Hernanira ekarri du 'Esnatu' dinamika Euskara Kontseiluak, eta foro irekia antolatu du gaurko

Julen Borreguero Fernandorena

Apirilaren 14an aurkeztu zuen UEMAk Esnatu dinamika, 18 eragileekin batera.

18:00etan hasiko da foroa, Sandiusterrin. Hernaniko datu demolinguistikoak emango dituzte, eta solasaldi irekia egingo dute gero.

 

Hernaniko Euskara Kontseiluak UEMAren 'Esnatu' kanpaina ekarriko du herrira, euskaldunak aktibatzeko. Arnasguneen gainbeherak kezkatuta jarri zuen martxan dinamika UEMAk, apirilean, eta lekukoa hartu du Hernanin, Euskara Kontseiluak. 

Dinamikaren helburua da herritar euskaldunak aktibatzea, «arnasgune zein udalerri euskaldunen garrantzia eta zaurgarritasuna jendarteratzeko; UEMAren Lurralde Estrategia azaltzeko; eta herrietan euskeraren aldeko giro sozial aktiboa sortzeko».

 

Foro irekia, arratsaldeko 18:00etan Sandiusterrin 

Hernaniko lekukoa hartu duten Euskararen Kontseiluko kideek bi galdera planteatu dituzte herritarrak aktibatzeko: «Zein da Hernaniko errealitatea? Hitz egingo al da euskeraz gure herrian 2036an?».

Eta galdera horien erantzun posibleak emango dira Euskararen Kontseiluak arratsalde honetarako antolatu duen foroan. Sandiusterrin izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta bertan izango dira Jokin Nazabal Hernaniko Udaleko Euskara teknikaria eta Elixabet Etxandi UEMAko teknikaria. Hernaniko datu demolinguistikoak gizarteratuko dituzte, eta Hernanin azkenaldian hartu diren konpromisoen berri emango dute. Ondoren, solasaldi irekia izango da, herritarrek haien ekarpenak egiteko espazioa.

Hernaniko Euskara Kontseiluak saio horretara gonbidatu ditu herritar euskaldun guztiak, «esnatu gaitezen, gure hizkuntzak har dezan arnas».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!