Erreportajeak

«Bizitza bera defendatzeagatik, haien bizitza jokoan jartzen dute»

Haizea Solagurenbeaskoa Alkorta

'Bizitza jokoan 2' kanpainak giza eskubideen eta krisi klimatikoaren arteko erlazioa du oinarri. Zehazki, fokoa bi gai horien arteko paradoxan jartzen du. Izan ere, gobernu zein enpresa askok berdez jantzi eta egoera klimatikoa kritikoa dela aitortzen duten bitartean, lurraren defentsan haien gorputza lehen lerroan jartzen dituztenak toki askotan kriminalizatu eta erailtzen dituzte.

 

Hernani Munduari Begira ziklo­aren baitan, urriaren 13tik 30ra 'Bizitza jokoan 2: Lurra, bizitzak eta eskubideak jokoan daude' izenburua duen erakusketa izango da ikusgai Kulturarteko Plaza Feministan. Mugarik Gabeko kideek, beste zenbait elkarte eta kolektiborekin batera garatu dute erakusketa. Bertako kide Xabier Martinezek azaldu du kanpainak bi mezu nagusi dituela.

Alde batetik, krisi klimatikoaren gaineko erantzunkizuna nork duen azpimarratzea. Batzuetan egoeraren gaineko ardura pertsona guztien gain eta neurri berean jartzen bada ere, denek ez dutela berdin kutsatzen dio Martinezek. Are gehiago, biztanleriaren %1ak %50 pobreenak baino gehiago kutsatzen duela jakina bada, eta baita, horiek nortzuk diren ere, ondorengo galdera mahai gaineratzen du: «Zeinek du erantzunkizun gehien eta nork hartu beharko lituzke lehenik eta behin neurriak?». Hala, kanpainaren bidez gobernu eta enpresa askoren hipokresia agerian utzi nahi dutela azaldu du Mugarik Gabeko kideak.

Bestetik, berriz, natura babestu zein defendatzeko eskubidea aldarrikatzea da. Izan ere, egun, lurrak, basoak eta ibaiak defendatzen lehen lerroan dauden pertsona eta komunitateen erresistentziak azpimarratu nahi dituzte. Are gehiago, maiz, jatorrizko herriak izaten direla eta, gainera, bizitza bera defendatzeagatik, haien bizitza jokoan jartzen dutela. Datuek errealitatea berresten dutela azaldu du Martinezek: 2024 urtean, esaterako, lurra defendatzeagatik 324 pertsona erail zituzten munduan. Horietatik, %80a latinoamerikarrak.

Bi mezu horiek lantzeko hiru kasu erreal aukeratu dituzte: Guatemalakoa, Mexikokoa eta Hondurasekoa. Hiruretan, naturan inpaktu handia duten proiektuak daude martxan, horien aurkako borroka aktiboa, eta baita borrokan ari diren horien aurkako eskubide urraketa sistematikoa ere.

Lehena Guatemalako kasua da. Bertan «kontsulta aske eta informatua izateko eskubidea urratua izan dela» salatu nahi dute Mugarik Gabeko kideek. Eta horren arrazoia: El Estor komunitatean dagoen nikel-meategia. Martinezek azaldu du bertako herriari ez zaiola legeak ezartzen duen moduan sekula galdetu mehategiaren gainean. Are gehiago, «legez egin beharra» zegoela azpimarratu badu ere, egun, hamarkadak pasata ere, oraindik ez zaiela behar bezalako kontsultarik egin. Gainera, enpresa jabearen gainean ustelkeria kasuak argitaratu direla eta hor hainbat herrialde inplikatuta daudela gehitu du: «Errusia, Estatu Batuak… inkluso FBIko zuzendaria, mehategi horren zuzendaria ere bada».

Hondurasekoa da bigarren kasua. Erakusketan Honduras munduko lekurik arriskutsuenetakoa dela azaltzen da, besteak beste lurraren eta naturaren eskubideak defendatzen dituzten pertsonentzat. 2016ko martxoan Berta Cáceres erail zutenetik, 2023ra arte, 27 defendatzaile erail zituzten Hondurasen. 2009ko estatu-kolpearen ondoren lehen gobernuak ibaien, presen, meategien eta hidrokarburoen ustiapen masiboak bultzatu zituzten legeak onartu zituen. Beraz, eredu estraktibista indartu egin zen, eta ondorio larriak ekarri zituen. Horien artean kokatzen da Guapinoleko burdin-oxidozko meategia. Horrek ibaia kutsatu zuen eta ondoriozko herritarren protesta aktibatu. Geroztik erailketa bat baino gehiago izan dira. Dalila Arguetari esker kasua ondo ezagutzen duela azpimarratu du Mugarik Gabe taldeko kideak. Izan ere, Argueta bertako bizilaguna da, baina ihes egin behar izan zuen enpresa horren aurka egindako protesta batzuen ostean, bere bizitza arriskuan ikusi zuenean. Hain zuzen ere, urriaren 1ean 'Hernani Munduari Begira' jardunaldietan izan zen bere bizipenak eta Guapinol komunitatearen erresistentzia bertatik bertara azaltzeko.

Hirugarren eta azken kasua Mexikon kokatzen da, Tarahumara mendilerroan. Martinezek kasua «oso ezberdina» dela aurreratu du. Bertan eskatzen dutena, besteetan ez bezala, ejertzitoa eta estatuaren presentzia da, duten utzikeriaren aurrean. Ulertzeko garrantzizkoa da jakitea erabat utzitako lurraldeak direla eta bertan jaun eta jabe direla bertako kazikeak, narkotrafikanteak eta krimen antolatua. Orduan, deforestazio bortitza egiten ari dira, baita meatzaritza ere, eta bertan dauden komunitateak haien lurretatik desplazatuak izan dira, erailketa ugari egoteaz gain.

Borrokak sozializatzeaz bat, garrantzizkoa da antolatzaileentzat azaleratzea gatazkak ez direla urrutikoak, eta harremana dutela hemengo egunerokoarekin. Horregatik, besteak beste, Europako enpresekin dituzten harremanak azaltzen dira erakusketan. Esaterako, Guatemalako El Estor meategiak Errusia zein Suitzako kapitala du, eta bertako nikela Europara esportatu izan da nagusiki. Besteak beste, Ikeako produktuetan ere aurkitu zitekeen. «Hor ikusten da zein ardura dugun Europan, eta zein ardura duten ere instituzio europarrek giza eskubideak urratzen dituzten enpresa eta mega proiektuei mugak ezartzeko», gogoetatu du Martinezek; eta gehitu du «zein ardura dugun guk, kontsumitzaile bezala, ez erosteko odolez zikinduta dauden produktuak». Horregatik, Martinezen aburuz, kontsumitzen duguna geroz eta gutxiago izan eta gertuago ekoiztu, orduan eta gehiago laguntzen dugu inpaktu negatiboa murrizten munduko beste toki batzuetan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!