Etxeko goxotasunean estreinatuko dute Muxin eta Zapotxin pailazoek beren abentura berria: 'Baserritarrak' emanaldia. Hernanin eskainiko dute gaur aurrenekoz, bi saiotan, Biteri kultur etxean: eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 16:30etan. Eta Zumaian ariko dira bihar, ordutegi berberetan beste bi saio emanez, Aita Mari aretoan.
Asko ikasi eta makina bat abentura biziko dituzte amona Mirentxuren baserrian, eta horiek guztiak haurrekin eta familiekin konpartitzeko gogoz daude.
Zapotxin, hementxe zaude gurekin berriro. Hernaniarrak ikusteko gogoz?
Zapotxin: Urte osoan zehar ibiltzen gara Hernanin, baina herriko haurrekin eta familiekin elkartzea beti da poz haundia. Etxean bezala sentitzen gara benetan. Sekulako gogoa daukagu, oso jatorrak direlako denak eta oso ondo pasatzen dugulako. Elkarrekin mundua aldatzeko prest aritzen gara beti, eta saioetan ere berdin arituko gara, lagun pila bat elkartuta, Biteri bi aldiz beteko dugulako. ‘Sold out’, Berri Txarrak bezala.
Zu oraintsu ezagutu zaitugu, Muxin. Nolakoa zara?
Muxin: Oso garbosa naiz, baserrian fundamentua jarriko duena. Egia da, askotan pentsatzen dudala dena dakidala… baina gero konturatzen naiz gauza asko dauzkadala ikasteko. Dibertigarria naizela uste dut, zirikatzaile amorratua ere bai.
Nola moldatzen zarete elkarrekin?
Zapotxin: Anai-arrebak bezala gara. Gure artean zaunkaka eta elkar zirikatzen aritzen gara, baina beste norbait gutako batekin sartzen den bakoitzean, prest gaude elkar zaintzeko eta elkar babesteko. Halaxe dio gure abestiak ere: Barre ala zaunka, baina elkarrekin, Muxin eta Zapotxin.
Muxin: Barre asko egiten dugu elkarrekin, baina gure eztabaidak eta liskarrak ere badauzkagu. Zapotxin oso baldarra eta despistatua da, eta askotan haserretu egiten naiz berarekin. Ez dauka nire fundamentua, eta errita egin behar izaten diot.
Zapotxin: Askojakineko markesa da Muxin. Dena daki berak, denerako da beti lehenengoa, eta askotan hitz egiten ere ez dit uzten… Baina tarteka, hitz egiten uzten didanean, nik ere badakit asmatzen.
Muxin: Bai bai, saiatzen zara, Zapotxin.
Zapotxin: Oso azkarra da Muxin, plan guztiak berak pentsatzen ditu…
Muxin: Eta planak ondo ateratzen dira beti!
Baina lagun berriarekin pozik izango zara, Zapotxin...
Zapotxin: Egia esan bai, poz-pozik nago. Mari Panplonarekin ibili naiz orain arte, baina Murumendira bidali genuen, Marirekin eta amona Graxianarekin batera; eta Muxin etorri zaigu orain. Eta lagun batekin, dena da hobea. Babestuago sentitzen gara, oso polita da bidelagun bat izatea, eta oso gustura nago Muxinekin! Gelditzeko etorri da, gainera!
Baserriko lanetan arituko zarete orain, baina… kaletarrak edo baserritarrak zarete zuek?
Zapotxin: Gu nahiko hirikumeak gara. Amona Mirentxu daukagu baserrian, eta eskerrak berak laguntzen digun. Nik uste nuen tomateak eta arrautzak supermerkatuko apaletan hazten zirela, baina ikasi dut ezetz, horren atzean lan asko dagoela baserrian.
Muxin: Lan haundia egin behar da baserrian horretarako, eta asko sakrifikatu. Oso gutxi eskertutako lana da, gainera.
Zapotxin: Oso egoera injustuak izaten dituzte, enpresariekin. Gure baserrira etorriko da Eugenio jauna, enpresaria eta diruzalea. Txanpon baten truke lana eginarazten diguna. Eta ikusiko dugu zein den baserrietako errealitatea, orain arte guk ezagutzen ez genuena, eta ziurrenik haur gehienek ere ezagutuko ez dutena.
Nola moldatzen zarete baserriko lanetan?
Muxin: Hasieran, amona Mirentxuk aipatzen dizkigunean egin beharreko lanak, dena oso erraza dela iruditzen zaigu. Baina behin lanean hasita, konturatzen gara gauza asko egin behar direla. Eskerrak animalien laguntza daukagun, eta haiekin batera lortuko dugu egitea.
Zapotxin: Bakoitzaren gabeziak eta indarguneak batuta, elkarrekin egiten ditugu lan guztiak, eta amonak eskatutako guztia aurrera eramaten saiatuko gara. Zeelanda Berriko kanta batek dio, herri txikiak elkartuta gauzak hobeto egiten direla eta indar haundia lortzen dela: ‘Tutira maira igui’. Gure kantetan gehitu dugu hori.
Gainera, beste laguntzaile asko ere izango dituzue: emanaldietara joango diren ume guztiak.
Zapotxin: Bai, zorionekoak gara. Hernanin eta Zumaian etxean bezala sentitzen gara, eta babes haundia jasotzen dugu. Beti gaude lagunez inguratuta.
Muxin: Seguru lan guztiak errazago egingo ditugula lagun artean!
Eta abenturak ere bizituko dituzue elkarrekin, ezta?
Zapotxin: Gu joango gara amona Mirentxurengana, baina amonak min hartuko dugu bizkarrean, eta guk egin beharko ditugu lanak. Baserrian ezagutuko dugu jende asko. Eugenio enpresari maltzurra. Karmelo oilar lotia, Ximon zozo kontrabandista…
Muxin: Animalia batzuek gehiago lagunduko digute, beste batzuek baino. Horien artean daude Baldomero txerri baldarra, Zapotxin bezala; eta Begotxu behi pinpirina. Eta guztien laguntzaz eta elkarrekin, aterako dugu lana aurrera. Baina lanaz gain, barre asko egingo dugu.
Zapotxin: Eta baita dantzatu eta kantatu ere! Guk denerako izaten dugu denbora!
Zer gustatzen zaizue baserriko bizimodutik?
Muxin: Lasaitasuna eta naturaz inguratuta egotea. Eta jakitea guk kontsumituko ditugun produktuak guk ekoiztu ditugula. Gainera, Mirentxu gure amona maitea bizi denez bertan, beti gustura egoten gara baserrian!
Zapotxin: Gozatzeko gauza asko daude baserrian. Amonarekin denbora pasa, gure sustraiak ezagutu… Aulki jolasean ere arituko gara! Eta lanak ondo eginez gero, gauean akanpada egingo dugu agian! Lanean ere, beti daukagu dibertitzeko eta ondo pasatzeko tartea.
«Amets eta ilusio batetik sortu zen proiektua, eta profesionalizatzeko saltoa eman dugu aurten»
Emanaldi berria estreinatzeko desiatzen daude Libe Yeregui eta Markel Oiarzabal, eta ez da harritzekoa. Aurrenekoz protagonismoa konpartituko dute oholtzan, Muxinen eta Zapotxinen azalean. Taldeak eszenatokitik kanpo ere izan duen hazkundearen islada.
Kendu dituzte arropa koloretsuak, zapata erraldoiak eta peluka deigarriak, garbitu dute margotutako aurpegia, eta jarri dira serioago. Tira, oso serio ere ez; Libe Yeregui zumaiarra eta Markel Oiarzabal hernaniarra dira orain, baina sudur gorria ez dute sekula guztiz kentzen. Norbere izaeratik asko baitauka pailazogintzak eta haurrei barre eginarazteak.
Baina bai, hasi gara 'kontu aspergarriagoez' hizketan, 'helduen kontuei buruz'. Horrelako proiektu batek eskatzen baitu lan haundia, eszenatokiko argiak piztu aurretik, eta baita itzaltzen direnean ere.
Eta lan horrekin, aurrerapauso haundia da taldeak aurten eman duena: Muxin sortu dute, Zapotxinekin batera protagonista izango dena; 'Baserritarrak' ikuskizun berria jarri dute martxan, eta baita diskoa kaleratu ere. «Hiru urteko ibilbidea daramakigu talde bezala. Proiektua amets eta ilusio batetik sortu zen, eta aurten eman dugu pixka bat profesionalizatzeko saltoa. Egin dugu begirada mantendu eta aldatu aldi berean: amesten jarraitu, baina lurreratuta», azaldu du Markelek.
Bide horretan, funtsezkoa izan da bigarren protagonista sortzea: «Libe aurreko urtean hasi zen bigarren mailako pertsonaiekin, oholtza probatu zuen, eta ikusi genuen bidea egin genezakeela berarekin. Orduan, argi ikusi genuen Muxin sortu behar genuela, pertsonaia nagusi bezala. Haurrek erreferenteak behar dituzte, eta erreferenteek behar dute izan anitzak, generoari, izaerari eta itxurari dagokionez».
Erronkari «oso gogotsu» heldu dio Libek, berarentzat berezia baita pertsonaia batekin finkatzea: «Lau pertsonaiarekin aritu nintzen aurreko urtean, eta ezin nuen bakar batean zentratu eta pertsonaia hori nire egin. Muxinekin, fletxazo bat bezala izan da, oso eroso sentitu naiz hasieratik», kontatu du. Zentzu horretan, Markelek nabarmendu du «oso zaila» dela bigarren mailako pertsonaien eta aktoreen lana: «Aldiro eman behar diozu izaera, begirada, ahots eta ibilera berri bat pertsonaia bakoitzari. Eta Liberi eman diogunean pertsonaia bakarra sortzeko aukera, ikusi ditugu Libe bera eta Muxin haunditzen, oholtzan, estudioan zein sormenari dagokionez».
Protagonismoa konpartitzea, «oso natural eta oso beharrezkoa» ikusi dute biek: «Aktore lana edo pailazo lana, normalean oso akonpainatuta egoten da ego arazo haundiekin. Baina hori ahaztu eta begirada objetiboagoa daukazunean, klabea da oholtza partekatzea. Ume batzuek nahiko dute argazkia Muxinekin atera, eta beste batzuek Zapotxinekin. Hori polita da. Muxin eta Zapotxin gara, talde bat, eta hori da indartu behar duguna. Pailazogintza ez dugu lehia gisa bizi, biok elkarrekin sortu beharreko zerbait bezala baizik».
Lan talde sendoa eta kanpoko profesionalak, saltoa emateko
Edonola ere, haiek protagonista izan daitezen, «behar-beharrezkoa» da taldea. Liberekin eta Markelekin batera, beste lau kide dira une honetan, eta denetik egitea tokatzen zaie: «Lorea Etxeberria daukagu amona Mirentxuren eta animalien pertsonaiak gorpuzten. Jon Garate bera, gidoilaria eta zuzendari lanetan aritu dena, Eugenio jaunaren eta zenbait animaliren azalean sartzen da. Eta berdin soinu eta argi teknikariak ere, askotan aktore funtzioa bete behar dutenak. Protagonismo gehiago edo gutxiago izan, seion papera da oso garrantzitsua. Gainera, oso ondo inguratuta eta babestuta gaude, emanaldi batzuetara etorri eta ahal duten neurrian ekarpena egiten dutenekin».
Lan taldea sendotzeaz gainera, kanpoko profesionalekin elkarlanean eman dute salto bat aurten: «Xabi Zabalarekin landu ditugu abestiak, Jon Garatek osatu du gidoia, eta Lotura Filmsek egin ditu ilustrazioak. Funtsezkoa izan da hori, profesionalizatzeko bidean. Guk eutsi behar diogu dakigun horri, pailazogintzari eta herrigintzari; eta saltoa eman profesionalekin lan eginda».
Gauzak horrela, pozik daude proiektuak hartu duen norabidearekin: «Sendotuta eta finkatuta ez gara sekula egongo, kultura oso arlo zaila baita gaur egun, euskera bera bezalaxe. Baina talde berria da, oso ondo moldatu gara hasieratik, eta uste dugu iraunkorra izango dela. Ikasten ari gara egoera berria kudeatzen, gure arteko talkak konpontzen, eta baita lorpenak ospatzen ere».
«Gogotsu gaude ikusteko emanaldi berriak zer eragiten duen ikusleengan; guk hain ikusita daukagu...»
Estreinaldi eguna dute gaurkoa, eta «sekulako gogoarekin» daude biak, urtarriletik gaur arte su txikian kozinatu dutena plazaratzeko. Suaren indarra puntu pare bat igo dute uda hasieratik hona, eta buru-belarri aritu dira prestaketa lanetan. Orain, azkeneko entsaioak eginda eta detaileak finduta, «oso gogotsu» daude, ikusteko «emanaldi berriak zer eragiten duen ikusleengan, eta nolako harrera daukan. Guk hain ikusita daukagu dagoeneko... Fase berri bat hasten da orain, erantzuna jasotzekoa. Erakutsi ditugun lagin txikiekin, erantzuna oso potentea izan da, eta espero dugu zuzenekoan ere positiboa izatea».
Saioetara gerturatzen denak, «frexkotasuna» topatuko du, eta baita estilo aldaketa bat ere: «Bi protagonistarekin, joku gehiago ematen du, eta dinamikoagoa da antzerkia. Rolak eta izaerak partekatuko ditugu orain; lehen Zapotxini tokatzen zitzaion izaera guztien nahasketa egitea».
«Galbidean daude baserriak, eta polita litzateke haurrak horietara hurbiltzea»
Estiloa eta dinamika bezala, eszenatokia aldatuko da emanaldi berrian: baserrira mugituko dira protagonistak, ezazagun duten landa eremura. Eta protagonistek bezala, ezezagun dutela aitortu dute aktoreek ere. Horregatik, beraien gabezietatik landu dute gaia, baserriak haurrengana gerturatu nahian: «Gu ez gara Muxin eta Zapotxin bezain inuxenteak, pentsatzeko tomateak eta arrautzak supermerkatuan hazten direla... baina ia-ia. Atxur bat nola hartu ere ez genuke jakingo! Beraz, guri ere ikasteko balio izan digu honek», kontatu dute.
«Gaur egun askoz ere gutxiago ezagutzen den alor bat da, galbidean dagoena; eta guretzat garrantzitsua izan da guregandik hastea lanketa, ezagutzen ez dugun mundu hau ezagutzeko, eta umeengana iristeko. Zorionez, horretan lanean ari dira Henase Hernanin eta Urkome Urola Kostan, eta bidelagun izan ditugu, gaia nola jorratu lantzen hasi ginenean. Gure gabezietatik ere, aukera polita ikusten genuen, sortzeko zerbait haurrak baserrietara hurbilduko zituena, eta behintzat jakin dezatela hor daudela baserriak eta baserritarrak, euskal kulturaren eta euskal gizartearen zati haundi bat datorrela baserritik, eta gure arbasoak ere baserritik datozela, nahiz eta gaur egun asfaltoz eta porlanez inguratuta gauden».
Hernanin eta Zumaian, «oso babestuta»
Asfaltoz eta porlanez beharrean, lagunez inguratuta izango dira gaur eta bihar, emanaldiaren estreinaldia egiteko. Izan ere, nabarmendu dute «oso babestuta» sentitzen direla Hernanin zein Zumaian: bai herritarren aldetik, eta baita kultur arloko langileen aldetik ere. «Bi herrietako kultur teknikariekin oso harreman ona daukagu, eta Agurtzanek eta Miriamek hasieratik hartu zuten beso zabalik proiektua. Ia informaziorik izan gabe, konfiantza izan zuten gugan eta lotu genituen estreinaldirako datak. Guretzat hori oso garrantzitsua da. Nahiko genuke kultur teknikari guztiak horrelakoak izatea!».