Erreportajeak

Pipiak jandako oroitzapenak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Markina 2021ko mai. 1a, 00:00

Alzheimerra duten gaixoez gain, gaixotasunak beraien senideei eta ingurukoei ere zuzenean eragiten diela aitortu du Buru Bihotz elkarteko psikologoak.

Alzheimerra gaixotasun luzea dela esaten da, hainbat fase dituelako: dementzia aurrekoa, preklinikoa, arinea, moderatua eta aurreratua. Euskadin Alzheimer goiztiarra, gaixotasunaren guztizkoaren %2 eta %9 artekoa da.

Alzheimer hitza entzuten dugun bakoitzean, adineko pertsonekin lotzeko joera dugu, baina ez da horrela. Ezohikoak diren arren, 65 urtetik beherako pertsonatan kasuak badaude eta gero eta gehiago antzematen dira. Euskadin, 60.000 pertsonak baino gehiagok pairatzen dute alzheimerra, eta dementzia goiztiarra %2 eta %9 artekoa da. Dementzia goiztiarraren adibide da, Iratiren ama. Maribeli 50 urterekin diagnostikatu zioten gaixotasuna; eta gaur egun, zazpi urte daramatza gaixotasunarekin elkarbizitzen.

Alzheimerra dementzia eragiten duen gaixotasun neurodegeneratiboa da. Gaixotasun horrek, neuronen eta haien arteko konexioen galera dakar. Hori dela eta, kognizioaren, jokabidearen eta egoera psikologikoen funtzionamendu normala eragozten du, bizitza autonomoa egiteko aukera oro baztertuz, gaixotasunak aurrera egiten duen ahala. Gaixotasunaren aldaketa patologikoak astiro garatzen dira, urteetan zehar; eta funtsean, oroimenaren galeran datza. 

Iratik dio, bere amak despiste txikiak edukitzen zituela eta inork ez zuela uste hain gaitz «gogorra» izango zuenik. «Gogoan dut autoan gindoazela, auto askok klaxona jotzen ziotela eta amak ez nago ondo behin eta berriz errepikatzen zuela etxean». 2013an diagnostikatu zioten Alzheimer goiztiarra. «Nire aita Carlosek hasieran ez zuen sinesten bere emazteak gaixotasun hau zuenik eta bigarren diagnostiko bat eskatu zuen. Baina azkenean, emaitza bera izan zen», azaldu du hunkituta.

Gaixotasun horrek alboko familia eta zaintzaileetan du ondorio latzena. Hori azpimarratu nahi du, Maria Erdozainek Buru Bihotzez Alzheimerra duten gaixoen familiak biltzen diren elkarteko psikologoak: «Gaixotasuna dutenek baino, kasu honetan, albokoek sufritzen dute gehienbat. Azken finean, maite duzun pertsona bat galtzen ari zara pixkanaka; eta eguneroko gauzak ahazten doazela ikusten joatea, gogorra egiten zaie familiakoei zein ezagunei». Pixkanaka aldaketa horiek onartzen joatea «zaila» eta aldi berean, «gogorra» dela adierazi du Carlosek. «Maribeli gaixotasuna diagnostikatu ziotenean, pentsatu nuen lehen gauza nire bi seme-alabetan izan zen, Jon eta Irati, eta haiei ea nola esan niezaieken amak Alzheimerra zuela».
Iratik «oso gaizki» pasa zuela adierazi du, bere amak gaixo zegoela esan zion unean eta jakin zuen momentuko oroitzapenez ez dela gogoratzen. Momentu hartan, 14 urte zituen Iratik eta «kolpe gogor» baten moduan gogoratzen du gertakaria. Erdozainek adierazi du normala dela gure oroimenetik egoera traumatikoak ezabatzea; eta hori, shock egoeraren ondorio izan ohi dela. 

Gaixotasunaren garapena

Hasieran, gaixotasun hori dementzia mailara iristean antzematen zen, baina orain biomarkadoreak aztertuz, lehenago antzematea lortu da. Biomarkadoreak, pertsona baten egoera biologikoa adierazten duten substantziak dira eta horiei esker, gaixotasunak edo horien prozesuak jakin daitezke. Alzheimerrak hainbat fase ditu: aurre klinikoa, dementzia aurrekoa, eta behin dementzia fasea hastean, arina, moderatua eta aurreratua. Gaixotasun honek dituen etapa desberdinengatik, esan ohi da, gaixotasun luzea dela.

Fase  aurre klinikoari esaten zaio gaixotasunak burmuinean aldaketa egiten duenean, baina, sintomarik ageri ez denean oraindik. Horren ostean, memoria akatsak agertzen hasten dira, baina bizitza normala eta autonomoa egiten jarrai dezake gaixoak. Azken horri, dementzia aurreko Alzheimerra deritzo. Behin gaixoak bere egunerokotasunean autonomia guztiz galtzen duenean, dementziaren faseei hasiera ematen zaie.

Maribelek, hasiera batean, despiste hutsak zituen. Bere senarrak dio egunerokotasunean edozein pertsonak izan ditzaken huts egiteak egiten zituela eta horregatik ez zirela lehenago larritu. Gaixotasunaren lehen fasean, hau da, arinean,  ez dira gauza larriak gertatzen eta pertsonak bizitza normala egin dezake, sintomak izan arren. Pablo Martinez-Lagek, CITA Alzheimer fundazioko neurologoak, dio gazteen kasuan Alzheimerra identifikatzea zailagoa dela; izan ere, normalean lehen sintomak, laneko errendimenduko huts egiteekin zerikusia dute eta arazo hauek, gaixotasun psikologikoekin lotura zuzena dute. Esate baterako, depresioa eta estresa.

Dementziak hiru gradu ditu. Lehenengoan, despisteak, desorientazioa eta gauza bera behin eta berriz errepikatzean datza. Pixkanaka, sintoma horiek gero eta garrantzi haundiagoa hartzen dute, eta arazo bat bilakatzen dira. Egin nahi duten jardueraren arabera, batzuetan ezinezkoa zaie eta ezin dute bakarrik egon. Hortaz, gradu honetara pasatzean zaintzaile eta familiaren laguntza behar izaten dute, zuten autonomia galtzen hasten direlako.
Gaixotasun  honen hirugarren gradua larriena da. Horretan, egunerokotasuneko jarduerak nahiko eraginda daude eta etengabeko laguntza behar du gaixoak. «Gaixoak duen dependentziaren arabera, gradu bat edo beste ezarriko zaio», dio Erdozainek.  Maribel hirugarren graduan dago, aurreratuan; baina, hala ere, haien kasuan ez du guztizko dependentzia. Iratik azaltzen duenez: «gure kasuan ez dugu guztizko dependentzia, bere gradu bereko beste gaixo batzuekin konparatzen badugu. Beste batzuk, ezin dira mugitu ere egin eta pixoihala erabili behar izaten dute. Zortez, guk oraindik ez».

Alzheimerra hainbat sintomarekin lotzen da, pertsona bakoitzaren egoera fisikoaren eta psikologikoaren arabera, modu batean ahala bestean eragiten du. Gainera, gazteen kasuan, gaixotasunaren faseak bizkorrago  garatzen dira. «Gazteetan adineko pertsonatan baino azkarrago joaten da Alzheimerra. Adinekoetan,  fase aurreratura iristeko prozesuak 8-10 urte iraun dezake batez beste, eta gazteetan, berriz, 3-5 urte», dio Martinez-Lagek. Horren arrazoia, gazteetan lehen sintomak agertu baino pare bat urte lehenago, barnean aldaketak gertatzen direla da. Horregatik, gaixotasuna antzematean, hasierako fasea nahiko aurreratuta dago.

«Azken finean, maite duzun pertsona bat galtzen ari zara pixkanaka eta eguneroko gauzak ahazten doazela ikusten joatea, gogorra egiten zaie familiakoei zein ezagunei»

 

Tratamendua

Pertsona batek Alzheimerra duenean, garunean galera neuronal  haundia gertatzen da. Neuronen heriotza, nagusiki, bi alterazio motarekin lotuta dago: Amiloide proteina plaken eta Tau proteinen pilaketaren ondorio. Gaixotasun horren guztizko sendagairik ez dago merkatuan, baina aldiz, gaixotasuna geldiarazi eta moteltzen dutenak, bai. Sintomei aurre egiteko, lau botika mota aurkitzen dira gaur egun merkatuan: Ribastigmina, Galantamina, Memantina eta Donepeziloa.

Botika horiei dagokienez, Al­zheimerraren sintomatologiaren arabera, bata hala bestea hartu beharko du gaixoak. Donepeziloa, Ribastigmina eta Galantamina, fase moderatu eta arinean hartzen dira. Bestalde, Memantina fase moderatu eta aurreratuetan. Horrez gain, nutrizio-gehigarria ere hartzen dute, gantz-azidoen konbinatua dena: omega 3, selenioa eta B taldeko bitaminak.

«Momentu honetan,  bi pilula hartzen ditu goizean eta gauean; eta, bazkaldu ostean, jarabe moduko bat hartzen du», dio Iratik. Gaixo guztiei haien sintomatologia aztertu ondoren, haien sintomak hobekien murriztuko dituen sendagaia egokitzen zaie. 

Botika guztiekin gertatzen den bezalaxe, sendagai hauek ere bigarren mailako ondorioak izaten dituzte. Pablo Martinez-Lagek dioenez, suminkortasuna, tentsio-jaitsierak, aluzinazioak eta antsietatea eman dezakete botika horiek. «Bigarren mailako ondorio horiek gerta daitezkeela kontuan izatea garrantzitsua da. Hala ere, gaixo guztiek ez dituzte sufritzen eta, gehienetan, botikaren dosiak gaizki kalkulatu direlako gertatzen dira».
Dosiak ondo izendatuak egotearen garrantziaz ondo daki, Carlosek. «Maribel beti izan da pertsona lasaia, baina uda honetan botikaren dosi okerraren ondorioz, aluzinazioak izan ditu». Kasu hauetan, Martinez-Lagek dio, botikaren dosi edo botika beraren aldaketaren bidez bigarren mailako ondorio horiek gelditzea lortzen dela.

Gaur egun, ez dago gaixotasun hau %100ean sendatzen duen botikarik, baina Flinderseko Unibertsitatea (Australia) eta Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) zientzialariek diote, hemendik hiru urtera alzheimerraren aurkako bakuna prest egon daitekeela, gizakian probatu ahal izateko. Memoria akats hauek, 1906an, Alois Alzheimer neurologoak atzeman zituen lehen aldiz. Geroztik, 115 urte pasa dira eta oraindik ez zaio gaixotasun honi sendagaia aurkitu. 2024ak emango ote al digu konponbidea? Itxarotea besterik ez da geratzen. 

 

«Normalean, 58 urteko pertsona bat bere etxean dago, bere lana egiten du eta familian ardurak ditu»

Beatriz Matilla, Hernaniko Maria Magdalena egoitzako psikologo eta Lahar elkargo enpresako langileak, Alzheimer goiztiarren kasuekin nola egiten duten lan azaldu eta lan «gogorra» dela azpimarratu nahi izan du.

Zein da zure egitekoa Hernaniko Adinekoen Egoitzan?

Hernaniko Adinekoen Egoitzako psikologoa naiz eta nire lana lantaldean egiten da. Taldean egiten duguna da egoitzara sartu berri den pertsonari egokitzapena erraztu eta balorazio bat ere egiten dugu, kognitiboki eta emozionalki, egoera nolakoa den jakiteko. Horrekin, saiatzen gara gaixoak dituen gaitasunak lantzen, mantentzen eta ahal den neurrian, hobetzen. Tarteka-tarteka, laguntza psikologikoa ere eskaintzen diegu.

Alzheimer goiztiarren kasurik izan al duzue? 

Bai, baina ez ditugu kasu asko izan egoitzan, bat edo bi. Azkenean, adinekoen egoitza denez, asko ez dira zentroan sartzen. Hona etorri direnen kasuak, 50 eta 60 urteko pertsonak izan dira. Horrek esan nahi du egoitzara iritsi baino lehen, bide luzea dagoela. Izan ere,  hona iristerako gaitza azaldu da 10-15 urte lehenago, eta jada, garatuta dago. Guk gaixo hauei haien azkeneko fasean laguntzen diegu.

Nolako lana egiten duzue haiekin? 

Normalean,  taldean egiten dira ariketak eta  saioak egunero izaten dituzte, arratsaldean. Talde saio horietan, orientazioa lantzen dugu karta jokoen bidez, edo ariketa ludikoen bidez gaitasun kognitiboa lantzen da. Ariketa horietan, pertsona bakoitzak dituen gaitasunak landu eta mantentzen dira. Hiru ordu laurdeneko saioak  dira eta begirale bat izaten da haiekin. Batzuetan, talde txikiak izaten dira, 5-6 lagunekoak; baina, psikomotrizitatea lantzen ari bagara, 15 laguneko taldeak sortzen dira.

Kasu berri bat duzuenean, eramaten al duzue prozesuren bat gaixoa zuekin ahalik eta ondoen sentitu dadin?

Bai. Hasiera batean edonork laguntza behar badu, pentsa bere gaitasunak murriztuta dituen pertsona batek. Gainera,  egoitza batean sartzeak  %100eko aldaketa ekartzen du zure bizitzan. Azken finean, zure etxetik ateratzen zara eta beste toki batera zoaz bizitzera. Orduan, hona sartzen direnean, aste batzuk edo hilabete, pertsonaren arabera egokitzapen prozesu bat ematen da beti. Horretarako, pertsonaren ezaugarriak  kontuan hartzeaz gain, familiaren ohiturak, zer gustatzen zaion eta zer ez jakin eta beste egoiliarrekin harremana sustatzen dugu. Hortik aurrera, behin prozesu hori gaindituta dagoela, balorazioak egiten hasten gara eta gaixoaren gaitasunak lantzen.

Gogorra da gaixotasun hau dutenak zaintzea?

Lanean aritzerakoan, Alzheimer goiztiarra edo 90 urte dituenarekin lanean aritzea berdina da. Egia da fisikoki ez dela berdina, zeren ikusten baituzu pertsona bat, gaztea dena (agian 58 urtekoa), alegia, gorputzez gaztea eta indarra duena; baina buruak, aldiz, nolabait ez dio laguntzen. Gorputza bide batetik doa eta burua bestetik. Askotan, ez da gauza bera 90 urteko pertsona bat edo 58koa. Profesional gisa, zuk beste edonor izango balitz bezala ikusten duzu. Baina, pertsona moduan, ez da gauza bera. Izan ere, normalean 58 urteko pertsona bat bere etxean dago, bere lana egiten du eta familia ardurak ditu (seme-alabak eta gurasoak). Hona datorrena bestelako egoera batean dago eta hori dena atzean utzi behar izan du. 

Une gogorrik buruan al duzu? 

Niri gehien hunkitu didana da familiaren egoera gaitz honen aurrean. Hona datozen gazteak,  emakumeak edo gizonak, 60 urte ditu eta bikotea, oraindik gaztea da, proiektuak ditu aurrera eramateko. Bestela ere, seme-alabak baldin baditu, oraindik oso gazteak dira. Gehien hunkitzen gaituena familiaren egoeran jartzea da. Gaixoekin lan egiteaz gain, familiarekin lantzen saiatzen gara: egoera ulertu, laguntza eman eta behar duten lasaitasun hori eskaini.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!