Gipuzkoako lehen mailara igotzeko lehian ziren Hernaniko senior mutilak, saskibaloian. Ligan laugarren geratu ondoren, igoera fasea jokatu zuten, eta horretan ere laugarren geratuta, lehen mailara igarotzeko playoffa jokatu zuten. Pasa den larunbatean jokatu zuten finalerdia, igoera faseko lehen sailkatua Casa de La Riojaren aurka, haien etxean, eta 83-64 galdu zuten. Larunbat honetan, 16:00etan, denboraldia ondo bukatzeko, hirugarren postua lortzeagatik lehiatuko dira Internacionalen aurka, Donostiako Mons kiroldegian.
Mundarrori dagokionez, lehen mailan mantentzea lortu zuten aspaldi, Gipuzkoako lehen mailan diharduten mutil zein neska seniorrek. Mutilek apirilaren 25ean jokatu zuten azken partidua, eta Atletico San Sebastianen etxean garaipena lortu zuten, 42-55, amaiera bikaina emateko denboraldiari. Horrela, jaitsiera faseko multzoko bigarren onenak izan dira, eta mailari eustea lortu dute.
Neskak ere lehenengo mailan ariko dira lehian datorren denboraldian. Lehen mailako ligaxkako sailkapenean bosgarren amaitu ondoren, bigarren mailako taldeekin batera osatutako ligaxka jokatu behar izan zuten. Horretan, sailkapeneko bi onenak, hurrengo denboraldian lehen mailako talde izango ziren, eta Mundarroko neskak bigarren onenak izan ziren, azken norgehiagoka apirilaren 19an irabazita, Oiarso SKTren aurka, 46-72.
Gazteenak, txapeldun
Hernaniko kadete eta infantil haundi taldeek ezin hobeto amaitu dute denboraldia, izan ere, txapela jantzita bukatu dute biek. Infantil haundi taldeak bigarren aldiz lortu du kopa irabaztea, mailako talderik onena bilakatuz. Internacionalen aurka irabazi berri du finala, pasa den igandean, 57-64.
Eta kadeteen kasuan, infantil haundiak bezalaxe, ligako kopa irabaztea lortu zuten, Erroibide Irun Txuri garaitu baitzuten 78-46. Abenduan izan zen hori, beraz denboraldiak aurrera jarraitu zuen hernaniarrentzat. Horrela, Zilarra ligara pasa ziren, eta hori ere irabazi zuten. Haien multzoko onenak izan ondoren, beste multzoko liderraren aurka jokatu behar izan zuten joan-etorriko finala. Joana Hernanin izan zen, eta etxekoek 69-67 irabazi zuten. Itzulia Legazpin izan zen, pasa den larunbatean eta hernaniarrek irabazi zuten berriro ere, 51-57.