Erreportajeak

Indartsu itzuli da

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Tolaretxipi 2024ko eka. 23a, 00:00

Bailarako Olaizola II eta Mendizabal II.ak jokatu zuten orain 15 urte.

15 urteren ostean, bueltan da esku pilota profesionala Hernanin. Ekainaren 25ean izango da hiru partidako jaialdia, eta bertan jokatuko dute, besteak beste, Altuna III. txapeldunak eta Hodei Exposito astigartarrak.

Olaizola II-Mendizabal II 22 Berasaluze VIII-Begino 13. Horixe izan zen Hernanin profesionalek jokatu zuten azken norgehiagokako emaitza. Orain 15 urte jokatu zen, 2009ko ekainaren 27an hain zuzen ere. Geroztik, maila handiko norgehiagokak izan dira Hernanin; besteak beste, herriarteko norgehiagokak, afizionatu mailan entzute handia duen Berria Txapelketako hainbat partida eta tartean finala, Garfe enpresako pilotariek jokatutako partidak…

Aurtengo jaialdia Txirri Guraso Elkarteak antolatu du, eta Hernaniko San Joan jaietako koadrilen egunean, ekainaren 25ean izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita: «Ekainaren 25ean jartzea gure erabakia izan da. Iritzi desberdinak egon dira, baina data horretan egitea aproposa iruditu zitzaigun, eta horrekin egin dugu aurrera. Gainera, Udalak eta enpresak begi onez ikusi dute». Ez dira gainera edonolako hiru norgehiagoka izango, izan ere, lehenengoan Hodei Exposito astigartarrak Bikuñarekin batera jokatuko du Egiguren eta Eskuza aurkari dituztela. Bigarren norgehiagoka, lau t'erdiko San Fermin Torneoari dagokiona izango da, eta bertan Aitor Elordi, 2023ko binakako eta buruz buruko txapeldunaren presentzia bermatua dago, eta aurkaria Dariok eta Salaberria goizuetarrak jokatuko duten norgehiagokatik aterako da. Azken norgehiagokan, elkarrekin izango dira binakako txapeldun diren Etxeberria eta Zabaleta, eta aurkari izango dituzte binakako txapeldunorde eta buruz buruko txapeldun den Altuna III eta Rezusta.

Hodei Exposito: «Banekien enpresak Hernanin jokatzeko asmoa zuela eta lurraldetasuna nola eramaten duen ikusita, hasieratik pentsatu nuen jokatuko nuela»

 

Antolakuntzari dagokionez, antolatzaileek esan dute «aspalditik» zutela buruan profesionalen jaialdi bat Hernanira ekartzea, baina aurtengo jaialdi hau apirilean antolatzen hasi zirela. Jaialdia Aspe enpresak antolatua da, eta eurek proposatu zuten zein jaialdi ekarri Hernanira: «Enpresak jaialdi ona ekarri nahi izan du hasieratik; haiek egin ziguten proposamena, eta gu ados izan gara hasieratik». Horren isla da sarrerak maiatzaren 25ean salgai jarri, eta berehala saldu zirela. Gainera, guraso elkarteak jendearen interesa azpimarratu du: «Jaialdiak ongi etorri oso ona izan du, sarrerak berehala saldu dira, eta herrian jaialdiari buruz hitz egiten da». Gaineratu dute jendeak herrian «goi mailako» jaialdi bat ikusteko «gogoa» bazuela, eta herriko jaietan jartzea zela «egokiena».

Bailarako presentzia

Hernanin orain 15 urte jokatu zuten esku pilota profesionaleko azken norgehiagoka. Orduan bailarako pilotarien ordezkaritza izan zen, eta aldi honetan ere horrelaxe izango da. Hodei Expositok (Astigarraga, 1999) bi urte daramatza profesionaletan, eta lehendabiziko urte hauek «ikaskuntza» prozesu bat direla adierazi du. Bizitza ere ez zaio asko aldatu; izan ere, lehen egiten zuen hori orain modu profesionalera aplikatzea dela iruditzen zaio: «Ez zait asko aldatu bizitza. Lehen pasioa soilik zen hori orain lana ere bihurtu da». Afizionatu mailan ibilbide oparoa du, eta Hernaniko klubean ere aritua da: «Astigarragako klubean hasi nintzen, baina Aitor Aranguren ezagutu nuenean Usurbilgo klubean batera aritu ginen, eta gero hark debutatzean Hernanin aritu nintzen lagun dudan Markel Lizeagarekin».

Hernanin jokatzearen inguruan, Expositok esan du badela denbora bat enpresa Hernanira jaialdi bat ekartzeko asmoarekin zena: «Banekien enpresak Hernanin jokatzeko asmoa zuela, eta lurraldetasuna nola eramaten den ikusita hasieratik pentsatu nuen jokatuko nuela». Expositok aipatu du «lotura estua» duela Hernanirekin, eta bertan jokatzeak «ilusioa» egiten diola. Herri «oso pilotazalea» dela iritzi dio, eta pilotalekuan «giro ederra» sortzea espero du. Horrez gain, txantxetan aipatu du lagunak askotan kexu direla herritik urrun jokatzen duelako, eta orain «aukera ederra» dutela frontoira joateko. Pilotalekua bera ongi ezagutzen du astigartarrak, eta bere ezaugarriak aipatu ditu: «Lurrean pilota bizi ibiltzen da, eta erasorako oso esker oneko pilotalekua dela iruditzen zait».

Afizionatuetan oso maila altuan jokatzen ari da Xabier Apaolaza (Hernani, 2003). Ez dabil Aspen aurrekontratua sinatuta, baina tarteka haiekin entrenatzera joaten da: «Bost bat aldiz edo deitu dit Jokin Etxanizek entrenatzera joateko. Onenekin entrenatzea izugarria da, eta lanean jarraitzeko gogo gehiago ematen dizkizu». Jokatuko diren hiru norgehiagoketatik bitan faborito nortzuk ikusten dituen ere esan du: «Lehenengo norgehiagokan, bailarakoaren alde, Hodeiren alde egingo dut, baina norgehiagoka gogorra izango dute aurretik. Hirugarren partida, irekia ikusten dut, une honetan dauden bikote onenetakoak baitira, baina Altuna eta Rezustaren alde egingo dut Jokin Altuna kantxan egonda diferentziak markatu ohi baititu».

 

Txirri Guraso Elkarteak antolatu du aurtengo jaialdia, eta aurreikusten dute giro ederra sortuko dela frontoian: «Aproposa iruditu zaigu jaialdia herriko festetan eta ekainaren 25ean antolatzea»

 

Hodei Exposito astigartarrak jokatuko du lehen partidan.


TXAPELDUNAK ETA FINALISTAK

Maila handiko jaialdia izango da asteartekoa, eta jokatuko duten pilotari gehienek ibilbide bat jada egina dute profesional mailan.


EGIGUREN ETA ESKUZA

Julen Egigurenek (Azpeitia, Gipuzkoa, 2000) 2019ko ekainaren 24ean egin zuen debuta, San Joan egunez Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan. Bigarren mailan kontsolidatuta dagoen pilotaria da, eta profesionaletan txapelik ez badu ere, 2020 eta 2022 eta 2023 urteetan bigarren mailako lau t'erdiko txapeldunorde izan da, baita 2021ean bigarren mailako buruz buruko txapeldunorde ere. Lagun izango duen Arkaitz Eskuzak (Laudio, Araba, 2004), 2023ko urtarrilaren 6an egin zuen debuta Eibarko Astelenan. Elkarrekin, 2023ko binakako promozio (bigarren mailako) txapelketan finaletik norgehiagoka bakar batera geratu ziren.

EXPOSITO ETA BIKUÑA

Expositok ere bikotea osatu zuen lehengo urteko promozio txapelketan Iñigo Bikuñarekin (Donostia, 1998). Hauen kasuan, play offetara sailkatu ziren. Bikuñak 2019ko ekainaren 30ean egin zuen debuta Donostiako Atano III pilotalekuan, eta, besteak beste, binakako lehen mailako txapelketan ordezko lanak egina da maila ona emanez. Expositok elkarrekin jokatuko duten partidaz bere iritzia eman du: «Oso gogorra izango dela iruditzen zait, baina Iñigorekin jokatu izan dudanetan oso ongi hartu dugu elkar». Lehen norgehiagoka honen gakoak aztertzen hasita, atzean indarrak parekatuta daudela esan daiteke, beharbada Eskuza pilotari luzeagoa izaki, gehiago atzeratu dezake pilota, eta horrek Egigureni bide eman diezaioke errematerako.

AITOR ELORDI

Bigarren norgehiagokan, lau t'erdiko San Fermin Torneoari dagokionean, ziurtatuta dago Aitor Elordiren (Mallabia, Bizkaia, 1996) presentzia. Elordik 2016ko urtarrilaren 3an egin zuen debuta Eibarko Astelenan, eta nabarmen behetik gora egin duen pilotaria izan da. Bigarren mailan, lau final jokatu zituen, eta horietatik bi irabazi binakako bat eta  lau t'erdiko bat. Galdu zituenak aldiz, buruz buruko bi izan ziren, eta hain zuzen ere, 2023an buruz buruko txapelketa irabazi zuen Jokin Altunaren aurka. Urte berean, lehen mailako binakako txapelketako bere lehen parte hartzean txapela eskuratu zuen Jose Javier Zabaletarekin batera.

JOKIN ALTUNA

Hirugarren norgehiagoka, Aspe enpresak jarri dezakeen norgehiagoka onena dela esan daiteke. Batetik, Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) izango da. Pilota munduan aurkezpen gutxi behar duen pilotaria da, 2014ko ekainaren 24ean Eibarko Astelenan debutatu zuenetik, lehen mailako 15 final jokatu ditu, eta horietatik zortzi irabazi. Lau txapel ditu  lau t'erdian, eta aipatutako modalitate hau da betidanik nabarmendu izan dena. Baina amezketarraren balentriak ez dira hor bukatzen, izan ere, beti esan izan dute Jokin Altunari zuen gorpuzkera eta indarra tarteko buruz buru kosta egingo zitzaiola, baina iritzi horiek okerrak zirela demostratu du, pilota munduan prestigio gehien duen modalitatean hiru txapel (2018, 2021, 2024) irabaziz. Binaka ere badu txapel bat 2022an Julen Martijarekin irabazia.

BEÑAT REZUSTA

Altunak bizkartzain izango du Beñat Rezusta (Bergara, Gipuzkoa, 1993). 2014. urtean, profesionaletan bere lehen txapela irabazi zuen binakako promozio txapelketan Jaka lagun zuela. Aurkariak Gorka eta Merino I errioxarrak izan zituzten, eta 22-4 irabazi zieten. Beñat Rezustak ahal ikeragarria zuela ikusi zen egun horretan, eta finalaren ostean Gorkak esandakoa ekarriko dugu gogora: «Ez dakit zer egiten duen honek gurekin (bigarren mailan) jokatzen». Ezkerra da Beñat Rezusta, eta hori ez da ohikoena atzelari batean, baina duen ahalak gaur egun dagoen atzelari sendoenetako bat izatera eraman du, eta horren isla da besteak beste, binakako lau final jokatu dituela, eta horietatik bi irabazi dituela, bat Irribarriarekin eta bestea Elezkanorekin.

PEIO ETXEBERRIA

Peio Etxeberriak, (Zenotz, Nafarroa, 1998) ibilbide interesgarria egin du profesionaletan. Orain bi urte arte bigarren mailan jokatzen ari bazen ere, berehala eman zuen lehen mailarako jauzia, eta besteak beste Hernanin lagun izango duen Jose Javier Zabaletarekin batera, binakako lehen mailako txapelketako txapeldunak dira. Besteak beste, bitan irabazi dio modalitateko espezialista handiena den Jokin Altunari lau t'erdian, eta horrek zerbait esan nahi du. Horren harira, aurten 2023. Urteko lau t'erdiko txapelketa nagusian amezketarra izan zuen aurkari, baina orduan 22-9 galtzea egokitu zitzaion.

JOSE JAVIER ZABALETA

Pilotariekin amaitzeko, gaur egungo atzelari laudatuena da Jose Javier Zabaleta (Etxarren, Nafarroa, 1991). Binaka bost txapelen jabe da, baina esanguratsuena jokatzen dituen norgehiagoka guztietan erakusten duen nagusitasuna da. Pilota asko kentzen du atzeko koadroetatik, aurrean duenean errebote inguruan jartzen du, eta gainera aireko joko bikaina du. Urteko garai orotan pilotazale guztien ahotan dagoen atzelaria da, eta udan Jokin Altunarekin batera beharbada norgehiagoka gehien jokatzen dituen pilotaria da.

Antolatzaileak ilusioz daude jaialdirako espero den giroa dela eta: «Giro ederra egotea espero dugu. Giroa eta pilota grina ez dira faltako. Hilabeteak daramatzagu klubari buelta bat emateko lanean eta horrelako jaialdi bat antolatu ahal izatea interesgarria da jendeak herrian bertan gure kirolarekin gozatu ahal izateko eta klubaren lana bistaratzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!