Erreportajeak

Goiz Eguzki tinko, beste 50 urtez lanean jarraitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aloña Beraza Peña 2022ko abe. 31a, 11:16

Ezkerretik eskuinera: Cecilia Pavon batzordekidea, Joshean Olano presidentea, eta Ana Rodriguez idazkaria.

Urteurren biribila bete du aurten herriko etxe arrosak, mende erdia igaro baita erretiratuek beren egoitza eskuratu zutenetik. Bidea malkartsua izan bada ere, berpiztuta dago egoitza eta ospakizunei segida emateko prest dago elkartea.

Bazirudien itzaltzear zela herriko jubilatuen bilguneko argia, krisketa botatzear egon baitzen Goiz Eguzki 2020ko martxoan. Urtebete lehenago iragarri zuen orduko zuzendaritzak kargua uzteko asmoa, eta une horretan bertan zirt edo zart egin beharrean topatu ziren fundazioko kideak. Zuzendaritza berririk ezean Hernaniko jubilatuen elkartea desegin egingo zen, hala jaso zuen mezua Joshean Olanok, Goiz Eguzkiko egungo presidenteak: «Paco Goyak kargua utzi zuen, eta junta berririk ez bazen sortzen elkartea desagertu egingo zen. Goiz Eguzki ixteko arriskuaren aurrean erantzun bat eman beharrean sentitu ginen batzuk». 

Udaleko eta ongizate sozialeko kide batzuekin batzar bat egin zuten egoeraren gaineko irakurketa egiteko, eta bilera hartatik sortu zen egungo zuzendaritza taldea. «Hutsunea  bete egin behar zela iruditu zitzaidan eta horregatik aurkeztu nuen nire burua, bultzada emateko», kontatu du Ana Rodriguez idazkariak. Batzar horretan bertan hamaika lagunek altxa zuten besoa karguari ekiteko prest. 

Mende erdiaren ospakizunek blaitu dute aurten Atzieta kaleko 16. zenbakia, nahiz eta urte horien guztien errepasoa egiteak memoria ariketa handi samarra eskatzen duen askorentzat. «Nik hamaika urte daramatzat kide bezala, eta bi urte presidente karguan. Sorrerari buruzko daturik ez dugu, badakigu Mere Garcia izan zela lehenengo presidentea, baina hortik aurrera ez dugu informazio gehiago. Ez dago sortze-agiririk, eta geratzen diren testigantzak gero eta gutxiago dira», aitortu du Olanok. Rodriguezi, ordea, badatorkio pasarteren bat edo beste burura: «Duela 50 urte adinekoak elkarren artean biltzeko ez zegoen ezer, eta horren falta sumatuta ekin zioten proiektuari. Nire lagun baten aita izan zen sortzaileetako bat, eta gogoan dut beti esaten zidala lagunak ez sartzeko zuzendaritzan, bere aita lan eta lan aritu zela eta ez zuela besterik egin».

Gauzak horrela, 2020ko martxotik hona egindakoez mintzatu da bikotea. Aurrekoek utzitako legatuari jarraipena ematea izan da zuzendaritza talde berriak hartu duen ardura nagusia, hala ziurtatu du presidenteak, eta segida emate horretan hainbat prozesuren berriro hastea iritsi dela dio. Sorrerako bilera horretan bertan izendatu zuten zein izango zen zuzendaritza talde berria, eta presidenteak emakumea izan behar zuela adostu zuten, baita hala izendatu ere: Mari Jose Lopez de Zubiriak hartu zuen lehenengo aldiz Hernaniko Goiz Eguzkiko presidentetza kargua. «Lopez de Zubiriak kargua uztea erabaki zuenean ni nintzen presidenteorde, eta orduan haren lekua hartzea egokitu zitzaidan», kontatu du Olanok. Rodriguezek aitortu du zalantzak izan zituela hasieran, besteren bat animatzen bazen eta beharrezkoa ez balitz ez zela sartuko esan zuelako, baina oroitu du taldean egoteko eskaria jaso zuela emakumea, euskalduna eta gaztea izateagatik. Beraz, bera ere barrura. 

Zenbaki biribilak hausnarketarako bide eman die kideei, batez ere, egoitzarekiko aurrez zuten iritziaren gainean lanketa bat egiteko. «Nire ama hona etortzen zen zaharren artean jolastera, hori uste nuen nik. Irudipena nuen oso adinekoen bilgune bat zela, ez nuen uste 70 urte azpiko jendea egon zitekeenik», azaldu du idazkariak. Hala ere, ez zen Rodriguez Goiz Eguzkirekiko ikuskera hori ez zuen bakarra; Cecilia Pavon batzordekideak gehitu du berak aitaren garaiarekin oroitzen zuela etxe arrosa: «Duela 20 urte hil zen nire aita, eta oroitzen dut gurasoak hona ekartzen nituela. Jolastera etortzen ziren, eta ez nekien bidaiak ere antolatzen zirenik». Bestalde, lehen errifak erostera eta loteriaren bila pasatzen zen lekuan ematen ditu orain presidenteak egunean lau ordutik gora.

 

«Funtzioa da helduak hona lehenbailen etortzea eta Sandiusterrira ahalik eta beranduen iristea»

 

Kalean, begirada aldaketa

Urtez urte kandela gehiago biltzen dira ginkgoaren bueltan, eta denborak aurrera egin ahala aldatu da baita ere herritarrek jubilatuen egoitzarekiko zuten irudipena; hala sentitzen dute, behintzat, zuzendaritzako kideek. «Orain bazkide asko ditugu 63 urte ingurukoak. Lehen hori pentsaezina zen, eta horrek esan nahi du jubilatuekiko irudia ere aldatzen ari dela. Gero eta jende gazteagoa, aukera orduan eta anitzagoa da, interes ezberdinak ditugu eta guztiak dira ongietorriak», nabarmendu du Pavonek. 

Eraikinak berak badu eragina. Udalaren eta Goiz Eguzkiren arteko hitzarmenak zehazten du, batetik, jubilatuen elkartearen finantzazioaren zati batean Udalak diruz laguntzen duela, eta beste zatia bazkideen urteroko kuotarekin ordaintzen dela. Bestetik, udaletxeak egoitza jubilatuen fundazioari ematen diola dio hitzarmenak. «Etxea oso polita da, eta laguntzen du hemen egoteak gazte jendearekin harremana izateko. Beste leku batean egongo balitz, ez litzateke berdina izango», dio Pavonek. Baina partekatze horrek eraikinaren erabilera baldintzatzen duela gehitu du: «Areto bakarra dugu denontzat, eta talka egiten dute ekimenek. Gainera, goiko solairuan ez dago igogailurik; beraz, ez dago guztion beharretara egokituta».

Hala eta guztiz ere, egunero dago mugimendua Goiz Eguzki etxean. 1.400 bazkidetik gora ditu une honetan jubilatuen elkarteak, 59 urteko bazkideetatik hasita 106 urtera bitartekoak. Batasunerako toki bat eraikitzea da zuzendaritza taldearen asmoa, hots, herriko erretiratu guztiei lekua egitea. «Jendea hurbiltzea nahi dugu. Funtzioa da helduak hona lehenbailehen etortzea, eta Sandiusterrira, eguneko zentrora, ahalik eta beranduen joatea», nabarmendu du Olanok. Ekintza zerrenda luzea eskuan hartuta, presidenteak azkar batean egin du irakurketa: «Denetarik eskaintzen dugu, informatika saioak, irakurketa, paseoak, irteerak, hartubol, martxa nordikoa, zinema, abesbatza, podologo zerbitzua, ile-apaindegia eta fisioterapia». Mugimendu gehien non sumatzen duten galdetuta, aldiz, ekintza bakoitzean arrakasta izugarria dela dio. Hala ere, bingoa nabarmendu dute hiruek; astelehenetik igandera dago Goiz Eguzkin jolasean aritzeko aukera, eta denera 500 bat erabiltzaile igarotzen dira kartoien artetik. 

 

«Erabiltzaile bat etorri zitzaigun esanez zenbakiak menperatzen ikasi zuela eta bingoan jolasteko gai zela. 
Oso pozgarria izan zen guretzat»

 

Herritar askorentzat bakardadeari aurre egiteko terapia da beste erretiratu batzuekin biltzea, eta erabiltzaile adina adibide mahaigaineratu dituzte azkar batean. Bereziki gogoan dute bingoarekin lotutako pasarte bat: erabiltzaile batek ez zekien zenbakiak irakurtzen; hortaz, ezin zuen bingoan aritu. Pandemia iritsi zenean kartoi bereziak prestatu zizkioten berak ulertzeko moduan, eta itxialdian bingoan jolasten ikasi zuen. Deseskalatzea iritsi ondoren, gainerakoekin jolasean hasi zen, eta egun batean berak gainerakoek bezalako kartoia nahi zuela esan zuen. «Hantxe nahastu zizkigun bere kartoiak besteekin batera, eta ordutik betiko kartoiekin jolasten du. Zenbakiak irakurtzen ikasi du, eta bingoan jolasten ere bai. Izugarri poztu gintuen zenbakiak menperatzen zituela entzun genionean», kontatu du Olanok. Abilezia kontua ere omen da, bosna kartoirekin jolasten dute batzuek egunean bi ordu t’erdiko partidetan, eta kosta egiten da leku libre bat topatzen. «Txangoekin eta hartubolekin ariketa fisikoa egiten dugu, baina bingoarekin garuna izugarri lantzen dute askok», gehitu du Pavonek. 

Jarduera batzuek urte luzea daramate martxan, eta beste udalerri batzuetan ere errepikatzen dira, baina beste batzuk esklusibitatetik sortuak dira. Hain justu, urte berriari ongietorria ematearekin batera, proposamen berri batzuk ere badituzte mahaigainean; hitzaldi gehiago antolatuko dituzte, eta euskal dantza saioak eskainiko dituzte Hernaniko San Joan Konpartsarekin elkarlanean.

Ekimen guztiak dira erabiltzaileen iradokizunetatik abiatutakoak; ideia sorta ederra bai, baina horiek gauzatu ahal izateko lan egitea beharrezkoa dela azaldu du presidenteak: «Beso zabalik gaude edozein proposamen jasotzeko, baita zuzendaritza taldera norbaitek lan egitera etorri nahi badu ere. Parte hartu nahi duten bazkideak ditugu, borondatea badago, baina gehiago egon behar du». Egoitzatik igarotzen diren guztien esker ona agerikoa dela gaineratu du, nahiz eta eskakizun maila altua izan gehienek.

Esaten da askotan erretiratuek denbora libre dezente izaten dutela; Olanori, Rodriguezi eta Pavoni, ordea, azkar asko betetzen zaie egunero agenda. Zuzendaritza batzordea hilabetean behin batzartzen da, baina uneoro daude harremanetan WhatsAppeko taldearen bitartez, erabaki guztiak elkarrekin hartzen dituztelako. «Pandemia ondorengo honetan indartsu gaude, erabiltzaile asko daude egunero hemen, eta gu ere arratsaldero gatoz hona lanera. Bulegoko lana egitea egokitzen zaigu guri, baina batzuetan bulego honetan psikologo lan gehiago egiten da administrariarena baino. Gure artean laguntzea da gakoa», dio presidenteak. 

Egoitza Atzieta kaleko 16. zenbakian egotea onuragarria da erdigunean
dagoelako, baina eraikinak egokitzapenak behar dituela diote jubilatuek.

 

Zaharrenak izan bitartean eragile

Egoitza herriaren erdigunean, eta taberna bete gazte egunero terraza atarian. «Tabernara begiratu besterik ez dago ikusteko gaztez inguratuta gaudela, taberna guretzat oso amu ona da. Herriak ikusten du badagoela mugimendua etxe honetan, batera eta bestera mugitzen garela, eta horri esker gazteek ekartzen dituzte inguruko helduak Goiz Eguzkira», dio Pavonek.

Gazteek euren denbora libreaz gozatzeko espazio dezente dituzte herrian, eta helduenek ere badute berea, hori da funtsean Goiz Eguzkik herriari eskaintzen diona. «Esparru berezi bat da gurea, helduak gure adineko jendearekin egoteko lekua eta esperientzia berriak bizitzekoa», azaldu du Rodriguezek. Entzundakoarekin erabat ados batzordekidea, eta dagoeneko elkartea errutinan sartu dutenekin gogoratu da: «Jende askok egiten du arratsaldero etxetik Goiz Eguzkirako bidea. Arnasgunea da askorentzat hona etortzea, etxetik elkartera eta hemendik etxera, eta hurrengo egunean berdin». 

Erretiro aktiboaren terminoa azaldu da lehenengo aldiz, Pavonek hainbat aldiz azpimarratu nahi izan duena: «Eskaintza oso zabala dugu, eta horrek laguntzen du jendea mugiarazten. Lehen bazirudien erretiratuok soilik kaleak berritzeko lanak ikuskatzera joaten ginela, obrak ikustera, eta ez genuela besterik egiten». Jubilatuak bai, baina egunerokotasunean bizitza oso aktiboa duten herritarrak; hala definitzen dute euren burua: «Orain eragile parte-hartzaile bat gara, herriko parte gara, baita Goiz Eguzkira etortzen ez diren horiek ere».

Elkarteko kide egiteko eskakizunak argiak dira: erretiroa hartua egon behar du herritar horrek, Hernanin erroldatua egotea eskatzen da, eta urteko kuota ordaintzea. Hortik aurrera, berdin dio adinak eta berdin dio zertan parte hartuko duen bakoitzak, Goiz Eguzkiko ateak parez pare zabalik ditu edonork. Hain justu, beste herri batzuetako jubilatu taldeei harrera egiteko prest daude Hernanin. «Azkenekoz Goiz Eguzkira bisitan etorri zirenak Zarauzko jubilatuak izan ziren, eta oso gustura egon ginen», aitortu du presidenteak. «Ideiak elkarbanatzeko» eta elkar entzuteko garaia dela dio, jubilatuak «antolatzeko» ordua dela, eta horretan dabiltzala. AGIJUPENS Erretiratu eta Pentsiodunen Gizarte Zentroko kide eta FEDERPENS euskadiko federazioko parte diren aldetik, batean eta bestean zertan ari diren aztertzen dute. Hala, errepikatu ditzaketen ideia berrien bila doaz batzar bakoitzera, eta Hernanin ongi doazen ekimenen berri ematen diete gainerakoei. «Gipuzkoan Buruntzaldeko eskualdeko kide gara gu, Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta eta Astigarragarekin batera. Noizean behin biltzen gara Buruntzaldeko errealitatearen irakurketa egiteko, eta horrekin batzar orokorretara joaten gara», dio presidenteak. Batze hauen helburua elkarlana dela azpimarratu du: «Irteera baterako autobusean hamar eserleku geratzen badira libre, asmoa da Astigarragakoei luzatzea proposamena eta elkarrekin autobusa bete ahal izatea, adibidez». 

 

Jubilazioa eta jubileua

Zer aldatu den azken 50 urteotan? Urrunera begira jartzea eta memoria ariketarekin segitzea eskatzen du horrek. Egoitza bera aldatu da, herria ere bai, herritarrak ere bai, eta jubilatuak ere ez dira duela 20 urtekoak ziren modukoak. Pentsiodunen mugimenduak sona handia hartu du azken urteetan, eta zalaparta horrek guztiak komunitatean eragina izan duela dio batzordekideak. «Begi-bistakoa da onura eta nabaria da leku guztietan deialdi horien pisua, jende pila bat ari da mugitzen jubilatuon alde. Ez gara duela pare bat hamarkada ziren jubilatu berak, aurrera egin dugu guk ere», dio. 

Ikasketa-prozesu bat ari da izaten kideentzat eurentzat ere, lan zeregin berriak dituzte karguan izena eman zutenetik, baina haratago doa esperientzia; aurretik bizi izan ez dituzten egoera askoren lekuko ari dira izaten. Motxilara gehitutako ikasitakoen zerrenda ez dela laburra kontatu du Rodriguezek, bere kasua abiapuntutzat hartuta: «Pertsonalki ikasi dut jende helduarengana hurbiltzen. Kosta egiten zitzaidan hasieran, ez nekien nola zuzendu ni baino nabarmen helduagoak direnengana, eta hori ikasi dut hemen». Pavonek, ordea, bere ogibidearekin antzekotasunak topatzen dizkio tratuari: «Ana eta biok irakasleak izan gara, eta beti izan dugu harremana pertsonekin; haurrekin gehienbat, baina baita gurasoekin ere. Ohituta nengoen tratura, eta nire kasuan hori ez da asko aldatu». 

50 urte eta beste

Urriaren 12a egun seinalatua zuten egoitzan, eta bazuten zer ospatua. Ea beste 50 urterako emango ote duen Goiz Eguzkik, galdera horri erantzun argia eman diote zuzendaritzako hiru kideek. «Oso egun ederra igaro genuen, jendea gustura geratu zen egunean bertan, eta guri horrek balio digu», aitortu du presidenteak. Aste osoan izan zituzten ospakizun ekitaldiak, baina urteurrenaren egunean bazkaria antolatu zuten, eta hirurehundik gora mahaikide bildu ziren kandelak itzaltzeko desiatzen.

Urteurren batetik bestera mahaiaren bueltan ez da jende bera elkartzen, adinak baldintzatuta, baina inskripzio datuek baieztatzen dute urtero bazkide kopurua nabarmen hazi dela. Hori oinarri hartuta, Goiz Eguzkik beste hainbeste urtetan tinko eusteko osasuna baduela dio Olanok: «Jendea hurbiltzen bada honek segituko du. Hazten jarraitu behar du, eta egia da horretarako erakundeen aldetik laguntza gehiago behar dugula». Erreleboa hartzea, eta aurrekoek egindakotik jatea da Rodriguezen hitzetan egin behar dena: «Niri dagoeneko hurbildu zait herritar bat esanez jubilatzen denean zuzendaritzan sartuko dela. Animoa badago, eta batzuen artean gogoa ere bai». Pavonek, ordea, urte hauetako lanak eragindako eboluzioa jarri du balioan: «Kostatu zaigu jendea hurbiltzea, baina lortu dugu eta fidelak dira».

Urtemugarik ez da kandelak itzali eta desirarik eskatu gabe; ez behintzat urteurren biribila duen ospakizunik, mantra hori errepikatuko ez duenik. «Jendea hurbildu dadila hona, funtzionatzen duela ikustea garrantzitsua da, eta gaur egun bidea egiten jarraitzen badugu hori bazkideei esker da», nabarmendu du Olanok. Abesbatzaren adibidea hartu du hizpide; bazkideak abestera animatzen direnez, abesbatzak martxan jarraitzen duela: «Abestera etorri nahi duena hurbildu dadila, guk horri etekina aterako diogu. Meritua eurena da kantatzera etorri nahi izateagatik. Funtzionatzen badu ongi goaz; bestela, gu ere soberan gaude hemen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!