Igoerarako play-offa jokatuko du Hernanik eskubaloian

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko martxoaren 30a

Ezin izan dute zuzeneko igoera lortu nahiz eta azken partida irabazi, baina oraindik igotzeko aukera dute.

Igoera faseko azken partida jokatu zuen atzo Hernaniko saskibaloiko bigarren mailako gizonezkoen taldeak. Egia Kata Tabernaren aurka izan zen, eta 23-34 irabazi zuten hernaniarrek. Hala ere, ligan lehen postuan amaitu dutenak eta zuzeneko igoera lortu dutenak Egia Kosko Tabernakoak izan dira, azken partida irabazi ondoren. Hernani bigarren sailkatu da, eta play-offak jokatuko ditu. Horien aurkari izango dira Elgoibar, Bera Bera eta Donibane. Finalerdiak eta finala irabazten duenak lortuko du lehen mailara igoera.

Apirilaren 11 eta 12an jokatuko da lau taldeen arteko play-offa, Hernaniko kiroldegian. Lehendabiziko finalerdia Hernani eta Donibaneren artekoa izango da, arratsaldeko 16:30etan. Segidan, egun bereko 18:00etan, Elgoibar eta Bera Berak jokatuko dute bigarrena. Finalerdi bakoitzaren irabazleen arteko finala hurrengo egunean jokatuko da, eguerdiko 12:00etan. 

Taldeko entrenatzailea den Goyo Viloriak taldearen helburua Gipuzkoako lehenengo mailara igotzea dela argi izan ez ezik, «helburu hori lortuko duten konbikzioa» ere badu. Taldea ondo dagoela dio entrenatzaileak; lesionatuta dauden jokalariak gutxi dira, eta «dituzten lesioak molestiak baino ez dira».

Play-offa «konfiantzaz» hartzen dutela ere esan du Viloriak. Donibaneren aurka ligan jokatutako bi partidutan Hernani izan zen garaile, baina «partidu batean edozer gauza gerta daiteke». Beraz, Hernaniko jendearen babesa eskatu du entrenatzaileak, eskubaloi zalea izan ala ez, joaten denak «esperientzia polita» izango duela aurreikusten baitu.

 

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!