Zer sentitzen da oholtzan
zaudenean?
ZETAK diziplina anitzeko proiektu bat da, eta nahiko konplexua da taldearen funtzionamendua, taldekide ezberdinak ditugu eta. Egia da, azkenean egiten duguna musika dela eta urteetan zehar diskoetarako egindako lan guzti hori nabarmentzen dela sentitzen dut kontzertu bat egiten dugun bakoitzean. Nolabait zirkulua ixten dugu. Horregatik, guretzat oso-oso berezia da kontzertuen arloa.
Orain arte, areto itxietan egon gara kontzertuak ematen esate baterako, Oialumen egin genituen bi aurkezpen kontzertu. Aldiz, orain kontzertu irekiak emango ditugu Euskal Herrian. Kontzertu horietan gure show berria aurkeztuko dugu. AAZTIYEN irekian aurkeztea gauza ederra izango da, gogo eta ilusio handiz gaude. Gainera, Hernani izango da lehenengotariko herria show-az gozatu ahal izango duena.
Erritual edo ohiturarik ba al duzue kontzertu aurretik egiten duzuena?
Beti erantzun diot ezetz galdera honi, baina azken aldian taula gainera igotzen garen laurok beroketa ariketak egiteko ohitura hartzen hasi gara: Leire Colomo (perkusioa), Gorka Pastor (sintetizadorea), Iban Larreburu (bateriak) eta nik. Beroketa hauek aldiro inprobisatuak izaten dira. Kontzerturo lauretako batek gidatzen du beroketa saioa. Beroketa kolektibo moduko bat egiten dugu, eta uste dut kontzertuetara konektatuago ateratzen ari garela orain; energia gehiagorekin eta kontzentrazio maila altuago batekin.
Askotan artista askok aipatzen dute lehenengo abestiek pixka bat animatzeko eta kontzentratzeko balio behar izaten dutela, baina gu nahiko kontzentratuak sartzen ari gara ohitura berri honi esker.
Publikoak zer aurkituko du Gudarien Plazan?
Ni Arbizuarra naizen horretan, eta nire herriko festak San Joanetan diren horretan, niretzat oso berezia da Arbizun festak utzi, eta beste leku batera jotzera noanean. Horrek nostalgia puntu bat ematen dit: herritik urrun egoteak, nire senideak buruan izatea… Uste dut horrek ematen diola sentsibilitate handiago bat. Gainera, sumatzen zaidala esaten didate (barreak). Beti bizi izan ditut San Joanak intentsuki, eta polita da beste herri batean, batez ere, Hernanin hori bizitzeko aukera izatea.
ZETAK-en show-a oso show dinamikoa da. Show hitza aipatu beharra dago, funtsean hori baita egiten dugun borroka: argiak, mugimenduak, soinua... Gure proposamena nahiko berezia dela esan daiteke. Gehiago edo gutxiago gustatu dakioke publikoari, horrelako asko ez baitago. Horregatik pentsatzen dut, jendea gogoz eta buru irekiarekin gerturatzen bada, klima ederra sortuko dugula han.
MITOAROArako sarrerak salgai Zetak-en webgunean. Argazkia: Ibai Salazar.
Disko gustoko edo berezirik ba al duzu?
2024ean galdetzen badidazu, zalantzarik gabe AAZTIYEN erantzungo dizut zeren atera berri dugun diskoa da. Hau da, oraintxe bertan horrelaxe sinesten eta ikusten dugu. ZETAK-en proposamena, orduan, zalantzarik gabe, 5 urteko ibilbidea bilaketa prozesua izan dela sinesten dugu. ZETAK-ek prozesu horrekin, hots, AAZTIYEN diskoarekin, nolabait nonbaitera heldu garela sentitzen dugu. Halako batean, zerbait aurkitu izan bagenu bezala sentitzen dugu, beno edo nik pertsonalki, behintzat, sentsazio hori daukat: musika elektronikoa, mitologia, sonoritate tradizionala eta identitatearen banaketa kontzeptuala dira diskoaren osagaiak.
Lehen aldia da ZETAK-ekin sentsazio hori dugula. Zirkulua aspektu guztietan ixtea lortu dugu; oso kontzeptualki, eta gainera, oso forma biribilean. Beraz, nahiko harro gatoz. Egia da, jendeak ikaragarri ondo hartu duela lan hau aretoetan. Ez dut horrelakorik nire bizitza guztian bizi. Jende mordoa gerturatu da aurkezpen kontzertuetara... Jendeak ere bat egin du lan honekin, eta horrek ere ematen digu segurtasun eta gogoa, hainbat euskal plazetan AAZTIYEN aurkezteko.
Zerk inspiratzen zaitu edo nondik datorkizu inspirazioa?
Azken adian aldarrikapen bat egin nahi dut: fikzioa euskal abestigintzan baita ere. Fikzioa asko egiten da Euskal Herriko zineman eta abarretan, eta kristorena egiten da. Aldiz, abestigintzan gutxi. Sentitzen dut eskatu egin zaigula zuzenki edo zeharka geure esperientzietan oinarritzea, geure historia kontatzeko. Kontua da, ni oraingo honetan aurretik ere aritu izan naizen arren, AAZTIYEN-en are eta gehiago zentratu naiz fikzioan: pertsonaia desberdinak sortzea, bizipen desberdinak sortzea... Hori ere, nik neuk kontzertuan zehar hartzen ditudan rol ezberdinetan islatzen dela sinesten dut. Uste dut fikzioa dela nik neuk kontzertuan zehar egiten dudan ariketa bat, rol batetik bestera igarotzeko. Honek uste dut nahiko interesgarria egiten duela; teatralizatu egiten du. Uste dut euskal zineman egin den fikzioak nahiko inspiratu nauela.
Espero zenuten gaur egun duzuen sona hori lortzea?
5 urtetan Nafarroa Arena egiten ariko ginela, hori ezin zuen inork aurreikusi. Gure zalegoa eta gure artean sortu den konexio horren ondorio dira. Ez da gauza ohikoa, ez da asko ematen orokorrean orduan, bene-benetan oso zaila zen hori aurre ikustea. Sinesten dut amets bat ari naizela bizitzen.
Saria jaso duzue Madrilen Musika akademiaren partetik, euskal kanta hoberenagatik. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Benetan sinesten dut saririk hoberena geure publikoarekin dugun harremana dela. Aurreko astean adibidez, nire mugikorrean Nafarroa Arena betetzeagatik, eta bigarren Nafarroa Arena bat iragartzeagatik jasotzen nituen zorion mezuak, eta Madrilen irabazi genuen sariaren mezuak nahastu ziren. Zalantzarik gabe, askoz ilusio handiagoa egin zidan Nafarroa Arenarekin loturikoak. Azkenean, uste dut mugarri oso-oso garrantzitsua dela, eta benetan horretan zentratzen naiz. Ondo dago beste motatako errekonozimenduak jasotzea, eta egia da, duela 4 urtera arte ez dudala bizitza osoan saririk jaso, eta bat-batean sari pila dauzkat etxean, eta hori baita ere gauza ederra da. Hala ere, benetan sinesten dut saririk onena geure publikoak eskaintzen digun hori dela.
Zuen abestiak, pop-elektronika estilokoak dira.
Gaur egun oso ohikoak diren bi genero dira, baina kasu honetan ZETAK atera zenean, duela ia bost urte, gehien azpimarratu zitekeen gaia elektronikaren kutsu potente hori zen, eta azkenean, hain elektronikoa zen proiektu bat egitea testuinguru honetan, ez zen hain ohikoa. Alde horretatik uste dut diferentzia markatu genuela. Hala ere, bai sinesten dudala urteekin sonoritate propio baten bilaketa prozesuan eta bilaketa kontzeptualaren prozesu horretan baita ere aurkitu dugula zerbait are bereziagoa. Sinesten dut, gaur egun AAZTIYEN ondoren ZETAK-ek baduela soinu-identitate proposamen serio bat, eta lehen aipatu dudan bezala, nonbaitera iritsi garela. Orain bai dela azpimarratzekoa sonoritatearen kontua ZETAK-en.
Noizbait pentsatu duzue estilo aldaketarik egitea?
Ez horrela zuzenki, baina egia esan generoaren gaia ez zait asko interesatzen orokorrean, benetan kontzeptuarekin nago obsesionatuta. Orduan egunen batean, kontzertuak banan-banan beste zerbait egitera eramaten banau ZETAK-ekin, imajinatu momenturen batean jorratu nahi ditudan ideiak edo kontzeptuak bultzatzen nauela disko erabat organikoa egitera eta elektronika alde batera uztea, egingo dut. Hor ez daukat zalantzarik, zeren niretzat kontzeptua da gidatzen nauena, eta horregatik ez daukat zalantzarik egin behar nukeena egingo nukeela.
V. urteurrena ospatuko duzue laster, eta kontzertu berezia (MITOAROA) egingo duzue
Nafarroa Arenan… Ametsik bete duzue?
Argi dago ZETAK-ek apustu bat egin duela. Noiz eta nola erabaki genuen horrelako apustu handi bat egitea? Orain arte egin dugun areto handiena 1400-1500 pertsona inguruko izan da. Halako batean zergatik pasa 14.000 pertsonako leku batera? AAZTIYEN aurkezpen biran zehar eman genuen aukera gure urteurrenerako sarrera erosteko, baina guk geuk ere ez genekien non ospatuko genuen urteurren hau. Kontua da geure zalegoak apustu handia egin zuela gurekiko, eta ikusi genuen geure areto kontzertuetara etorri zen jende pila-pila batek egin zuela apustua jakin gabe non eta nolakoa izango zen kontzertua. Eta horrek eraman gintuen Nafarroa Arena bezalako astakeria bat antolatzera. Zalegoa izan da hori egitera bultzatu gaituena.
Ez nago zorionez obsesionatuta Sold Out-arekin, gauza ederra da, gainera horrek ahalbidetzen dio ZETAK-i ekonomikoki ditugun hainbat ideia egitera, eta hori gauza handia da, zeren lan-talde oso gazte, indartsu eta gogotsua daukagu, eta aukera hori publikoak eskaintzen digu.
Ametsei dagokienez, mutatzen doazen zerbait dira. Txikitan gaztetxoa nintzela nire ametsa Hatortxu Rocken jotzea zen, baina han jo ostean, nire ametsa bestelako bat izatera pasa zen, eta orain beste bat da. Orain, Nafarroa Arenarekin loturikoak gehiago hunkitzen nau, Euskal Herri osotik horra, Nafarroa Arenara, hainbeste jende etortzea eta Iruñean hainbeste jende biltzea euskararen inguruan. Niretzat hori bai dela azpimarratzeko zerbait. Sold Out-a hor dago, bere sona du, baina Sold Out horren gainetik dago, hori bete dugula euskaraz eta geure identitateaz eta harrotasunaz.
Kontzerturen batean izan al duzue bitxikeriarik?
Galdera oso zaila da, beti geratzen naiz berdin, ez dakit zer erantzun. Noizbait asmatu beharko dut zerbait eta beti berdina kontatu (barreak). Gauza teknikoak etortzen zaizkit burura, zeren azkenean buruan mila gauza ditugula ibiltzen gara, dena ondo atera dadin, eta azkenean astakeriarik ez zaigu gertatzen.
Kontzertura joateko jendea animatu behar izango bazenu, zer esango zenieke?
Lehenik eta behin, herritarrei eskerrak emango nizkieke, azkenean ZETAK-i txoko bat egitea hautatu da herrian, eta hori herriari eskertu behar zaio. Bestalde, esan beharra dago, munduko ilusio eta indar guztiarekin joango garela gu, ahalik eta show-ik onena eskaini ahal izateko. Showera azaldu beharra dago, batez ere, sinesten dudalako benetan ez duela inor epel utziko. Hotz, oso hotz edota oso bero. Hori da geure asmoa, beraz animatu dadila jendea geurekin bat egitera gau horretan.