Koranaren jarraitzaileek argi seinaleztaturik dute islamiar egutegiaren bederatzigarren hilabetea, orduan hasten baita liburu sakratuaren laugarren agindua; Ramadana. Arabieraz ṣawm izenez ezaguna da, eta ilargiaren hilabetearen antzera izendatzen dute. Urtero-urtero islamiar erlijioaren jarraitzaileek ospatzen duten ohitura da, ilgora hasten denetik, hurrengo ilgora iritsi arte. Urtearen arabera, beraz, Ramadanaren data aldakorra da, eta aurten maiatzaren 12an amaituko dute musulmanek, apirilaren 13an hasitako agindua.
Koranaren erlijioak, denera, bost pilare nagusi ditu oinarri: Ala jainkoarengan fedea izatea eta aitortzea Mahoma dela jainkoaren mandataria, Mekara begira egunean bost aldiz otoitz egitea, behar handiena duenari limosna ematea, Ramadana egitea, eta bizitzan behin, gutxienez, erlijio islamiarraren meskita sakratua den Mekara joatea.
Ilargiaren hilabetea heltzeko irrikitan egon ohi dira islamiar fededun guztiak. Fatima Nciri Atawafok elkarte multikulturaleko presidentea da, eta gogoan du etxean txikitatik besoak zabalik hartu dutela beti urte guztian desiratutako hilabetea. Ilusio handiarekin bizi dutela adierazi du, eta kristauen Aste Santuarekin alderatu du Ramadana: «Gogoan dut aitak prestatzen zuela beti janaria. Gustoko zuen etxean jende askorentzat jatekoa prestatzea, eta Ramadan garaiko afariak bereziak ziren harentzat».
Jaigiroa etxean, hilabetez
Ramadan garaiaren bereizgarrietako bat da baraualdia egin behar izatea. Koranak dio ilargiaren hilabeteak iraun bitartean ezin dela jakirik dastatu eguzkia ezkutatu arte; hortaz, iluntzera arteko baraualdia egiten dute. Eguzkia desagertzen denerako, janariz betetako bi mahai prestatzen dituzte; gosariarena lehenengo, eta afariarena ondoren. Hafida Charmoken etxean, esaterako, arratsaldeko laurak aldera hasten dira otordua prestatzen: «Janari asko prestatzen da beti. Gosarirako barazki zopa prestatzen dugu etxean, eta baita Marokoko gozo tipikoak ere, besteak beste, arrautzak, datilak eta ogi tradizionalak». Hori izaten da lehenengo mahaiko janaria; elikagai gozoak eta energiadunak, hurrengo egunerako indarrak hartzeko.
Gaueko bederatziak aldera eteten dute eguneko baraualdia, eta lehenengo, ura edan eta datilak jaten dituzte. Gosariarekin amaitzen dutenean mahaia jaso eta otoitz egiten dute, bigarren mahaia prestatu bitartean: kuskusa, oilaskoa, haragia, jaki gisatuak eta bestelako kazolak ere prestatzen dituzte afarirako. Nciriren arabera, disziplina soziala da baraualdiaren funtzioa: «Hilabete batez bestearen tokian jartzea da, parekoak gosea duenean zer sentitzen duen jakitea».
Dena den, Korana ez dela batere zurruna eta baraualdia egiteko salbuespenak daudela ziurtatu du elkarteko presidenteak. Izan ere, kasu askotan, baraualdirik ez egiteko eskatzen du liburu sakratuak: haurdunaldian, hilerokoan, haurren ala adineko pertsonen kasuan; eta Ramadanean bidaian dagoenak edota gaixotasunik duenak ere ez du egin behar. «Koranak espresuki dio arriskurik ez hartzeko. Nik diabetesa dut, Ramadana egiten dut, baina baraualdia ezin dut gainerakoen antzera egin», argudiatu du.
Hilabeteko jaialdia da Ncirirentzat, herritarrak aldarte onean egoten direlako eta harreman sozialak sustatzen direlako. Charmokek ere hala dio, eta bereziki Ramadaneko 26garren eguneko festa handia du gustuko. Gau horretan irekitzen da ilargia, eta berebiziko garrantzia du egun horrek. Bereziki haurrei bideratutako festa izan ohi da, Ramadanaren ohitura txikitatik ezagutu eta jarrai dezaten. «Neskatilei ezkontzako soinekoak janzten dizkiegu, gena egiten diegu eskuetan, eta atondu egiten ditugu. Mutilek, ordea, arropa dotoreak janzten dituzte egun horretan», azaldu du Charmokek. Arropa guztiak tradizionalak izan behar dira, babutxa izeneko oinetako arabiarrak eta txilaba arabiarrak janzten dituzte, besteak beste. Gainera, fede handiko herritarrek gau hori osorik otoitz egiten ematen dute.
Baraualdia baino gehiago
Ramadanaren garaiko xehetasunik ezagunena hilabete osoko baraualdia den arren, otoitzaren, hausnarketaren eta auzolanaren hilabetea ere badela azpimarratu du Charmokek. Bide horretatik, Abdelbasit El Bakalik, Hernaniko Islamiar Kultur Zentroko presidenteak, «etenaldi pertsonalaren» hilabetea dela azaldu du: «Norberaren arimarekin bat egiteko unea da, jainkoarengandik gertuago sentitzeko hilabetea».
Ramadana hilabeteko eskola moduan ulertu behar dela dio, besteak beste, goseari eustean pazientzia lantzeko, goseturik sentitzean beste batek urtean zehar sentitzen duena bizitzeko, harreman sozialak sustatzeko, eta bizilagunekiko errespetua sendotzeko. Hitz itsusirik ere ezin da esan hilabete sakratuan. «Baraualdia soilik egiteak ez du balio, gosea bakarrik sentituko duzu eta ez diozu inori lagunduko. Zertarako balio du horrek?», dio presidenteak. Funtsean, gizatasunaren balioak lantzen diren hilabeteko ikasketa-prozesua da, El Bakaliren aburuz. Gauzak horrela, formakuntzaren kontzeptu horrekin lotzen du Ramadan bukaeran egiten den Eid al-Fitr festa: «Azkeneko egunean ospatzen dugu ikasitako guztia, hortik aurrera gaizki egindakoak ez ditugula errepikatuko ikasi baitugu».
«Jainkoak bedeinka zaitzala eta bakea eman diezazula» ere badio islamak; horregatik, egutegiaren bederatzigarren hilabeteak gainerakoak baino bakezaleagoa behar du izan. Atawafok elkarte multikulturaleko presidenteak kontatu du, edozein gertakariri amaiera emateko garaia dela Ramadana: «Haserre daudenek bakeak egin behar dituzte, barkamen eske joan behar duzu bestearengana. Urte osoko tira-birak amaitzen dira, berekoikeria guztiak desagertzen dira eta horrek asko laguntzen du». Ramadan garaia iritsi aurretik konpondu behar dira gaizki-ulertu edo gatazka guztiak, eta barkamenaren ostean hasten da «bizitza berria», gorrotoa alde batera utzi ostean.
Bi Ramadan ezohiko
Erlijio gehienek dute elkartasuna ardatz, eta islamaren kasua ere halakoa da. Urte osoan zehar behartsuenei laguntza eskaintzea da musulmanen egitekoa, Koranaren arabera. Ramadan garaian, aldiz, elkartasun horrek adiera berezia hartzen du, eta betebehar zehatzetan oinarritzen da. Liburu sakratuak hala aginduta, derrigorrez gonbidatu behar da norbait etxera afaltzera Ramadanean. Charmokek urtero Donostiako Herrera auzoan bizi diren bi ezagun gonbidatzen ditu; familia osoarekin bilduta, elkarrekin afaldu, otoitz egin eta gero bakoitza bere etxera joaten dela kontatu du. Koronabirusaren eritasunak tradizio hori ere aldatu duela gaineratu du, bi urtez ezin izan dituelako lagun horiek etxera gonbidatu: «Iaz itxialdian geunden, eta aurten itxialdi-perimetrala eta etxeratze-agindua direla medio, ezin ditut afaltzera gonbidatu».
Nciriren afal-ohiturak ere aldatu dira pandemiaz geroztik. Euskal Herrian ez du senitartekorik, eta aspaldidanik etxerik gabeko hamabost nerabe hernaniar gonbidatzen ditu afaltzera. Itxialdi garaian Ramadana bakardadean igarotzea oso gogorra egin zitzaiola aitortu du, eta bakardade sentimendua izugarria zela. Hala eta guztiz ere, gonbidatu bakoitzarentzat janaria prestatzen eman zituen egunak, eta gazteak jatekoaren bila joaten ziren etxe azpira: «Nik sentitzen dudan hutsune hori kaleko jendeari laguntzen betetzen dut. Etorkin orok daki egoera gogorra izango dela zurea sentitzen ez duzun beste herrialde batera bakarrik joaten zarenean, baina Koronabirusak egoera nabarmen zaildu du». Ncirik azaldu du aurtengo hilabete sakratua «horren hotza» ez bada ere, ezin dituela gazteak etxera gonbidatu; beraz, otarrak prestatzen jarraitzen duela.
Hernaniko Arrisala elkarteak meskita du Zikuñaga auzoan, eta Islamiar Kultur Zentroak Atawafok elkartearekin elkarlanean prestatzen ditu otorduak urte osoan zehar, kale gorrian bizi den jendeak izan dezan jatekoa. El Bakali presidenteak azaldu du egitasmo hori Ramadan garaian indartsuagoa dela, eta hamaika familiak eskaintzen dutela beren burua sukaldatzeko. Ramadaneko egun bakoitzean, hortaz, familia bat arduratzen da janariaz. Koronabirusaren aurretik, arratsaldeko otoitzaren ondoren denek elkarrekin egiten zuten otordua meskitan, baina egungo egoerak baldintzatuta, ordea, otarrak prestatzen dituzte behartsuenek meskitatik behar dutena har dezaten.
Horrez gain, Ramadana amaitzen denean familiako senitarteko bakoitza bost euroko limosna ematera derrigortuta dago, eta norberak erabaki dezake zakat hori nori eman. Ncirik dagoeneko hartua du erabakia: «Janaria prestatzen diedan gazteei emango diet telefonoko txartelerako eta autobuseko txartelerako erabili dezaten». Charmok, ordea, meskitari emango dio bere etxeko ekarpena, horrela, meskitan jasotzen den diru guztiarekin familia oso bati lagundu ahal izateko. El Bakalik azaldu du meskitak zerrenda bat duela prestatua, eta zerrenda horretan lehenengo postuan daudela erroldarik ez dutenak. Pertsona horiek dira meskitaren zakata jasotzen duten lehenengoak, erroldarik gabe ez dutelako jantoki sozialera joateko aukerarik.
Otoitza eta formakuntza meskitan
Ramadan garaian ez ezik, urte osoan zehar ere egunean bost aldiz egin behar da otoitz Mekara begira; goizean, eguerdian, arratsaldeko lehen orduan, iluntzeko maghribean eta afalosteko ishan. Otoitz horiek egiteko Hernaniko, Astigarragako, Lasarteko, Urnietako eta Andoaingo musulman askok jotzen dute Zikuñagako meskitara, imanak gidatutako otoitza jarraitu ahal izateko.
Dena den, epidemiak ohitura islamiarrak gauzatzeko moduak astindu ditu. Iazko itxialdian meskita itxi egin behar izan zuten. Aurten, ordea, etxeratze-agindura arte zabalik dago edukieraren %35ean, eta segurtasun-berme guztiekin otoitz egin daitekeela azaldu du presidenteak. Hala eta guztiz ere, jende gutxiago elkartzen da otoitz egiteko; itxialdi perimetralagatik inguruko herrietakoek ezin dutelako meskitara joan, eta beste askok etxean otoitz egitea erabaki dutelako, kutsatzeko beldurragatik. Gainera, arrazoitu du Euskal Herriko etxeratze-aginduak azken otoitza egitea eragozten diela. Horren aurrean, Euskal Herriko meskita guztien izenean idatzi bat aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzan, etxeratze-agindua 23:00etara atzeratzeko eskatuz, baina eskaera ez zen onartu.
Otoitz egiteko leku sakratua izateaz gain, Hernaniko meskita komunitate musulmanaren batzartzeko, ikasteko eta ospakizunak egiteko lekua da. «Meskita ez da jendeak buruan duena soilik, larunbatero eta igandero biltzen gara formakuntzak emateko hezitzaile profesionalekin, eta meskitako atea zabalik dago sartu nahi duen edonorentzat», esan du El Bakalik. Herritar asko hurbiltzen dira islamiar erlijioari buruzko jakinmina asetzera, eta presidenteak gogorarazi du erlijioan sinisten ez duenak ere baduela meskita barrura sartu eta galdetzeko aukera. Era askotako ikastaroak antolatzen dituzte; Koranari eta erlijioari buruzkoak, zein ohitura arabiarren gainekoak, esaterako. Gainera, konfinamendu garaian ikastaro horiek mantentzeko aukera izan zuten, eta plataforma birtualen bitartez eskaini zituzten, norberak etxetik jarraitzeko aukera izan zezan.
Lurraldetasunaren arteko aldeak
Charmok marokiarra da, baina 14 urte daramatza Euskal Herrian. El Bakalik ere, Euskal Herritik egiten duen 13garren Ramadana du aurtengoa. Tradizioa herrialde batean edo bestean egitearen arteko aldeaz aritu dira biak, eta iritzi bera partekatu dute: etxetik kanpora oso ezberdina da, baina etxe barruan erlijioa, ohitura eta kultura Marokon egingo luketen bezala jarraitzen dute. «Kaleko giroa bestelakoa da, Marokon gizarte osoa dago zuk egiten duzun berdina egiten», azaldu du El Bakalik.
Ncirik aitortu du sorterria utzi bezain pronto garbi zuela testuinguru berrira egokitu behar izango zuela, nahiz eta etxeko tradizioei jarraitu: «Marokon gaua iristen denean hasten da bizitza, meskita asko daude, musika kontzertuak egoten dira eta badakizu hona iristean halakorik ez dagoela. Buruan sartzen duzu eta ohitzen zara egunez kalera irtetean jendea jaten ikustera, baita usainetara ere».