120 urte bete dira gaur, Hernaniko aurreneko Zuhaitz Egunetik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 16a

Santa Barbarako magalean egin zuten aurreneko Zuhaitz Eguna, 1905ean. Argazkia: Ines Sarasua bilduma

1905eko abenduaren 16an egin zuten zuhaitz landaketa estreinako aldiz, Santa Barbarako magalean.

Hernaniko Zuhaitz Egunak 50 urte bete ditu aurten, baina askoz ere lehenago egin zuten estreinako aldiz: 1905eko abenduaren 16an, zehazki. Hortaz, urteurren borobil-borobila izan da gaurkoa, 120 urte bete baitira aurreneko Zuhaitz Egun hartatik.

Santa Barbarako magalean egin zuten orduan, festa giroan. Herriko plazan elkartu ziren Hernaniko eskoletako ikasleak, arratsaldeko ordu bietan; eta udal ordezkariekin batera joan ziren Santa Barbara aldera, txistulariek lagunduta. Arrigoain baserriaren inguruan egin zuten intxaurrondoen landaketa. Lanak egin ondoren, eta instituzio ezberdinetako ordezkarien hitzaldiak entzunda, merienda egin zuten haurrek zein helduek, eta iluntzean bueltatu ziren herrira, berriro ere txistu eta danbolin doinuen laguntzaz.

Garai hartako egoeraren eraginez egin zuten aurreneko Zuhaitz Egun hura. XIX. mendeko Karlistaden ondorioz, desamortizazio prozesuak izan ziren, eta lur publiko asko pribatizatu zituzten. Gainera, baso asko moztu zituzten, ganaduarentzat azpiak egiteko iratze-tokiak sortzeko; eta era berean, gaixotasunak azaldu ziren haritzetan eta gaztainondoetan, ehunka arbol moztera behartuz. 

Horrek ekarri zuen basoak soiltzea, eta XIX. mende horren bukaeran, mendiak basoberritzeko beharra azaleratu eta indarra hartzen hasi zen. Eskoletan ere piztu zen basoarekiko interesa, eta horren emaitza izan zen Hernaniko aurreneko Zuhaitz Eguna, oso goiztiarra izan zena Gipuzkoan.

Hernaniko Zuhaitz Egunaren historia sakon bildu zuen Iñaki Sanz-Azkuek urte honen hasieran, Kronikan argitaratutako erreportajean. Hura berreskuratu eta hementxe irakurgai jarri dugu berriro, albiste honekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!