Euskal komikigintza Hernanira iritsiko da datorren asteburuan. Azaroaren 18 eta 19an ospatuko da Hernanikomik azokaren lehen edizioa. Axpi, Adur Larrea, Alex Sanvicente, Harkaitz Cano, Unai Iturriaga, Asisko Urmeneta, Eider Eibar eta Susanna Martin… asko dira gaur zortzi Atsegindegin topatu ahal izango diren sortzaileak, eta are zerrenda luzeagoa osa daiteke eskuragarri egongo diren komiki eta aurkezpenekin. Euskarazko komikia sustatzea du helburu azokak, eta euskal eta euskarazko komikietan jarriko dute fokua, postuetan gaztelerazko komikiak ere izango diren arren. Horiekin batera, askotariko ekintzek osatuko dute egitaraua: proiekzioak, jolasak, musika... Hala, galdutako eremu bat berreskuratuko du euskal komikigintzak, eta, espazio horren bitartez, euskal sortzaileak egiten ari diren lana erakustea da antolakuntzaren helburua.
Lehen edizioa izango da aurtengoa, eta, sortzaile askorekin elkarlanean, antolakuntza lanetan buru-belarri aritu dira Koro eta Gregorio Muro hernaniarrak. Harriet argitaletxearen sortzaileak dira Muro anai-arrebak, eta ume zirenetik izan dute harreman estua komikiarekin: «Gure aita Zintzotasuna zinemako proiekzionista zen, eta egunero ikusten nituen filmak. Horrek komikiarekin lotura estua izatera bideratu ninduen, eta duela 40 urte hasi nintzen Ipurbeltz aldizkarian lanean», azaldu du Gregoriok. Korok, aldiz, etxeko gazteena izaki, desberdin oroitzen du lehen kontaktu hura: «Beti izan naiz irakurzale amorratua, etxean sekula ez da arrotza izan komikia, txikitatik ikusi dut Gregorio komikiak irakurtzen. Oso errotua egon da gure bizitzan».
Gaur arte mantendu duten zaletasun horrek eraman zituen, duela bi urte, euskal komikiaren azoka birsortzeko premia zegoela antzematera: «Lehen Parrapean azoka antolatzen zen, baina 2018an egin zuten azken edizioa. Horren ondorioz, ikusten genuen euskarazko komikiek ez zutela espazio propiorik, azoka elebidunak zirela aukera bakarra. Horregatik, gure intentzioa izan da lehengo proiektuen lekukoa hartzea, Parrapean azokaren antzeko zerbait, baina Hernanin», azaldu du Korok.
Bi urtetako lanaren emaitza da aurtengo edizioa, sortzaile askoren arteko elkarlanaren fruitua: «Talde eragile bat sortu genuen, eta guztion artean banatu dugu lana. Egia esan, oso erraza izan da prozesua, taldeko zein kanpoko pertsona oro egon delako edozertan laguntzeko prest». Hernanikomikek bi eguneko egitaraua izango du, eta antolatzaileek nabarmentzen dute ez dela komiki salmentara mugatuko, harago joan nahi izan dute: «Argitalpen berrien aurkezpenak izango dira, marrazkigileen arteko jolasak antolatu ditugu, musikaz zuzenean gozatzeko aukera ere egongo da. Finean, giro ona sortzea da asmoa».
Aniztasunaren gakoa
«Orokorrean, ezjakintasun handia dago. Jendeak komikiak lotzen ditu superheroiekin eta Mortadelorekin. Horiek oso ondo daude, baina komeni da jakitea oso mundu anitza dela. Komikiak gustatzen ez zaizkion jendearentzat ere badaude komikiak», adierazi du Korok. Sortzaile adina estilo daude komikigintzan; umoretsuak, ironikoak, kritikoak… eta estilo guzti horiek ezaugarritzen dute bertako sorkuntza: «Bakoitzak nahi duena egiten du. Komikia, zentzu horretan, literaturaren oso antzekoa da; istorioak komunikatzeko funtzioa betetzen du, eta helburua da irakurri ondoren jendeak gai jakin bati buruz hausnartzea», dio Gregoriok.
Hain zuzen, berezko estiloa duten sortzaileen zerrendan sartzen da Gregorio bera. Editore eta antolatzaile izateaz gain, sortzaile paperetik ere biziko duelako azokaren lehen edizioa. Gidoilari lanetan aritzen da gehienbat, eta erraz azaltzen du komiki bat sortzeko duen prozesua: «Ideia zehatz bat izaten da nire abiapuntua, ideia horretan sakontzen joaten naiz, eta hari berriak topatzen ditut istorioa osatzeko. Nire ustez, hiru elementu izan behar ditu komikiak: ildo narratibo ona, sorpresa efektua eta irakurleengan sentimenduak eragiteko osagaiak».
Gregoriok zinemagintzan eduki duen ibilbideak ere baldintzatzen du komikiak garatzeko duen modua. Sortzen dituen istorioak, batik bat, irudien eta elkarrizketen bitartez garatzen ditu: «Komikiak alderdi literarioa eta bisuala uztartzen ditu, baina zinemagintza baino zailagoa da, elipsiarekin binetaz bineta jolastu behar duzulako. Testu gutxi dauka, eta lerroartean irakurri beharra dago. Hortaz, zailagoa da irakurketa koherente bat ahalbidetzea, eta garuna lanean jarri behar da; begi-bistan dauden elementuekin, eta falta direnak interpretatuz, osatu behar duelako kontakizuna».
Euskal estilo orokor bati buruz galdegitean joera zinematografiko hori bera aipatu dute biek, nahiz eta ez duten homogeneotasuna ikusten euskal sortzaileen artean: «Xabiroi aldizkarian lan egiten duten komikigileak zinematografikoagoak dira, beste batzuk, aldiz, nobelaren generokoak. Euskal komikigintzan estilo asko daude, baina ingurua da gehien baldintzatzen duena; espainiar eta frantziar komikiaren tankerakoa da». Estiloaz harago, dentsitatea da Korok goraipatu duen aldagaia: «Euskal komikigintzaren ezaugarri nagusia dentsitatea da, herrialde txikia da, baina talentu asko dago».
Kalitatea eta zinemaren eragina nahastuta uler daitezke urte hauetako zenbait lorpen. Euskal sortzaile asko izendatu dituzte mundu mailan garrantzitsuak diren sariak jasotzeko, eta, era berean, asko dira beste herrialdetan arrakasta lortu dutenak. Gertuko adibidea da, esaterako, Irati pelikula; izan ere, Paul Urkijok zuzendutako filma Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komikian oinarritzen da, eta joan den astean jaso zuen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean publikoaren saria.
Gregoriok eta Korok azaldu dute Irati ez dela, inolaz ere, salbuespena: «Sorkuntza zinematografiko asko daude komikietan oinarrituta. Adibidez, !García! eta La Fortuna telesailak Astiberri editorialak argitaratutako komikietan oinarritzen dira. Mundu mailan ere ohikoak dira komikietatik datozen film arrakastatsuak, La vida de Adelle da azken urteko adibide esanguratsuena».
Euskarazko Mangaren sorrera
Zazpi urte beteko ditu datozen egunetan Harriet argitaletxeak, eta proiektu berrietan murgiltzeko asmotan daude Muro anai-arrebak. Argitaletxea sortu zutenean, inguruko komiki estiloen bueltan lan egitea zen asmoa: «Hasiera batean komiki franko belgikarra edo europarra argitaratzea zen ideia. Orain ikuspegi zabalagoa daukagu, eta gehien gustatzen zaizkigun gidoien bila ibiltzen gara», azaldu dute. Korok azpimarratu du berrikuntza prozesu honetan euskal sortzaileekin duten harreman ona, horixe baita argitaletxeak duen konpromisoetako bat: «Beti argitaratzen ditugu bertako komikigileen sorkuntzak eta lanak».
Komikiaren eragina ezberdina da herrialde bakoitzeko jendartean. Indar handia du, esaterako, AEBetan edota Japonian, eta bertako tendentziak arrakastatsuak dira gainontzeko tokietan. Guztien artean, Manga komikia da Korok eta Gregoriok gehien aipatzen dutena, jende gaztea erakartzen duen estiloa delako. Bada, Mangak tarte garrantzitsua izango du Hernanikomik azokaren lehenengo edizioan, berritasunetako bat euskarazko lehen Manga komikiaren aurkezpena da eta: «Sekula ez da euskarazko Manga komikirik argitaratu. Euskal Herrian gazteleraz eta frantsesez irakurtzeko aukera zegoen orain arte, eta orain euskarak ere izango du merezi duen lekua».
Harriet argitaletxearen apustua izan da Cube Arts komiki japoniarra itzultzea, eta horretarako sortu dute Kabe zigilua: «Lerro berri bat da irekitzen duguna, Kabe zigiluaren bitartez argitaratu nahi ditugu Manga komikiak», azaldu zu Korok. Emaitzarekin oso gustura geratu diren arren, ez da lan erraza izan proiektu hau gauzatu ahal izateko prozesua: «Duela bi urte hasi ginen estilo horri buruz gehiago sakontzen, gazte askok irakurtzen dute Manga, eta interesgarria iruditu zitzaigun. Ez da erraza izan, pandemia dela eta, japoniarrekin korreo bidez lan egitea kostatu zaigulako», dio Gregoriok.
Kostata, baina lortu dute. Euskara hutsean hedatuko dute, gainera, Cube Arts lana, lehendik Manga asko dagoelako beste hizkuntzetan: «Normalean elebidunak izaten dira argitalpenak, baina, kasu honetan, inbertsio hobea iruditu zaigu bi Manga komiki argitaratzea euskaraz, komiki bera bi hizkuntzatan baino. Gazteleraz eskaintza zabala dago», gehitu du Gregoriok. Biek espero dute eskaintza berriak balioko duela irakurle gazteak erakartzeko: «Etorkizunean komiki irakurleak nahi baditugu, haur eta gazteetatik hasi behar dugu. Haiek izango dira hemendik urte batzuetara komikia irakurriko dutenak».
Harriet argitaletxetik, kanpoko egileen lanak euskaratzeaz gain, bertakoak ere zabaltzen dituzte mundura: «Bertako lanak esportatzen ari gara. Frantziako komiki baten eskubideak erosten ditugu, eta bertakoak saltzen dizkiegu. Finean, erostera joaten zarenean beti dago aukera saldu ahal izateko edo negoziatzeko», nabarmendu du Gregoriok. Datorren astean argitaratuko da Frantzian, esaterako, Yurre Ugarteren eta Joseba Larretxeren Joana Maiz komikia.
Berrikuntza hauek guztiak eskuragarri izango dira, Hernanikomik azokan, datorren ostiral zein larunbatean. Gogotsu daude Koro eta Gregorio, euskal komikiaren azoka bat berreskuratzeko ilusioarekin. Egitarauan dauden ekintza guztietatik, bat nabarmendu dute anai-arrebek: Jon Zabaletari emango dioten Joseph Camino sariarekin geratzen dira: «Azokako momentu sentimentala izango da, ekintza guztiak dira onak, baina horrek hunkitzen gaitu. Ona da sortzaileen lana aitortzea, hernaniarra da, gainera». Larunbat eguerdian sarituko dute Zabaleta.
Guztia prest dago, beraz, elkarlanean osatutako azokaren lehen ediziorako. Guztien esfortzua eskertu nahi izan dute antolatzaileek, eta halako guneen beharra aldarrikatu du Korok: «Azoka hauek funtzio pedagogikoa dute, jendeak ikus dezan komikiaren mundua oso zabala dela. Marrazkigileak egongo dira inprobisatzen, gertutik ikusiko dugu haien abiadura eta teknika». Gregoriok, aldiz, ateak zabalik uzten ditu, etorkizuneko edizioetarako: «Helburua hazten jarraitzea da, datozen edizioetan hizketaldiak, erakusketak eta tankerakoak sartzea. Erakutsi nahi dugu zer den egiten ari garena, jendeak uler dezan. Ea Hernanikomik euskal komikiaren erreferentzia bihurtzen den».
HERNANIKOMIK AZOKA
Atsegindegin
11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 20:00etara
AZAROAK 18
11:00etan, Azokaren irekiera.
11:30etan, Ikastetxeetako bisitak.
Komikien aurkezpenak
18:00etan, 'Haur besoetakoa'. Unai Iturriaga eta Alex Sanvicente. Moderatzailea: Dani Fano.
18:30etan, 'Laboa'. Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe. Moderatzailea: Iñigo Astiz
19:00etan, 'Black is beltza II: Ainhoa'. Susanna Martin. Moderatzailea: Xabier Etxeberria.
22:00etan, 'Black is beltza II: Ainhoa' filmaren emanaldia, Biterin.
AZAROAK 19
11:00etan, Azokaren irekiera.
11:30etan, Kromikilarien Saria.
12:00etan, Jon Zabaletari Joseph Camino saria.
13:00etan, Dzirt dzart: zuzenean marraztuz. Asisko Urmeneta eta Eider Eibar.
Komikien aurkezpenak
18:00etan, 'Utzi azalari'. Ainara Azpiazu (Axpi). Moderatzailea: Iratxe Retolaza.
18:30etan, 'Lurbinttoko ohoinak'. Adur Larrea. Moderatzailea: Iratxe Retolaza.
19:00etan, 'Sua: Sutagar'. Alex Tello; Julen Ribas. Moderatzailea: Mikel Soto.
Aurkezpen musikatua. Su Ta Gar taldekideak bertan egongo dira.
*Irakurketa txokoa: komikiak ikusi, irakurri nahi dituenarentzat gune bat egongo da.
*Komikiaren azokan, besteak beste, honako postu hauek egongo dira: Astiberri, Harriet, Xabiroi, Elkar, Gaueko komiki denda (Farmazia beltza eta Txalaparta), Dobera Euskara Elkartea, Gureberriak, Jo Ta Ke Ekoizpenak, Nabarralde.
*Kromikilarien erakusketa ere ikusgai izango da azokan, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta.