Laura Valles Vilchez komisarioak belaunaldi berri bat izan du ardatz gorputzaren gainean hausnartzeko. Nola jaso zenuen proposamena?
Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxearen jaiotzaren urteurrena ardatz hartuta, Tabakalerak erakusketa proposamena luzatu zion Laura Valles Vilchez komisarioari eta honek gorputzen gainean egungo artista eskulturgileek ditugun ardurak azaleratu nahi izan ditu.
Gorputzaren eta eskulturaren arteko harremanean nire lana egokia izan zitekeela ikusi zuen Laurak, eta gonbidapena egin zidan. Nik, ordea, aspalditik nuen gorputz kolektiboekin lan egiteko gogoa. Izan ere, orain arte gorputz indibidualekin aritu naiz, Verde Prato abeslariarekin eta estudiora etortzen diren lagunekin, esaterako, baina hori alde batera utzi nahi nuen. Banituen bozeto batzuk, eta hasia nintzen egitura bat prestatzen. Beraz, eskuartean nuena garatzeko aukera ematen bazidan baietz esan nion. Ez nituen aurretik egindako lanak eraman nahi, eta nik proposatutakoak bere erakusketaren tesia indartu zuen. Aukera aproposaren zain nengoen, eta momentu berean iritsi zen Lauraren proposamena eta nire aportazioa.
Zazpi artistek osatu duzue erakusketa, tokiko zein nazioarteko begiradarekin. Zer eskaini nahi izan diozue ikusleari?
Zorionez marra nahiko desmarraztua da, ez da hain nabaria non hasi eta amaitzen den euskal artista eta non kanpokoa. Nirekin batera June Crespo, Nora Aurrekoetxea, Kimia Kamvari, Yael Davids, Iman Issa eta Lúcia Kochen aritu dira. Batzuk testuingurukoak gara, baina ez gaude isolatuta, beti ari dira gertatzen gauza antzekoak aldi berean munduko beste leku batzuetan. Erakusketa honetan harreman horiek landu nahi izan ditugu, eta gorputzaren kontzeptua modu oso zabalean ulertuta egin dugu gure ekarpena; giza gorputzetik haratago, animalia gorputzetik hasita, gorputz aprotesikora eta makinikora arte.
Material eta teknika desberdinak erabili dituzue. Nola josten dira lanak elkarren artean?
Laura Valles komisarioari aitortu behar diogu hori. Guk aurretik ez dugu elkar ikusi, baina denok genekien nor izango genuen ondoan. Bakarkako elkarrizketetan bildutako informazioarekin, eta denok jakin dugu zein zen bizilagunaren asmoa.
Bakoitzak aktibatu du gorputza modu batera, eta erresonantzia batzuk ikusten ditut gure lanen artean. Lan oso desberdinak daude, artilearekin, zementuarekin, argazkiekin eta hondarrarekin, edota oihalarekin egindako sorkuntzak daudelako, baina oso ondo josten dira guztiak erakusketan, oso aberasgarria da.
Gainera, guztiak emakumeak izan gara; zazpi artistak, Tripak konpainiako lau kideak, Laura Valles Vilchez komisarioa eta Jone Uriarte Tabakalerako arte garaikideko kidea. Erakusketa honetan taldean eta kolektiboki lan egiteko prestutasun handia somatu dut, eta horrek segur aski izan du zerikusia. Arreta berezia jarri da denon artean sortzen ari ginen hori ondo joan zedin.
Zure lana mugikorra da. Ikustera ez ezik, bisitaria lanean parte-hartzera ere gonbidatzen duzu?
Nik egitura bat pentsatu dut, bere eskalarengatik ez dena ez objektu bat eta ezta arkitektura bat ere. Aukera asko dituen aldamio moduko bat da. Komisarioari aurreratu nion kolektiboki lan egitera ohituta zeudenei eskaini nahi niela nire lana, eta Tripak performance konpainiakoei erronka interesgarria iruditu zitzaien. Nik makina bat sortu dut, baina ez dakit zertarako den. Beraiei eskaini nien asmatu zezaten horrekin zer egin, eta ikusleari ere horixe proposatzen diot, bakoitzak asmatu dezala zein den egituraren funtzioa.
«Arte garaikideak urrundu egiten gaitu jendartetik, horregatik galdetzen dugu ea egindakoak merezi ote duen»
“Azpitik doaz” du izena. Nor igaro da bertatik?
Izenak berak iradokitzen du edonork erabili dezakela makina. Tripakekoen goidoiko esaldi bat da eta oso modu irekian funtzionatzen du; nor doa azpitik? Nora doaz? Nondik? Zeren azpitik? Zertara? Ez du erantzunik.
Erakusketarako beraiekin aritu naiz lanean, eta hortik sortutako materiala hiru performancetan erakutsiko dute. Lehenengoa inaugurazio egunean eskaini zuten, eta izugarria izan zen. Beste bi saio geratzen dira, maiatzak 3an eta 31n.
Bien bitartean, ikusleak egitura hutsa ikusten du, somatu daiteke zerbait pasa daitekeela, baina niretzat ere eskultura arraroa da, ez nau guztiz asetzen. Ez da ulertzen, hain justu, besteen zerbitzura jartzen den pieza bat delako eta. Horregatik, Tripaken erakustaldian lana aktibatu egiten da. Performancean igo egiten dira eta nire asmoa zen ikusleak ere bai lasai igotzea. Aldakorra da, xaflek ez dute disposizio konkreturik, ukitu daiteke eta bisitariek libreki manipulatzea zen nire asmoa.
Tripak konpainiaren ekarpenak hasierako ideia hori asko aldatu du?
Emaitza asko gustatu zait. Aurretik ez genuen elkarrekin lan egin sekula, baina testuinguru berekoak gara, eta oso gustuko nuen egiten zuten lana, umore askorekin egiten dute lan eta ondo pasatzea bilatzen dute, hori asko interesatzen zait, nik ere uste dut eskultura ere dibertigarria izan daitekeela.
Gainera, modu koreografiatuan aritu gara; nik jarri dudan egitura oso pisutxua da, eta badaude mugimendu batzuk gorputz bakar batek egin ezin ditzakeenak. Beraiek ohituta daude elkarlan aritzera, eta hemen ere gertatu da.
Eszenifikaziorako jantziak ere sortu dituzu. Nolakoak dira?
Bereziak dira, egitura zurrunetik babesteko modukoak; belaunetakoak, eskularruak, taekwondon erabiltzen diren bota batzuk, neoprenozko jantziak, edo motocrosseko txamarra bat, besteak beste. Denetarik dago, kirol teknikoetarako erabiltzen diren jantziak dira, elementu independenteak elkarren ondoan jarrita. Jantziak eman nizkienean ikusi zuten bazegoela zientzia fikziora eramateko moduko materiala, eta nik emandako elementuekin irudikatu zuten nondik itzuli niri proposamena.
Erakusketa honen aurretik dezentetan aritu zara kolektiboan. Eroso sentitzen zara?
Azken urteetan espazio independenteetan aritu naiz asko. 2023an Gironako herritxo batean aritu nintzen bikote batek daraman proiektu batean, eta azaroan Txilen ere espazio antzeko batean aritu naiz. Espazio independenteetan aritzeak esan nahi du alor guztiak zuk bete behar dituzula, zure giza kapitalarekin sortzen duzuna oso berezia izaten da, baina lan gehiago asumitu behar duzu, noski. Hala ere, horrek badu zerbait oso berezia, asko lotzen zaitu proiektura, eta taldean lan egitea gustatzen bazaizu, espazio bikaina da hori. Gero egia da erakusketak zure izena daramala, baina prozesua oso kolektiboa da.
Zein beste proiektu darabilkizu eskuartean?
Aste honetan hasi den Madrilgo ARCO arte garaikidearen azokarako materiala prestatzen aritu naiz azken asteetan. Izan ere, duela urtebete arte galeriekin lanean hasi nintzen, nire sorkuntzak merkaturatu ahal izateko. Hori ere bada lana beste modu batera aurrera ateratzea, diru-sarrera hori beharrezkoa delako guretzat. Ez baduzu salmentarik oso modu prekarioan bizitzea besterik ez zaizu geratzen. Bi galeriekin egiten dut lan, The Rider madrilgo galeriarekin eta Gijongo ATM galeriarekin, eta biek postua jartzen dutenez Ifeman, horretan aritu naiz.
Hortaz gain, apirilean erakusketa bat dut Valladolideko Patio Herreriano espazioan, eta Jota Martina musikarien hurrengo diskorako irudia lantzen ari naiz baita ere. Bestalde, eskultura eskolak ematen ditut EHUko Arte Ederren Fakultatean.
«Tok kolekzionista handia dut, nire estudioa trastez beterik dago»
Bilboko San Frantzisko auzoko zure tailerrean makina bat ordu ematen dituzu sormenean. Nolakoa da metodologia?
Hasi nintzenetik arreta asko jarri diot eskulturaren alorrean modu herrikoiean gertatzen denari, kaleetan eta etxeetan gertatzen direnei. Ez bakarrik museo edo galerietan ikusten dena, baizik eta izan daiteke hilerrietan, erakusleihoetan edo mendi tontorreko figuretan ikusten dudana. Formarekin eta konposizioarekin gertatzen diren sentsibilitate keinuak biltzen ditut argazkietan eta koadernoetan. Hori izaten da abiapuntua, baina gero ideiek ez didate gehiegi irauten. Hasierako bultzada da, gero zerbait egiten hasten zarenean prozesuak gidatzen zaitu pausu batetik bestera.
Material aldetik, esaterako, eskulturan lan egiten hasi nintzenean aurkitutako eta erositako objektuekin lan egiten nuen gehien bat, baina azken urteotan gehiago altzairuarekin eta soldatzen nabil. Hala ere, noan lekura noala interesgarria den zerbait ikusten badut argazkia atera edo erosi egiten dut. Tok kolekzionista handia dut, nire estudioa trastez beterik dago.
Egindako bideari erreparatuta, orain non kokatzen duzu zure burua?
Oraintxe balantza momentu batean sentitzen naiz, nire buruari galdetzen diot zer egin dudan eta zer ez, eta bide bakoitzak emandakoaz eta kendutakoaz hausnartzen dut. Pena eman izan dit, esaterako, Bilbotik kanpo gehiagotan ez bizi izana, baina aldi berean horrek erosotasuna eman dit ekoizteko, eta lan asko egin dut. Energia hemen jarri dudalako izan dut erraztasuna heldutasun profesionalera iristeko; estudio bat hartu nuen, adibidez.
Benetako inbutua nolakoa izan den ikusi dut, 35 urterekin nire lagun askok artista izateari utzi diote, eta hori oso garai kritikoa izan da. Adin batetik aurrera ez dituzu artista gazteak saritzeko baliabideak, eta aldi berean prekarietatean bizitzeaz nazkatzen hasia zara. Gogorra da, eta borroka hori egunerokoa da. Bizimodua aurrera ateratzeko denari baiezkoa ematea tokatzen da askotan, lehenetsi dudalako beti artean lan egitea. Horregatik, lanean jarraitzeko aukerak izaten jarraitzen baditut, ni horrekin zoriontsu. Ea nola heltzen diogun honi.
Orain, esaterako, arte testuingurutik kanpo lan egitea ere interesgarria iruditzen zait; arte zuzendaritzan filmetarako, edota eszenografian, adibidez. Espazioaren eraiketaren kontzeptu zabalagoa lantzea gustatzen zait, eta gainera uste dut datozen garaietarako baliabideak direla horiek guztiak. Honek zerikusia du eskulturaren ikuspegi zabalago bat lantzearekin, modu orokorrean espazioak aldatzearekin. Harreman hori hasi naiz ikasten eta uste dut baduela ibilbidea.
Errekonozimenduak ere jaso dituzu, 2019an Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria, esaterako.
Ekonomikoki eta sinbolikoki asko eman zidan sari hark. Ez nengoen horren zain eta sorpresa handia izan zen, baita arnasgune handia ere. Hori jaso ondoren badirudi ez dudala nire burua justifikatzen egon behar denbora guztian artista naizela esateko. Instituzionalki badago onarpen eta balorazio bat esaten duena ni artista naizela. Kokatu egiten zaitu, ez dut segi behar mundu zail honetan aldiro lekua bilatzen.
Bi urteurren biribil dira orain hizketagaia eskulturgintzan jarri dutenak. Sentitzen duzu bestela itzalean geratzen ari den
diziplina dela zuena?
Euskal Herrian ari gara emakume eskulturgile batzuk momentu honetan lanean, eta nabaritzen dut arreta berezia dagoela horretan. Artean ere tendentziak eta modak daude, eta garai digital hauetan nik uste dut ukitu daitekeen horri edo existitzen den horri orain arreta jartzen diogula. Gehien bat Euskal Herritik kanpo noanean nabaritzen dut badagoela tendentzia moduko bat eskultura azpimarratzeko eta baloratzeko, batez ere emakumeek egindako eskulturetan.
Hala eta guztiz ere, galdera existentzial bera dut segika etengabe; ea hainbeste orduk zertarako balio duten, gero horrek zein inpaktu duen. Arte garaikideak badu zerbait egiturala urruntzen gaituena jendartetik; ez da zinema, literatura, musika edo bestelako lengoaiak bezain interesgarria, eta hor sortzen da galdera, ea zentzua ote duen egiten dugunak.
BI HITZETAN Sorkuntza egun bat hasteko Etxera itzultzean derrigorrezko geldialdia? Aretorik kutunena? |