Ez dira ondoegi moldatzen pandemia eta kultura. Saio ugari geratu dira bertan behera eta pandemiaren aurkako legeek nahiz aretoetako edukierek asko baldintzatu dute ekitaldi bakoitzaren izaera, baita mugikortasunak ere. Baina, arazoak arazo, kulturaren motorrak martxan jarraitzea lortu du. Esan ohi da une latzenak izaten direla sortzeko momenturik onenak, eta halako zerbait erakutsi dute kulturgileek, bilatu dituzten irtenbideekin.
Martxan jarraitzea lortu duten arren, ezin da ukatu une gorabeheratsuak izan direla kulturgintzan lan egiten duten pertsonentzat. Bailarako bertsolariak dira Iker Ormazabal Tturko, Eli Pagola eta Ekain Tolaretxipi, eta azken urte honetako aldaketei buruz aritu dira hizketan. Hirurak dabiltza buru-belarri bertsolaritzan, eta, ondorioz, zuzenean jasan behar izan dute pandemiak kulturan eduki duen eragina.
Gipuzkoako Txapelketaren ondorengo olatu betean harrapatu zituen itxialdiak Ormazabal eta Pagola, eta Eskolarteko Txapelketa lehiatzen Tolaretxipi. Diotenez, urte hasiera ez da saio kopuru handiko bolada izaten, baina, txapelketaren ohiartzunaren laguntzaz, martxa hartzen hasiak ziren hiru bertsolariak. Itxialdia baino aste bat lehenago eduki zuen saioa Tolaretxipik, bi sariketa prestatzen ari zen Ormazabal eta plazaz plaza aritzeko estutzen hasia zen Pagolaren agenda. Agenda bete bai, baina segituan hasi zen husten: «Dena oso ezegongonkor zegoen, saio batzuk hiru aldiz atzeratu zituzten, eta, azkenean, bertan behera geratu ziren», azaldu du Pagolak.
Ezegonkortasun handiko garaiak izan arren, geldialdiko lehen egunak ez dituzte perspektiba ezkorrarekin oroitzen: «Etorri da, baina etorri bezala joango da», hori pentsatzen zuen bere baitan Ormazabalek. Eguneroko jardunetik aldentzeko eta pilak kargatzeko tartea topatu zuten etxeko txokoetan, alde batetik bestera ibiltzetik lasaitasunera pasatzeko garaia. Hala ere, lasaitasun horrek ez zuen gehiegi iraun, eta pixkanaka egoerarekiko ikuspegia aldatzen joan zela aitortu du Pagolak: «Desesperazio momentu bat ere bazetorren, denboran urrunago zeuden saioak suspenditzen joan ziren, eta hori kudeatzea ez zen hain erraza izan».
Etsipen horrekin batera iritsi zen bertsoaren falta sortzaileen etxeetara, eta hutsune hori betetzeko asmotan hasi ziren teknika berriak probatzen. Beste saiakera batzuen artean, lagun talde bat osatu eta sortak prestatzeari ekin zioten, ondoren telefonoz elkarbanatu eta komentatzeko. Borondatez eta enkarguz, sorta horiek izan ziren asteroko jarduna ordezkatzeko alternatiba; izan ere, gogoan dute inguruko jendearen eskaerak areagotu zirela: «Jende askok esaten zidan bertso bat edo sorta bat behar zuela, eta pozik egiten nituen», azaldu du Ormazabalek. Pagola ere enkargu batzuen aitzakiarekin hasi zen idatzizko bertso sortak prestatzen, eta praktika hori izan zen anaiarekin batera argitaratu duen diskaren abiapuntua.
Hirurek aitortu dute itxialdian zehar bat-bateko bertsolaritza lantzeko eduki zituztela zailtasun handienak. Garai gorabeheratsuak izan ziren guztientzat, eta pandemia aurrera joan ahala «bolada gogorragoak» izaten zituztela azaldu dute; hau da, egun batzuetan bertsotarako gogo handia zutela eta hurrengo egunean guztiz kontrakoa. Tolaretxipirentzat Bertso Eskolako orduak izan ziren bat-bateko sormena lantzen jarraitzeko momentuak: «Nire kasuan, Bertso Eskolan elkartzen ginenean lantzen nuen sormena, gaiak zabaltzen genituen pandemiatik urrundu ahal izateko. Baina, hortik aparte, ez nuen gehiegi sortu». Pagolaren ustetan, bakardadea izan zen bat-bateko ariketarekin jarraitzeko traba nagusia: «Normalean, bakarrik aritzeko ez duzu aritu nahi».
Bakardade horren ondorio zuzena izan zen bertsolaritzaren irtenbide deigarriena. Itxialdian zehar oso ohikoak izan ziren bideodeiak, eta hari horretatik tiraka hasi ziren streaming bidezko lehenengo bertso saioak antolatzen. Bakardadearen mugak hautsita, bat-bateko bertsolaritza plazaratzeko erabili zuten, eta, behin martxa hartuta, ostiralero antolatu zituzten saioak. Bertsolarien ustetan, «momentuko egoerak eskatutako erantzuna» izan zen, eta horren aurrean, sekula probatu gabeko lana izan arren, inork ez zuen esperimentatzen hasteko zalantzarik eduki.
Saio publikoak egiten hasi aurretik, Bertso Eskoletan hasi ziren probak egiten. Gutxi gorabehera, oroitzen dutenez, hilabete inguru pasa zen itxialdia hasi zenetik zuzeneko lehen bertso saioa antolatu arte. Tolaretxipiri ez zitzaion pantailaren aurrean saio publikorik egitea egokitu, bai ordea Ormazabali eta Pagolari. Bi bertsolariek ongi oroitzen dituzte ordenagailuaren aurrean egindako saioak, baita une horietan edukitako sentipenak ere. Aurrez aurreko saioetan gertatzen den bezala, streaming bidezko saio mota bakoitzak sentsazio desberdinak sortzen zituen Ormazabalengan: «Nahiz eta pantaila beraren aurrean egon, bertso saio publiko batean beti daukazu presio gehiago, guztiz ezberdina zen».
Irtenbideetako bat izan zen streaminga, baina gabeziak segituan nabaritu zizkioten praktika berriari. Bertsolaritzaren osagaiak faltan botatzen zituzten, etxetik aritu beharrak bertso saio baten aurreko momentuak eta ondorengoak kentzen dizkiolako saioari. Hirurek botatzen zuten faltan kantuan hasi aurreko hizketalditxoa, edota saio ondoren kantukideekin hartu ohi zuten tragoa; azken finean, bertsolaritzaren alderdi soziala falta zitzaien. «Bertsoa, orokorrean, ez da kantatzeko ariketa soil bat, ariketa komunikatibo eta kolektiboa da. Kantatzen duzun pertsonaren ondoan egoteak asko ematen du, hitzik gabeko komunikazio izugarria dago», gehitu du Pagolak. «Etxeko konplexua» ere aipatu du Tolaretxipik, etxetik egindako saioetan kontzentratzeko zailtasuna definitzeko.
Baina, aipatutako faktore guztien gainetik, aldagai garrantzitsu baten hutsunea nabaritzen zutela azaldu dute: «Pantaila bati kantatzen diozunean ez dakizu nori kantatzen diozun», adierazi du Pagolak. Hain justu, ezjakintasun hori zen Ormazabali ezinegona sorrarazten ziona: «Gustora aritzen nintzen, baina publikoa ez ikusteak apuro edo zalantza gehiago sortzen zizkidan». Ikuslea izan ohi da bertsolariaren lana bideratzen laguntzen duen faktore nagusia, eta aurrean ez edukitzeak «desorientazio sentsazioa» sorrarazten zien bertsolariei.
Pantailatik plazara
Joan-etorri hauetako batean iritsi zen kalera irteteko eguna. Gogoz alboratu zuten pantailari kantatzeko ohitura, eta are gogotsuago hartu zuten plazara itzultzeko aukera. Ohikotasunera gerturatzeko urratsa izan zen, baina, orduan ere, egoerarekiko ezjakintasunak asko baldintzatzen zuen bertsolaritzaren mundua: «Egia esan, nik itxialdia hasi aurreko sentsazio antzekoa neukan. Dena bukatu balitz bezala, baina ezer argitu gabe», horrela bizi izan zuen Ormazabalek etxetik plazarako trantsizioa.
Itxialdiaren ondorengo saioetan, testuinguru berri eta berezi batekin, ez zen erraza izan normaltasunez kantuan hastea. Hiru bertsolarietatik Tolaretxipi da gazteena, eta, pandemia aurretik egindako saioekin alderatuz, «esperientzia faltaren urduritasuna eta egoera arraroa» elkartu zitzaizkion, saio batean kantatzeko aukera eduki zuenean. Pagolari, aldiz, «zaila» egiten zaio itzulera hori nola bizi izan zuen azaltzea: «Oso egoera nekeza da, bai bertsolarientzat baita antolatzaileentzat ere. Faktore ugari dira kontuan hartu beharrekoak, eta niri zaila egiten zait esatea buelta hori nolakoa izan zen».
Zailtasunak zailtasun, aitortu dute bertsolaritzak zortea eduki duela gainontzeko kulturgileen aldean. Azpiegiturari dagokionez, bertso saioak dira antolatzeko kultur ekitaldi «errazenak», «soinu mahai txiki bat eta mikrofono batzuk, teknikoki ez da askoz gehiago behar», azaldu dute.
Itxialdiaren osteko lehenengo saioetan beldurra eta ezjakintasuna izan ziren kulturaren erritmoa markatu zutenak. «Inguruan aditzen nuen: Ni ez naiz joango, ez dit segurtasun sentsaziorik sortzen», azaldu du Ormazabalek. Beldur hori pixkanaka apaltzen joan dela nabaritu dute bertsolariek, nahiz eta oraindik bertan irauten duen. Egoerak oso aldakorra izaten jarraitzen du, eta ezegonkortasun horrek asko baldintzatzen du antolatzaileen lana. Diotenez, oraindik ere badira ikaragatik atzeratzen eta bertan behera geratzen diren saioak.
Zailtasun horiek irudikatzeko, adibide bat jarri du Tolaretxipik. Aurten ere Eskolarteko Txapelketan parte hartzen ari da, eta pasa den astean eduki zuen kanporaketako saioa: «Saioa baino bi aste lehenago bazirudien dena nahiko normala izango zela, baina astebete falta zela egoera asko okertu zen, eta pertsona bakarrarekin joateko aukera eman ziguten».
Bertsozaleen rola
Izuaren garai hauetan ere badira salbuespenak. Asko dira ilusioa mantendu nahi izan duten bertsozaleak, eta horietan jarri dute fokua hiru bertsolariek. Jende ugari «oso gogotsu» dagoela antzematen dute, eta horrek ilusioa eta lanean jarraitzeko grina sortzen du bertsolariengan: «Antolatzen ari den gutxi horrek oso erantzun ona jasotzen du, alde horretatik oso osasuntsu dago bertsolaritza», azaldu du Pagolak. Ormazabalek ere antzeko ilusioa sumatu die inguruko zaleei: «Beldurrik ez duten bertsozaleek gogo gehiago dute, adibidez, urrutiago antolatzen diren saioetara joateko».
Ikusleen rola aipatzerakoan, bertso saio batean zaleek duten garrantzia nabarmendu nahi izan du Pagolak: «Bertso saio batean publikoa ez da hartzailea bakarrik, bi aldetarako komunikazioa dago, eta jendearen erreakzioek eragin handia dute». Azkenaldian, beldurrak eta edukierak tarteko, asko murriztu da ikusle kopurua bertso saioetan, eta hiru bertsolariak ados daude Tolaretxipiren irakurketarekin: «Pandemiak berotasuna kendu dio bertsolaritzari».
Berotasun falta hori bakardadetik etor daitekeela pentsatzen dute. Segurtasun distantzia mantendu behar da saioetan, eta horrek bertsolariekin konektatzeko aukerak galarazten dituela iruditzen zaie: «Ikusle bezala aretoa edo plaza hutsa dagoenaren sentsazioa ematen du; gainera, albokoarekin komentatzeko ez dago aukerarik, eta horrek hozten du giroa», argudiatu du Ormazabalek. Azaldutako egoera hori sorgin-gurpil baten modukoa dela uste du Pagolak: «Publikoaren rola aldatu egin da, eta publikoak berak nabaritzen duen bezala, bertsolariak ere nabaritzen du».
Une hauetan antolatzen ari diren saio motek ere sortzen den giroan eragiten dutela gehitu dute. Izan ere, egungo egoerak ez dio bertsolaritzaren alderdi bihurrienari toki askorik uzten. Orain arte formaltasuna nagusitu da, eta atzean geratu dira, esaterako, bertso otorduak edota gaztetxeetako saioak. «Ganberrismo puntua kendu» behar izan dela azaldu du Pagolak. Tolaretxipik ere hori nabarmendu du, saio mota hauekin sortzen den giroa hoztu egin denez, «erreakzioak ere hotzagoak direla».
Bertsogintza, elkartuta
Azken urte honen errepasoa egiterakoan, gehienak sentsazio arraroak eta balorazio txarrak izan diren arren, alderdi positiboa ere bilatu nahi izan diote hiru gazteek. Goraipatu dute kulturaren munduak eta bertsolaritzak egoera zail honen aurrean eduki duten jarrera, eta lanaren ondorioz sortu diren irtenbideen balioa nabarmendu dute. «Prestutasuna erakutsi du bertsolaritzak, zerbait egiteko nahia eta beharra. Gainera, aukera guregana etorri ez den momentuan gu joan gara aukera horiek sortzera», adierazi du Pagolak.
Hiruren ustetan, kolektiboaren onura eta saretzea izan dira pandemiak utzi dituen aldaketa onenak. Bertso Eskolen saretzea indartu dela iruditzen zaie, eta antolatzeko beharrak jendearen arteko harremanak eragin dituela gogorarazi du Ormazabalek: «Uste dut lortu dela bertsolariak antolatzea, kolektiboki antolatzeko elkartu gara, jende askorekin hitz egin dugu, eta hori oso ona da».
Onurak aurkitzen jakin badute ere, oso argi daukate zein den urte arraro honetatik ateratako ondorio nagusia: «Egia esan, urte bat daramagu eta oraindik ez gara ohitu, eta espero dugu ohitu beharrik ez izatea».