Hernani Gipuzkoako lehen mailara, saskibaloian

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 4a

Harrobiko taldeak ere maila bikainean aritu dira. Bestalde, klubak jakinarazi du zabalik dagoela hurrengo denboraldirako izenematea.

Gipuzkoako lehen mailara igotzea lortu zuten Hernaniko seniorrek, saskibaloian, pasa den maiatzaren 16an. Azken aukera zuten hura, lehenengoa ligaxkako liderra zenaren aurka galdu baitzuten, Casa de La Riojaren aurka alegia. Baina bigarren eta azken aukera honetan lortu zuten Internacional Mons taldea menderatzea, Donostiako Mons kiroldegian, arerioaren etxean alegia, 60-69.

 

Harrobiko taldeak, maila bikainean
Jubenilek urte gogorra izan ostean lortu dute helburua. Lehen fase kaxkar baten ondoren, bigarren fasean mailari eusteko helburua lortu dute; horrela, hurrengo urtean Zilar Errendimenduan jokatzen jarraituko dute.

Kadeteek, bestalde, denboraldi ezin hobea osatu dute. Partaidetza mailan hasi zuten urtea eta, lehen fasean partida guztiak irabazi ostean, Zilar Errendimendura igotzea lortu zuten. Denboraldi bikainari amaiera emateko, Errendimenduko liga irabazi dute eta datorren urtean Errendimendu Urrea delakoan ariko dira.

Azkenik, infantilek ere denboraldi bikaina ari dira egiten, Partaidetza Liga irabazita. Aurreko astean Eskolarteko Euskal Jokoak ederto hasi zituzten, Baskoniari 69-50 irabaziz. Larunbat honetan, goizeko 10:00etan Lezon, denboraldiko azken partida jokatuko dute Miribilla Beltzen aurka. Partida hau irabaziz gero, Euskadiko Txapeldun bilakatuko dira.

 

Hernaniko saskibaloi taldeko infantilak, Baskoniaren aurkako partifuan.

 

Ekainaren 13an, IV. 3x3 Txapelketa Herrikoia
Denboraldiari amaiera borobila emateko, 3x3 Saskibaloi Txapelketa Herrikoiaren laugarren edizioa antolatuko du klubak ekainaren 13an Latxunben (euria egingo balu, kiroldegian jokatuko litzateke). Adin eta genero guztietako jendearentzat kategoria ezberdinak egongo dira, eta herritar guztiak gonbidatuta daude, izan parte hartzera edo ikuskizunaz gozatzera.

Datorren denboraldirako izen-ematea zabalik
Klubak dagoeneko zabaldu du hurrengo denboraldirako izena emateko epea. Interesatuek 688 60 87 67 telefono zenbakira idatzi dezakete edo hkesaskibaloia@gmail.com posta elektronikora mezua bidali. Honakoak dira datorren urterako osatuko diren taldeak:
-Infantilak: 2013 eta 2014 urteetan jaiotako neska eta mutilak.
-Kadeteak: 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak.
-Juniorrak (2 talde): 2009 eta 2010 urteetan jaiotakoak.
-Seniorrak: 2008an eta lehenago jaiotakoak.
-Senior Beteranak: Aurten atera nahi den talde berria, 1991 baino lehenago jaiotako emakumeei zuzendua (nahiz eta 1992ko eta 1996ko urteen artean jaiotako hiru taldekide ere egon daitezkeen).

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!