San Joanetako jai giroa Donostiako Atano III frontoira mugituta, Herriarteko Txapelketa irabazi du Hernanik, final ederra jokatuta. Hiru partiduetan nagusitasunez lortu du garaipena, eta modu ezin hobean eman dio bukaera 14 urteko itxaronaldiari: txapela herrira bueltan da.
Osagai guztiak zeuzkan finalak, Hernanirentzat egun paregabea izateko; eta halakoxea izan da. San Joanetan bete-betean murgilduta egon arren, edo beharbada horrexegatik, jendetza bertaratu da Hernanitik. Giroa primerakoa izan da harmailetan, hernaniarren eta adunarren artean.
Kadete mailako partiduarekin hasi ditu Hernanik txapela berriro herrira ekartzeko lanak. Maila bikainean aritu dira Oier Arsuaga eta Lier Zugasti, Hodei Barriola eta Xuhar Iparragirre adunarren kontra. Baina bukaerako markagailuak (22-9) kontrakoa esan arren, gogotik borrokatu behar izan dute aurreneko zatian, bereziki Iparragirre gainditzeko. Atzelari adunarrak sekulako joa erakutsi du, eta aurrean ere aritu da lanean, bai defentsan eta bai erasoan, bi paretaz zein gantxoz tantoak bukatzen.
Hasieratik zabaldu dute tartea Arsuagak eta Zugastik (6-1), eta atseden batekin lortu du hernaniarren hasiera ona etetea Adunak (6-4). Iparragirreren hiru hutsekin egin dute zuloa berriro (9-4), baina orduantxe izan da arriskutsuen atzelari adunarra, eta bueltatu dira lehiara, atseden hartu ondoren (10-8). Hortxe bukatu dira txantxak hernaniarrentzat. Paul Ojuel prestatzaile hernaniarrak atsedena eskatu, Adunaren takadatxoa eten, eta bere maila onena ematen hasi dira hernaniarrak, Iparragirre nekea sumatzen hastearekin batera. Sakearekin bikain asmatu du Arsuagak gainera, eta sei tanto lortu ditu horrela bigarren zatian; denera zortzi partiduan. 16-8ra ihes egin dute, tanto zoragarri batekin eten du odol-hustea Iparragirrek, baina horixe izan da adunarren azkena. Hortik, hernaniarrak 22ra zuzenean, eta aurreneko puntu klabea zakura.
Gogorretik hasi da bigarren partidua ere, jubenil mailakoa, Ekhi Osesek eta Manex Alberdik jokatu dutena. Aiert Aburuza eta Peru Cestau izan dituzte aurrean, eta bizi-bizi ekin diote lauek, pelotari abiadura haundia emanez denak ere, eta tanto luze eta gogorrak jokatuz. Apenas hutsik gabe, eta zeinek gehiago eutsiko. Baina hasieratik erakutsi du Osesek beste puntutxo bat zeukala. Horrekin egin du aurreneko tartea Hernanik (6-2 eta 8-4), eta ordura arteko parekotasuna berehala hautsi dute hernaniarrek. Alberdik bikain eutsi dio atzean, eta gero eta indartsuago astindu du pelota. Baina Osesena erakustaldi beldurgarria izan da. Sekulako zartakoak eman dizkio pelotari, eta mota guztietako erremateak borobildu ditu. Bere tanto-sortan bakarra aipatu beharko bagenu, merezi luke azpimarra bederatzigarren koadrora bidali duen boleakadak, 13garren tantoa lortzeko. Erakustaldi horrekin, 12 tanto segidan lortu dituzte hernaniarrek (20-4). Txapa behera joan zaion dejada izan da aurrelariaren huts bakarra (20-5), baina beste bi zartakorekin eman dio bukaera partiduari (22-5). Txapela Hernanira, eta zoramena harmailetan.
Eta hirugarren partidua festa haundi bat izan da. Zale hernaniarren eta adunarren arteko adiskidetasuna erabatekoa izan da, elkarrekin kantuan eta saltoka etengabe, guztiek batera "Aduna! Aduna!" eta "Hernani ta Aduna, txapelduna!" oihukatzeraino. Kantxan, berriz, partidu polita izateko itxura hartu du nagusien mailakoak hasieratik: Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga hirugarren puntuaren bila, eta Andoni Olasagasti eta Joanes Cestau ohorezkoa lortu nahian. Maila politean aritu dira lauak, baina sendoago hernaniarrak: Lizeaga atzean betiko segurtasuna erakusten, erreboteko zulotik ere pelotak jasoz; eta Apaolaza sekulako txisparekin hasieratik bukaerara. Horren erakusgarri dira Hernaniren aurreneko lau tantoak, denak ere aurrelariak egindakoak: bi paretaz, dejadaz, ezker gantxoz eta boleaz. Horrela zabaldu dute aurreneko tartetxoa hernaniarrek (7-4), eta gero eta haundiagoa izan da zuloa (11-5). Cestauren bi zartakorekin gerturatu dira adunarrak, baina bere lanarekin serio jarraitu dute hernaniarrek (15-7). Harmailetako festa giroaren erdian jarri dio errematea finalari Hernanik, Apaolazaren bi pareta zoragarri bat tarteko (22-9).