Erreportajeak

«Urratsez urrats lehen mailara iritsi eta bertan ahalik eta mailarik onena ematea da nire helburua»

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Tolaretxipi 2024ko ots. 17a, 00:00

Ekain Lizeaga, Astigarragako Txomiñene frontoian, zazpigarren koadroko marraren ondoan.

Afizionatu mailan hainbat txapel irabazi eta nabarmendu ostean, Ekain Lizeagak (Astigarraga, 2003) otsailaren 2an egin zuen debuta pilotari profesional moduan, Amorebieta Etxanon, Unai Alberdi azpeitiarrarekin bikotea osatuz. «Txikitako ametsa» bete du, eta «lehenengo mailan» jokatzea du amets.

Noiz jakin zenuen debutatuko zenuela?

Asteartean deitu zidaten asteazkenean sinatzera joateko, eta bertan esan zidaten ostiralean jokatu beharko nuela lehen norgehiagoka Baiko Pilotarekin. Denbora gutxi izan nuen, baina Baikok atzelarien hutsunea zuenez, niri esan zidaten jokatzeko. Prozesu azkarra izan zen, debutatzeko ilusio handia nuen, baina oso bizi joan zen guztia. Sarrerak, autobusak… hartu beharra dago, eta hori azkar egin behar izan zen, baina dena ongi atera zen.

 

Nola hartu zuten albistea etxean?

Ezusteko ederra izan zen. Hala ere, bazekiten aurretik zer edo zer; izan ere, aurretik Joserra Garai Baikoko zuzendari nagusiarekin egin genuen bilera hortik joan zen. Ez genuen ostiral horretan izango zenik espero, baina denak oso pozik jarri ginen.

 

Zer moduz sentitu zinen profesional testuinguruko (telebista, apustuak, publiko ezberdina…) norgehiagoka batean?

Norgehiagokan zehar nahiko ongi sentitu nintzen. Partida gogorra izan zen. Gainera, debutera nekatuta joan nintzen; izan ere, igandean beste partida bat jokatu nuen afizionatu mailan, eta asteartean beste saio bat egin ondoren joan nintzen Amorebieta Etxanon jokatzera. Publikoari dagokionez, lagunak oso ongi aritu ziren animatzen. Pentsatzen nuen urduriago egongo nintzela, baina nahiko lasai ikusi nuen nire burua. Elkarrizketetan pasa nuen beharbada estuasun gehien (barrez), baina horretara ere ohitu beharra dago eta joango gara pixkanaka ikasten. Debutatu berritan, gainera, elkarrizketa dezente eman behar izaten ditugu, telebistan norgehiagokaren aurretik eta ondoren, beste hainbat hedabidetan…

 

Ez zizuten debutik errazena ipini, oso momentu onean dagoen De La Fuente-Bikuña bikotearen aurka neurtu behar izan zenituzten indarrak Alberdi II.ak eta biek, promozio txapelketan. Zer balorazio egiten duzu norgehiagokaren inguruan?

Azkenean txapelketan debutatu nuen. Aimar Morgaetxebarria eskuetatik gaizki zebilela eta, zuzenean niri esan zidaten jokatzeko. De La Fuente eta Bikuña, gainera, laugarren postuan ziren une horretan, eta Alberdi II-Morgaetxebarria berriz, zortzigarren postuan, sailkapeneko azkenak ziren. Ni hasieratik debuta jokatzera irten nintzen, eta hasieran ongi aritu, gero ongi jarraitu eta azkenean irabaztea lortu genuen (22-18 irabazi zuten). Alberdirekin oso gustora aritu nintzen, eta norgehiagoka oso gogorra izan bazen ere, gustora eta nahiko ongi amaitu nuen.

 

Nahiz eta txapelketako norgehiagoka izan, Alberdi II Morgaetxebarria bikoteak ez zuen ordurako sailkatzeko inolako aukerarik. Horrek presioa kendu al zizun?

Bai, norgehiagokaren aurretik egin zidaten elkarrizketan esan nuen, txapelketako norgehiagoka bazen ere, ez zuela garrantzi handirik. Bikoteak hurrengo bi norgehiagokak irabazita ere, ez zeukan sailkatzeko aukerarik. Unaiekin ere hitz egin nuen, eta lehenengo norgehiagoka izanda, gozatzera eta ahalik eta partidarik onena jokatzera irtengo ginela adostu genuen. Azkenerako ongi jokatu genuen, eta gustora amaitu nuen.

 

Prozesu oso azkarra izan da zure debutarena. Beste mota bateko lehen partida bat nahiago zenuen? Hurbilago debutatu edo?

Egun batean debuta eginez gero, guk nahi genuena zen hilabete bateko tartea edo izatea, kontua ahalik eta ondoen prestatu ahal izateko. Noski, baita hemen inguruan izatea ere, Atano III.ean, Beotibarren… eta larunbat batean; baina azkenerako horrela egokitu da, eta egin behar zenez ez zaigu besterik geratu.

 

Familiakideek eta lagunek bizi egin behar izan zituzten mugimenduak, baina azkenean kuadrila ederra bildu zenuten bertan. Haiei ere eskertua izango zara.

Aitak eta anaiak gehienbat, debutatu aurreko bi egunak ia une oro mugikorrarekin igaro zituzten; izan ere, autobusak hartu behar ziren, pankarta egin, kamisetak, sarrerak… Bi egun horietan lan eskerga hartu zuten, eta asko eskertzen diet, guztia ongi atera baitzen.

 

Askotan esaten da familiakideek kirolariak berak baino gehiago sufritzen dutela. Gurasoek eta anaiak zure norgehiagoka asko ikusi dituzte. Nola egon ziren? Zer esan zizuten debutaren ostean?

Laurok, anaiak eta biok jokatzen ditugun norgehiagoka guztietara elkarrekin joan ohi gara. Nire lana, finean, norgehiagoka jokatu eta fokua horretan jartzea zen, baina eurek ere zama handia zuten hori guztia antolatzen. Norgehiagokaren ostean, maila altuagoan ibili naitekela esan zidaten, baina telebistako kamerak, lagunak eta familiakideak, eta beste hainbat jende tarteko, nahiko ongi jokatu nuela esan zidaten.

 

Norgehiagoka ere, berandu izan zen (gaueko 22:15etan hasitako jaialdian, bigarren partida jokatu zuen Lizeagak). Ingurukoekin ospatzeko aukerarik izan al duzu? 

Bai, horretarako ere izan genuen aukera. Astigarragara, ordu biak edo hirurak inguruan iritsiko ginen, eta etxaferuekin eta bengalekin hartu ninduten herrian. Euskal dantzak ere eskaini zizkidaten, baita txapel bat oparitu ere. Azkenerako pixka bat ospatzeko aukera izan genuen.

 

Nola hasi zinen pilotan?

Hasiera batean, futbola eta pilota uztartzen genituen, baina urte batean aukeratu egin beharra zegoen, eta pilotaren aldeko apustua egin genuen.

 

Noiz sinatu zenuen Baikorekin aurrekontratua?

16 urterekin sinatu nuen, eta debutaren aurreko astera arte egon naiz horrekin.

 

Askotan aipatu izan duzun beste izen bat Aimar Olaizolarena (Baikoko kirol zuzendaria eta pilotari ohia) da. Zu eta anaia, Eñaut, izan zineten lehenak harekin entrenatzen. Zein oroitzapen dituzu hasierako lan saio horietaz? 

Hasiera-hasieran, anaiak eta bi­ok entrenatzen genuen soilik Aimarrekin. Astigarragako pilotalekuan egiten genituen saioak, eta gogoratzen dut lehenengo astean nahiko urduri nengoela. Azkenean, txikitatik telebista bitartez ikusi dudan pilotari onenetako batekin entrenatzen hasteak inpresioa eman zidan. Gero, ordea, oso gustura aritu izan gara beti berarekin.

 

Aurrekontratua sinatzearekin batera, une horretan profesionalak zirenekin ere saio batzuk egingo zenituzten. Nola zeunden hasiera horretan? Norekin entrenatzen zenuen?

16-18 urte bitartean, aurrekontratua genuen pilotarion artean egiten genituen saioak. 18 urtetik aurrera, baina, tarteka Beasainera joaten ginen, orduan profesionalak zirenekin entrenatzera. Lehenengo saioetan, ilusio handiz nengoela gogoratzen dut, telebistan ikusten genituenekin beste maila batean egonda entrenatzen baikenuen, eta gustura joan ohi ginen, ez baikenuen ezer galtzeko. Hasieran, Ander Imazekin Oiartzunen egin genituen saio batzuk, baita Mariezkurrenarekin ere. Hasieran arraroa zen guretzat; gerora, ordea, normalizatzen joan zen.

 

Jauzia ere egon ohi da afizionatuetan erabiltzen diren pilotetatik profesionaletan erabiltzen direnetara. Nola bizi izan zenuen jauzi hori?

Profesinonaletan norgehiagoka gutxi jokatu ditut, baina jada na­baritu dut aldaketa. Ikusi dut hiru pilotakadetan ez dela tantoa amaitzen, tantoak landu egin behar direla. Afizionatu mailan, aldiz, tantoak laburragoak izan ohi dira.

 

Aimar Olaizolari zure inguruan galdetu ziotenean, esan zuen «berme» handikoa eta kantxa ongi babesten duen pilotaria zarela. Nola definituko zenuke zure burua pilotari moduan? Zein dira zure indargune nagusiak? Zer ikusten duzu hobetzeko?

Txikia nintzenetik eskubia oso indartsua eduki dut. Ezkerrarekin ez nuen eskuinarekin nuen ahala, baina azken urte hauetan ezkerra gehiago landu dut, eta asko ikasi dut. Ezkerra hobetzen saiatzen bagara ere, oraindik lan handia dugu hor.

 

Profesional mailako lehen norgehiagokan afizionatuetako batean bezala sentitu zinen?

Niri normalean publikoak ez dit erasaten, pertsona lasaia nai­zela esango nuke. Nire ustez, lehen norgehiagokan eman nuena baino maila altuagoa eman dezaket.

 

Debuta Unai Alberdirekin egin zenuen. Hark profesional ibilbidean ez du zorte handirik eduki, bi lesio larri tarteko. Nola ikusi zenuen bera? Nola moldatu zineten?

Nire ustez biok ongi jokatu genu­en. Hasieran akats batzuk egin bazituen ere, esango nuke gerora ongi ibili zela, eta gainera, tantoak amaitzerako garaian asmatu egin zuen. Unairekin profesionaletan aritu aurretik ere, harremana genuen; izan ere, askotan egin dugu bat bazkariren batean edo, eta oso ongi eramaten gara. Norgehiagokan ere ongi hartu genuen elkar.

«Pertsona lasaia» dela dio Ekain Lizeagak, eta kantxan ez diola bereziki erasaten publikoak.

 

Zuen adin inguruko dezente zaudete orain profesionaletan. Aurretiaz harremana edukitze horrek ere lagunduko dizue, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Nirekin afizionatu mailan aritu diren pilotari batzuek ere egin dute debuta: Gorka Ugartemendiak, Martxel Iztuetak, Aingeru De La Fuentek… Horiekin guztiekin bat egin dut afizionatu mailan, eta harremana duzun jendea inguruan edukitzerakoan lasa­iago sentitzen zara.

 

Ugartemendia, Iztueta, De La Fuente… debutatu berriak dira baita ere, baina jada badaramakite urtebetetik gora profesionaletan. Gomendiorik eman al dizute? Nola ikusten dituzu haiek?

Gomendiorik, egia esan, ez didate eman; izan ere, une oso gutxi partekatu ditut haiekin azken boladan. Haiek ongi ikusten ditut, orain hasi garenak indartsu gatoz, eta maila oso onean ari garela esango nuke. Ea horrela jarraitzerik daukagun.

 

Profesional mailan badabil beste astigartar bat ere, Hodei Exposito. Hari ere ilusioa egingo zion beste herritar batek debuta egitea. Hark eman al dizu gomendiorik?

Hodeirekin betidanik harreman oso ona izan dugu. Tarteka frontoian elkarrekin entrenatzen genuen, eta tabernan zein kalean askotan egoten gara harekin. Nik esango nuke ilusioa egin diola. Berarekin egon ez banaiz ere, mezu bat bidali zidan zoriontzeko, eta lasai jokatzeko esan zidan. Hodei eta biok gaude orain goi-mailan, eta herriarentzat hori ederra da, ez baita aurretiaz pilotaririk izan.

 

Bi enpresa badira ere (Baiko eta Aspe), bietako pilotarien arteko erlazioa ona izango da orokorrean, ezta?

Bai, aldageletan ez dago alderik. Gu azkenean pilotariak gara, eta elkarren aurka jarduten badugu ere, frontoitik at ere erlazio ona eduki ohi dugu.

 

Prestatzaile fisikorik ba al zenuen profesionaletan hasi aurretik?

Bai, Hernaniko Zubipe futbol zelaian Unai Legarretarekin aritzen gara. Profesionalei dagokigunez, Martxel Iztueta eta biok aritzen gara, baina afizionatu mailatik ere Oihan Etxeberria, Unax Landa, Beñat Apezetxea, Xabier Apaolaza hernaniarra… ere aritzen dira.

 

B Serieko Txapelketan egin duzu debuta. Dauden bikoteen artean ikusten al duzu txapela irabazteko faboritorik?

Bi bikote ikusten ditut besteen gainetik: Batetik Asier Agirrek eta Martxel Iztuetak osatzen duten bikotea, eta bestetik Iker Larrazabalek eta Josu Eskirozek osatzen dutena.

 

Zein helburu duzu profesionaletan?

Uste dut debutatzen dugun guztiek helburu berdina daukagula, urratsez urrats ahal bada lehendabiziko mailan jokatzea, eta bertan ahalik eta mailarik onena ematea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!