Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztu zuten atzo Jangela eredu berriko proposamena, Hernaniko hezkuntza komunitatearen ordezkariek, herriko ikastetxe eta familien izenean. Proposamena Hernanin martxan jarri ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren onespena da beharrezkoa, baina ordezkariek diotenez «Hezkuntza Sailaren erantzunik ez dugu jaso, duela ia urtebete igaro delarik bilera eskaera luzatu genionetik sailburuari».
Jangela eredu berriaren helburu nagusia elikadura jasangarri eta iraunkorra ardatz izango dituen eredua sortzea eta haurrak erdigunean jartzea izan ez ezik, eskualdeko lehen sektorea bultzatzea da. Ereduaren ardatza, ordezkarien hitzetan, «hurbiltasunean datza», zehazki ikastetxeetan bertan sukaldatzeko aukera emanez, edo inbertsioa haundiagoa balitz, ikastetxe guztientzako «sukalde zentralizatu bat» eraikiz Hernanin.
2023an hasi ziren eredu berri hau lantzen, eta «oso intentsoa izan da», dozenaka guraso, irakasle eta teknikarien parte hartzearekin. 2025era arte luzatu zen, «prozesu aberats, zabal eta kontsentsatu» baten bidez, herriko ikastetxe eta udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek onartu zuten arte. Pasa den urteko uztailean bidali zuten lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera, gutun bidez, bilera egiteko eskaera, eta urrian bigarrena. Erantzun ezaren aurrean, «Legebiltzarraren babes bila etorri gara gaur Gasteizera».
Hernaniko hezkuntza sailak planteatutako eredua ez da aitzindaria, azken urteetan Euskal Herriko beste herrietan pilotatutako eta gauzatutakoa da. Gainera, ondorengoa azaldu dute ordezkariek: «Prentsaren bidez jakin izan dugu apirilaren 29ko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu zuela Euskadiko ikastetxeetan 30 sukalde berri gehitzea egungo sarera, datorren ikasturtean ia 200 sukaldetara iritsiz Erkidegoan; baita zonaldeko 10 sukalde sortzea ere. Ez dakigu Hernaniko ikastetxeen proposamena egitasmo honen barruan sartuta dagoen ala ez, pentsatzen dugu ezetz, herriko ikastetxeekin ez baita azken urte
eta hilabeteetan Hezkuntzako arduradunik harremanetan jarri jangela eredu berri bat gauzatzeko. Jakin, ez dakigu ere zein irizpide erabili diren ikastetxe eta herri-eskualdeak hautatzeko orduan, ez baita egon deialdi ireki bat Hezkuntza Sailaren aldetik».
Azkenik, nabarmendu dute Hernaniko ikastetxeetan 2.500 ikasletik gora daudela matrikulatuta, eta horietatik 1.600 inguruk jangela zerbitzua erabiltzen dutela: "Familia asko gara eta gure ahotsa entzuna izan dadin eskatzen dugu. Jangela eredu berria ko-sortu nahi dugu, Jaurlaritzarekin elkarlanean eta Legebiltzarraren babesarekin. Gaur pozik atera gara Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen proposamenak jaso duten babesagatik".