioetan ikusi zuen zer egin zuen ongi eta zer zeukan hobetzeko.

 

Martikorena eta Anatx Andoainen

Elkarrekin arituko dira Eñaut Martikorena eta Andoni Anatx, Andoainen. Biek badaramazkite urte batzuk elkarrekin bertso eskolan, eta «poz handia» hartu zuten elkarrekin kantatu behar zutela jakin zutenean. Martikorena hirugarrenez arituko da Gipuzkoako txapelketan, eta 2022an Euskal Herriko txapelketan kantatu zuenean bizitako esperientzia kontatu du: «Euskal Herriko Txapelketa ezberdina da; izan ere, publiko zabalago baten aurrean kantatzen duzu, eta ohituta ez nengoenez, ezberdina izan zen». Martikorenak ez du udaberriko sailkapen fasean kantatu beharrik izan, eta sailkatzeko «presio» hori ez edukitzea gakoa izan dela esan du. Prestakuntza aldetik hala ere, bestetan bezala jardun da bertsokideek bertan kantatu dutelako.

Anatxen kasuan, bigarren txapelketa izango da, eta aurtengorako zein helburu dituen azaldu du: «Gaien kokapenean, beste estutu bat eman nahi izan diot nire buruari, eta aurrekoetan ez bezala beste buelta bat ematea da nire helburua». Rekondok bezala, Zarautzen Lizardi sariketan aritu zen Anatx, eta bere kasuan hirugarren egin zuen. Hala ere, berak erreferentzia bat baino gehiago txapelketa aurreko saio bat bezala hartu du, eta lehia kutsua egonda «aurretiko tentsioa» eta saioan zehar kontzentrazioa mantendu behar izatea «aukera bat» bezala ikusi du. Udaberriko faseko prestaketetan ere bere burua «ongi» ikusi zuela aipatu du: «Argi eta ideiaz fresko».

Asier Azpirozek, berriz, azken saioan kantatu beharko du Azpeitiako Soreasu antzokian. Bere kasuan laugarren txapelketa izango da, eta 2022ko Euskal Herriko Txapelketan ere aritu zen estreinakoz. 2019ko txapelketan lehen aldiz sailkatu zen finalerdietara, eta eduki zuen esperientziaz aritu da: «Udaberriko fasean eta final zortzirenetako saioetan asko sufritu nuen, baina finalerdietan inoizko saiorik onena egin nuen eta finalerako atarian geratu nintzen». Prestakuntzari dagokionez, «inoizko arinena» izan dela aitortu du Azpirozek; Uztaila ezkero, astean behin bertaratu da bertso eskolara, eta bertan egin beharreko ariketak egin ditu. «Koaderno aurrea» gutxiago aritu bada ere, aipatu du egunkaria irakurtzean «iritzi bat» edukitzea gustatzen zaiola, eta horrek «laguntzen» diola.

 

Agin Laburu 2019ko Illunbeko finalean kantari.

 

Laburu finalerdietan

Agin Laburu astigartarrak bosgarren txapelketa izango du aurtengoa, eta helburu moduan bertsotan «nola egiten duen gogoraraztea» jarri du. 2019. urtean, bigarren izan zen, eta «poz handia» hartu zuela aitortu du. Gainera, esan du Euskal Herriko txapelketa gogor batetik zetorrela, eta Irunen saio «txarra» eginagatik ere, finalerdietan ongi aritu eta finalean kantatzea lortu zuela. Eibarren kantatuko du Laburuk txapelketako final laurdenetako lehen saioan, eta oraindik, final zortzirenetako saio guztiak igaro behar badira ere, eguna «hurbil» ikusten duela onartu du. Landu nahi zituen gauza batzuk lantzeko «berandu» dela uste du, eta inguruko hainbat bertsokidek saioak hain hurbil edukitzeak ere, eguna gertu dagoenaren sentsazioa ematen dio.

Bakarne Urreaga (Hernani, 1978) eta Amaia Otxotorena (Ereñotzu, 1989) epaile lanetan arituko dira txapelketan. Urreaga seigarrenez arituko da epaile lanetan, 2003an hasi zen lan horietan elkartetik «beharra» zegoela esan ziotelako, eta era berean «gustatzen zaion horri lotuta» egoteko beste modu bat zela ikusten zuelako. Otxotorenak berriz, hirugarrenez epaituko du Gipuzkoako Txapelketan, eta 2014ean trebatze saioetan «aurreikuspen handirik gabe» hasi zela onartu du, baina gerora «lotu eta hastea» erabaki zuela aipatu du. Estitxu Agirrek (Hernani, 1996) ez ditu udazkenean epaile lanak egingo, baina udaberrian aritu zen estreinakoz Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean. Balorazio positiboa egiten du hasiera honen inguruan, eta «lehendik gozatzen zuen zerbaitekin jarraitzeko» modu bat dela ikusten du.

Epaitzeari dagokionez, Urreagak bertso bat baloratzean dauden zailtasunak aipatu ditu: «Bertso bat entzuterakoan, hainbat iritzi eta sentsazio ditugu, eta horren barruan puntuatzea egiten zait zailena». Horren barruan, Otxotorenak koherentzia ere aipatu du; izan ere, epaile berdinek epaitzen dute fase osoan zehar, eta egun guztiak ezberdinak izaki, hori mantentzea «ezinbestekoa» dela iruditzen zaio. Agirrek berriz, horri guztiari orekaren kontzeptua gehitu dio, eta epaitzeko dauden baremoen barruan «ezinbestekotzat hartu du». Hirurek, kontzentrazioaren faktorea ere aipatu dute; azken finean, saioak luzeak izanik oso garrantzitsua da une oro adi egotea bertsoa bere osotasunean entzun eta interpretazio ahalik eta egokiena egitea.

 

Aurretik kantatzeko aukera

Gipuzkoa Bertsotan, udaberriko aurrefasean, saioak egiten ziren herrietako bertso eskolak mokadu bat prestatu, eta hori bertsolari zein entzuleen saio osteko topagune bilakatu zen. Udazkenean baina, formatuari beste ukitu bat eman nahi izan diote; kasu honetan, saioen aurretik herri bakoitzean nahi duenak kantatzeko aukera izango du, eta Iurramendik hori zergatik antolatu den azaldu du: «Txapelketa elkartzearentzat pisu handia duen ekitaldia izaki, udaberriko otorduaren ekimenari jarraipena eman behar zitzaiola ikusi genuen, eta bide batez txapelketara sailkatu ez diren bertsolariei kantatzeko aukera eman».

Bost urteren buruan berriro ere itzuli da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Udaberriko sailkapen fasea ere mugarri izan zen areto asko bete egin ziren eta. Oraingo honetan ere beste horrenbeste espero da, eta ea bailarako bertsolariek saio ederrak eskaini eta ahalik eta urrutien iristea lortzen duten.

Eli Pagola Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko saio batean.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!