Arnasguneen gainbeherari aurre egitera dator, UEMAren Esnatu dinamika

Julen Borreguero Fernandorena

Zer da Esnatu dinamika? Zergatik ekarri dute Hernanira? Zein arazo detektatu da herrian? Zalantza horiek guztiak argitu dituzte Euskara Kontseiluko kide diren Jokin Nazabal, Garbiñe Tijero, Hoki Guerrero eta Amaia Irastorza.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) apirilaren 14an aurkeztu zuen Esnatu dinamika, konpromisoak hartu zituzten lehendabiziko 18 eragileekin. Hernanira ere iritsi da Esnatu dinamika, eta hori aurkezteko foro irekia egingo dute irailaren 24an, arratsaldeko 18:00etan Sandiusterrin.

Herriko hainbat eragilek hartu dituzte jada dagozkien konpromisoak. Baina, zer da Esnatu dinamika? Zergatik sortu da? Zergatik ekarri da Hernanira?

Horiek guztiak argitzeko, ez da talde hoberik, Kronikarekin elkartu ziren Euskararen Kontseiluko kideek osatzen dutena baino. Kasu honetan, kontseiluaren ordezkari gisa izan ziren, haien ezagutza transmititzen, Jokin Nazabal (Hernaniko Udaleko Euskara eta Hezkuntza teknikaria), Garbiñe Tijero (Pala Elkarteko kidea), Hoki Guerrero (Urumea Ikastolako irakaslea) eta Amaia Irastorza (Aratz Ikastolako irakaslea).
 

Zer da Esnatu Dinamika eta zergatik ekarri da Hernanira?

Jokin Nazabal, Udaleko Euskara eta Hezkuntza teknikaria: Esnatu Dinamika UEMAk antolatu du. UEMA udalerri euskaldunok osatzen dugu. Horien barruan daude arnasguneak, direla %70etik gorako euskeraren erabilera maila dutenak. Hernanin arnasgune bat dugu, Ereñotzu. Gero daude udalerri euskaldunak, zeinetan ezagutza maila %70etik gora dagoen.

Horrela, egin diren azken ikerketek alerta piztu dute, arnasguneak atzera egiten ari direlako, eta ondorioa izan da 2035erako ez dela arnasgune osorik geratuko (arnasgune osoak dira %80tik gorako erabilera dutenak). Hori galera garrantzitsua da hizkuntzarentzat; izan ere, bizitza osoa euskeraz egiten duten euskaldun gehienak arnasgune oso horietan bizi dira. Hernanin saiatzen gara bizitza euskeraz egiten baina zaila egiten zaigu erdera momenturen batean erabili gabe bizitzea. Horrek esan nahi du erraztasun haundiena duten euskaldun gehienak, euskera aberatsena eta puroena dutenak, arnasgune oso horietan sortzen direla. 

Orduan, dinamika horrelako kezketatik dator. Hernani UEMA­ko herria denez hemen egindako ikerketetan ere erabilera datuak badira pixka bat kezkagarriak. Hernanira ekartzea komeni zaigula uste dugu. Asmoa da nolabait euskaldunok kontzientzia hartzea erabileraren inguruan. Egia da azken urteetan datu positiboak ere badaudela, D eredua jarri da eta ezagutza haunditu da. Baina egia da ere beste alderdi bat badagoela, dena ez dela hain polita. 

 

Jokin Nazabal, Udaleko Euskara eta Hezkuntza teknikaria: «Egin diren azken ikerketek alerta piztu dute, ondorioa izan baita 2035erako ez dela arnasgune osorik geratuko»

 

Ikastetxeetan zein konpromiso dituzue hartuta? Gu Geok Dekalogoa, adibidez.

Hoki Guerrero, Urumea Ikas­tolako irakaslea: Gu Geok Dekalogoa hasi genuen 2023an, hezitzaile eta guraso talde batek. Hasi ginen elkartzen, kezkatuta, ikusita euskera moteltasun egoera bat jasaten ari zela. Orduan, 2023-2024 ikasturtean zehar dekalogo bat adostu zen, Hernaniko eskola guztietan onartu dena, haur eskolatik hasi eta institutoraino, denek berretsi dugu dekalogo hori eta gainera lan egin dugu berarekin. Gero bakoitzak bere eskolako errealitatera egokitu du.

Amaia Irastorza, Aratz Ikastolako irakaslea: Azkenean dira konpromiso asko. Ikastetxe guztiok ditugu konpromisoak euskerarekin. Hasteko, D eredua izate hutsa konpromisoa da. Baina egia da ere ikastetxe bakoitzak behar jakin batzuk ditugula. 2023an elkartu ginenean Gu Geok dekalogoaren harira, azaldu ziren konpromiso batzuk, ikastetxearen araberakoak. Bakoitzak bere indarguneak zein ahulguneak zeintzuk ziren erabaki zuen. Eta ahulgune horietan jarri zen fokua, horien gainean lan egiteko. Denak konpromiso berdinetan zentratuko bagina ez luke zentzurik izango, orduan erabaki genuen zentratzea bakoitza bere ahulguneetan. Dekalogoa pixka bat hortik zetorren.

Zein konpromiso zehatz nabarmenduko zenituzkete?

A.I.: Aratz Ikastolaren kasuan dekalogoan azaltzen ziren gauza batzuk daukagun ikasmaterialak bermatzen zituela. Izan ere, zazpi probintzietan zentratuta dagoen ikasmateriala da, euskal kultura ere sustatzen duena. Gure kasuan, erronka haundiena arnasguneena da, orain arte izan dugun ikasle tipologiak eramaten zuen gaztelera gailentzera haurren artean. Haur euskaldunek ez zuten espaziorik aurkitzen lagunekin euskeraz hitz egiteko, lagunek jotzen zutelako erdarara. Guk, beraz, behar genituen arnasguneak, haurrek euskeraz egiteko espazioak.

H.G.: Gure kasuan, eskola askotan bezala, testuliburuekin egin genuen berrikusketa bat, eta adibide oso argia da Euskal Herriko maparena, segun eta zein testuliburu erabiltzen duzun, Euskal Herriko mapa ez da agertzen, Autonomia Erkidegoko mapa baizik. Beraz, mapen errebisioa egin zen, moldaketa asko egin ziren, Gu Geok mapa sortu genuen. Eta orain Hernaniko ikastetxe guztiek mapa hori erabiltzen dugu, Euskal Herriko mapa, bertso batekin. Hori izan da erronketako bat. Gero, Amaiak esan duen bezala, arnasguneena. Hernani oso herri anitza da, ez ditugu bakarrik euskera eta gaztelera, ditugu hamaika hizkuntza gehiago, hamaika hizkuntza gutxituak, asko euskerak baino egoera kaxkarragoa dutenak. Horren harira ere ari gara familiekin lan egiten, kontzientzia pizten, konparatuz haien ama hizkuntza gurearekin. Hortik ari gara lanean.

 

Hoki Guerrero, Urumea Ikastolako Irakaslea: «Ume askok hezkuntza sistemaren barruan baino ez dute harremana euskerarekin, eta horrek ez du bermatuko ume horiek euskalduntzea»

 

Ikastetxeetatik kanpo dauden zein eragile kontzientzatu behar dira haurren erabilera haunditzeko?

H.G.: D ereduak ez du %100 bermatzen ume bat euskalduntzea. Ikasleek egiten dute denbora bat ikastetxeen barruan, eta egia da gelako lau paretek asko eusten dutela, baina hortik kanpo dago aisialdia, dago kirola, daude hamaika ekintza, eta hor ere indargunea jarri behar dugu. Egia da Hernanin egitasmo asko dagoela, daude eskolaz kanpoko errefortzu eskolak, dago Hamaika Batuaz egitasmoa, dago Kaxkardi Kirol Elkartea, eta abar. Horiekin elkarlanean ari behar gara. Hernani hain anitza denez, ume askok hezkuntza sistemaren barruan baino ez dute harremana euskerarekin, eta horrek ez du bermatuko ume horiek euskalduntzea. Hortik kanpo, sare bat egin behar dugu, umeek izan behar dute eskaintza anitza eta euskalduna.

A.I.: Eta batzuetan ere, direla pauso txikiak; pauso txikiak, irabazi haundiak. Kalera joan, norbaitekin hitz egin, lehenengo hitza euskeraz. Azkenean helduok izan behar gara eredu. Horrela haurrek ikusten dute ikastolan bakarrik ez dutela egin behar euskeraz. 

Garbiñe Tijero, Hernaniko Pala Elkarteko kidea: Hori da nik ikusten dudana. Eskolara seme-alabak eramatera joaten dira gurasoak, eta koadrilan daudenean, gurasoek haien artean gazteleraz egiten dute, gero umeei eta txakurrei euskeraz. Niri horrek bai min egiten didala, hor piztu behar dugu kontzientzia, euskeraz dakien jendeak erabil dezala. Ikastetxeetan egingo dute euskeraz umeek, hori D ereduak bermatzen du. 

Elkartean dekalogo bat daukagu. Gure kasuan euskeraz bizi gara, egia da momentuz gauden guztiak euskaldunak garela, ez zaigu hurbildu kanpoko inor. Kanpoko jendea etortzen denean beste dinamika bat hartuko dugu agian, baina momentuan entrenatzaile guztiek euskeraz egiten dugu, eta idatzi guztiak euskeraz egiten ditugu. Esan izan digute itzultzeko gaztelerara, baina ez dugu egingo, ez dugulako denborarik eta indarrik egiteko ere, umeei eskatuz gero azalduko diete euskeraz ulertzen ez duten gurasoei. 

Bestalde, jende askok dio Euskal Herrian lan egiteko ez dela jakin behar euskeraz. Horrek min ematen du, taxista bati aditu nion Oiartzunen. Eta esandakoa, gure klubean zorionez euskeraz bizi gara baina beste klubak ari dira pixkanaka, eta hor garrantzia haundia dute entrenatzaileek. Futbolean, adibidez, garrantzitsua da euskeraz ozen egitea, eta telebistan ikustea. Umeek telebistan ikusten dutena imitatzen dute, eta gauza horiekin ikasi behar dute euskeraz bizi daitekela. 

 

Garbiñe Tijero, Pala Elkarteko kidea: «Eskolara seme-alabak eramatera joaten dira gurasoak; koadrilan daudenean haien artean gazteleraz egiten dute, gero umeei eta txakurrei euskeraz»

 

J.N.: Konpromisoen aldetik, Hernaniko zazpi klubek euskera plana diseinatu eta garatzeko konpromisoa hartu dute, pasa den denboraldian eta datozen lauetan zehar. Zuzendaritzatik hasita, zuzendaritzatik argi markatu behar dute zein den helburua eta entrenatzaileak, jokalari erreferenteak, gurasoak komunitatearen parte eginez plana garatu. 

Hernani gero eta anitzagoa da, umeak etortzen zaizkigu eta etorriko zaizkigu taldeetara, euskeraz egiteko erraztasunik ez dutenak, eta formatu egin behar ditugu eta tresnak eman behar dizkiegu entrenatzaile eta irakasleei ere, jakiteko nola egin euskeraz, baina ez dakiten ume horiek baztertu gabe, ume horiek integratuz eta euskerara ekarriz. Hori da formula bat oso gutxi erabili dena Euskal Herrian, baina gero eta behar haundiagoa ikusten dugu. 

Gero, gurasoenaren harira, aktibazioa ere hortik badator. Banakakoena garrantzitsua da, hau da, gurasoek egiten ez badute, haurrek ere ez dute egingo. Horregatik, dakigunok, oso argi esan behar dugu zer nolako garrantzia duen euskeraz egiteak toki guztietan; eskola atarian, kalean... Haur arrazializatuekin daukagu joera automatikoki erderara jotzeko. Ikasi eta barneratu behar dugu euskaldunok horiekin euskeraz egin behar dugula, zeren eta hori ere bada haientzako euskeraz ikasteko bidea. 

A.I.: Hernanin gaur egun dagoen aukera guztia da D eredua. Orduan, haurrek badakite euskeraz. Horrenbestez, norbaitengana hurbiltzean euskeraz hasi behar dugu beti elkarrizketa, eta norbaitek ezin badu, ez dakielako edo dena delakoa, berak esan dezala. Baina gutxienez lehen saiakera beti euskeraz izan dadila haurrak bertan daudenean batez ere, ikus dezaten hori, nahiz eta beraiekin ez izan elkarrizketarik. 

G.T.: Eta agian sustatu behar da euskera mixtoa, batek dakienean baina besteak ulertu baino ez duenean egiten. Kasu horretan dakienak euskeraz egin dezala, eta besteak gaztelaniaz. Hori asko kostatzen zaigu, taldeetan batez ere, batek gazteleraz egiten duenean denek jotzen dute horretara.

A.I.: Gauza da gu sentitzen garela deseroso euskerari heltzeagatik besteek gaztelerara jo dutenean, guk sentitzen dugu txip hori aldatzeko presioa. Gertatu izan zait Hernaniko merkataritza gune batzuetara joatea eta nahiz eta gaztelaniaz hitz egiten zidaten nik euskeraz egiten nuen, eta jarraitzen bazuten gazteleraz nik ez nuen aldatzen. Kontuan izanda besteari ez zitzaiola inporta; berak ez zuen gaitasunik euskeraz erantzuteko eta orduan gazteleraz egiten zuen, baina nik euskeraz jarraitzen nuen, ulertzen baitzuen, bestela esango zidan aurkakoa. 

J.N.: Ikusi behar dute hemen euskeraz bizi nahi dugula, eta lehenengo hitzean erderara pasatzen bagara, ez dugu erakusten hori. Barneratu, ikasi eta praktikan jarri behar ditugu horrelako gauzak. Dinamikaren intentzioak hortik ere badoaz.

G.T.: Agian kamixeten leloak aldatu behar dira, ‘euskeraz bizi nahi dut’ izan beharrean, izan daitezela ‘euskeraz bizi naiz’. Nik ez dut bizi nahi euskeraz, ni euskeraz bizi naiz. Ikusten duenak ere esango du orduan, «hara, hau ez da nahi bat, errealitate bat baizik».
 

Zeintzuk dira herriko kirol taldeak euskalduntzeko planaren nondik norakoak?

G.T.: Garrantzitsuena da entrenatzaileak bezalako figurek umeekiko hizkuntza aldatzea eta euskeraz egitea, eta hori erakustea. Federazio asko ere ari dira hizkuntza aldatzen, hiztegia sortzen euskeraz kirolean, orain arte hiztegiaren falta zegoen kirolean. Errugbian aspaldi egin zuten aldaketa. Asko laguntzen du telebistak kirol ekitaldiak euskeraz emateak ere. Telebistak botere haundia du umeen ohitura linguistiko­engan. Kirol hiztegi berria ikusten badute ikasten joango dira; agian lehendabizikoan arrotza egingo zaie, baina bigarrengotik aurrera barneratuko dute. 

Bestalde, pelota federazioek, Gipuzkoakoak zein Euskadiko­ak, euskeraz funtzionatzen du­te, bilerak eta guzti euskeraz dira, elkarrizketa mistoak ere egiten dira, naturaltasunez. Beste federazioek agian kopiatu beharko dute, ikasten joan. Orain gazteen artean ezagutza behintzat badago, euskeraz badakite. Lehen ez, zaharragoak ziren askok ez zekiten euskeraz. Gaur egun federazioak berritzen ari dira eta euskeraz dakiten gazte asko sartzen ari dira. Orduan, hor ere egin beharko da indarra, are gehiago, uste dut ari direla aurrerapausoak ematen.

Zein kanpo eragile aktibatu beharko lirateke kirol taldeetan euskeraren erabilera bermatzea errazagoa izateko?

G.T.: Dena euskeratzea da gakoa, hiztegia euskeratzea. Frontoiak aldatzen ari dira adibidez, lehen falta/pasa jartzen zuen, orain motz/luze. Joerak aldatzen ari dira, ez palan bakarrik, epaile elkargoak ere bai. Gauza txiki horiek aldatzen joan behar gara, pixkanaka joan.

Beste herrietako dinamikaren bat ikusi duzue, ekartzea gustatuko litzaizuekena?

J.N.: Euskara teknikariok foro dexente ditugu. Alde batetik, Foru Aldundiarekin daukagu egitasmo bat, eta hortik urtero proiektu asko ateratzen dira, lurraldeko beste euskera teknikariekin elkarlanean. Gero herrietara ekartzen dira proiektu horiek, herri bakoitzera egokituta. Bertan, gure arteko informazio eta esperientzia trukea etengabea da. Bestalde, UEMAko herriok beste foro bat daukagu, antzeko funtzioa duena, eta hor ere etengabea da trukea. Gainera, aipatzekoa da hor oso azkar pasatzen dela informazioa. Niri gertatu zait tabloi bat jartzea foroan eta segituan deiak jasotzea galdezka. Horrek esan nahi du ere sekulako egarria dugula zentzu horretan, gauza berriak ezagutzeko eta egiteko. Eta Buruntzaldeako sei herriok ere badaukagu beste talde bat. Hilean behin biltzen gara elkarrekin ditugun egitasmoen inguruan hitz egiteko. 

Baina prozesu hau ez da etxe bat egitea bezala, hasi eta plazo batean bukatu egiten dela. Hau prozesu motela da. Beti gauza berrien eskean gabiltza, zer probatu, zer egin bilatzen, eta askotan gauza asko ikasten ari gara probatuz eta huts eginez. Horrela egiten ari gara gauza asko. Adibidez entrenatzaileen formakuntzarena, hori berria da eta ikasten ari gara eginez eta huts eginez. Baina galdera honen kasuan, bai, elkarri asko kopiatzen diogu.

Amaia Irastorza, Aratz Ikastolako irakaslea: «Norbaitengana hurbiltzean euskeraz hasi behar dugu beti elkarrizketa, eta norbaitek ezin badu, ez dakielako edo dena delakoa, berak esan dezala»

 

Azken mezu bat...

J.N.: Dinamika martxan jartzeko foro irekia antolatu dugu hilaren 24rako. Jendeari etortzeko gonbitea egingo nioke, informazioa eta datuak zabalduko baititugu. Datu deigarriak emango ditugu, gauza asko ulertzeko baliagarriak. Zergatik ez du jendeak euskeraz egiten? Zergatik ez dute haurrek euskeraz egiten? Ez dutelako nahi? Tira, denetik dago, nahia badago baina beste faktore batzuen esku ere badago. Orduan, gauza asko ulertzeko balioko du, eta kontzientziatze horrek ere aktibazioan lagunduko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!