Hernanik Gipuzkoako eskubaloiko lehen mailara igotzeko aukera du

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko martxoaren 25a

Jardunaldi bat gelditzen zaie lehenengo postuan sailkatzeko eta zuzeneko igoera lortzeko, baina oso zaila daukate. Bestela, play-offa irabazi beharko dute lehenengo mailara igarotzeko. 

Hernaniko senior mutilak eskubaloiko Gipuzkoako lehenengo mailara igotzeko lehian ari dira bete-betean. Liga erregularrean bigarren gelditu ziren, eta titulu multzorako sailkatu ziren. Bertan, lehen sailkatua zuzenean igoko da kategoriz; bigarrenetik bostgarrengorako taldeek play-off kanporaketak jokatu beharko dituzte, finalerdiko eta final batekin. Final hori irabazten duenak lortuko du igoera. Hernanikoak, oraintxe bertan bigarrenak dira sailkapenean, aurretik Egia Kosko Taberna dute, bi puntura.

Jardunaldi bat besterik ez dela geratzeko kontuan izanda, oso zaila dute hernaniarrek zuzeneko igoera lortzeko. Falta den partidu hori igandean 12:00etan izango da Hernaniko kiroldegian, Egia Kata Tabernaren aurka. Hernanik bai ala bai irabazi behar du, eta Egia Koskok galtzea itxaron. Egia Koskori berdinketak balio dio. Dinamika bere alde du Urumeako taldeak, azken lau partidak irabazi baititu. Egia Koskok, hala ere, igoera fasean jokatutako 14 partiduen artean bakarra galdu du, Hernaniren aurka, hain zuzen. 

Mundarroko eta Hernaniko senior emakumezkoen kasuan, horien lehen urtean, ez dute lortu Gipuzkoako bigarren mailako igoera postuetan gelditzea. Hernanikoak laugarren onenak izan dira, 10 punturekin (4 garaipen eta 2 berdinketa 15 partidutan), eta astigartarrak bostgarren, 7 puntu bilduta (3 garaipen eta berdinketa bat). Haien artean hiru norgehiagoka izan dituzte; lehenengo biak Hernanik irabazi zituen, hirugarrena aldiz Mundarrok. Ligako lehen hirurak ziren igoerarako aukera izango zuten talde bakarrak. Lehen sailkatua zuzenean igo zen (Pulpo), eta beste bien (Mondragon Bergara eta Urkabe Donibane) artean partidu bat jokatu zuten; bertako irabazleak lortu zuen igoera, Mondragon Bergarak alegia. Bailarako taldeen lehen urtea izanda, ligako hasiera zaila izan zen haientzat. Lehen garaipenak lortzea kostatu arren, azken boladan dinamika txarrari buelta eman diote biek, eta amaierako sentsazioak hobeak izan dira.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!