Naziak Euskal Herrian eta naziak Hernanin. Gutxi ez, eta 90eko hamarkada hasierako zurrunbiloarekin lotuko den historia dakar 'El silencio de tu muerte' nobelak, Josu Gonzalez Arrieta hernaniarrak idatzi duena. Aitona izan du istorio kontalari iaioa eta haren anekdota batek zabaldutako atea baliatu du thriller historiko hau osatzeko. Gerraostea, borroka armatua, familia, amodioa eta barne-gatazka asko jorratuko dira Haritz eta Ainararen bitartez, beren barne gatazkak modu ezberdinean askatzen saiatuko diren anai-arrebak. Era berean, denboran isildu den sekretu baten bidea ezagutuko dugu, isiltzera edo argitzera. Hernaniarrak idatzitako lehen nobela da, Hernani eszenatoki nagusi duena. Nobelaren lehen bertsioak Pallrs Sobirá saria irabazi zuen, bultzada horrekin osatu du proiektua eta harrera bikaina izan du, lehen edizioa agortu baita. Bigarrena atera behar izan du eta eskuragarri daude instagram bidez, josu_gonzalez_arrieta kontuan. Idazlearekin elkartu gara nobelaz, idazketa prozesuaz edota historiaz hitz egiteko.
Kazetaria eta musikaria zara, eta nobela batekin zatoz. Nondik dator proiektu hau?
Duela lau urte hasi nuen proiektua. Orduan lorezain bezala nenbilen aitarekin lanean eta literatur sorkuntzako master bat egin nuen. Master horretarako azken lan bezala 50 orrialdeko istorio bat idatzi behar nuen. Niri beti gustatu izan zaizkit nire aitonak kontatzen zituen istorioak, eta oraindik bizirik dago, 95 urte ditu. Gerra garaiko kontuak kontatu izan dizkit beti, eta garai hartan Alpeetara egin behar izan zuen alde amarekin, aita hil egin zuten. Ama hil zitzaion ondoren eta Hernanira itzuli zen lanera. 14 urterekin hasi zen tornero herriko tailer batean, ofizioa ikasten, eta bere patroia alemaniarra zen.
Egiazko istorio bat duzu beraz, abiapuntu.
Bai. 1940ko hamarkada hasieran, 14 urteko gaztetxo batek ezin zuen ulertu Bigarren Mundu Gerra zer zen. Zerbait entzuna izango zuten orduan, baina gerora ulertuko zuen hori aitonak. Hortaz, tornero bezala zebilela, patroiak fabore bat eskatu zion. Gerora jakin ahal izan dugu aitonaren nagusia nazia zela. Osabak ikertu zuen eta Bremeneko artxiboetan topatu zuen izena: Erich Shroeder, bertako alderdi naziko goi kargu bat izan zen. Talleres Hernaniko jabea zen hemen, baina bere egiazko izena jarri beharrean langile batena zuen formalki jasoa. Naziak ihesean hasi ziren garaiaz ari naiz, eta patroiak aitonari eskatu zion faborea hori izan zen, Hernaniko tren geltokira pertsona baten bila joatea. Gizon hori nazia zen, ihesean zegoen ofizial bat edo, soldadu bat bederen ez zen, bere gabardina grisarekin, beldurra eman omen zion aitonari haren itxurak.
Bai, e?
Halaxe. Villa Hannelisera eraman zuen, Latxunbe auzoan dagoen benetazko villa bat da. Gaur egun ez da inor bizi, baina alemaniarrak egon ziren bertan eta ondoren monja batzuei utzi omen zieten. 1944an izan zen, hemen oraindik gerraoste gordinenean zeudenean. Eta han, aitonak, gizon hura eramatean, jende gehiago ikusi zuen zeharka. Ezin jakin zer ari zen gertatzen. Villa hartan eman zen eszena horrekin pentsatu nuen: hemen nobela bat dago, eta hemendik aurrera zer?
Anekdota hori darabilzu bi garai lotzeko, gatazka armatu batetik bestera.
Kontu ezberdinak jorratu nahi nituen. Batetik, Haritzen pertsonaia. Haritz Egineko kazetaria da eta argi du askatasuna duela helburu. Baina askatasun hori baldintzatua dago bere amaren begirunea lortzearekin. Amak 7 urte zituela abandonatzen du, ETAn sartzeko. Ez du ezagutu, baina asko hitz egin diote amaz, miretsia izan da, eta jada hilda dago. Nolabait amaren bidea jarraitu nahi du eta kontraesanetan erortzen da etengabe. Jada ez du entzungo ama esaten: «Ondo egiten ari zara». Bestetik, 90eko hamarkadan kokatu nahi nuen historia. Euskal rock erradikalaren amaieraren garaia da, gazteak hiltzen hasi ziren, musikari asko ere bai, eta gai asko ukitu daitezke, ezta? Heroina, IHESA, heriotza, eta baita borroka armatuaren gordinena ere. Eta Haritz Egineko kazetaria izanik, istorioa Hernanira ekartzea izan dut. Egiten duen lanarekin bere kontraesan horietan sakontzeko aukera izan dudala esango nuke.
Eta bestetik Ainara, Haritzen arreba.
Hori da, bestetik halako pertsonaia bat nahi nuen. Kartzelan egiten du lan eta haren bitartez amodioaren gaia landu dut. Preso dagoen ETAko militante batez dago maitemindua, horregatik egiten du lan Martuteneko kartzelan, baina oso pertsonaia kaotikoa da, ez daki ezer asko Manexen inguruan (hala izena du preso dagoen pertsonaiak), pastilla pila hartzen ditu, arazo bat du Pantera Rosa opilekin, etab.
Liburuaren egiturarekin ere hori bilatu nahi nuen; atalez atal, pertsonaia nagusien ibilerak jarraitzen ditu. Nobela kaotikoa izatea nahi nuen, baina egitura oso landua dago. Masterrak lagundu zidan teknika lantzen, horrela, pertsonaia bat jarraitzen dugu, ondoren bestea, eta geroago atzera egiten dugu denboran. Hori dena kronologikoki ere gertatu zitekeen, dena pentsatua dago. Adibidez, Ainarak amaren papera hartzen du batzuetan, Haritzek zer egin ez dakienean hor agertzen da. Bestetik Felipe, Ainara eta Haritzen aita, nire aitonaren antzeko pertsonaia bat da, eta esango nuke belaunaldi baten irudia izan daitekeela. Edozeri men egiten dio, lana da bizitzaren erdigune, eta agian ez ditu seme-alabak behar bezala zaindu. Uste dut belaunaldi baten erretratua izan daitekeela, txalotzen dudana alde batetik, baina bestetik isildutako kontuak ere badaude, emakumeek egin zuten lana esaterako.
Historiako pasarte edota pertsonai ezberdinetan ere sakondu duzu, azken batean fikzioaren eta errealitatearen artean jolasten.
Ikertzen ari nintzela ikusi nuen, adibidez, erbesteko Eusko Jaurlaritzak naziekin harremanak izan zituela, eta askotan isildu izan den zerbait da. Nobelan agertzen den lehen enkontrua anekdota erreal bat da, baina horrek utzitako zirrikitu bati tiraka hasten da istorioa. Ariketa polemikoa izan daiteke batzuetan. Beste adibide bat Agirre lehendakariak ematen digu. Parisetik alde egin eta New Yorkera iritsi bitartean, Berlinen egon zen oraindik bigarren mundu gerra abian zela, eta antza denez, inork ez daki zer egin zuen han. Beraz, klaro, naziak honaino ere iritsi ziren, behin Frantzia garaitu ondoren 1940an. Eta naziek zer nahi izango lukete euskaldunongatik? Bada, Ximena.
Era berean irakurri nuen Hitlerrek arazoak zituela sabelean eta edonolako medikamentuak hartzen zituela. Beraz, Zugarramurdira bixita bat egiten dute Hitlerren gaixotasunentzat erremedio bila eta hori aprobetxatu dut istorioa Zugarramurdira ere eraman, naziak drogatuta dantzan jarri eta Ximenak haiekin nahi duena egiteko. Horrekin gustora geratu naiz.
Jolas horretan zer egin zaizu zailena?
Azken finean, errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa egitea zaila da eta buelta asko eman dizkiot. Baina zailena pertsonaia bakoitza benetazkoa egitea izan da. Irakurri eta esan ahal izatea: hau izan liteke benetako Julen Madariaga. Edota 1940ko hamarkadako pasarteak idaztea, denboran urrunen geratzen zaizkigunak izanik. Adibidez, Zugarramurdira joaten direneko atalean kotxe bat aipatzen da: Citroen Traction; baina nola jakin zer kotxe zeuden garai hartan. Edota argazki kamerekin berdin. Hala ere, ikerketa lan hori atsegin dut. Bestalde, gu baino zaharragoen testigantza ere erabili ahal izan ditut garaiak berreraikitzeko. Osabak Martuteneko kartzelan egin zuen lan eta horrela idatzi ahal izan dut zehatzago kartzela barruko errealitateaz. Jendeak kontatu ahal izan didanarekin eta ikerketa lan handiarekin lortu dut aurrera eramatea nobela.
Josu Gonzalez, aitonarekin batera. Bera izan du kontalari iaioa, nobela idazteko.
Pertsonaiak egiazko egitearen zailtasuna aipatu duzu. Xinplea dirudi, baina izen bat ematea ez da nahikoa.
Haritzen pertsonaia, adibidez, ez naiz ni, baina 2 metroko kazetaria da (Josu ere bi metroko kazetaria dugu). Nobela hasieran, Haritz Yosurengana doa ospitalera, IHESAgatik hiltzera doan lagun eta maitalea, eta pertsonaia horretan, Yosu, nire zati bat hil nahia ere irudikatu dut. Hiru urteko lanaren ondoren, garai bat amaitu da niretzako, nire parte bat utzi dut garapen horretan eta amaiera eman nahi nion. Baina honetaz beranduago konturatu naiz, hau da, nahigabe jarri nion pertsonaia horri nire izen bera.
Izan ere, hiru urteko prozesu luzea izan da. Goizez lan egiten nuen eta arratsaldeetan bost orduz idazten nuen. Gurasoekin bizi nintzen orduan, eta afaltzera jaisten nintzenean ere nire buruak nobelan jarraitzen zuen, pertsonaietan edo traman pentsatzen. Han nengoen, ez hemen. Konturatu nintzen erraza dela burua galtzea edo zergatik dauden horrenbeste idazle beren munduetan galduta, nolabait esateko. Horrelakoa da idazketa prozesua, guztiz sartua egon behar duzu pertsonaia bakoitzean, bakoitzaren emozioetan, etab. Agian erraza dirudi hala esaten denean, baina emozioen hiztegia erabili dut emozioak lantzeko baliabide gisa. Ez baita berdina esatea pertsonaia bat haserre dagoela edo hori esan gabe haserre dagoela ulertaraztea. Azkenean ikasketa prozesua ere izan da niretzako, lehen nobela dut, baina oso polita izan da. Aitona da istorioak kontatzen dituena eta orain niretzako, pasio bihurtu da idaztea.
Emaitzarekin gustora beraz.
Horrekin ere oso pozik, bai, oso harrera ona izan du. Lehen edizioa agortu eta bigarrena aterako dut oraintxe. Beldurra nuen hasieran, hori bai. Hiru urteko lan ikaragarria izan da niretzako eta beldurra ematen du gero hori kaleratzea. Denok entzun nahi dugu atsegin izan dela, lanak balio izan duela zerbaiterako, baina momentuan zalantzan jarri nuen argitaratzea ere. Azkenean, harrera oso ona izan da. Gainera, Durangoko azokan hasi nintzen saltzen, Bonbereneako postuan, taldearekin ateratako azken diskaren alboan. Jende askok azalagatik hartzen zuen liburua, gero laburpena irakurri eta erosi egiten zuten. Egia da, azala oso guapo dago. Beñat Rodriguezek egin dit azala. Musika munduan aritzen da gehienbat, diskoen azalak diseinatzen eta lehen aldiz egin du liburu azal bat. Nik zertzelada batzuk eman nizkion diseinurako, baina berak proposatu zidanarekin geratu nintzen zuzenean. Artista bat.
Eta hori egin nahi nuen, artistekin borobildu lana eta nik nahi bezala egin. Musika mundutik nator eta dena gure kabuz egitera ohituak gaude. Horregatik erabaki nuen liburua ere autoeditatzea. Ezingo da Amazonen topatu, baina ez da hori liburu honen helburua. Nirekin jarri behar da harremanetan liburua lortzeko, eta lana da niretzat, baina polita ere bai, zuzeneko harremana baitut irakurleekin.
Hernaniri ere toki nabarmena eman diozu nobelan, eta zehatzago, Adarragako tartari.
Bai, munduko tarta onena baita! (Barrezka). Nobelan etengabe ikusiko ditugu Hernaniko txokoak, San Juanen bueltan gertatzen da istorioa, etab. Nik beti idatziko dut ezagutzen dudan horren gainean, beharrezkoa iruditzen zait. Lekuak ere ikusi behar dira, ezagutu, usaindu, ulertu. Ulertu behar dira ere jendearen arteko harremanak. Ezingo nuke adibidez, New Yorken gertatzen den istorio bat kontatu eta Hernani da ezagutzen dudana. Herriko hainbat puntu ere balioan jarri nahi nituen eta egia da Hernanik ere ematen zidala aukera garai hartako hainbat gai ekartzeko; euskal rock erradikala, orduko kazetaritza (Eginen egoitza ere hemen zegoen), borroka armatuak izan duen presentzia, eta bai, Adarragako tarta. Eta niretzako izateaz gain, irakurlearentzako ere garrantzitsua iruditzen zait. Jendeak ikus ditzala bere kaleak, eta baita naziak gure kaleetan, hori ere gertatu baitzen. k
